Rodríguez Martín, Eider // Itsasoa da bide bakarra: Joseba Sarrionandiaren lanetako itsas irudien irakurketa proposamen bat //

so 1467378181235 SO | 2020-11-07 08:19

Rodríguez Martín, Eider //

Itsasoa da bide bakarra: Joseba Sarrionandiaren lanetako itsas irudien irakurketa proposamen bat //

https://addi.ehu.es/handle/10810/35038

https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/35038/Itsasoa%20bide%20bakarra.pdf?sequence=1&isAllowed=y

Honela, 1981etik 2001era bitarteko Sarrionandiaren poesiazko eta prosazko lanak arakatu ditut itsas irudien bila. Ondoren itsas irudiok interpretatu egin ditut. Azkenik itsas irudion bilakaera aztertu dut. Izan ere, lan honen helburu nagusia Joseba Sarrionandiaren obra argi berri baten pean irakurtzeko aukera proposatzea da, itsas irudiok gordetzen dutena azalera ekarrita alegia.

Poetaren eginbidea, Stéphane Mallarmé hark esan zuenez, tribuaren hitzei zentzu garbiago bat ematea da. Zentzu garbiagoa, osoagoa, irekiagoa, hitzen bidez kontzientziaren eta munduaren artean erlazio aproposagoak sortzeko. Eta hitzen bidez, gauzen eta situazioen ezagumen argiago eta berriak lortzeko. Poesiaren objetoa bizitza da, eta mundua, gure lurreango bizitza, erdi ezagun erdi ezezagun daramagun bizitza hori. Gure lengoaia baldresa emendatzen entseiatzen bagara, hitz egiazkoagoak erideiten ahalegintzen bagara, zihurtasun faltsoen mugak desegiteko, lurreango gure bizitza hobeto ezagutzeko eta, ezagutzeaz, atsegin hartzeko da.

Eginkizun honekin lotzen dugu NENH-n jasotako Huizingaren aipua:Joan Huizinga jakintsuaren ustez,

pentsamendu sinbolikoa pentsamendu primitibo edo arkaikoaren ezagugarria da (...) Pentsamendu sinboliko basatiena, haurrena, mistikoena eta poetena da, baina sinbolizazioa ez da arbitrarioa eta aldakorra, sinbolizaziorako ez da heldutasun falta suposatu behar, ezen sinbolizazioan intuizio sakona baitago beti. Oreka eta anbiguitatea, imajinazioa eta lausotasuna daude beti sinbolismoan, lotura erreal eta esentziala dago beti erlazionatzen diren gauza bien artean.

Norenak diren hitzak, harenak izango baitira esanahiak ere, eta hala, hitzen esanahia mudatzea, hitzak esanahi berriz betetzea izan daiteke, eta azken buruan, hitzez jabetzea. Lengoaiaren ahitzeaz hain sinetsita dagoen idazle batentzat ihesbidea baita lengoaia metaforiko eta sinbolikoaren erabilera. Izan ere, dagoenetik, hitzen esanahi “ofizial”etik abiatuta (hitzen esanahi entziklopedikoaz gainera, hitz horiek duten karga historikoaz ari gara), esanahi ehundura berria josteko egokiera ematen baitio. Hitzak lan-tresna dituen norbaitentzat, erronka handia da hitz horiei esanahi, ehundura eta toles berriak ematea. Hitzen esanahi “ofizial” horren ordaina izan baitaiteke, “hitzei botereak ematen dien esanahia”, eta ondorioz, hitzak esanahi eta irakurketa ez ofizialez betetzeko lana boterearen kontrako lan gisa ere uler genezake.

Tribuaren mintzaira berrasmatzeko, hitzen jabegoa hankazgoratzeko Sarrionandiak gramatika eta sintaxi berriak proposatzen baititu.

Nola egituratzen da baina tribuaren hiztegi berri hau? Zein eite dauka hitzen emendatzeak? Nola berridazten da hizkuntza bat? Nola desidazten? Sarrionandiaren obrari dagokionez, sinboloak, metaforak, alegoriak eta hiztegiak aipa genitzake egikaritze honen forma ikusgarri nagusitzat: izan ere, Sarrionandiak, batetik, Hitzen ondoeza (1997) hiztegiaz (“Ondoko hitz hauek gure tribuaren hizkera sendatzeko edo indartzeko balio badute, ondo. Baina gure tribuaren hizkera hobetzea ez ba dakarte, orduan, aspaldiko gure ondoez orokor hau gehi dezatela”) gain, Gau ilunekoak (2008) alegoria eta bere poesia eta narrazio liburuetako sinboloak eta metaforak (itsasoari loturikoak, batez ere) baliatuko ditu iraganetik datozen hitzen, testuen eta sinboloen bulkada profitatu eta hitz, testu eta sinbolo horiek esanahi berriz janzteko.

“poesia egitea ez da gauza itzela, lengoaia/ ber egitearen joko hutsa-la” dela oroitarazten. Lagun izoztua-n (2001)

Sarrionandia

Sarrionandiak kodifikazioaren bidea hautatu izanaren bigarren arrazoia ni-ari buruz hitz egiteko autodebekuadela aipatu dugu. (...) Pott Bandaren baitan bazegoen modernotasunari lotutako irizpide literario bat zeinaren arabera, Atxagaren hitzetan, debekatuta baitzegoen lehenengo pertsonan mintzatzea” (Azkorbebeitia, 2002): norberak nahi due-na ez da garrantzitsua, norberaren bizitza hutsala da, nor-beraren zirkunstantziak ez dira kontuan hartzekoak.

Esan genezake, obretan eta urteetan aurrera egin ahala, Sarrionandiari arindu egin zaiola bere ni-az aritzeko autodebekuaren zama, zeharka (metafora, sinbolo, alegoria eta elementu paratestualen bidez) bada ere.

Ez da ez autobiografikoa ez testimoniala. Esperientzia pertsonalean oinarritzen da, ez nire esperientzia pertsonalean bakarrik, beste batzuen esperientzia pertsonalean ere bai, nobelan zehar kontatzen diren esperientzia pertsonalak imajinarioak diren arren. Literatura imajinazio eta hizketa jokoa baino zeozer gehiago da, literaturak inoren esperientzia pertsonala zabaltzeko balio du. Bizitzaren bitarte batzuk argituz eta gertaerei zentzu bat antzemanez, literatura, esperientzia pertsonal horiek esperientzia kolektiboa bihurtzeko modu bat izan daiteke.

Ni-ari buruz jarduteko pudoreak ideario estetiko batean izan arren sorburu, Joseba Sarrionandiaren kasuan bere biografia pertsonalak indartu egiten du nitasunetik urruntzeko joera, esan nahi baita, erakunde armatu bateko kide izateagatik klandestinitatean bizitzeak literaturaz eta estetikaz kanpoko arrazoi gehiago eman ditzakeela ni-a saihesteko orduan.

Leitu dezakezu edo ez leitu. (...) Idatzita dago. Baina ez dizut mektub esango, moroek esaten duten zentzuarekin. Idatzitakoa ere emenda daiteke. Idatz dezakezu gainean. Dena egiteko dago oraindik.

Sarrionandia

Laburbilduz, batetik, bere obra osoan zehar lengoaiarekiko mesfidantza azaldu duen idazle baten obraren aurrean gaude, zeinak lengoaia biziberritu beharra azaldu izan duen maiztutakoa alboan utziz eta hitzen jabeen jokotik aparte arituz. Bestetik, Sarrionandiaren irizpide literarioetako bat ni-ari buruz jarduteko autodebekua izan da, nahiz eta lanetan eta urteetan aurrera egin ahala, idazkien gaien eta idazlearen ni-aren artean geroz eta tarte txikiagoa egon. Gainera, geure aburuz, klandestinitateari loturiko bizi-baldintza bereziek indartu egiten dute hastapenean hautu estetiko huts izandako harekiko konpromisoa. Azkenik, idazle-irakurle solasaren bilaketa dago, irakurlearekiko komunikazio beharra tribuaren nahia zabaltzeko eta errealitateari buruz libreagoki gogoeta egiteko. Azken batean, esan genezake isiltzen denaren inguruko diskurtso paralelo bat bilatzeko gako guztiak ditugula begien aurrean.

Gérard Genettek (1987) dioenez, lan literarioa testu bat da, hau da, gutxi gorabehera esanahia duten esaldi segi-da gutxi gorabehera luzea, nahiz eta testua, gutxitan ager-tuko zaigun biluzik, hots, egilearen izen-abizen, liburuaren izenburu, hitzaurre, ilustrazio, azal, epigrafe, eskaintza... gabe. Elementu guzti hauek testua inguratu ez ezik luzatu ere egiten dute, izan ere, testua liburu formatuan jendarte-ra aurkezteko kasik ezinbesteko bilakatu baitira. Baina ez dira hauek elementu paratestual bakarrak: egileak eskainitako elkarrizketak, berari buruzko monografiak, kritikak... testu literarioaren esparru paratestualean kokatzen dira, eta elementuok, testua liburu moduan hartua eta kontsumitua izango dela bermatzen dute. Ez da kontu berria, jakina. Antzinatetik literatur testuak elementu paratestualak lagunduta joan dira: atarikoak, epigrafeak, azpitituluak... Berrikuntza, kritikak laurogeita hamaragarren hamarkadatik hona elementu hauei eskainitako arretan datza.

Literatur lan guztiek paratestuala den zatia duten arren, Sarrionandiaren lanetan, parte hori ohi baino probestuago agertzen zaigula iruditzen zaigu, ez dakigu, Borgesen irakurle fidela izateagatik, edo bere egoera pertsonalak bultzatuta. Nolanahi ere, epigrafeak, eskaintzak, ilustrazioak, aipuak... ugari-ugariak dira, alea jacta est esan aurretik hartzaileari liburuan barneratzeko azken jarraibideak eman nahiko balizkio bezala.IGB-ren hitzaurrean, argitaratzearen zalantzei buruz mintzo denean, errepara diezaiogun hirugarren arrazoiari:

Nahiago nukeen paper hauk gordairu zaharren batetan eskutatzea (...). Lehendabizi: beti iruditu zait poema-gintza literaturaren eremuko alor sagaratuena, idazteko zein irakurtzeko zailena, eta, aldiberean, profanatuena. Bigarren: zalantzan nago ez ote den nire idazlan hau ere profanadorea. Hirugarren: argitarazioari begira, poema-gintza bera bezain garrantzitsua da liburuaren tankera eta aurkezpena, eta ezin ditut inprentalana eta enpa-rauak ezertan zaindu.

“Inprenta lanak eta enparauak” testutik kanpo egon arren, testua guztiz baldintzatzen duten elementuak dira, hala nola, zuzenketak, maketazioa, letra tipoa, letra tamai-na, ilustrazioak, azala... Zaindu nahi lituzkeen arren, zain-du ezin dituen elementuak dira, eta, agian, kezka honen argipean ulertu behar genuke paratestua osatzen duten eta nolabait ere bere eskuetan egon daitezkeen testuz kanpoko elementuen oparotasuna. Jarraian, zedarritu berri dugun hogei urteko ibilbidean Sarrionandiaren poesia eta prosazko lanetako itsas irudien bilakaera behatuko dugu, obren bi alderdiri beha jarriz: alderdi paratestualari batetik eta alderdi testualari bestetik.