OARSOALDEKO HITZA: KIROLA, IKASTETXEETAN (07-10-24)

sohat 1456152723757 Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldea | 2007-10-26 21:17

Kirola, ikastetxeetan

Hezkuntza Sailak LHko eta DBHko Gorputz Hezkuntza orduen gutxiengoa murrizteko dekretua ez zaie gustatu guraso, irakasle eta ikasle gehienei 

Goizeko 10:00ak dira eta Lezo Herri Eskolan Gorputz Hezkuntzako klasea hastera doa Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleentzat. Beraientzako eguneko bigarren klasea da, eta pozik atera dira klasetik. Bekoerrota kiroldegira abiatu dira Joxe Aranburu irakaslearen laguntzarekin. Izan ere, Lehen Hezkuntzako ikasle helduek kiroldegian egiten dute euren Gorputz Hezkuntzako klasea. Ez dute ordu murrizketarik nahi, «oso ondo pasatzen dutelako».

Ez daude ados. Gurasoekin, irakasleekin eta ikasleekin hitz egin eta gero, hori da atera daitekeen konklusioa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gorputz Hezkuntzako orduetan murrizketak egitea proposatu du, bai Lehen Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzan bi ordu eta erdi izaten dituzte haurrek Gorputz Hezkuntzako klaseetan. DBHn, berriz, bi ordu. Murrizketa aplikatuko balitz, Lehen Hezkuntzan ordu eta erdiko klasea izango lukete, eta, DBHn, aldiz, ordu eta laurden. Bistan denez, murrizketa nabarmena da. Dena den, ikastetxe bakoitzaren menpe izango da legearen aplikazioa, Jaurlaritzako gutxieneko orduak ezarri baititu.

LHkoek aurten bertan parte hartu nahi dute, eta hiru urteren buruan aldaketak maila guztietan egongo dira.

Gurasoak, kontra

Itsaso Errastik hiru urteko alaba du eta ez zaio batere ondo iruditu Gorputz Hezkuntzako orduak murriztea: «Haurrek mugimenduekin ere ikasten dute eta askatu egiten dira. Gimnasia egitea garrantzitsua da, ez da bakarrik liburua hartu eta ikastea. Are gehiago haurrak txikiak direnean. Osasuna landu behar da. Eskolan kiroleko orduak murrizten baldin bazaizkie, sedentarismoa eta abar handitzeko arriskua handiagoa izango da».

«Zenbat eta kirol gehiago egin, hobeto». Hala mintzatu da Amaia Errazkin. «Obesitatea dagoela esaten dute, sedentarismoa ere bai, eta haurrek ondo jatea eta kirola egitea nahi dugu, eta gainera, Gorputz Hezkuntzako orduak kentzen dizkiete?». Iritzi berekoa da Nekane Campos. Bere ustez, ariketa fisikoa haurrak motibatzeko modu bat da. «Haurren obesitatea dela eta, osasungarria dela uste dut haurrek Gorputz Hezkuntzako klaseak izatea. Kirolak asko motibatzen ditu haurrak». Eskola Kirola dagoenetik, kirolak egiteko aukerak handitu direla uste du Camposek. «Kirolak hautatzeko aukera dute, eta oso ondo dago. Oso gaizki iruditzen zait orduak murriztea».

Mitxel Gaztelumendi Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako gurasoa da. Seme bat du DBHn. Bere ustez, Hezkuntza Sailaren dekretua «interesgarria» da, «ikastetxeek autonomia izango dute, eta erabaki beharko dute ikasleek zenbat gimnasia behar duten», dio Gaztelumendik. Hala ere, «kirola eskolaz kanpo egitea izango bada joera, ez zait ondo iruditzen. Ikastetxeek eta kanpoko soinketak osagarriak izan behar dute», gehitu du Gaztelumendik.

Irakasleak bildu egin dira dekretuaren aurka

Gorputz Hezkuntzako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleek, dekretuari aurre egiteko modurik onena indarrak batzea dela uste dute. «Kirola pribatizatzeko modu bat da hartu duten bidea», azaldu du Luis Larrañaga Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldearen (SOHAT) bozeramaileak. Etzi aurkeztuko dute taldea Gasteizen. «Duela urte batzuk, musika orduak murriztu zituzten, eta musika hezkuntza eman nahi duten gurasoek ordaindu egin behar dute. Estrategia bera da».

Hala ere, esperientziaz dakite gorputz hezkuntzako irakasleek euren presioak eragin dezakeela. «Duela 14 urte ere orduak murrizten saiatu ziren, eta presioarengatik, ez zuten egin».

Hala ere, profesionalak biltzea oso esperientzia ona dela uste dute. «Prestakuntza aldetik ere oso ahaztuak gaitu Hezkuntza Sailak, eta gauza interesgarriak egin ditzakegu elkartuta. Orduak ez murriztea lortzen badugu ere, taldea ez da desegingo», gehitu dute.


Utzi iruzkina: