SOHATEN PRENTSAURREKOA ESKORIATZAKO JARDUNALDIETAN (08-04-11)
Gorputz Hezkuntzaren duintasunaren alde otsailaren 11an egin zen grebaren jarraipena eta arrakasta ikusi ondoren, gizartetik lortutako atxikimenduari esker (75 000 sinadura) Hezkuntza Saileko arduradunekin bilera izatea lortu genuen. Akordioa bilatzeko asmoz eta irtenbide kontsentsuatua lortzeko bidean momentuz mobilizazioak alde batera uztea erabaki genuen. Gure proposamena jarri genien mahai gainean: Curriculuma eta bertan lortu nahi diren konpetentziak aztertu ondoren ezinbestekotzat jotzen dugu Lehen Hezkuntzan astean gutxieneko ordutegian bi saio ordu batekoak izatea eta DBHn beste hainbeste. *
Hezkuntza Sailak GHko Curriculuma teknikoei enkargatu zienean lehengo ordutegi zaharraren arabera diseinatzeko agindua eman zuen, beraz, curriculuma GHn LHn astean 2,5 ordu eta DBHn astean bi ordurekin pentsatzen eta kontatzen diseinatuta dago. Jarraian %40ko murrizketa ezarriz gero zer pentsa dezakegu dokumentu horretaz?
Bi orduko proposamenarekin batera Soin Heziketaren Behatokia sortzearen gonbitea eskaini genien, Hezkuntzako arduradunen aldetik gure ezagutza arloa gutxietsia eta alboratua dagoelako: prestakuntza eskaintza oso murritza da beste arloekin konparatuz eta GHko Koordinatzaile Orokorraren postua bete gabe dago, beste ezagutza arloetan gertatzen ez den bezala. Luze eztabaidatu ondoren ikastetxe bakoitzari ikasturteko gomendioetan Gorputz Hezkuntzari bi saio eskaintzearen aldeko gomendioa luzatuko zutela esan zuten. Norabide berdinean doa Legebiltzarrean Hirukoak (EAJ, EA, EB) aurrera atera zuen proposamena 7 botorekin (Ikasturte hasieran ikastexeei gomendioak luzatu Europako Legebiltzarrak emandako gomendioen inguruan: Gorputz Hezkuntzak 3 saio izatearen alde), Gorputz Hezkuntzan ordutegia mantentzearen aldeko proposamenaren inguruan berdinketa eman eta gero. Ordutegia mantentzearen alde PP, EHAK eta Aralar azaldu ziren 7 botorekin. PSE abstenitu egin zen (MECetik Gobernu zentralak arloarekiko egin dituen bekatuengatik).
Ezin ditugu proposamen hauek ontzat eman. Ahuntzaren gauerdiko eztula bezala dira, Gobernuan dauden talde politikoak GHri saio gehiago ematearen aldeko gonbidapenak egiten eta bestetik Hezkuntza Saila Dekretu-legez arloari %40ko murrizketak ezartzen. Hezkuntza Sailaren aldetik Soin Heziketaren inguruko ardura eza azpimarratu da: orain arte ikuskariek beste alde batera begiratu dute arlo honetan ordutegi minimoak betetzen ez zirenean. Gure aldetik ikerketa burutu dugu Lehen Hezkuntzako 100 ikastetxe eta DBHko 40 ikastetxeetan. Gure harridurarako emaitza izan da ikastetxe erdiek ez zutela betetzen ordutegi minimoa.(taulak ikusi: TAULA 1 ETA TAULA 2) Hau legea indarrean egonda gertatu baldin bada zer espero dezakegu ikastetxeetara ikasturte hasieran bidaliko dituzten Gorputz Hezkuntza arloaren garrantzia azpimarratzeko gomendioen inguruan?. Ezer, deus, fitsik ere.
Orain dela 13 urte antzeko egoera bizi izan genuen, Hezkuntza Saila berak dekretua onartu, indarrean sartu eta gero aldatzeko erabakia hartu zuen (Garai hartan LHn eta DBHn Gorputz Hezkuntza ordu batean soilik uztea nahi zuten) baina hausnarketa egin eta gero Gorputz Hezkuntzari garrantzia eta ordu gehiago eskaini zizkion. Zer ikerketa edo azterketetan oinarritu dira murrizketa ezartzeko? Zer aldatu da gizartean onerako murrizketa planteatzeko? PISAko emaitzak hobetzeko arloa kaltetzea al da bide egokia? Adierazle guztiek justu kontrakoa adierazten dutenean.
Hezkuntza Sailak Hezkuntzako eragile guztiekin gure proposamena aztertzeko bilduko ziren konpromezua hartu zuen.
Gure aldetik ere ibilbide hau burutu dugu eta euskal gizarteari (Orain arte eskaini diguten atxikimendua kontutan izanik) Hezkuntzako eragile bakoitzaren iritziak ezagutzera emateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) antolatu duen Jardunaldia: “Hezkuntzarik ez Heziketa Fisikorik gabe” foro aproposa iruditu zaigu lan hau aurrera emateko:
EHIGE: Dekretuan ezarritako ordutegiak aztertu ondoren ez daude ados bertan proposatzen denarekin. Curriculumean gurasoek ez omen dute hitzik ipini. Garbi daukate Gorputz Hezkuntzan ordu gehiago behar direla, ikasleen garapenean ezinbestekoa bezala baloratzen dute. Beraiek konponbide gisa honako hau proposatzen dute: Erlijioa atera ordutegi minimotik (Ikasle guztientzat ez da derrigorrez landu beharreko arloa, aukerakoa da eta gainera era konfesionalean eskaintzen da) eta ordu horiek erabili beste arloak indartzeko, 6. ordua delakoa. Eskolako beste irakasle guztientzat erabaki honek ez luke aldaketarik ekarriko, beraien ordutegiarekin jarraituko luketelako. Ikasleek aukeran izango lukete ordu honetan erlijioa lantzea, ama hizkuntza hobetzeko jarduerak, errefortzuak jasotzeko… (Udaleko zerbitzuetatik).
EHIGEtik Eskola Kontseilu guztiei hurrengo ikasturterako ordutegien prestaketa eta eztabaida oraindik albo batera uztea proposatzen da, Hezkuntzako eragile guztion artean adostasuna bilatzen ari garelako.
CCOO: Curriculuma ez dute gustuko. Gorputz Hezkuntzaren arazoa beste arazoen artean beste bat gehiago bezala ikusten dute. Elkartasuna erakusten dute gure aldarrikapenetan baina kezkatuta agertzen dira gure konponbidearekin, ea kaltetutako beste kolektibo batzuk gu bezala aldarrikapenetan hasten diren eta honegatik akordio globala behar dela azpimarratzen dute.
Erlijioko proposamena aztertzen ari dira.
STEE-EILAS: Orain arte bezala Gorputz Hezkuntzaren inguruko aldarrikapenetan bat egiten dute gurekin. Ados daude curriculum honek beste hainbat arlo ere kaltetu dituela: heziketa artistikoa, musika, teknologia.
Erlijioaren proposamenaren inguruan beraiek aspalditik esandako proposamena omen da, beraz guztiz ados daude.
LAB: Orain arte bezala Gorputz Hezkuntzaren inguruko aldarrikapenetan bat egiten dute gurekin. Curriculum Dekretuaren aurka daude, ez soilik Gorputz Hezkuntzaren arazoa dela eta, arazoa era globalean hartzen dute, baina gure kasuan era zehatzean eskaintzen digute atxikimendua.
Erlijioko proposamenaren inguruan aztertzen ari dira.
ELA: Orain arte bezala Gorputz Hezkuntzaren inguruko aldarrikapenetan bat egiten dute gurekin. Gure kasuan era zehatzean eskaintzen digute atxikimendua.
Erlijioko proposamenaren inguruan aztertzen ari dira.
UGT: Orain arte bezala Gorputz Hezkuntzaren inguruko aldarrikapenetan bat egiten dute gurekin. Erlijioko proposamenaren inguruan aztertzen ari dira.
BIHE: MECetik Gorputz Hezkuntzan minimo oso baxuak ezarri dituzte. PISAko emaitzak ikusi ondoren arlo zehatz batzuk indartzeko erabakia Hezkuntzako Sailaren aldetik. Gorputz Hezkuntzan ordu gutxiago egotearen aurka daude, ez dute ulertzen murrizketa eta inon ez dute justifikatu murrizketa honen zergatia. Zerren arabera ezartzen dute murrizketa? Zer ikerketa edo azterketa burutu da honako erabakia justifikatzeko? Azken finean PISAko adierazleak hobetzeko Gorputz Hezkuntzari egurra eman zaio eta honi ezarritako murrizketaren bidez beste arloen arazoa konpontzea nahi da. Azken finean zulo bat estaltzeko beste zulo bat sortzen ari dira. Beraiek ere ezin dute ulertu nolatan Hezkuntza Sailak erlijioari garrantzi gehiago ematen dion derrigorrezkoak diren beste arlo batzuei baino. Erlijioko proposamenarekin ados daude, 6. orduan ezartzearen alde.
SAREAN: Gorputz Hezkuntzan ezarri den murrizketa ez da logikoa. Curriculuma handitu egin da eduki eta konpetentziatan eta Hezkuntza Sailak murrizketa ezartzen du. Nahiz eta autonomia askorik ez izan ikastetxeek badute aukera Gorputz Hezkuntzari behar duen presentzia emateko. Ez dute uste arazo handirik egongo denik 2 ordu (Ez bi saio) emateko. Erlijioari kentzearen alde daude baina honek ere arazoak ekarriko dituela ikusten dute.
6. orduaren proposamenarekin eskola publikoa eta itunpekoen arteko berdintasuna lortuko litzateke.
IKASTOLEN KONFEDERAZIOA: Hauen iritziz arloen ordutegi banaketa guztiz askea izan beharko luke. Autonomia osoa, gaur egun autonomia gutxi utzi omen da. Curriculumean hor daude idatzita lortu beharreko konpetentziak eta gero ikastetxe bakoitzak erabaki beharko luke horiek lortzeko arloen ordutegi banaketa, bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak kontutan izanik. Beraien proiektuan Gorputz Hezkuntzak garrantzia omen du eta beraien sarean gure proposamena betetzeko modukoa ikusten dute. Hezkuntza Sailak arautzeko orduan gutxieneko autonomia eta Euskara arloa ez ukitzea eskatzen dute.
SORTZEN-IKASBATUAZ: Curriculum dekretu osoa atzera botatzeko posizioa. Beraien ustez LOEren kopia hutsa da, bai eduki eta forman. Arlo jakin batzuk atera dira kaltetuak: Gorputz Hezkuntza, Heziketa artistikoa, Musika, Teknologia. Ikuspegi orokor batetik eutsi nahi diote arazoari, ordu banaketaren eztabaidan ez dute sartu nahi.
KRISTAU ESKOLA: Hauen iritziz, Ikastolen Konfederazioa bezala, arloen ordutegi banaketa guztiz askea izan beharko luke. Autonomia osoa izango lukete gustuko. Curriculumean hor daude idatzita lortu beharreko konpetentziak eta gero ikastetxe bakoitzak erabaki beharko luke horiek lortzeko arloen ordutegi banaketa, bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak kontutan izanik. Beraien proiektuan Gorputz Hezkuntzak garrantzia omen du eta beraien sarean arloarekiko ez dute murrizketarik ikusten. Beraz, gure proposamenaren inguruan ez dute busti nahi.
Hezkuntzako eragile guztien iritziak jakin ondoren berriro Hezkuntza Saileko arduradunekin bilduko gara, auzia behingoz konpontzeko asmoz. Espero dezagun eragile hauek guztien babesa nahikoa izatea Hezkuntza Sailak Dekretuan ordutegi aldaketa txertatzeko.
SOHAT (Soin Heziketaren aldeko taldea)
* Bi saio konponbide bezala ez onartzea ez da kapritxo bat. Gure arloak egituran eta antolakuntzan duen berezitasuna kontutan izan behar da: 45´minutuko saio baten denbora antolaketa honelakoa izango litzateke:
- Ikasleek desplazamenduak egiten dituzte gehienetan gelatik irten eta patio, frontoi edo kiroldegira joateko (5´minutu),
- jarraian saioa hasi aurretik materiala antolatu beharra, azalpenak eta talde antolaketa (5´minutu),
- jarduerarako gorputza prestatzeko beroketa ariketak (5´minutu).
- Saioan lantzea nahi den edukia aurrikusitako helburua lortzeko jarduerak (10´minutu),
- berriro lasaitasun fasea (5´minutu),
- berriro dena jaso talde osoaren artean (5´ minutu),
- Higiene ohiturak lortzeko dutxa (10´minutu).
- Urtean 36 aste x 5 egun= 179/180 egun. Saio bakoitzetik 10-15 minutu izanez gero soilik helburu zehatzen lorpenerako astean 20-30´minutu. Hilabetean 80´minutu edo bi ordu. Urte osoan 12 ordu edo 18 ordu. Edozein irakasle edo teknikarik oso ongi daki ordu kopuru horiekin curriculumean lortu beharreko idatzitako konpetentziak inolaz ere ez ditugula lortuko.
Saioak ordubetekoak izanez gero: helburua lortzeko denborari beste 15´minutu gehiago gehitu behar zaizkio. Ondorengo datu interesgarriak azaltzen dira:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: