ZALDUA versus MEABE

so 1467378181235 SO | 2020-11-02 17:57

Eragozpenak / Iban Zaldua

Ba, iritzi orokorraren kontra, ez zait sobera gustatu Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela (eta “nobela”, diot, halakotzat aurkeztu zaigulako)(Susa, 2013). Ados: idazlea ezagutzea, literatura horren autobiografikoaren kasuetan, traba izan daiteke, zer esanik ez. Baina ez dut uste hori denik arazoa (beste batzuekin ez baitzait gertatzen). Bale, posible da: agian ausardia eta zintzotasun-nahia eskertu behar zaizkio egileari (zintzotasun-nahia, eta, beldur naiz, ez lorpena: niri kostatzen zait “Autoerretratua” bezalako atalak sinestea, adibidez). Demagun halako lanak gutxi direla euskal literaturan, eta edozein ekarpen jo daitekeela positibotzat, ikuspuntu estatistiko hutsetik. Horraino, ados. Edonola ere, literatura autobiografikoa egiteko, eta asko sinplifikatuz, bi gauza behar dira: bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsu bat (edo zure bizitza izugarri interesgarri eta gorabeheratsua dela irmoki sinestea), edota zure bizitzaren pasarteak, nahiko arruntak izanda ere, beste era batean, modu eraginkor edota berritzaile bat kontatzeko gaitasuna izatea. Hots (eta noizbait esan dudan bezala), Trotskiren bizitza izan baduzu, ez duzu zertan idazle ona izan kontakizun autobiografiko bat hariltzeko (baina, gainera, Trotski idazle ona zen…). Trotski ez bazara eta duzun bizitza edozeinena bezain soila bada, idazle oso ona izatera derrigortuta zaude. Eta ez bakarrik hori: forman asmatu behar duzu.

Nik uste dut Meabe idazle ona dela. Poesian, behintzat, hala frogatu du (prosan, ez nago horren seguru: Zazpi orduak –Elkar, 2010– huts egindako liburu bat iruditu zitzaidan). Nik, edozein modutan ere, konbentzimendu horrekin hartu nuen Kristalezko begi bat. Baina ez zait iruditzen hemen formarekin asmatu duenik. Nirekin ez, behintzat. Badaude pasarte batzuk ondo, are oso ondo ematen dutenak: aitarekikoak egiten dituenean, adibidez, asko gustatu zait (“Zorroztea, ahoberritzea” atala, adibidez). Hor di-da doa egilea, hezurrera, eta oso eraginkorra da. Baina halakoak salbuespenak dira. Nire ustez lirikotasuna gailentzen da, txarrerako, liburuan, batzuetan arazeriaren mugetara iritsiz (“Itsu maite duten begiei, ederrak min. Ezingo duzu ulertu gertatu ez bazaizu”). Eta baita eletsutasuna ere, hizkuntzaren menderakuntza itxuragabeko hori (hainbeste eskertzen duena, bestalde, euskal irakurleriaren parte batek, hori ezin da ukatu). Poeta baten nobela da, bere poetikotasuna urtu nahi izan ez duen egile batena. Behin biko errimak eta guzti egiten ditu! (“Erdizka maitatutako Meabe, hutsari eusten dion zutabe. Oraindik ez dakizu, tuntun alaena, itxaropena dela tranpa zaharrena?”). Baina, tira, hori muturreko adibidea da, atal gehienetan topa daitezke adibideak; halakoetan ezin dut saihestu Andrés Neumanek zioen horretaz akordatzea: “Narratiban, lirismo eutsiak magia produzitzen du. Galgarik gabeko lirismoak, amarruak”. Zentzu horretan iruditzen zait niri poeta baten nobela. Eta nik hor ikusten diot arazoa: lirikaren uztarketa prosarekin oso arte zaila begitandu zait beti. Hots, preziosismorako joera handiegia dago, asko kontrastatzen duena Meabek berak aldarrikatzen duen Annie Ernaux baten bisturi lehorrarekin, niretzat askoz ere eraginkorragoa dena. Edo J.M. Coetzeeren (aipatua ere) eta (maila bat edo beste beherago joz) Amélie Nothomb baten narraziorako senarekin, are hiperautobiografiko jartzen direnetan; horretan bat nator Ibon Egañarekin dionenean “Nik neuk narrazioari tarte gehixeago eskaini ez izana bota dut faltan, eta inpresioa dut batzuetan azkarregi egiten dela kontatzetik kontatutakoaren gaineko hausnarketarako jauzia”.

Kristalezko begiaren inguruko atalek kontrapuntu bitxia egiten dute, hori egia da: hor, nik uste, eskertu egin behar zaio egileari lirismoari hesiak ipintzeko ahalegina. Pasarte horiek, Meaberen (des)amodio istorioaren, bere iraganeko flashbacken eta idazteko erretiroaren kontakizunaren garapenean tartekatuak, prosa ia zientifikoan daude emanda, eta, aipatu bezala, gehiegizko lirikotasuna orekatzeko balio dezakete, bestelako helburu metaforikoak izateaz gain (niretzat ez oso gardenak, dena den…). Baina ondo betetzen dute rol hori… hasieran. Baliabidea errepikatzen den neurrian, gainbehera egiten du eta liburua ardazteko aldamiaje soil bihurtzen dela esango nuke, tamalez.

Areagotuz beste guztiaren (egileak berak aitortzen duen bezala) patchwork izaera, maiz. Batzuetan inpresio hori ematen baitute atal batzuek: apunte soilak eta solteak izan zitezkeenak, oso terapeutikoak nahi baldin bada (eta batzuk halakoak iruditu zaizkit, biziki interesgarriak ikuspegi horretatik, “Adin arriskutsuaz” atalekoak adibidez), nobela-ahalegin bihurtuta. Niri, askotan, pena eman dit egileak apunte horiek gordetzea erabaki ez izanak, fikzioaren bitartez gehiago lantzeko eta berrelaboratzeko: poema formapean adibidez. Bigarren paragrafoan esan dudana gogora ekarriz, zera esango nuke: fikzioa, batzuetan, egia esateko bide zuzenagoa suertatzen dela, erabateko biluzte-aldarrikapenak baino.

Amaitzen joan aurretik, dena dela, bitxikeria bat: hau da bigarren liburua (nik dakidala), Uxue Apaolazaren Mea culparen ondoren (Elkar 2011), non idazle-narratzailea Landetara erretiratzen baita nobela lantzera: Apaolazak kasik euskal eleberrigintzaren azpigenero bat fundatu duela esan liteke…

[Eta, hau bai, amaitzeko, kontu literarioak pixka bat (ala ez?) aparte utzita: ezin dut gainetik kendu liburuaren mezua (mezuetako bat, behintzat) nahiko kontserbatzailea den sentipena. Neurri batean, diot. Hots, narratzaileak argi du zein den maitasunaren gorespenarengatik emakumeek ordaindu ohi duten prezioa (vid. “Gaztatxo kaxaren teoria” atala), eta horren harira, adibidez, aipatu aitaren zaintzaren aurkako bere matxinada (alaba-maitasun esklabizatzailearen kontrakoa) koherentea da oso. Baina ez hainbeste, nire ustez, maitasun erromantikoarekikoa. Ondo da, M. amorantearekin apurtzen du (M.-k ez duelako Meabe “osoro” maite…), baina maitasunaren inguruko kontzepzioa bere horretan mantentzen du. Edo hori iruditu zait niri behintzat. Baina, tira, eragozpen hau bigarren mailakoa da; esan nahi dudana zera da: Borgesek duen maitasunaren kontzepzioak (esaterako) ez nau, ezta ere, konbentzitzen; bai, ordea, horretaz aritzeko duen erak (ipuinen edo poemen bitartez, hots, fikzioa dela medio, kasu horretan). Eta horixe da Meaberen liburuan konbentzitu ez nauena: kontaera. Eta batzuetan didaktikoegi jartzeko daukan joera (aipatu “Gaztatxoaren…” atalean bertan, adibidez). Baina hau, jakina, beste kontu bat da, zeinetan ez bainaiz hemen luzatuko].

MEABE // SAUTRELA

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra elkarrizketatu du Hasier Etxeberriak "Sautrela" saioaren itzuleran. "Kristalezko begi bat" kutsu autobiografikoa duen nobelaz aritu dira.

Naturarekin bat

  • Kristalezko begi bat (Susa, 2013)

    Miren Agur Meabe

    Ikusita Miren Agur Meaberen azken nobelak zer nolako harrera izan duen eta zein kritika desberdinak eragin dituen, ez naiz gauza gehiegi esatera ausartzen. Besterik gabe eta polemiketan sartzeko inolako intentziorik gabe, nire iritzi xumea ematera nator.

2013ko abenduaren 06a
 

Franko izan dira liburuaren inguruan zer esanik eman duten puntuak: hizkuntza, gaia, forma, planteamendua, lirismoa, autofikzioa dela eta ez dela. Esan genezake, perspektiba guztietatik aztertua izan den liburua dugula Kristalezko begi bat (Susa 2013).

Egia da, eztabaidagai izan diren puntu guztien inguruko iritzi interesgarriak eman direla, eta denak kontuan hartzekoak diren arren bereziki bat nator Iban Zalduak literatura autobiografikoaz duen iritziarekin. Ni ere ez naiz literatura mota horren oso zalea, beti pentsatu izan baitut kutsu nartzisista dariola. Gogoan dut Arregi Ignazio S.J.-renari aurre egin nionean nola amaitu nuen hura amorratzen, eta harez geroztik konturatu naiz, bere bizitza liburu bat egiteko nahikoa interesgarria dela uste duen norbaitekiko ezin dudala begikotasunik sentitu. Trotski bada ere, ezagutu nahiz ez.

Aldiz, Meaberen liburua plazerez irakurri dut uneoro. Edonola ere, ez da gauza bera autobiografia eta autofikzioa. Ulertzen dudanaren arabera, lehenak bizitza bera du kontagai, bigarrenak, berriz, bizitza baliatzen du kontatzeko. Egia da idazlea pertsonalki ez ezagutzeak derrigor laguntzen duela distantziamendu mailan, eta baliteke horregatik izatea idazle/pertsonaia zein pertsonaia/idazlearen arteko mugak lausoak iruditzen zaizkidala.

Nik emakume baten ahotsa aurkitu dut hemen. Ez dakit errealitatean Miren, Ainhoa ala Agurtzane duen izena, eta ez zait axola. Maitasun haustura batetik atera berri den emakume arrunta da niretzat, poliki-poliki eta gertatu ahala, patchworkaren teknikari helduz, bere bizitza izango denaren patroia osatuz doana. Zenbaitetan ironiaz eta taburik gabe arituko zaio irakurleari, eta bestetan, aldiz, lirismoaren esparrura joko du natura hila eta hortik sortu zein galtzen denaz hitz egiteko. Natura Hila izeneko pasartea zinez interesgarria iruditu zait, bereganatzen duen transzendentzia eta unibertsaltasun mailagatik.

Natura hila izan daiteke: "Halaxe, amodio hil batetik zer sortzen den, esku artean duzu emaitza. Gauza batzuk ez dira galtzen alferrik, ez alferrik galtzen. Eta pintura batetik poema bat sortu da. Horra sorkuntza (hil batek) sorrarazten duen sorkuntzaren katea” (146. orr). Modu horretan lortzen du, idazten duen horri buruzkoari -bere bizitza izan zein ez- balio artistikoa ematea eta Miren Agur izeneko emakume batetik harago joatea.

Sautrelan egin zioten elkarrizketa batean idazleak berak esan zuenez, naturarekin egiten dugun binkulazio automatikoak burmuin konkretu bat eskatzen du. Nik bat egin dut liburu honen naturarekin.