OIER GUILLAN / ELKARRIZKETA / ERIC DICHARRY

so 1467378181235 SO | 2016-07-11 17:18

so 1468324389091

Argazkia (Alvaro Ledesma)

Oier Guillan Donostian 1975. urtean sortu da. Euskal idazlea da. Olerki liburu asko argitaratu ditu eta antzerki munduan ere ibiltzen da. SOrako elkarrizketatu dugu.

(Eric Dicharry) Euskaldun «berria» zara. Zerotik hasi zinen ikasten? Zerk bultzatu zaitu euskara ikastera?

(Oier Guillan) Tira, ez dakit nondik atera duzun baieztapen hori (kar-kar). Agian noizbait esan izan dut erdi txantxetan, erdi-egiatan, euskaldun “berri-zaharra” naizela. Alegia, hiru urterekin hasi nintzela ikastolan. Ordutik nire ikasketa ibilbidea, kazetaritzari loturiko ibilbidea eta sormenari loturiko ibilbide osoak euskara hutsez egin ditut.

Zergatik aipatu izan dut hori? Urteekin konturatu naizelako nire identitatearen parte garrantzitsua dela, eta performance-politiko-ekintzaren ildotik erabili beharrekoa. Hau da, norbera den horrekiko zintzotasunean jaiotzen den fikzio bat, eraikuntza bat, probokazio-nahi bat bilatzeko xedez.

Neuk hizkuntz-hautuaren gainean eraiki dut nire identitate 'publikoa' zein 'pribatua' (ejem, hartu neurrian hitz horiek mesedez, ez baikara beste munduko ezer!). Niretzat hizkuntza 'hautu' bat izan da etengabe, bizitza osoan. Neure imaginario intimoa, neure etxeko iruditeria eta arbasoen mintzoa erdalduna, eta are, etorkina delako. Bizitza 'publikoan' zein 'pribatuan' euskararen aldeko hautuak eginez, “ni” euskaldun bat eraiki dut, baina soilik etorkin izaera aldarrikatzean hartzen duena zentzu osoa. Bestela gezurretan ariko nintzateke, eta arte adierazpenetan denok bilatzen dugu norberaren “egia” nolabait transmititzea, nolabaiteko 'egia'ren edertasuna erdiestea, fikzio baten bitartez bada ere.

Olerki liburu asko idatzi dituzu. Nondik etorri zaizu poesiaren grina?

Ez dut oso argi. Hasiera batean, oso gaztetan, lehenik narrazioak idazteko zaletasuna izan nuen. Uneren batean poesia idazten hasi nintzen, segur aski barrenak berehala askatzeko bulkada baten ondorioz, poesiaren izaera labur bezain kontundentearen babesean. Gerora zaletu nintzen, poesia idazten hasi ondoren hasi nintzen irakurle gisa poesia lanak irensten.

Bestetik, koadernotik kanpoko lehen urratsak ematean nire lehen lagun « artista-frikiak » poesia idazleak izan ziren. Fanzineen garaian (nire kasuan 90eko hamarkadan) poesia lantzen genuen batez ere. Orduko Oreretan, gure fanzinean oso gutxi ginen euskaldunak. Fanzineetatik poesia errezitaldietara pasa ginen, eta errezitaldietatik antzerkira. Horren ondorioz edo, egiten ditugun lan eszenikoetan poesiak pisu handia izaten jarraitzen du : batetik testu-material gisa (gidoi ez-narratiboak; erritmoa, musikaltasuna eta irudi bortitzetan oinarritutakoak), eta bestetik antzerkian irudi fisikoak sortze aldera inprobisazioetan poema fisiko-bisualak planteatzeko joera gisa.

Usu poesia hitza ahoskatzen dugunean jende ainitzek ihes egiten du. Nola azalduko zenuke beldur edota ez-ulertze hori?

Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, aurreiritzi asko dago. Eta agian, haietako asko egia apur bat dute oinarri : elitismoa, ulertzeko zailtasunak... kuriosoa da, gero beste genero eta kultur adierazpideetan poesia eta poetikaren presentzia oso handia delako (musika, antzerkia, pintura...). Beti hari gara 'poesia' hitza erabiltzen balio positibo gisa, gero poesiarik apenas irakurtzen ez badugu ere. Baina funtsean, ez dakit oso inportantea den jendea uxatzea edo ez, gutxiengo baten gauza izatea edo ez. Aurreiritzien kontra borrokatzea bai iruditzen zait garrantzitsua (bizitzaren beste edozein gauzatan bezala), errealitatea beti delako anitzagoa; baina gero norberak egin dezala nahi duena, ez dut uste poesiazaletasuna halabeharrez kutsatu behar denik.

Gipuzkoako Oreretako Mikelazulo taldeko kidea zara. Zergatik hain garrantzitsua da horrelako kultur taldeetan parte hartzea ?

Mikelazulo kultur elkarteak bere sorreratik (1995ean sortu zen) funtzio garrantzitsua bete du gerora kultur adierazpide anitzetan lan egiten amaitu dugun askorengan, baina baita ere egunero kafe bat hartzera gerturatu izan den askorengan: elkargune, konspirazio gune, artistikoki eta pertsonalki elkar-kutsatzeko espaziogune izan da.

Bestalde, talde-lanean eta taldeen arteko sare-konplizitateetan lan egiten ikastea ekarri dit ere Mikelazulok. Neu batez ere idazle naizen heinean sarri bakarka egiten dut lan, baina talde eta sare dinamika ezinbestekoa zait bakarka lortu ezin dudana osatzeko, eta bakarka egiten dudan horretan zentzu betea erdietsi ahal izateko.

Azkenik, egun Mikelazulorekin kolaboratzen dut hainbat lanetan, nire -nolabaiteko- habia da, baina lanik gehienak Metrokoadroka artisten-plataformaren bitartez bideratzen ditut (http://metrokoadroka.eus/). Bertan filosofia beraren arabera funtzionatzen saiatzen gara, eta beste hainbat talde eta kolektiborekin egiten dugun elkarlanari esker taularatu izan ditugu gure lan eszenikoak eta gauzatu ditugu proiektu plastikoak.

Argazkia (Juxe Areta Goñi)

Euskal antzerti munduan ere parte hartzen duzu. Ahozkotasunak zer garrantzia du zeure bizitzan ?

Berebiziko garrantzia. Askotan esan izan didate nire poesia liburuetako testu askok errezitaldietan ahotsa lagun hartzen dutela balio eta zentzu osoa. Nire lanetako hitzak ez dira berez eta guztiz ahozkoak, baina ez dira paperean hasi eta amaitzen diren literatur lanak ere. Bada nolabaiteko erdibide bat, Alfonso Sastrek antzerkirako aldarrikatu izan duen «parlatura» delakoa gogora ekartzen didana, nire kasuan performancearen eta teatro posdramatikoa deitu izan denaren bidetik (ez ditut 'palabroak' eta etiketak sobera maite, baina tira) hizkuntza eszenatokian desnaturalizatzearekin, apurtzearekin zerikusia duena gehiago.

Ez dut uste erdaraz sortzen duzunik. Zergatik euskara hautatu duzu zure sorkuntza prozesu guztientzat ?

Ez dut sortzen erdaraz, eta lagun erdaldunekin elkarlanak egin izan ditudanean ere beti nire izaera euskalduna errespetatuta egin dut (seguru egongo dela salbuespenen bat, baina orain ez dut gogoan). Nire ustez euskararen aldeko jarrera erradikal bat agertzeak oso gauza interesgarriak mugitzen ditu jendearengan, zauri-emozio-motxila pisutsu bezain sakonak astintzen dituelako, hala erdaldunen nola euskaldunen artean.

Niri zaurien, gatazken, bizi-talka ororen sustraietara iristea interesatzen zait, jendarte batean garrantzitsuak diren gatazka eta emozioen azalean ez geratzea. Eta sustraietara iristeko modu bakarra erradikala izatea da, horregatik da niretzat erradikaltasuna balio positibo bat. Dena den, beti esan izan dut erradikala naizela, baina ez intolerantea. Nire euskaldun izaeratik prest nago ni bezala pentsatzen ez dutenekin ere (bortxatzaileak, torturatzaileak eta antzeko piztiak salbu, noski) elkarlanean eta ideia-talkan aritzeko.

Berriki idatzi dudan antzezlan luze batean, « Miss Karaoke » izenekoan, lehenbiziko aldiz erdarazko zatiak sartu ditut. Zergatik ? Nik egin ditudan euskararen aldeko hautuen oinarrian zauri bat dagoelako, nire arbasoen etorkin izaera eta bat egiten dudan euskal hizkuntza eta kulturaren aldeko jende askoren urte askotako borrokaren artean kokatua dagoen zauria. Hori islatzen saiatu naiz ahalik eta modurik fidelenean. Zauri horren barrura sartu nahian normalean defendatzen dudanaren kontrakoa egin dut : euskara eta erdara tartekatzen dituen obra bat. Bertan pertsonaia nagusien oinarrizko adierazpidea euskara da, baina tarteka protagonista bere arbasoekin mintzo da haien (eta neurri batean bere) ama hizkuntzan, gazteleran. Euskaraz balira zati horiek, gezurra lirateke. Baina gaia elebitasunaren zauria bera delako egin dut horrela. Bestela, oholtza gainean behintzat, ez dut sinesten lan elebidunen funtzioan, normalizaziorik ezean erdarak beti jango du euskara eszena gainean, modu eskaparatetsuan elkartzean (nik orain arte ikusi ahal izan ditudan lanetan behintzat hala izan da). Nahiago ditut normalean erdara hutsez eginak diren lanak, zintzoagoak iruditzen zaizkit, elebitan konpromisoz datozenak baino.

Zeintzuk dira gaur egun euskarak gainditu behar dituen mugak ?

Oso galdera potoloa da hori, eta nire aldetik erantzuten saiatzea harrokeria litzateke. Nik ez daukat erantzun osorik. Bai esango nuke erronka posible guztien artean honako hau interesatzen zaidala pertsonalki orain (erdaldunekikoez eta elebitasun zauriez mintzatzera sartu gabe): lehenik eta behin euskaldunok alda genezakeela guk geuk euskal kulturaz dugun aurreiritzia. Euskal kultura oso modu tradizionalean edo oso modu elitistan izan da azaldua eta titular bilakatua gehientsuenetan. Ondo da, beharraezkoa izan da hori ere. Baina egun gutxitan izaten dugu prentsaurrekoen sistematik haragoko euskal kulturaren berri. Bada euskal kultura krisian dagoela dioenik, nik uste dut euskal kulturaren gaineko begirada dagoela krisian, tradizio-elitismo dikotomia horretan kokatua dagoen begirada hain zuzen ere.

Bada existitzen den arren ikusten ez dugun euskarazko kultura bat, eta baita ere zubiak modu errealista batean eraikitzeko prest dagoen erdal kultura bat ere. Horregatik uste dut guk geuk, euskaldunok, eraitsi behar ditugula aurreiritzi batzuk ere (barka hitz hauetan erraietatik mintzatzea harrokeriarekin nahasten bada). Horren gainean, agian hasiko gara deskubritzen euskarazko kultur sorkuntza uste balio garaikideagoa eta ausartagoa dela. Arte eszenikoen arloa dut buruan batez ere, gehien ezagutzen dudana delako.

Euskal kultura beste modu batera begiratzeko prest gaude ? Prentsaurreko ofizialetatik harago, euskal kulturan gertatzen denari modu irekian erreparatzeko prest gaude ?

Zer da euskal idazle garaikide izatea ?

Ez dakit. Gaur eta hemen lanean dagoen oro da garaikide ezta?

Garaikidetasunak noraino eramaten zaitu ?

Ba hori ere ez dakit. Garaikidetasunari ematen diozun zentzua definitu beharko genuke lehenik. Egun, askotan hitz horiek erabiltzen ditugunean ez dakit ez ote garen zentzu intelektualegietan galtzen. Egiten dudana dakit, ez teorizatzen dudana. Duela gutxi Iñaki Ziarrusta Atx Teatroko adiskideak esan zidan moduan, « ni langile bat naiz », proletario bat. Emanaldi baten ostean kableak jaso, furgoneta kargatu eta ogitarteko bat jan bitartean egoten naiz teorizatzen.

Zeintzuk dira gehien gustatu zaizkizun azken liburuak ?

Galdera zaila da hori ere, asko irakurtzen dudalako. Berriki irakurri ditudanen artean, asko gustatu zaizkit Rodrigo Garciaren « Barullo », Werner Herzog-en « Del caminar sobre el hielo », David Foster Wallacen « Sekua gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat » (Danele Sarriugarte itzultzaile) eta Unai Villenaren « Hauts haietatik ». Annie Ernaux eta Alejandra Pizarnik ditut udako irakurgaien artean.

Zein oharrak emanen zenizkioke idazle berri bati ?

Lan egin, lan egin, lan egin, eta guztia kontra dagoenean, guztia pikutara bidaliko zenukeenean, kultur sistema leherraraziko zenukeenean, jarraitu lanean. Eta bitartean, zaindu maite duzun hori(ek).

Zeintzuk dira aurrean dituzun proiektu berriak ?

« Mr. Señora » liburua plazaratu berri dut Txalaparta argitaletxearen eskutik, zazpi eszena-lanez osatua. Liburuko testu batekin performance-errezitaldia sortu dugu Metrokoadroka kolektiboko lagunok, eta hori plazaratzen jardungo gara udazkenean. Horrekin batera, aurretik estreinatuak ditugun « Salto » eta « Su izan nahi » antzezlanen emanaldi berriak lotzen gabiltza. Horiekin batera, espero dut « Miss Karaoke » antzezlanak bidea egitea oholtzara, baina ikusteko dago hori. Beste hainbat talderekin ere kolaboratzen nabil, adibidez Rouge Elea eta J.B. Pedradas. Eta tarteetan, ahal dela, ahal bezain pronto, idazten jarraitzea espero dut.

Xehetasun gehiagorako : 

http://zubitegia.armiarma.eus/?i=643

http://susa-literatura.eus/