VICENTE LARREA

so 1467378181235 SO | 2016-08-03 09:19

so 1470209318308

Bilbon jaioa, 1934an. Eskultore eta margolaria da, Larrea Etxaniz eskultorearen semea. Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen formatzen, eta formazio hura Frantzian, Solesmes-en Raymond Dubois eskultorearen tailerrean egindako egonaldiekin osatu zuen. Gerora, Bilboko Minen Eskolan ere lizentziatu zen. Larrea Euskal Eskolaren Bizkaiko Hemen taldean sartu zen, eta 1966an Bilboko Arte Ederren Museoan Gaur eta Hemen taldeek egin zuten erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Eskultura-irakaslea izan zen Bilboko Arte Eder Fakultatean. Hainbat tokitan egin ditu erakusketak, hala nola Bartzelonan, Suitzan, Iruñean, Bilbon eta Chicagon. Euskal Herri osoan barna aurki daitezke haren artelanak, Bizkaian batik bat; hain zuzen, obrarik abstraktu eta monumentalena lurralde honetan dauka. Nabarmentzekoa da Bilbon Ametzolako geltokian duen eskultura publikoa. Kaietako horma bati atxikita, etzandako irtengune gisa paratua, arte abstraktuaren eta espazio funtzionalen arteko elkarrekikotasuna adierazi nahi du.

Dodecathlos

Euskal eskolako beste eskultoreak bezala, materiaren eta hutsaren arteko harremanetan murgildutako egilea da. Masa hustuz eta tolestuz dihardu, argi-itzalen kontrasteak sortu eta betearen eta hutsaren arteko oreka lortu arte. Euskalduna Jauregiko sarreran kokatutako soin handi honek Euskalduna ontziola zenaren langileak omendu nahi ditu. Formalki, beste artelan askotan agertutako barrokismoari eusten dio Larreak Dodecathlos honetan ere. Geometria lauari batere tarterik utzi gabe, gainazala ganbil eta ahurren metaketak etengabe bete-betean estilo barrokoari dagozkion argi eta itzalen jokoa sortzen du.


http://www.euskomedia.org/aunamendi/86371

Barañano, K. (1991): Vicente Larrearen eskulturgintza = La escultura de Vicente, Larrea. Vitoria. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.