GASTEIZKO PRENTSAURREKOA (OTSAILAK 11)
Euskal Curriculumaren zirriborroa kaleratu zenetik (2007ko maiatza) behin eta berriz saiatu izan gara Hezkuntza Departamenduari Soin Heziketaren garrantzia azpimarratzen eta bertan ezartzen den soin heziketaren %40ko murrizketari elkarrizketa eta negoziazio bidezko irteera ematen. Baina, Tontxu Campos jaunak gurekin negoziatu beharrik ez duela argi utziz elkarrizketa eta negoziazioari ate guztiak itxi dizkio, eta SOHAT-i (Soin Heziketaren Aldeko Taldea) bere argudioak plazaratzeko eta hezkuntzako agintarien larderia salatzeko aukera bakarra baino ez zaio geratu, greba deialdi hau egitea.
Greba deialdi honen bidez ez gatoz soldata igoerak edo gure lan baldintzak hobetzera, Euskal Curriculumean soin heziketa arloari kendu zaion garrantzia eta duintasuna berreskuratu nahi dugu, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta honen sailburu den Tontxu Campos jaunari adierazi nahi diogu EZ GAUDELA ADOS CURRICULUM HORRETAN EZARTZEN DIREN SOIN HEZIKETAKO ORDU MINIMOEKIN, eta arrazoiak ematera etorri gara:
1-Nahiz eta Hezkuntza Sailetik behin eta berriz adierazi Dekretu hau euskal gizarte eta hezkuntza komunitatearen adostasun zabalaz aurrera eraman dela, gure iritziz inposaketa hutsa izan da. Horren adierazle gaur hemen entregatuko ditugun 75.000 sinadura dira, baita ere 200 goi mailako kirolarien atxikimendua, beste horrenbeste ikastetxeko klaustro, guraso elkarte eta Eskola Kontseilurena, Magisteritza Eskola desberdinak eta Soin Heziketaren Zientzien Fakultatearena, Elkarte, Federazio... eta gure aldarrikapenetan hezkuntza esparruko sindikatu guztien (CCOO, ELA, LAB, STEE-EILAS, UGT) babesa lortu dugu. Hauek guztiak, bat datoz soin heziketan ezartzen den murrizketaren aurka. Beraz, nola ulertu adostasun handiz aurrera eraman dela? Partaide eta Kristau Federazio erakunde pribatuak al dira adostasun zabal honen erakusle? Dekretu hau indarrez inposatua izan da, elkarrizketa eta negoziazioari tokirik utzi gabe.
2- Hezkuntza Saila, murrizketa hau argudiatzeko orduan, ikastetxeek izango luketen balizko autonomian ezkutatu edo kamuflatu da, Europatik datozen ildoak kopiatu nahian. Barne Produktu Gordinaren %7a Hezkuntzan inbertitzea Europako beste herrialdeek bezala ez dute inolaz ere kopiatuko.
Hezkuntza Sailaren eginbehar nagusia ikasle guztien garapen osoa ziurtatzea da. Horretarako oinarrizko curriculumean lortu nahi diren gaitasunetara iristeko ezagutza arlo bakoitzak izango dituen gutxieneko orduak ezartzen ditu. Orain dela 13 urte dekretua aldatzea erabaki zuten Soin Heziketako saio batekin beharrezkoak ziren gaitasunak lortu ezinak geratzen zirelako. Astean 2,5 ordu eskaintzea onartu zuten. Hemen dago gakoa, indarrean dagoen Soin Heziketako curriculuma maila teorikoan handitu eta borobildu egin dute baina hor idatzitako gaitasunak inolaz ere ezingo dira lortu astean 1,5 ordurekin. Edozein tekniko edo irakaslek garbi daki hori, orain dela 13 urte beraiek ere garbi izan zuten bezala. Berdina gertatuko litzateke edozein arlori horrelako murrizketa ezarriz gero, arlo horretan lortu beharreko gaitasunak lortu gabe geratuko liratekeela. Beraz, beraiek ezarritako gutxieneko ordutegi horrekin curriculuma bere osotasunean lortu ezineko dokumentu hutsa bihurtuko da. Dena den goazen argitzera zertan datzan autonomia hori. Hasteko, ikastetxeek izango duten autonomia barregarria da, asteko klase orduetatik %10a baino ez baita. Bigarrenik, Lehen Hezkuntzan maila bakoitzean autonomia ordu bat baino ez da gehitzen eta ordu hori soin heziketari kenduta lortzen da. Bigarren Hezkuntzari dagokionez 1., 2. eta 3. mailak elkartuta 3,25 autonomia ordu gehitzen dira, horietatik 2 ordu gorputz hezkuntza arloari kendutakoak; eta DBH 4. mailan autonomia gehiago ez da lortzen eta gainera gure arloari ordu bat kentzen zaio. Beraz, datu hauek ikusita autonomiaz hitz egiterik badago edo gizartearen aurrean burutu duten marketing-makilaje operazioa besterik ez da.? Zer pentsatzen dute Hezkuntza Sailan, beraiek kendutako orduak ikastxeetako arduradunek itzuli egingo dizkigutela? Ez dute autonomia miserable hori Departamenduak murrizketarekin desprestigiatutako arlo bati orduak bueltatzeko erabiliko.
Hor daukagu musikaren adibidea, duela urte batzuk murriztu zuten eta egun ikastetxeetan presentzia sinbolikoa baino ez du!! Autonomia hitza Zientziak eta Hizkuntzak indartzeko asmoz erabili dute; eta argi daukagu autonomia tranpa izango dela, hurrengo PISA emaitzak onak badira, argazkitxoa aterako dute AUTONOMIAk arrakasta izan duela esanez; baina, emaitzak ez badira uste bezain onak, zer esango dute, ikastetxeek gaizki erabili dutela autonomia!!!
3- Euskal Curriculumaren helburu nagusia haurren garapen integrala lortzea da. Gure ustez ordutegian soin heziketa arloan ezarri diren gutxiengoekin ez da garapen integral hori bermatuko. Garapen integralak, bere baitan gaitasun kognitibo, fisiko, motriza, afektiboak, sozial eta komunikatiboak baititu. Zein da gaitasun hauek guztiak lantzeko arlo egokiena? Eta baloreak, integrazioa, elkarlana, kooperazioa, aisialdi eskaintzak, hezkuntza emozionala...modu natural eta ludiko batean lantzeko aukera ematen duena? Badirudi Hezkuntzako agintarientzako gorputz hezkuntza soilik kirola eta errendimendua dela eta guk badakigu, eta baita beraien babesa adierazi diguten 75.000 pertsonek ere, soin heziketa arloaren balio hezitzailea zein den.
4- Argi utzi nahi dugu, soin heziketa arloa inolaz ere ezin duela beste arlo batek ordezkatu, eta are gutxiago ordaindu beharreko eskolaz kanpoko ekintza batek (eskola kirol, multikirola, klubak, elkarteek, aisialdi taldeek...). Gure asmoa ez da talde edo profesional hauen lanari ospea kentzea, baizik eta Derrigorrezko Hezkuntzak garapen integrala lortu nahi baldin badu, eskola orduetan eta doan haur guztiek gorputz hezkuntzako ordu minimo duin eta beharrezko batzuk jasotzea. Politika neoliberalei jarraituz Hezkuntza eta Osasuna pribatizatzeko lehen urratsetan gaude.
5-Azkenik, aipagarria da hainbat ikastetxeetan orain arte legeak ezartzen dituen soin heziketako ordutegi minimoak bete ez dituztenean beste alde batera begiratu duen Hezkuntza Sailak eta ikuskariek, azken asteetan egin ditugun ekintzak direla eta oso kezkatuta agertu dira, hainbat ikastetxeko zuzendaritza eta gorputz hezkuntzako irakasle presionatuz eta mehatxatuz, geletan zein lan egiten genuen galdetuz, espedienteak irekiko zizkigutela... esanez. Lotsagarria eta salagarria iruditzen zaigu jarrera hau!! Tontxuk presioaren aurrean ez duela negoziatuko publiko esan du behin baino gehiagotan, bere aginte postutik eskura dituen tresna guztiak erabiltzen dituenean irakasleoi presionatzeko, gure egiak gezurtatzeko, bere marketin itxuragabea egiteko... baina argi utzi nahi dugu EZ GAUDELA ETSITZEKO PREST ETA LANEAN JARRAITUKO DUGULA SOIN HEZIKETAREN ETA HAURRAREN BENETAKO GARAPEN INTEGRALAREN ALDE. HEZKUNTZAN MURGILDURIK GAUDEN GUZTION ARDURA DA.
Ulertezina da ikasleen hezkuntza eta herri honen etorkizuna «teknokrata» batzuen esku uztea, ikastetxeak soilik enpresa-ikuspegi batetik kudeatu nahi izatea (eta ez ikuspegi pedagogikotik) eta ikasleak merkantzia huts bezala tratatzea. Zorionez, umeak ez dira inoiz torlojuak izango!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: