SORMENAREN ERAGINA GIZARTEAN, // MIKEL LABOA EREDU

so 1467378181235 SO | 2020-11-11 19:12

https://addi.ehu.es/handle/10810/18251

Ikerketa honetan sortzeak kultura batean duen garrantzia ikertuko dut. Zehazki Mikel Laboak Euskal Kulturan izan duen eragina eta Euskal Kulturari egin dion ekarpena. Horretarako Mikel Laboa pertsona eta artista izango dut kontuan. Honek esan nahi du sormena artean gauzatua ikusiko dugula, musika nagusiki baina beste arte diziplinak ere aintzat hartuta. Antropologia garaikideak kultura kontzeptuaren inguruan duen irizpidea hartuko dut oinarri, alegia, kultura bizirik dagoen elementua da, etengabeko mugimenduan dagoena. Gaia sormena izango da eta ikerketa obketua Mikel Laboa. Hau kontuan izanik, azpigai batzuk landuko ditut, hala nola, harremanak, diziplinartekotasuna eta euskarari emaniko bultzada. Antropologian erabiltzen den metodo kualitateiboa egokia ikusten dut pertsona batek sormenaren bidez gizarte batean izan dezakeen eragina aztertzeko.

Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu da tesiaren izenburua. Sormena esaten denean, sormena artean esan nahi da eta zehatzago sormena musikan. Mikel Laboa musikaria hartu dut eredu. Beraz, lehenik eta behin sortzailea dela baieztatzeko, sormena hiru elementu desberdinen arteko interkzioaren emaitza dela onartu dut:

1) sortzaile izan litekeen bat, bere talentu, desira eta ahuldade pertsonalekin;

2) kulturan existitzen den ekintza eremua;

3) eremu kritikoa.

Baiezta dezakegu aipaturiko hiru elementu horien arteko interakzioa eman dela, beraz, sortzaile baten aurrean gaudela. Bestalde galdera ildoari jarraituz, Mikel Laboa pertsona eta musikaria ez daudela bereizterik ondorioztatu da. Hau da, Laboa eta bere obraren arteko lotura estua dago. Laboaren obra aintzat zenbateraino hartua izan den ere ikerlanean zehar erantzuna jaso dugu.

Honela bada, laburbilduko ditut, interakzioan dauden hiru elementu hauek aztertuz eginiko analisiaren ondorioak. 3. kapitulua, Laboa eta Mari Sol-en desira batekin ireki genuen. Desira hau betetzeko plan bide bat eraikitzen hasi ziren, Laboaren irizpideak (euskaraz kantatzea, perfekzioa helburu ez izatea, baizik barrenak eskatzen ziona kanporatzea) eta iaiotasunak (kantatzea, sortzeko grina eta interpretazioa) kontuan hartuta.

Behin oinarria izanik praktikan jartzea zen hurrengo helburua; kontzertuak eta grabaketak. Honen ondorioz, hirugarren elementua gehituko delarik; eremu kritikoa. Sortu zen beraz, hiru elementuen arteko interakzioa. Eremu kritikoaren barnean talde zabala sartzen da, hots, Laboaren musika baloratzen duenak osatuko du. Talde honetan daude musikaren bidez egiten dituen harremanak.

Hiru elementu hauen arteko interakzioa urteen poderioz sendotuz joan da, beste interakzio sare batzuk sortuz, hau da, musikaren (artearen) bidezko harreman sareak sortuz. Harremanak izan dira ikerketa lan honen erdigunea. Laboak bere obra eraikitzeko ezinbestekoak batetik, musikaren zioa bestetik eta gizon-emakumeok harremanen beharraren aitortza azkenik. Laboak, obra eraikitzerakoan, funtsezko lagunak egin zituen. Bere artista ibilbidearen lehenengo zatian (1980.urte arte gutxi gora behera), Joxean Artze eta Zumeta. Ibilbide artistikoaren bigarren zatian, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia. Baina, nagusiki bi aipatu nahi ditut: Mari Sol Bastida eta Iñaki Salvador. Laboa, Mari Sol gabe ez dagoelako ulertzerik. Mari Sol izan zen Laboak zuen sormenerako gaitasuna bultzatu zuena. Mari Sol izan zen: lagun, emazte, amante, bere seme-alaben amaz gain, kritika egiten ziona, manager amateurra eta abar luze bat. Hau da adibide garbia zeina Laboaren jenialtasuna pluralean ulertu behar den. Bestalde, Iñaki Salvador dugu. Badakit Salvador Laboarekin hasi zenerako, Laboak egina zuela bere artista eraikuntza, baina bigarren etapa honi forma emateko eta molde berrietara egokitzeko, giltzarri izan da Salvador. Laboaren nortasuna, bai pertsona bezala bai artista bezala ulertu eta bultzatu zuen. Batez ere, musika egiteko dauden zenbait irizpide baztertu zituelako. Laboaren berezitasuna errespetatuz. Laboa ez zen perfektua, are gehiago ez zuen perfekzioa (ondo kantatu, txukun eraman erritmoa eta konpasa...) helburu, lehen esan bezala, bere barnean sortzen zuena, estetika propioaz kanporatzea zen helburua. Eta hori Salvadorrek oso ondo ulertu zuen. Hemen, barrenak esaten duena ‘kanporatzeko’ behar honetan lotzen da Laboa pertsona eta musikaria. Hau da, Laboa eta sortzen duen musikaren arteko lotura. Bartra-k (2007) esaten duen bezala, musika, gure gorputzaren luzapen modura ulertu behar dugu. Gorago esan dugu Laboaren ezaugarri modura, pertsona irekia, eta bestalde kantatzeko irizpideetako bat Euskaraz kantatzea izan zela. Orain, kasu egin diezaiogun bere kanten eta musikaren nolakotasunari. Kanta eta musika irekiak dira, alegia, nik plastikotasuna dutela esaten dudanean, irekiera horretaz ari naiz. Ikusi dugun bezala, bertsio eta interpretazio aunitz egin dituzte Laboaren musikarekin (Jazz, rock, punk, flamenco...), bestalde euskaraz kantatzeak, batetik euskal kantagintzari ekarpena egin dio, zenbait musikarik aitortu duten modura, beraientzat irizpide hori jarraibidea izan delako, baina bestalde, irizpide hau ez da oztopo izan beste hizkuntza batzuekin harremana izateko edo hizkuntza horien musikaltasunarekin esperimentatzeko (aipatu irekiera horren barnean dago).

Laboa bezalaxe, bere kanta eta musika ez dira ikus-entzuleei begira sortu. Laboak, Lekeitio saila osatzerakoan izan zituen bere gora beherak jendartean onartuak izateko, esaterako, Baga, biga, higa pieza, baina, orain arte aipatu ez badut ere, Laboaren beste bi ezaugarri nagusitzen dira: kaska-gorra izatea (bereari eustea) eta benetakotasuna. Bi ezaugarri hauek gabe, nekez egingo luke aurrera. Laboaren benetakotasun hau bere kanta eta musikan sumatu dugu, izan ere, bizi propioa hartu dute, alegia, ez dira gelditu konposatu ziren modu berean, denborarekin eraldatzen joan dira, garai berrietara egokitzen. Besteak beste, oraintxe aipatu dugun Baga biga higa pieza. Hasieran jendearen parra eta ez ulertua bazen erantzuna, gaur egun orkestra klasiko batek jotzen du. Txoria txori kantak, ikusi dugun bezala, bere ibilbide propioa egiten ari da, euskal kulturaren ikur bihurtzeraino.

Laburtuz, Laboak bere izaera irekia eta benetakoa, kanta eta musikan transmutatu ditu. Kanta eta musika hauek, ikerketan zehar ikusi dugun modura, funtzio asko betetzen dituzte; memoria aktibatu egiten dute; emozioak eta sentimenduak bideratzeko gaitasuna dute; hitzez ezin duguna adierazi kantuen bidez, bai; gizon-emakumeen arteko harremanak eraiki, mantendu eta sortzerakoan eratzaile dira; sormena bultzatzeko eragile dira, bai musikaren munduan bai bestelako diziplinetan eta abar. Funtsean, kanta eta musika norbanakoaren biografiaren parte dira, ondorioz, Laboak sortutako kantak, zeinak bere izaera, pentsamendu, desio eta kezkak barrenean daramaten, gure izatearen parte ere badira.

Laboa, ekintza gizona zen. Sormenaren bidez, kanta eta musika berriak eta berritzaileak sortu zituen, inongo pretentsiorik gabe. Behar eta desira baten gauzatzean, ikusi dugu ekintza gizona zela. Irakaspenik emateko asmorik gabe, zer hausnartua badagoela erakutsi digu. Inongo pretentsiorik gabe, kontzertuak eskainiz, sare sozialen eraikuntzan parte hartu du. Kontzertuak izan dira Laboaren bizi artistikoan zutabe. Teresa del Valle-ren Cronotopos kontzeptua izan da kontzertuak deskribatzeko balio izan diguna, eta Martí-ren Sonotopo kontzeptua ere baliagarria izan zaigu, musika kontzertuak diren heinean. Musika eta kanten inguruan eraikitzen dugu identitatea eta subjetibotasuna (Martí, 2015).

Laburbilduz, Mikel Laboaren kontzertuak (beste batzuen artean) 60. hamarkadatik hasi eta 2000. hamarkada barne, norbanakoaren identitatea, bestearekiko, eraikitzen, mantentzen eta sortzen lagundu zuen. Edward Said analistak esaten digun modura:

“Ninguna identidad cultural aparece de la nada; todas son construidas de modo colectivo sobre las bases de la experiencia, la memoria, la tradición (que también puede ser construida e inventada), y una enorme variedad de prácticas y expresiones culturales, políticas y sociales(Said, 2001:38).

Orain arte esandako kontuan hartuz azpimarratu nahi dut Laboaren artista eraikuntzan, garrantzitsuak iruditzen zaizkidan bi faktore. Lehena, irizpide bat: bere obra bakarrik lantzeko erabakia. Bigarrena nortasun ezaugarria: kuriositatea ez galtzearena. Laboari, bere obra bakarrik lantzeak, nahi zuena egiteko askatasuna eman zion eta hau obraren kalitatean antzeman egiten da ikerketa honetan zehar ikusi dugun bezala. Bere laguna den Txelok esan zuen bezala, produkzio gutxiko artista zen, baina kalitate handikoa (Txelo. Elk. 2014-09-19). Kontzertuak eskaintzerakoan ere berak markatzen zuen erritmoa, eta nahiz eta beti ondo atera ez, asko eta asko goi mailakoak izan ziren (Bastida, 2014). Honek guztiak, ekintzaren bidez gauzatua den ‘egiteko modu bat’ adierazten du. Kuriositatea ez galtzeari dagokionean, musikari dagokionean, musikari gazteenganako zuen jarreran antzematen da. Euskal musikan lantzen ziren tendentzi eta berritasunen berri izatea funtsezkoa zen berarentzat. Eta honek bultzatzen zuen belaunaldi berriekin harremanak izatera, kolaborazioak egitera eta musikarekiko zuen interesa adieraztea. Baina kuriositate hau ez zen mugatzen musikara bakarrik, beste arte diziplinetan ere lantzen zuen kuriositatea eta honen ondorio izan dira diziplinartekotasunari eman zion garrantzia; bai eskaintzen zituen kontzertuetan bai eta grabazioetan islatua ikusi dugun modura. Honek guztiak, berriro ere, nahigabe, sare sozial berriak sortzeko aukerak zabaldu ditu; bai musikari gazteen artean, bai diziplina desberdinen artean.

Bukatzeko, Laboak ene ustez bere egitearekin lortu duen ezaugarri nagusia aipatuko dut. Kantu eta musikaren bidez harilkatzeko gaitasuna; bere obran landu zituen hiru ildoak (tradizioa, garaikidea, esperimentala), musika estilo desberdinak, hizkuntza desberdinak, arte diziplina desberdinak... Funtsean, kantuen bidez, giza harremanetan ematen diren dimentsio desberdinak harilkatzeko gaitasuna. Lan honetan zehar ikusi dugu kantekin eta denboraren hiru tenpoak oinarri hartuz, lehenaldia, oraina eta etorkizuna, gizakiok komunikatzeko erabiltzen ditugun elementuen harilkatze ia perfektua. Mikel Laboaren obrak euskal gizartean eragina izan duela agerian geratu bada ere, neurri handi batean inkontzienteki izan dela esan dezakegu, honek esan nahi du, era batera edo bestera aintzat hartu bada ere, oraindik aukera zabalak eskaintzen dituela bere obraren gainean interpretazio desberdinak egin eta bide berriak eraikitzeko.