Miren Artetxe Sarasola // Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak // EHU

so 1467378181235 SO | 2020-11-11 08:07

Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak Gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimazio prozesuak

Egilea: Miren Artetxe Sarasola

Zuzendariak: Jone Miren Hernández García eta Josu Amezaga Albizu Doktore Tesia 2019

Miren Artetxe Sarasola

Doktorego-tesi honetan Ipar Euskal herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak dira ardatz. Gazte hauen hizkuntza eta gazte identitateen eraikuntza zein legitimazio prozesuak aztertu dira ikuspegi etnografiko batetik, nagusiki elkarrizketa eta behaketa bitartez. Ipar Euskal herriko egoera soziolinguistikoari eta bertso-mugimenduaren bilakaeraren erradiografia bat egin ondoren, bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak aztertu dira, fokua jarriz, bereziki, hizkuntza mudantzetan, hots, hizkuntza ohituren aldaketa uneetan, edo eta bizitza-aldaketa uneetan gertatutako hizkuntza ohituren mantentzean. Gazteen diskurtsoetan ageri denez, hizkuntza mudantzak, gazte identitatearen eraikuntza prozesuarekin harremanean daude, hizkuntza praktiken aldaketak gazte identitatearen garapena eraikitzeko zein bistaratzeko estrategia gisa ulertuta. Bertso-eskolako jarduera komunitatean, hain zuzen, gazteok bertsotan trebatzeaz gain elkarrekiko konfiantza giro bat sortzen dute, lotsari aurre egiten diote, besteen aurrean hitza hartu, iritzia eman, eztabaidatu eta elkarrekin gogoetatzen dute. Eta hain zuzen ere, elementuok haien gazte-identitatearen eraikuntzarako elementu gisa ulertzen dituzte. Eta talde identitatea eta norbanako identitatea elkarrekiko eraginean eraikitzen diren bezala, hizkuntza identitatea bestelako identitateekin koeraikitzen da. Hala, gazteontzat bertso-eskolako jarduera komunitatea haien gazte identitateak euskaraz garatzeko eta euskal hiztun identitateak gazte kulturaren baitan garatzeko gune bat da. Azken atalean, bereziki begiratu nahi izan diet bertso-eskolako hiztun berrien ibilbideei. Hizkuntza erabilerarako legitimitatea sentitzea aldagai garrantzitsua izanik eta hiztunen legitimitatea espazio eta denbora jakin batean negoziatzen den heinean, bertso-munduko bi hiztun berriren legitimazio prozesuetan sakondu nahi izan dut. Hala, ondorioztatu dut bertso-munduan sozializatzea hiztun berrien legitimaziorako akuilu izan daitekeela, baina baita traba ere: izan ere, bertsolari kanonikoa, lehenik eta behin, hiztun legitimoa da, hots, gaur egungo ideologia nagusien arabera, hiztun zaharra.

1IKERKETAREN IKUSPEGI EPISTEMOLOGIKO METODOLOGIKOA

1.1IKUSPEGI EPISTEMOLOGIKOA

1.1.1Diziplinartekotasuna

Gizarte zientziek ibilbide historiko bat dute, eta diziplina bakoitzak bere ardatz propioak mantendu izan ditu, gutxi gehiago, bide horretan. Soziologiak gizarteari begiratzen badio sistema gisa, psikologiak norbanakoa aztertuko du bere buruarekiko eta besteekiko harremanean, eta antropologiari norbanako horren eta giza sare oso horren arteko interakzioa zertan datzan azaltzea dagokio; hots, denbora eta espazio jakin batean, gizakia zerk egiten duen subjektu sozial eta kultural. Errealitate berdin bati begiratzeko modu ezberdinak izanagatik, ez dira elkarrekiko baztertzaileak. Alderantziz. Mise en abyme eder batean, Marc Augé-k azpimarratzen dituen Claude Lévi-Strauss-ek esandakoak ekarriko ditut hona:

Pour comprendre convenablement un fait social, il faut l'appréhender totalement, c'est-à-dire du dehors comme une chose, mais comme une chose dont fait cependant partie intégrante l'appréhension subjective (consciente et inconsciente) que nous en prendrions si, inéluctablement hommes [humains], nous vivions le fait comme indigène au lieu de l'observer comme ethnographe. (Lévi-Strauss, 2012: 28).

Hitzok behin eta berriz irakurtzeak gero eta argiago uzten dit mahai gaineratutako helburuaren lorrezintasuna. Baina, sinesten dut edozein fenomeno sozial bere osotasunean ulertzearen premian. Ikuspuntu antropologikotik abiatzen banaiz ere, nire ikerketa objektu antropologikoaren definizio-mintzak beste diziplinetako ikerketa objektuen definizio-mintza ukitzen du. Eta mintzak ez dira hermetikoak. Uste dut, diziplinen arteko muga argiak ez direla edozein giza edo gizarte fenomeno ulertzeko muga artifizialak besterik.

No sólo por la tendencia evidente en la cotidianidadde una práctica que se solapa con la de disciplinas cercanas como la sociología, la historia o la psicología, sino porque es precisamente esa tendencia la que demuestra que el delineamiento epistemológico de esos bordes se va quedando obsoleto ante la complejidad de los «sujetos» de los cuales se pretende hablar. (Caicedo, 2003: 166)

1.1.2 Nire mundua etnografiatzen.

Bada Claude Lévi-Straussen hitzetan helburuaren helezintasunetik harago deserosotasuna sortu izan didan beste zerbait: indigena eta etnografoaren arteko dikotomia itxuraz berezkoa. Izan ere, nire kasuan, aztertzen dudan ikerketa eremua ni bizi izan naizen eremua ere bada. Seaskan egin dut nire eskola-ibilbidea unibertsitatera igaro arte, eta bederatzi urte nituenean bertso-eskolan hasi nintzenetik bertso-munduan nabil. Behatzen eta elkarrizketatzen ditudan gazteen mundua eta nirea izan zena antzekoak dira neurri batean, eta haiek bizi dituzten esperientzia zenbait nik bizitakoekin parekagarriak dira. Ez da noski gauza bera hemezortzi urte izatea 2002an edo 2019an. Tartean ia beste hemezortzi urte daude. Ez da gauza bera Hendaiatik edo Zalgizetik begiratzea munduari. Baina, matematikako irakasle berdina izan dugu lizeoan eta epaile berdinek epaitu gaituzte eskolarteko bertsolari txapelketetan, eta Ipar Euskal Herriko bertso mundua zein Seaska bera mundu txikiak izanik nire elkarrizketatuekin konpartitzen dudan mundu erreferentziala poltsa aski zabala da. Ni ere izan naiz euskalduna IEHn. Ni ere aritu izan naiz bertsotan, izan naiz bertso-eskola kide eta gozatu eta sufritu dut bertso-munduan. Ikerketa abiatu aurretik izan naiz bertso-eskolako irakasle, bertso-udalekutako begirale, Bertsozale Elkarteko kide eta bertsolari. Zentzu horretan, abantaila ugari izan ditu ikerketa eremuaren barneko aurretiazko agente gisa ikertzeak. María Teresa Arguilagak azpimarratzen duen gisara, barneko behatzaile gisa mugimendu-askatasun handiagoa izan dut; sarbidea askoz errazagoa egin zait zenbait behaketa eremutara, kanpotiketorri izan banintz baino (Anguera, 1995: 77). Iker-eremu dudan errealitate zatia interpretatzeko, zenbait keinu, hitz edo gertakariren zentzua modu sakonagoan ulertzeko aukera ematen dit ikertzen dudan mundua ezagutzeak. Elementu zehatz interpretagarriak ugariagoak izan daitezke, ondorioz, barneko ikerlari batentzat (Ibid.).

Pertenecer al grupo social que se investiga [...] nos evita enfrentarnos al, a veces traumático, proceso de segunda socialización, nos salva de los problemas de traducción cultural, permite el manejo desde el inicio de los códigos vigentes en el propio grupo, posibilita un trabajo de campo que puede seguirse a lo largo de muchos años [...], y en general, las condiciones de la investigación son más favorables que las condiciones típicas que afectan cuando estudiamos a esos “otros” más lejanos”. (Díaz, 2005: 2)

Ikerlari gisa ikertzen dudan eremuaren baitan egotea desabantailak ere baditu, ordea. Kanpotik begiratuta deigarri izan daitezkeen elementuak ez deigarri egitearen beldurra izan dut etengabe ikerketan zehar. “El extrañamiento es uno de los motores de la motivación investigadora, sin embargo, ¿cómo te vas a extrañar de lo que siempre has vivido?” (Díaz, 2005: 5).

Eta arraina eta uraren irudia etorri zait behin eta berriz burura. Eta ohartu naiz ikusi beharrekoa ez ikustearen beldur hori ez dela ikuspuntu epistemologiko jakin batetik sorturiko mamuaren nire hezur-haragiztatze propioa baino. Harritzeko gaitasunak garamatza gure eskema -besteak beste- etnozentrikoak hautsiz ezagutza berrietara (Velasco y Díaz de Rada, 1997). Harritzen gaituzten egoerak dira ikergai eta ikerketa ardatz sortzaile, hipotesiak modu landu eta aurrez-diseinatuan eraiki aurretik norbere ulertu nahitik sortzen zaizkigun hipotesi primarioak azaleratzen dizkigutenak (Díaz, 2005: 5).

Baina, lehenik eta behin, ez da egia norberak norbere munduari buruz ikertuagatik, beste eremu batzuei ikerlari begiradaz begiratzen dien bezalaxe bere munduari begiratuz gero, norbere munduak harritu ezin duenik bat. Are gehiago, kontrakoa defendatzeak inplikatuko luke nolabait ikerlariaren urruntasunak eta ikerketa eremuarekiko distantziak halako berme epistemologiko bat emango liokeela ikerketari, eta ideia horrek badu halako objektibotasun unibertsal balizko baten aldeko kutsu bat.

Hurbiltasuna subjektibitate gehitxoren ituri balitz bezala, eta subjektibotasuna errealitatearen pertzepzioan distortsio sortzaile. Desabantailak ere baditu, noski, kokapen honek. Sentitu ditudan arrisku metodologikoak eta arrisku horiek saihesteko harturiko neurriak diseinu metodologikoaren atalean zehaztuko eta azalduko ditut xeheago. Baina, desabantailok, aurrez azalduriko abantailak nola, ikerlari gisa kokapen jakin bat edukitzearen beraren ondorio baino ez dira. Ikertzen den lekutik ikertzen dela, gure begiratzeko moduak eragina izango du gure hipotesien eraikuntza prozesuan, eskuraturiko datuetan, eginiko interpretazioetan, eta, beraz, lortutako emaitzetan. Ikerketa prozesua baliagarri egiten duena ez da, balizko objektibotasun bat bermatuko ligukeen diseinu metodologiko bat eraikitzea, baizik eta ezinbestean edo modu aukeratuan, ikerlari gisa dugun lekuak ikerketa nola baldintza lezakeen aurreikustea, eta horren arabera egitea bai norbere metodologiaren diseinua, eta baita hortik aurrerako ikerketa urratsak ere.

1.1.3 Erreflexibitatea eta ezagutza kokatua

Izan ere, ikuspuntu feministaren korronte epistemologikoari jarraiki, ikerlaria beti izango da bizipen sozialek baldintzatutako subjektu, eta beraz, ezagutza ez da inoiz balio edo aurreiritzietatik salbu eraikiko. Ikerketa subjektu gisa ulertu den horrek objektua baldintzatzen du, beraz. Ez dago ikerketa objektua subjektuarengandik erabat bereizterik, hots. Eta ondorioz, ez dago egia erabat objektiborik lortzerik.

The schism between the knower and the known has been eliminated in such a way that truth can never be free of subjective elements [...]. Truth is the product of a process which involves observations, practices, and theories, rather than a correspondence relation between a proposition and a transcendent reality. The process of knowing constitutes what is true, which makes truth something constructed rather than discovered intact [...]. There is no truth (even an inaccessible truth) which is universal, abstract or independent of the scientific process. (Harding, 1987: 94)

Ikerketa beraz, prozesu erreflexibo bat da, nahi eta ez: giza fenomenoen ikerketak beti izango du paradoxa bat bere baitan, ikerketa subjektu-objektuek elkarri eragitearen ondorioz beti izango baitu ikerketa objektuak subjektutik, subjektuak objektutik.

No podemos desconocer la paradoja en la que está inmersa la investigación social, por lo que hay que crear alternativas de acercamiento a la realidad que sobrepasen la controversia irresoluble de la objetividad, porque como investigadores siempre estaremos mirando el cuadro en el que estamos inmersos. (Caicedo, 2003: 177)

Erreflexibitate horren ulermenak berak bermatuko du ikerketaren objektibitatea bera, objektibismotik ihes egiteko aukera ematen duen aldi berean. Horixe da, ikuspuntu feministaren bidetik abiatuz (Araiza, 2012), Donna Haraway-k ezagutza kokatuaren ikuspegitik defendatzen duena: objektibitatea ez dela paradoxa horrekiko kritikotasunez jokatzea besterik: “yo quisiera una doctrina de la objetividad encarnada que acomode proyectos de ciencia feministas paradójicos y críticos: la objetividad feminista significa sencillamente, conocimientos situados” (Haraway, 199: 324).

Erabat zintzoak izateko baldintza (halakorik lortzerik balego) norbere ikuspuntua zein den zehaztea da. Begiradaren metafora baliatuz, gure begiak pertzepzio sistema aktiboak izanik, ikusteko modu espezifikoak eraikitzen dituztenez (Haraway, 199: 327), arrazionaltasun absolutua ez da ilusio optiko bat besterik (Haraway, 199: 333). Hortaz, objektibotasuna ez-kokapen batetik ulertzeak norbere partzialtasun ekidinezina ezkutatu baizik ez du egiten, gure begiradak ikerketa prozesua baldintzatzen duen moduarekiko kritikotasuna oztopatuz.

Una ideología objetivista, que proclama prematuramente el anonimato, el desinterés y la impersonalidad, y que excluye radicalmente al sujeto, impone un velo sobre estas prácticas, velo que no es tanto de secreto cuanto de tautología. Su aparente auto-evidencia las hace invisibles y, por ello, inaccesibles a la crítica. El esfuerzo por la universalidad se cierra sobre sí mismo, y con ello se protege de la estrechez de miras. De este modo, la ideología de la objetividad científica traiciona sus propios propósitos, subvirtiendo tanto el significado cuanto el potencial de la investigación científica (Keller, 1985: 20).

Ezagutza kokatuak ez du, ordea, inondik inora erlatibismo mota bat defendatzen: “Todas estas facetas del mundo no deberían ser alegorías de movilidad e intercambiabilidad infinitas, sino de especificidad y diferencia elaboradas(Haraway, 199: 327). Fenomeno berari begiratzeko balizko infinitu begiradak osatuko lukete eta hauen elkar gurutzatzetik sorturiko ezagutza berriek sortuko lukete fenomeno horrekiko hurbilpen osoena. Nire kokapenak ikerketa prozesu guztian eragiten duenez, nire ardura da neure begirada nondik abiatzen den eta begiratzen duen hori nola molda dezakeen aurreikusi, zein konstatatzea eta kontzientzia horretatik diseinatzea eta moldatzea nire planteamendu metodologikoa. Eta nirea ezagutza objektujakin bati begiratzeko modu bat baino ez denez, nire ardura da, halaber, gainerako azterketei baliagarri izan dakien kokapen hori ahalik eta zehatzen azaltzea.

1.2 DISEINU METODOLOGIKOA

Ikerketarako beharrezko datuak lotzeko diseinuari dagokionez, metodo kualitatiboen alde egin dut. Izan ere, gazteen hizkuntza portaerak zein hizkuntzari eta bertsolaritzari loturiko esperientziak, praktikak, jarrerak eta iritziak ahal bezain modu sakonean ulertu nahi ditudalako, testuinguru jakin batean eta testuinguru horretako eragile ezberdinen bizipenekiko harremanean. Horretarako, nagusiki lehen mailako iturri gisa elkarrizketak eta behaketa izan dira nire diseinu metodologikoaren oinarri, eta dokumentazio iturriak ere erabili ditut, aurrekoekiko osagarri. Eta paraleloki, ikerketa prozesu osoan zehar autoetnografia ariketa bat ere egin dut, irakurleari nire interpretazioak interpretatzeko leiho bat ireki asmoz aparteko testu gisa aurkeztuko dudana atal bakoitzaren aurretik. Datozen lerrootan ikerketa norekin egin dudan irudikarazten saiatuko naiz, eta teknika metodologiko bakoitza zertarako eta nola erabili dudana zalduko dut, bidean izandako zailtasunak eta zailtasunei aurre egiteko harturiko erabakiak ere adieraziz.

1.2.1 Behaketa lanak

Behaketa izan da ikerketarako nire tresnarik behinena (ikus II eranskina). Gogoan dut hasieran asko kosta zitzaidala nire lekua topatzea ikerlari gisa. Ez nekien nola lortu Steve Taylor eta Robert Bodgan-ek egoera idealtzat jotzen zuten hura:

Los observadores participantes entran en el campo con la esperanza de establecer relaciones abiertas con los informantes. Se comportan de un modo tal que llegan a ser una parte no intrusiva de la escena, personas cuya posición los participantes dan por sobreentendida. Idealmente, los informantes olvidan que el observador se propone investigar. (Taylor eta Bodgan, 1984: 50)

Bertso-mundukoa izanik, erraza zitzaidan gazteak zeuden lekuetarako sarbidea lortzea. Eskura zeuden. Banekien noiz eta non, eta egoera aski intimoetan ere baimena eskatuz gero lor nezakeen. Baina, han nengoenetan ez nekien zein paper gorpuztu. Ezin nuen ikerlari izan. Ez zitzaidan erosoa, ez nekien hortik harremanak eraikitzen. Botere harreman arrotz bat sortzen zen behatuekiko, eta ez nekien ongi kudeatzen. Ikerlari gisa kokatzen nintzenean, jendea ahalik eta irudi onena emateko ahaleginean somatzen nuen (Goffman, 1959). Gainera, ez nintzen ezezaguna. Gazteek -eta ez gazteek- bazekiten nor nintzen. Batzuekiko harremana aspaldidanikoa zen. Eta bertsotan publikoki ari izan naizen neurrian, bertsolari gisa ere ikusten ninduten, eta horrek -eta adinak berak- sor lezakeen berezko botere harremanaz jakitun nintzen.

Aski konplikazio zen hura gainera ikerlari rola kudeatzeko. Laster erabaki nuen, beraz, nire behaketa ezin nuela bertso-munduan aurrez existitzen ez zen rol batetik egin. Gazteak behatzeko eskura nituen bertso-munduko rolak baliatu nituen, orduan, behaketarako: bertso-udalekuetan begirale, bertso-eskolako irakasle, bertso-saioetako entzule, saio-antolatzaile, bertsolari eta bertsokide, Bertsozale Elkarteko kide, edo beste. Rol horietatik erosoagoa zitzaidan behaketa posizioa. Unean uneko rol espezifikoa gailentzen zitzaion ikerlarirolari erabat. Gehienez ere “zer moduz doa tesia?” galdetuko zidan inork, baina, galdera pausatzen zutenerako argi nuen ez ziotela ikerlariari pausatzen. Aukeratutako rol bakoitzak bertso munduko sozializazio espazioei angelu ezberdinetatik so egin ahal izateko behaleku paregabeak eskaini dizkit. Baina, beste arazo bati egin behar izan diot aurre, erabaki horren ondorioz. Rol jakin horiek guztiek eginkizun batzuk betetzea eskatzen duten. Saio-antolatzaile baldin banintzen, saioa benetan antolatzea. Begirale baldin banintzen, begirale taldean parte hartzea udalekuen prestaketan eta balorazioan, gaueko bilerak, programazioaren diseinua, materialaren prestaketa, ekintzen dinamizazioa, eta eguneroko harremanen kudeaketa. Bertso-eskolako irakasle gisa, gaien eta ariketen prestaketa eta bertso-eskolako dinamizazioa bera. Elkarteko kide gisa, bilerak eta gai jakinen inguruko talde-dinamikak antolatzea eta gauzatzea, eta tarteka komunikazio-lanak betetzea. Eta bertsokide gisa, gazteen aldamenean inprobisatzea. Zaila zen, beraz, egin beharrekoen artean buruan aski espazio atxikitzea behaketari behar zuen sakontasuna eta zabaltasuna eman ahal izateko. Ikusi besterik ez dago landakuadernoan unean-uneko notak entzule gisa egon naizen bertso-saioetakoak direla batik bat, eta beste guztiak behaketa ondorengo narrazioak direla, nagusiki. Dena den, behaketak bere mugak ditu. Hemeneta oraingertatzen denari buruzko datuak ematen ditu. Eta nik gazteen bertso-munduko sozializazio praktikez gain, bertso eta hizkuntza ibilbideak aztertu nahi izan ditudanez, elkarrizketa bidez lortu ditut datu diakronikoak, esparru intimoari dagozkionak eta, batez ere, elkarrizketatuen subjektibitatearen adierazlerik zehatzenak.

https://addi.ehu.es/handle/10810/45422