TXOMIN BADIOLA

so 1467378181235 SO | 2016-08-03 10:36

so 1470217276880

"Gaur egun inork ez daki zer den eskultura." (Txomin Badiola)

" Nik neure errealitatea eraikitzen dut." (Txomin Badiola)

Family Plot 1 (1993-2002)

Family plot 2 / (1993-2002)

Txomin Badiola Mazariegos. (Bilbo, 1957) Arte Ederrak ikasi zituen, eta ondoren bertako irakasle ere izan zen 1983tik 1989ra. 80ko hamarkada hasieran Euskal Artisten Elkartea (EAE)sortu zuen, beste batzuekin batera; “politikoki une gogorrak ziren, eta artistok ere bageneuzkan geure aldarrikapenak kulturari dagokionez eta abar”, azaldu du. EAEk bizitza laburra eduki zuen, baina astia izan zuen ekintza ikusgarria burutzeko Bilboko Arte Eder museoan: Oteizaren Homenaje a Malevich lana lapurtu eta udaletxean utzi zuten, museoaren jardunaren aurkako aldarrikapena egin nahiaz. 1986an, Badiolak Espainiako artista gazterik onenarentzako Icaro saria jaso zuen. 1988an Oteziari buruzko erakusketa handia antolatu zuen La Caixarako, eta horren ostean, hemengoaz nekatuta, Londresera alde egin zuen, eta handik New Yorkera. Hamar urte egin zituen atzerrian, tarteka Bilboko Artelekun ikastaro bi emanez. Azkenik, 1998an itzuli zen Bilbora, eta bertan bizi da gaur egun. 

The Killer / 1996

IDS / 2007

Anxiety / 2011

2016

2016

2016

2016

2016 / Demasiado cercana como para ignorarla, demasiado remota como para poder intervenir / Carreras Mugica / Bilbo

2004. urtean Unai Brearekin elkarrizketa bat egin du. Azpian elkarrizketaren zati batzuk. 

Eskulturak desintegrazioa jasan zuen 60ko hamarkadatik aurrera, eta horren ostean integrazioa berriro. Arte kontzeptualaren bitartez, bazirudien objektuek euren garrantzia galdu zutela, baina disoluzio horrek berak, hain zuzen, inguruan zebiltzan beste arte-adierazpide batzuk (argazkilaritza, bideoa, dantza…) eskulturarekin elkartzea ahalbidetu zuen. Ni prozesu horren barruan nago. 70eko hamarkada amaieran hasi nintzen, arte kontzeptualean eta minimalismoan. Ondoren nire lana eskultorikoago bihurtu zen, azkenik bere baitan gauza asko biltzeko berriz.

Nik, 80ko hamarkada amaieran-edo, banuen helburu bat: nire bizitzaren alderdi guztiak (artista modura ditudanak, pertsonalagoak, ideia politikoak, sentipenak…) bilduko zituzten artelanak egitea. Hori dena batuko zuen egitura bat lortu behar nuen, beraz. Urtetan zehar prozesu bat izan dut, eta prozesu horrek lehenik Bartzelonan eta ondoren Bilbon egon zen atzera begirako erakusketarekin jo zuen goia. Erakusketa horrek nire azken hamabost urteetako ibilbidea biltzen zuen, baina lan handi bakar bat bailitzan aurkeztu zen, eta bertan zegoen lan bakoitza lan handiago horren zati soil bat.

Bilbo estuegia da, baina ia beste edozein leku bezain estu. New York bezalako hiriek eskaintzen dituzten baldintzak ezin dituzte ez Bilbok, ezta Madrilek edo Bartzelonak ere eskaini. Oso hiri bereziak dira, eta ez soilik bertan egon daitekeen arte-jardunbideagatik, hiriaren izaeragatik baizik: egunero bertan egiten diren gauzak, dagoen jende mota… Horrek denak, noski, norberaren pentsamoldea zabaltzen du, eta lana ere emankorrago bilakatzen da. Zergatia ez da artistarik hoberenak edo erakuslekurik garrantzitsuenak han daudela, guztiz alderantzizkoa da. Horiek han daude giro hori dagoelako. Ni neu hemendik ihesi joan nintzen hara, Oteizaren erakusketaz eta beste gauza batzuetaz gogaituta nengoelako. Gero, gustura egon nintzen han, eta hasiera batean urtebete iraun behar zuenak hamar urte iraun zuen.

Ni beti agertu naiz kritiko Guggenheimekiko. Izan ere, Oteizaren gaineko erakusketan parte hartzea onartu nuenean, zuzendariari esan nion lehen gauza zera izan zen: Oteizari ahalik eta mesederik handiena egiteko onartzen nuela lana, baina museoaz dudan iritziak bere horretan zirauela. Ez dago zalantzarik museoa oso garrantzitsua izan dela hiri honetarako, batik bat urbanismoari, bisitari kopuruari… dagokienez. Bilbok edozein bisitari har dezakeela islatu nahi da, eta alde horretatik museoak ondo bete du bere lana. Baina uste dut mundu mailako Guggenheim egiturari lotuegi dagoela. Apurka-apurka bere autonomia eskuratzeko erronkari heldu beharko dio, ekoizpenean, inguruarekin harremanetan… Edozein proiektu gauzatzeko gai den giza-taldea dauka, oso talde ona. Jendea eta aurrekontuak ditu, baina oraingoz ordezkaritza hutsa denez proiektu gehienak eginda etortzen zaizkio. Euskal artistei buruzko erakusketa antolatzen du bi urtean behin, eta gutxi gehiago. Bitartekoak eta pertsonak dituztenez gero, euren proiektuak aurrera ateratzen hasi beharko lukete. Eta inguruarekin harremanei dagokienean, gertatzen denari arreta handiagoz begiratu beharko lioketela uste dut, momentuz oso isolatuta dago eta.

Nire belaunaldiko gehienok hemendik kanpo bilatu behar izan genuen bizimodua, eta gure karrerak Madrilen, Bartzelonan, New Yorken… jorratu ditugu. (...) Lehenik, Oteiza eta Chillida. Ondoren, Basterretxea, Mendiburu, Sistiaga... Halako hierarkia bat zegoen, eta nork bere txandari itxaron behar zion. Hori horrela dago antolatuta. Baina jendeak autonomiaz lan egiten du, eta azkenean gauzek beren bidea hartzen dute. Nik, ildo horretan, ez dut uste inork itzalpean utzi nauenik, ez eta nire belaunaldikoak ere: Pello Irazu, Urzay… Beharbada hemen geratu direnek gehiago jasan dute zuk esandakoa, baina ez guk.

Komunikazioa tartean dabilen edozein prozesutan, komunikazioa ez da ematen esaten denaren esanahiagatik, besterik gabe ematen delako baizik. Zer adierazi nahi izan dudan galdetzen didatenean, nik, Goddarden esaldi bat erabiliz, zera erantzuten dut: nik ez dudala ezer adierazi nahi, norbaiti adierazi baizik. Nire lana, komunikazioa ahalbidetzeko erdian ipintzen dudan zerbait da. Ez da nik esan nahi dudan zerbait; elkarri gauzak esan diezazkiogun hor egotea nahi dudan zerbait da.

Pentsatzen dut arteak helburu bat edukiko duela, pertsonen betebehar bat asetzen duen heinean. Arteak milaka urte darama planeta honetan, eta modu askotara gauzatu da. Artistek erregeentzat lan egin dute, euren buruentzat, museoentzat, eraso egiten zieten piztiengandik babesteko... Baina bada denboran zehar iraun duen zeozer, eta horri esaten diogu artea. Beraz, zerbait eduki behar du arteak bere baitan, izate sakon bat, gizakiak gizaki izateagatik daukan beharren bati erantzuteko balio duena. Eta behar horri erantzuten badio, arteak badu helburu bat: behar horri erantzutea, hain zuzen. Uste dut behar horrek zerikusia daukala gizakiok askotan gustuko ez ditugun egoerak bizi izatearekin. Errealitatea aldatzeko premia daukagu. Eta errealitatea aldatzeko lehen lana errealitatearen ikurrak aldatzea da. Hots, nik neure errealitatea eraikitzen dut.

Oso txikia, nahitaezkoa baino ez. Orson Wellesek esaten zuen: “Nik hitz ematen diot edonori pelikula bat egiteko behar dituen ezagupide tekniko guztiak hiru ordu laurdenean irakasteko gauza naizela”. Nik bete-betean sinisten dut hori. Nik ez dut tekniketan sinisten. Teknikan sinisten dut, norberak behar duen teknikan. Ematen du arte-espezialitateen teknikak artistaren gaitasunetan, haren trebetasunean, daukala oinarria, eta nik aldarrikatzen dudan teknika, berriz, gaitasun ezatik dator. Hau da, nik argazki bat egiteko beharra dudanez, argazki bat egiteko neure modua garatuko dut, eta modu hori izango da nik behar dudan teknika, eta ez argazkilaritzaren teknika dela esaten didatena. Nire jardunbide osoa halakoa izan da. Nik soldadura ikasi nuen burdin zati bat beste burdin zati bati lotuta egotea nahi nuelako. Ez nuen esan: soldatutako eskultura egingo dudanez, soldadura ikastaroa hartuko dut. Sekula ez.

Nik beharra badut artea egiteko -ez bakarrik nire bizimodua delako, baizik eta errealitatea ulertzeko daukadan modua delako-, eta horretan parte hartzen duen inor badago, arteak badu izateko arrazoi bat.

http://www.euskonews.com/0271zbk/elkar_eu.html

http://www.galeriampa.com/wp-content/uploads/2014/01/CAPITALISMO-ANAL.pdf

http://www.galeriampa.com/wp-content/uploads/2014/01/HAY-VECES.pdf

http://carrerasmugica.com/exhibition/txomin-badiola-2016/