«Haurrek eta atezain profesionalek ezin dute neurri bereko atea erabili» Antonio Mendez, Oviedoko Unibertsitateko irakaslea (BERRIA 08-06-25)
Heziketa fisikoak ez dauka merezi duen lekua eta tratamendua hezkuntzan, Antonio Mendezen esanetan. Horrek eragina du haur eta gazteen osasunean eta etorkizuneko ohituretan.
Eskolan heziketa fisikoari astean «bi ordu ziztrin» eskaintzen zaizkiola esan duzu. Zer egin daiteke astean bi ordutan?
Gauza gutxi. Ez du ematen ikasleen osasun premiak asetzeko. Edozein azterketa seriok dio haurrek gutxienez egunean ordubetez egin behar dutela jarduera fisiko intentsiboren bat ohitura osasungarriak garatzeko. Gainera, osasunari dagozkion edukiak lantzeaz gain, beste hainbat eduki landu behar ditugu: oinarrizko abildadeen garapena, gorputz adierazpena... Hori guztia bi ordutan. Eta ez dira benetako bi ordu: ordu horien barruan sartzen dira ikasgelatik kirol eremura joateko denbora, dutxatzeko denbora, irakaslearen azalpenak, ikasleen diziplina faltak eragindako denbora galera... Soin heziketako eskolak neurtu, eta ikusi dugu benetan hogei minutuz egiten dela kirola. Beraz, praktikan, DBHko ikasle batzuek astean ordu erdiz bakarrik egiten dute jarduera fisiko intentsiboren bat. Horregatik, ez da harritzekoa Espainiako herritarren %17k loditasun arazoak edukitzea. Gaur egun, loditasun mailak asaldagarriak dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: