TXOMIN PEILLEN KARRIKABURU. JENDE EDERRAK LANEAN (Who’s Who?). Utriusque Vasconiae.

so 1467378181235 SO | 2020-11-15 10:01

https://addi.ehu.es/handle/10810/35025

Hogeiren bat ipuin biltzen dituen liburua da hau, umorezkoak eta egiatiak. Deskribatzen diren pertsonaiak ez dira euskaldunak, ezta beti euskal herritarrak ere, egileak bere biziaren erdia baino gehiago, halabeharrez, herritik kanpo egina baitu. Badira, halere, ipuin batzuk Euskal Herrian kokatuta daudenak eta bertako kultur egoera deskribatzen dutenak.

ZIZELKARI OSPETSUA

Arte Eskola amaitu nuenean, zuzendariaren ikusten ibili nintzen. Banekien nire emaitzak ertainak izan zirela. Gogorragoak entzun nituen

—Zu ez zara, inoiz, zizelkaria izanen ez eta benetako artista.

Maltzurki galdetu nion:

—Irakasle txarrak eduki ditudalako?

—Ez. Zure errua da, zure ezintasuna.

—Eta zer egingo dut? Irakasle?

—Ez eta ere. Noizbait aldizkari batean karikaturaegile.

—Hori, etorkizuna al da?

—Beste ikasketarik egin behar zenuen. Nik ederki ikus zintzaket galeria batean arte eder saltzaile. Joan nintzen. Ez nintzen aski aberats galeria baten irekitzeko. Nire ezintasunaren gezurtarazteko, zuzen-dariaren aholkua jarraitu nuen: komertzio ikasketakegin nituen eta denbora berean Arte Azoketan ibili. Hasieran, zaindaria nintzen, gero antolatzaileen lagun. Egonaldi hori oso jakingarria izan zitzaidan, neukan beste asmo baten garatzeko. Banekien, orain, nola artistak, besteek, impresario delakoek, agenteek egiten dituzten, kudeatzen, aholkatzen eta saltzen.

Vedette-ak, egia esan laster sortzen eta batzuetan lasterrago itzaltzen ziren izarrak ziren, baina, bide horretarik zerbait egin zitekeen... Enplegatzen ninduen Szilversbaum jaunari nire karikatura batzuk erakutsi nizkion. Gustatu zitzaizkion baina ez zuen horrelakorik saltzen; bigarren mailako aldizkari batean astero bat ematen nuen. Beste behin, nagusiari nire zizel lan bat ekarri nion. Harriduraz egon zen

—Hau al da zure eskultura tankera?

—Bai jauna, talentu apur bat daukat.

—Hau salduko dizut ziurrik eta ekar itzazu beste horrenbeste.

Bizpahiru saldu ondoren, ikusiko dugu kontratua, eta niretzat bakarrik egingo duzun ala ez? Benetan bitxia, arraroa zen nire eskultura: gizo-naren jatorria zeukan izena, harrizko gizona zen baina larrua arrain ezkataz estalirik eta suge baten aurpegi okaztagarria zuen. Honelako andrea egin behar nion. Lan horretarako jadanik lekua banuen: hiriko arrabal behartsu, itsusi batean harakin aberats bati erosi nion (ba al dago aberats ez den harakinik?) Nolanahi ez zuen, miserian hil aititaren estudioa, aitonaren tailerra, batere gogoko. Saldu zidan. Han nituen nire eskulturak egiten. Aski laster,egiten nituen. Estudioan berrogeita hamar bat eskultura zahar banituen. Eskultura akademikoak ziren. Nire lana zulakaitz batekin ezpalka ezkata edo beste itsuskeria zerbait larruan grabatzea zen. Buruak karikatura bilakatzen nituen eta honela nire zizel tankeraizan nuen. Hilero eskultura bat egitea eskatzen zidan galeriak eta egundainoko arrakasta zeukaten eta neukan. Honela, lasai ibili nintzen eta aurretik egin irudiak ere apurka-apurka saltzen nituen. Kazetariek nire lantokia ikusi nahi zuten. Lanean ikusi nahi ninduten. Nik beti ezezkoa ematen.Horrek urduri jarri ninduen, arrangura gaiztoa buruan sartu: ez ote ziren nire txokora etorriko eta egia jakingo? Ez zen susmoa, jeloskeria hutsa izan, Parisen nengoen batean, norbaitzuk nire estudioan sartu ziren. Ez lapurtu, ez. Agian, argazkiak egin. Ezin zezaketen, ordea, frogatu abantzuan nituen ukitu gabeko estatuak ez zirenik, nik eginak. Har-gatik, ni baino begiluze eta belarri luzeagoak baziren. Behin estudiora kazetaria agertu zitzaidan:

—Zu zara Boronski eskultorea?

—Bai.—

Zuk, duela urtebete, harakin bati hemengo estudioa erosi zenion ez?

—Baietz, bai.

—Eta hortxe ikusten ditudan estatuak ere erosi zenizkion. Ez al da hala?

—Eta zer? Zer dakizu?

 —Familian bazekiten bazirela eta baten batek zerrenda egina zuen.

 —Familiak zer du ikusteko?

—Harakinak haien aholkurik eta abisurik gabe, saldu baitzituen.

—Eta gero?

—Zuk ez dakizu estatua egiten. Hori Arte Ederretako irakasle bati aitorrarazi diogu.

—Barkatu saltzen ditudanak nireak dira.

 —Ez. Argazkiak egin nituen eta aldizkari baterako erreportaia prestik dut. Xehetasun gehiago nahi nuen.

—Zenbat nahi duzu?

—Ez naiz xantaia egilea, kazetari begiluzea baizik.

—Berdin du, eta nik poliziari konta baniezaio nire atea bortxatu duzula?

—Kontzientzia garbi bazenu aspaldian eginen zenuen ez?

—Norentzat ari zara?

—Kazetariek dituzte galderak egiten. Nolanahi,ez naiz gehiegi kezkatzen: ikusten dut bi estatua baizik ez zaizkizula geratzen, eta zure zizel lana horietan bukatuko da. Orduan, egia jakingo da.

Joan zen. Arrazoi zuen, laster bukatuko da nire sorkuntza, ez naizelako abstraktuan gai eta figuratiboan ez dakidalako ez esku baten, ez oin baten edo beso baten egiten. Zizelkari ospetsua nintzen. Galeriara ez nintzen gai izan eskultura gehiagoren ekartzeko eta ez zegoen, inon, nik hobetzeko zizel lan akademikorik salgai, edo niretzat garestiegi. Galeriak ez ninduen gehiago ezagutu, eta aldizkari batean nire istorioa agertu zenean, kostatu zitzaion berriz modan jartzea. Faltsukeriarentzat kalte dirua eskatu zidaten, eta nik saldu nituen azken hogei eskulturen dirua bahiturik utzi.

Orain, eskultura saltzaile edo artean aditu egingo naiz, baina horretarako herritik joan behar dut, nire diplomekin beste nonbait kokatzeko, eta beharbada egun batez, horrela, aurretik egin zizel lan akademikoak idoroko ditut.