Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan

so 1467378181235 SO | 2021-02-12 08:17

https://addi.ehu.es/handle/10810/10851

Mina eta artifizioa.

Harkaitz Cano

 

BRODSKY ETA BIOK

Barkatu neure buruaz hitz egitea, baina, hitz egin ote dezakegu idazleok beste ezertaz? Nork bere gatazkaz, nork bere buruarekin dugun borrokaz, tentsioaz harago? Beti bidelagun bat izatea komeni da, ordea, eta Joseph Brosky hartu dut gaur gidari. Del dolor y la razón bere liburua, zehatzago. Hasierarako, esaldi hauxe hartu diot maileguan: «Batzuetan, edozer egiten dugula ere, pulpiturako bidean jartzen garen sentipena daukat. Eta idazle izan ala ez izan, komeni da pulpiturantz joateari uko egitea».

 

Ez nago seguru euskal idazleok munduari egin diezaiokegun ekarpenik interesgarriena euskal gatazkari buruz idaztea denik. Ez nago seguru zenbait mundu alegiazko eta zenbait literatura klase kanonizatu ditugun liburuekin amaitu zirela diotenekin ere. «Ezin da mundu alegiazko edo fantastikoei buruz idatzi Obabakoak irakurri ondoren!» diotenekin, kasu bat aipatzeagatik. Hala dela sentitzen badugu, gure ezinagatik eta gure talentu faltagatik da, ez beste ezerengatik.

 

Eta bestalde, ez naiz euskal gatazkaz gehiegi idatzi dugula uste duten horietakoa. Euskal gatazkaz gutxiegi eta txarto idatzi izan dugu ia beti. Askoz hobeto, askoz zehatzago, askoz ere sinzeroago idatzi beharko genuke, lukete,zenukete, nuke.

 

Literatura ez al zen gure territorio libre bakarra? Edo euskara al zen? Berdintsu da. Ez ote dugu gehiegi mugatzen literaturak eman dezakeena? Ez ote dugu modei xorro-xorro jarraitu eta azkarregi pulpiturako bidea hartzeko joera, korronteak eraman gaitzan errazegi uztekoa? Ote eta omen. Idazle bati asko laguntzen dioten hitzak dira biak. Zerbait bururatzen zaionean “ba ote?” galdetu behar izango lioke bere buruari eta eszeptiko agertu. Egia bat saltzen diotenean ere ez luke erositako prezioan birsaldu behar “omen” hitzaren galbahetik pasatu gabe.

 

Baldinbaitere Brodskyk lagunduko ahal dit, pulpitutik aldentzen.

 

HAURTZAROA

 

Franco hil zen urtean jaiotakoa naiz. Nola ohartu nintzen ni orain gatazka deitzen duten horren existentziaz? Bat eta lehenbizi, bizi nintzen auzoko kaleak kartelez beteta zeuden. Afixen artean bizi ginen. Afixak koloretsuak ziren eta ironikoak ere bai: garai hartako politikariak detergente saltzaile ageri ziren argazki-muntaia bat dut gogoan. Dixan, Ariel eta zegokion detergentearen ordez, alderdien sigla khantxe eta hautagaiak harro kartoizko detergente poteak erakusten. Artean umea izanagatik ez zait eslogana ahaztu: «Primero nos dan mierda y luego nos venden jabón». Horrelako zerbait zen. Deigarria, koloretsua. Duela zenbat? Hogei urte? Gehiago? Ni nintzen umeak ez du sekula ahaztu. Ulertu gabe ere, gogoan hartu nuen. Gauza bat garbi zegoen behintzat: haiek ez zuten xaboia saltzen.

 

Gatazkaren bigarren arrastoa, gomazko pilotak. Manifestazioa zegoela eta etxetik ez ateratzeko gurasoek. Hurrengo egunean, Geltoki Kalean bizi zen Iñaki lagunak harro erakutsiko zigun errekreoan bere etxeko leihotik sartu zen gomazko pilota gotor hura, gerra-altxorra bailitzan. Haur jolasak ziren, finean. Hori eta anaia nagusiren bat zuen norbaitek kontatutako zehaztugabekeriaren bat.

 

Gatazkaren hirugarren arrastoa. Ate itxi bat eta bisita ezohiko orduetan. Ikaskide baten gurasoak etxean. Zerbait serioa, baina zer ote? Gure etxean abokatu bat izan eta abokatu baten premia zuen norbaitek.

 

HAGINA

 

Hagina. Izenburu horixe zuen 1999. urtean Jose Luis Otamendik argitaratutako Euri kontuak liburuko azken ipuinak. Nire iritzian, azken urteotan euskaraz idatzi den ipuinik onenetakoa da Hagina.

 

Ba al da ipuin honetan euskal gatazkarik? Gatazkak bai, franko. Neba-arreba batzuk dira protagonista. Nebak hamabi urte bete berriak, bere buruarekin gatazka: ume izateari uzten ari zaio eta ez dago seguru hori gustatzen ote zaion ala ez. Hori baino gauza gatazkatsuagoak gutxi, partida ume baten buru barruan gertatzen denean. Arreba txikiago bat du gainera, gurasoen begietako nini bihurtua dena. Lagun bat ere badu, hamabi urte bete dituenean “kaxako umea”, adoptatua, dela esan diotelako lur jota dagoena. Erreka bazterrean jolasean dabiltzala, hagin bat topatu dute. Hagina patrikan hartu eta arrebari erakutsi dio neba nagusiak. Zer bururatuko arreba txikiari eta jabeari bueltatu behar zaiola. Arreba txikiak harrituta utzi du neba: zapata-kaxa batetik atera duen egunkari ebakin batean ageri den hildako baten argazkia erakutsi dio: autopsiak hagin bat falta zitzaiola dio. «Berea da hagina» esan dio arrebak, nebaren harridurarako, munduan aho bakar bat balitz bezala, eta aho horri falta zaion hagina topatu izan balu bezala.

 

Ipuin unibertsal bat, ederra. Gure minari buruzkoa. Xume eta ondo emana: Otamendik hagina erakusten digu, lehenago poema liburuetan minari eman beharreko lurraren kontzientziaren ikur bezala.

 

Hor dago mina. Hagina ibaira botatzen du euripean umeak ipuinaren amaieran. Errekarri bihurturik jarraituko du haginak bueltaka. Eta haginarekin, minak. Denon mina hortxe, errekaren trosta eternora kondenatua.

 

Berriro diot: 1999. urtea zen. Hitz egiten al zuen orduan inork euskal gatazkak literaturan zuen presentziaz? Zergatik ez da ipuin hori inongo antologiatan agertu? Inork ez al zuen hagin hori nola kentzen zioten sentitu?

 

Nik bai.

 

NIK IDATZI NAHI NUENA

 

Etxean jazz diskoak entzun, hamabi urterekin Alguien voló sobre el nido del cuco filmarekin txoratu eta bi horiek lotzen zituen nobela ero bat idaztea zen nire ametsa. Demagun idatzi nuela nobela hori. Demagun irakurleek urrun sumatu zutela nobela hori beraien errealitatetik. Tronpeta-jotzaile bat zen bertan protagonista, Bronxen jaioa, baina deitura euskalduna zuena. Nire editoreak arrazoi zuen. Urruti nenbilen. Beharbada kasu egin behar nion tronpeta-jotzaile beltza soinujole argentinar bihurtzeko bere gomendioari. Baina jada berandu da soinujole bati buruz idazteko. Dagoeneko idatzita dago nobela hori.

 

NIK IDATZI NAHI NUENAREN ONDOREN IDATZI NUENA

 

Ordea, idazlea ez da isolatuta bizi. Leporatu egiten diote bere urruntasuna irakurleek urrun sumatzen badute. Irakurleak idazlearengana gerturatzen dira; idazleak popatik hartzera bidal ditzake txakurraren salara, jakina, —utikan urrutira!—,baina “hi haiz urrun dabilena” esango diote orduan irakurleek. Idatzi guri buruz. Idatzi gaur. Idatzi hemen, esango diote. Atxagak ere hitz egin zuen bere garaian Gizona bere bakardadean idaztean presio sozialak izan zuen garrantziaz. Jendeak nolabait “eskatu” egiten zion liburu hori idaztea.

 

1998. urtean, bolo-bolo zebilen eztabaidetako bat, hauxe: zergatik ez dago nobela poliziakoa euskaraz? Zergatik dagoena hain artifiziala suertatzen da eskuarki? Bo, materiala eta gertaerak bazeudek behintzat eskura! Ausardia falta ote da? Talentu falta, berriz ere? Distantzia nahikorik eza?

 

Talentu falta leporatzen didatenean haserretu egiten naiz ni. Jarria nuen helburu berria: nobela poliziako bat idatziko dut. Hemen. Gaur. «Chicago, años treinta bazen, Pasaia, años noventa egingo diat nik».

 

Helburua jarrita dagoenean, zein da hurrengo pausoa?

 

1. Truman Capote bihurtu eta Odol hotzean hartzea eredutzat. Gertaeren berreraiketa zehatz bat egitea. Benetako gertaerak kontatzea. Edo zuzenean, liburu dokumental bat egitea, bibliografian sakonduz, lekuko eta protagonistekin hitz eginez, Ignacio Martínez de Pisónek egin berri duen bezala Enterrar a los muertos (2004) saioan, José Robles errepublikarraren desagerpena abiapuntutzat hartuta.

 

2. Fikzioa egitea.

 

Bigarren bidea aukeratu nuen. Parabola bat egin nahi nuen, ez dokumental bat. Irakur ditzadan nobela beltzak. Ikus ditzadan film beltzak. Jendeak erre egiten du film hauetan, danbatekoak ematen ditu, pistola dauka, agente dobleak agertzen dira, ustelkeria nagusi da komisaldegietan (salbu eta iritsi berri den gazte xalo idealistaren kasuan), iheslariek arrazoi bat dute ihes egiteko —edo akaso ez—,epaiketetan herri epaimahaiak daude... Ez didate ezer askotarako balio film beltz eta nobela beltzetako konbentzioek. Ala agian bai? Hain ondo funtzionatzen dute, hain ongi olioztatzen dute konbentzioek istorioaren haria eta mekanismoa... Zerbait interesgarria aurkitu dut behintzat. Hara, zer hitz interesgarria: konbentzioa. Neronek ere konbentzio batzuekin jokatu beharko dut. Irakurleak fede apur bat beharko du nigan, nik beragan daukadan bezala, bestalde. Ez al zen bada liburua irakurlearen eta idazlearen arteko kontratua?

 

Egin dut, gai, giro, pertsonaia eta motiboen hautaketa. Eta horren segidak efektu artifiziala sortzen omen du. Boxeatzaileak eta ertzainak, eta ekintzaileak eta tanatoriora bisita bat, eta hilketa bat biktimaren etxean bertan, segurtasun arau guztien kontra. Artifiziala omen, diote. Artifiziala zeren ondoan? James Ellroyren nobelen ondoan? Ez dira Ellroyren liburuak muturrera eramandakoak? Ez dira artifizialak? Los Angelesen dena gertagarri dela uste dugu eta ez Pasaian? Ez ote da izango ez garelako Los Angelesen sekula izan? Zein da irtenbidea orduan? Zein da tesia? Orduan eta urrunago orduan eta sinesgarriago? Distantziak hobetu egiten ditu fikzioaren konbentzioak? Urruneko irakurleen begietara hobeak ote dira liburuak gertukoentzako baino? Urruneko idazleak hobeak dira oro har irakurle gehienentzat, beraz, alderantziz ere betetzen ote da ekuazioa? Liburua gertaera pilaketa artifiziala dela esaten dit norbaitek. Berriro galdetzen dut: artifiziala zeren ondoan? «Egunkariak irakurri besterik ez dago...» esaten didate. A, egunkarietako errealitatearekiko desberdinak dira beraz gure nobela beltzak. Eta egunkarietako errealitatea, ez da artifizioa? Ez da konbentzioa? Areago, ez ote dute komunikabideek gero eta gehiago nobela beltzeko konbentzioetara eta hizkuntzara jotzen zenbait albiste formulatzeko garaian? Baina aurreratzen ari naiz, barkatu. Oraindik ez dut liburua idatzi. Nobelak ez dira hain azkar idazten.

 

Hautatu ditut pertsonaia batzuk, nioen. Komando bateko ekintzaileak. Bi emakumezko. Infiltratu bat. Polizia-fisionomista berezi bat. Zer poliziatakoa?

 

Ertzaintzakoa. Boxeolariak eta lumpen iluneko jendea ere badago, fikzioaren mekanismoak olioztatzen lagunduko didana. Leku bat hautatu behar da orain. Bi aukera bakarrik bururatzen zaizkit ezagutzen ditudan pertsonaia eta gertaerak kontuan hartuta: Bilbo edo Pasaia. Hobeto ezagutzen dudalako, haurtzaroko erreferente bat delako, Pasaia aukeratzen dut. Dokumentazio lanak ez nau obsesionatu izan inoiz. Hala ere, gaia gertukoa izaki, dokumentatzea erabakitzen dut.

 

1. Egunkarietatik jakin dut Pasaian zakur borroka klandestinoak antolatzen direla pabiloietan.

2. Egunkarietatik jakin dut txatarra lapurrak daudela portuan.

3. Ertzantzari buruzko liburu irentsezin bat irakurrita dakit badela Ertzaintzan kolokialki KGB deitzen duten departamentu berezi bat.

4. Neronen esperientziagatik dakit (hamabost urte nituenean Hernaniko Young Play diskotekara joan eta egun hartan boxeo konbate bat zegoela-eta sartzen utzi ez zigutelako), Young Play dantzalekuan boxeo borrokak egin izan direla inoiz.

 

Bi urteren buruan kalean da nobela. Nobela idatzi ondoren lagun batek baino gehiagok leporatzen dit nobela ez dela sinesgarria, artifiziala dela, muturrera eramana dagoela, hori ez dela Pasaia. «Zergatik?» galdetzen dut. Erantzuna:

 

1. «Zakur borroka klandestinoak, Pasaian? Mesedez!»

2. «Txatarra lapurrak? Faborez! Bitxi-dendak lapurtzea zeukaten!»

3. «KGBa Ertzaintzan? A zer fantasmada! Telebista bateko serial baterako igual baina nobela serio batean...»

4. «Boxeo konbateak Young Play-en? Bortxatuegia egoera! Polikiroldegian balitz, akaso...»

 

Eta gainera, azken eztenkada nire harrotasunari: «Gaur egun ez du hemen inork boxeatzen» eransten dute. Gero utzi egiten naute irakurle horiek eta James Ellroyrekin joaten dira dry martini batzuk edatera. Oso estimatua azken edari hori, bidenabar, arrantzale pasaitarren artean. Los Angeles, Hollywoodeko izarrak, txantajea. Horiek bai, errealistak. Sinesgarritasuna baino, zirrara bilatzen nuen nik gehiago. «Komandoek ez dute horrela funtzionatzen». Hori ere esan zidaten. Eta horren ondoren aletzen zidaten esplikazio luze eta aspergarri bat. Bost axola zait komandoek nola funtzionatzen duten. Hori baino nahiago dut alemaniarrek hitz batekin deskribatzen duten eta beste hizkuntza askotan baliokiderik ez duen hitz baten atzean dagoena ulertzen saiatu: SCHADENFREUDE: besteen minaren aurrean sentitzen dugun poza. Energia eta denbora mugatua da nobela bat idazten ari zarenean. Ez dut galduko behar baino denbora gehiago gauza gehigarrietan, konbentzioak erabiliko ditut sortzen zaizkidan arazoak konpontzeko, fikzioa erabiliko dut istorioa indartzeko, egiazko zirrara indartzeko —horretarako egiaren pentzura jardun behar badut ere—. Pertsonaien barne-prozesuak interesatzen zaizkit eta horiek esplikatzeko errealitatea traizionatu behar badut, horretarako komandokideen bizitzak faltsutu behar baditut, egin egingo dut.

 

Pertsonaia errealak eta irakurle errealak, horra gakoetako bat. II. Mundu Gerrari buruz idaztea jenero bat da. II. Mundu Gerrari buruzko nobela on asko idatzi dira. Sinesgarriak ez izan arren nobela ederrak diren asko ere idatzi dira. II. Mundu Gerrari buruzko nobelak irakurtzen dituzten irakurleetatik zenbat izan dira II. Mundu Gerran? Gerran izan direnentzako soilik idatzi behar ote da? Horretarako daude memoria liburuak. Diarioak. Diarioen zalea naiz oso, gustatzen zaizkit, gero eta gehiago, baina nik ezin dut halakorik idatzi. Nik fikzioa egin nahi dut: ez diario bat, ez kronika liburu bat, ez liburu politiko bat, genero beltzeko liburu bat baizik.

 

Kontua da, ETAko ekintzaileak eta ertzainak agertzen diren liburu bat idatziz gero, topatu egingo dituzula goiz edo berandu zure pertsonaiak kalean. Horretaz kontziente izan beharko ote nuke derrigor istorio hori idazten ari naizenean? Beharbada bai. Beharbada, idazle batek idatzi beharko luke beti bere pertsonaiak kalean ikusteko aukera buruan izanda. Melvillek idatzi beharko zukeen Akab kapitaina, edo areago, Moby Dick berbera, azken portuko tabernan ron batzuk hartuz topatzeko aukera kontuan hartuta. Hala egin ote zuen Melvillek? Hala egiten dutenak ote benetako idazle bakarrak?

 

Litekeena da. Demagun urteen poderioz eta txiriparen txiripaz, nire liburuaz ekintzaile batekin eta ertzain batekin hitz egiteko parada dudala. Biek irakurri dute. Bati asko gustatu zaio eta besteari ez hainbeste. Demagun ni harritu egiten naizela: alderantzizko erreakzioa espero nuela, lepoa egingo nukeela haiekin hitz egin aurretik, gustatu zaionari ez zitzaiola gustatuko eta hainbeste gustatu ez zaionari baietz. Dilema ederra. Erantzule ote naiz ni nire irakurleez eta haien iritziez? Frakaso bat ote da erreakzio alderantzizkatu hori?

 

Zenbait egun lorik egin gabe. Disgustua pasatzeko film bat ikustera noa: Sean Pennek asmatikoarena egiten du filmean. Ventolin inhaladorea hartu eta salbutamol dosia irensten du aldiro.

 

Sean Penn aktore ontzat daukat baina gaizki erabiltzen du inhaladorea: biriketatik sufritzen duen orok dakien legez, txutea hartu aurretik astindu egin behar izaten da eta gero sakon arnasa hartu. Delikatua da oso operazioa: inhaladoreari sakatu behar zaion uneak bat etorri behar du aspirazio momentuarekin. Horrela, Sean Pennek ez du inhaladorea astindu, eta ez dator bat sakatze unea eta aspirazioa. Sean Penn ez da sinesgarria asmatiko bezala... lau urte zituenetik inhaladorea erabiltzen duen hogeita hamar urteko asmatiko kroniko baten begietara ez behintzat. Baina Sean Penn aktore handia da, hala ere. «Zer ondo egiten zuen Sean Pennek asmatikoarena!» esango dute zinema irteeran denek. Eta arrazoi guztiarekin esango dute, gainera.

 

Aplikatu inhaladorearen adibidea euskal gatazkari: asmatiko kronikoentzat bakarrik idatzi behar al da literatura? Ala gainerako irakurleentzat ere bai? Denentzat, litzateke erantzuna. Jakina. Baina kontua da, beharbada, benetako asmatiko batek inhaladorea erabiliko balu kameren aurrean, ez litzatekeela zinemako konbentzioen barruan sinesgarri. Londresko antzoki batean bost urtez antzezlanaren amaieran negar egiten zuen aktorearen istorioa gogoratu bestela: nola egunez egun obra bera egiten zuelarik, bost urteren buruan, ama hil zitzaiolako antzeztokian zinez negar egin zuen aldi hartan —tranpaldo gainean benetan negar egin zuen aldi bakarrean—, bere agentea hurbildu zitzaion kamerinora funtzioaren amaieran, esateko, zer eta, bazela ordua antzezlana aldatzeko, bost urte asko zirela, eta gau hartan negar egin zuenean, artifizialak suertatu zirela bere malkoak.

 

Konbentzioa: egia ez baizik eta egiantzekotasuna bilatu behar da. Istorioaren zirrara eta tramaren garapena ez dut zapuztuko errealismoaren aldarean. Norberak bere arauak ditu eta hori da nire arauetako bat. Zein ote edo zein omen ondorioa? Dauzkagun istorioekin nobela poliziako sinesgarriak ez egitea gure talentu faltaren errua dela, lehen-lehenik. Bigarrenik, irakurlearen eta idazlearen arteko konbentzio kontratuak garbi ez izatearena. Nik idatziz paratzen badut CIA eta Asuntos internos eta la cosa nostra eta Bloody Sunday, horrek mila oihartzun ekartzen ditu literatura irakurlearen burura, ez dago gauza handirik esplikatu beharrik, jada irakurleak eraiki du bere atrezzoa, bere giroa, prest dago ekintzarako. Areago, Guardia Zibila esaten badut ere, antzeko zerbait gertatzen delakoan nago. Ordea, nik esaten badut Ertzaintza, oihartzunak ez dira nobela beltzekoak, Tolosako Boinas Eloseguineko txapel gorrienak baizik. Posible da kutsu horiek gainetik kentzea, baina horretarako lan gehigarria egin beharko du idazleak. Ez ote dator gabezia horretatik, esaterako, intifada eta apartheid hitzak hainbeste erabili eta gurera egokitu nahia?

 

PERTSONAIENGANA HURBILDU

 

Komunikabideetan eta gizartean xehetasun eta ñabarduretarako lekurik ez dagoela ikusteak haserrearazten nau. Hizkuntzaren erabilera makurrak izutzen nau. Ha sido detenido un presunto terrorista que ha cometido tres sangrientos atentados. Non geratzen da “presunto” horren indarra, ziurtasun osoz badio gero esatariak hiru atentatu odoltsu egin dituela? Kazetaria epaitegietara eraman ez dezaten premiazkoa den kosmetika zuhur doia al da bere deontologia guztia?

 

Brodskyk hauxe dio berak bizi izandako garai komunistari buruz: «Amesgaizto hura bizi izan genuen askorentzat, eta batez ere amesgaiztoaren aurka borrokatu zutenentzat, kontsolamendu moral handi samarra izan zen hori: gaizkiaren aurka iraun edo borrokatzen duena automatikoki zintzo sentitzen baita, eta jada ez da bere burua aztertzeaz gehiago arduratzen». Horra, literaturaren ardura zein den: beren burua aztertzen ez dutenak ere aztertzea, haiek beren burua kanpotik ikus dezaten behartzea, sinplifikazioak birrintzea, etsaiaren estatusa egoera irristakorra dela frogatzen saiatu eta ulertaraztea irristakortasun hori norbera bere buruaren etsai bihurtzeraino iristen dela askotan.

 

«Ezinegona sortzen didana da era egoki batean adierazteko arazoak dituen pertsonak beti jotzen duela ekintzara. Eta ekintzaren hiztegia, nolabait esatearren, bere gorputzera mugatzen denez, bortxaz aritu beste aukerarik ez du, bere hiztegia arma baten bidez handitzen du, berez adjektibo bat erabiltzea nahiko lukeenean». Brodsky berriro. Eta idazleak adjektibo bihurtu nahi luke orain, zerbaitetarako balioko badu bere lanak.

 

MINA. NEUROLOGIA ARIKETA

 

Mina daukanak arrazoia berea dela uste du. Minak ekiteko indarra ere ematen dio. Idazlearen zeregina da minak eta arrazoiak askotan zerikusirik ez dutela frogatzea. Eta hori nola lortzen du idazleak? Ez jainko bat balitz bezala: deabrua bera balitz bezala baizik. Sufritu duenari beharbada kalean aurkituta eman egingo diogu arrazoia, guri ez daukala iruditu arren. Baina gure liburuetako pertsonaiekin ezin dugu hain era paternalista eta koldarrean jokatu. Deabru narratzaileak (narratzaile deabruak) ezin du horrela jokatu. Narratzaileak, liburuko pertsonaiak besteen minera eramango ditu arrastaka, besteen mina uler dezaten saia daitezen.

 

Eta gero dago min neurologikoan alegiazko min izendatzen dutena. Hau da esperimentua: bi eskuak karpeta baten gainean jarri eta orratz batekin zulatzen badizkizute, esku bietan sentitzen duzu ziztada. Aldiz, neurologoek frogatu dute operazio hau baldintza zehatzetan hainbat bider egin ondoren, eskuetako bat karpetaren azpian jarri eta esku horren ordez zure atzean ezkutatuko beste pertsona batek jartzen badu bere eskua karpeta gainean, bi eskuak —zurea eta lagunarena— ziztatzean, lagunaren ziztada ere zerorrena balitz bezala sentitzen duzula. Begiek engainatu egiten zaituzte. Idazlearen eskua nekez dago karpeta gainean. Idazlearen eskua karpetaren azpian dago babestuta gehienetan, baina berea bezalakoa den, bereak bezala bost hatz dituen esku bat ikustea nahikoa du min hori berak ere sentitzeko. Eta alferrik esango diozue gero idazleari ez duzuela bere eskurik ziztatu. Berak sentitu duen mina ere benetakoa da.

 

«Ez da liburu ona baina ezagun du sufritu duen pertsona batek idatzia dela» entzun nion behin irakurle bati, delako liburuari onespena emanez. Hala, filma amaitzean kreditu tituluetan «benetako istorio batean oinarrituta» dagoela gaztigatzen diguten film kaskar horiekin gogoratu nintzen. Ez ote digute benetako gertaera batean oinarrituta daudela esaten duten film horiek benetako oinarri hori filmaren eskasa barka diezaiegun, aringarri bezala, koartada bezala erabiltzen? Ez ote daude, gainera, beren filmen eskasaz eta makulu horren premiaz jabeturik zuzendari maltzur horiek? «Tira, txar-txarra zen filma, baina benetako istorio batean oinarritua dagoenez...».

 

Bereizi behar dira bi gauzak: benetako oinarriak ez du filma benetako egiten. Arrazoia ez dago beti sufritu duenaren aldean. Erredentzioa ere ez. Baina arrazoi zuen Oscar Wildek: mina dagoen lekuan, zoru sakratu bat dago. Mina dagoen lekuan, zabiltza tentuz, begiratu arretaz non zapaltzen duzun. Mina duenak arrazoia ematea nahi du, eta ez dizu artifizioa barkatuko —ezta ustez bere mesedetan erabiltzen baduzu ere—.

 

MASAREN MALKOAK, FRIBOLIZAZIOA, ETA ABAR

 

«Analisi politiko gehiegi eta psikoanalisi gutxiegi ikusten dut nik hemen», aitortu zidan behin Euskal Herrian bisitan zen Le Monde egunkariko kazetariak. Arrazoi pixka bat bazuen, ziur asko. Edozer delarik ere euskal gatazka deitzen zaion hori, askoz ere errazago azaltzen dira egoera asko irakurketa afektiboa eginez irakurketa politikoa eginez baino. Irakurketa eta interpretazio afektibo hori ez dute komunikabideek landu. Ez behintzat, zenbait filmetako soinu banda anpulosoetan orkestra soka sekzioek duten funtzioa betetzeko baino areago, hau da, sentimendu primarioak sakatu eta giza talde batzuen aldeko negar anpulu errukigarriak sortzeko. Eta guk gorroto ditugu negar egin dezagun hor jarri dituzten biolin negar-eragile horiek, efektu berezi pavloviano-konduktista bezain primarioak. Negar egin behar badugu, egingo dugu. Baina ez haien biolin doinu anpuloso horien erruz.

 

Gatazkaren irakurketa afektibo horretan dago ziur asko, azken aldiko hainbat libururen ekarpena. Bizia lo liburuarena, nola ez, baina baita bera baino lehenagoko beste testu batzuena ere (Jokin Muñozek, bide batez, Bizia lo baino lehen Joan zaretenean eleberria ere idatzi zuen, eta hor ez al zegoen abiapuntu moralago bat? Ez al da hor dilema moral bat liburuaren motor nagusia? Intimotasunera eta mundu afektibora errazago hurbiltzeko gatazkara aurrez hurbilpen morala egin izanak lagun dezake, apika?).

 

Etsaia besteak dira izatetik etsaia ni naiz horretarako pausoa azal daiteke joan-etorri etiko-moral eta jardun filosofiko nahiz silogismo engainagarrien bidez. Baina etsaiaz hitz egiten hasten garenean, etsai hori nire arrebaren mutil-laguna bihurtzen dugunean, salto handia dago, plus afektibo horrek asko esango baitu une horretatik aurrera pertsona horren jokabideaz, bere hautuez. Sinesgarritasuna hor bilatu behar da, beharbada. Ez da hainbeste begiratu behar apika guk deskribatzen ditugun balizko ekintzaileen eguneroko bizimodua benetako ekintzaileenarekin bat datorren ala ez, baizik eta “nire arrebaren mutil-laguna ere baden delako etsai hori” neronek jarritako lehergailu baten erruz ezker zangorik gabe geratu denean niri sortu zaizkidan (edo sortu ez zaizkidan) kontraesan, bihotz-zimiko, estutasun eta zalantzen kontaketa horrek behar du sinesgarri.

 

Ez dago kontua Lila dit ça (Ziad Doueiri, 2004) filmean aipatzen den azken muturreraino eraman beharrik ere: «Alutxo samur baten eta Palestina askatzearen artean aukeratu behar banu, alutxo samurra aukeratuko nuke nik» dio bertan ezagutu berri duen neskarekin txoratuta dagoen Chimo pertsonaiak, Marseillako errebaletan bizi den protagonista arabiarrak. Asko esaten du esaldi horrek. Beroaldi bat besterik ez zen? Hotz-hotzean ez ote zuen Chimok halakorik esango? Nazkatuta dago berari oso zeharka eragiten dion eta aurreko belaunaldiengandik jaso duen gerra horren zama pairatzeaz? Balio galera baten adierazle al da esaldi hori? Txoriburu baten gustu txarreko ateraldia? Nola interpretatzen du hori ikusleak? Eta ikusle arabiarrak? Inkesta bat egiteko modukoa da esaldia, baina gaur egungo euskal gazteen artean ere... Eta hemen ez naiz harago joatera ausartzen. Benetan pentsatzen du hori Chimok? Ziur asko ez, baina berez atera zaio ateraldia, eta beraz, egiaren ernamuina bederen badu esaldi horrek atxikia.

 

Fribolizatu eta burla egin al diezaioke era horretan arabiar batek Palestinako kausari, ehundaka mila pertsona erail eta oraindik ere egunero errepikatzen den sufrimendu eta min ikaragarri horretaz trufa al daiteke lotsagabe eta zabar? Woody Allenek, era jostagarriagoan, Radio days (1987) filmean antzeko zerbait adierazten zuen, juduaren ikuspegitik bere kasuan: Israelgo estatua eraikitzeko dirua biltzen zuten umeek asteburuetan kalean, eta diru hori euren gustukoena zen Mendekatzaile Maskaratuaren super-heroiaren jostailuzko eraztun bat eta izozkiak erosteko erabiltzen dute, estatu juduaren eraikuntzarako bidali beharrean. Rabinoak errietan egiten die gero. Belaunaldi kontua da, baina, ez ote lukete Woody Allenen filmeko ume horiek hazitakoan Lila dit ça filmeko Chimorekin mahai batean aurrez aurre eserita Palestinako gatazkari buruzko ikuspegi interesgarri bat izango? Nork esango die ezetz? Nork esango die friboloak eta legitimitaterik gabekoak direla? Hamarkadaz hamarkada arazoa endekatu eta eternizatzea besterik lortu ez duten aurreko belaunaldietako agintariek?

 

Afektibitatearen eta tic friboloen atzean dauden sentimenduak ikertzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Beharbada, bi horien baturak uste baino emaitza hobeak eman ditzake. Literaturan ematen ditu. Eta liburuak izan daitezke testigantzak jasotzeko lekuak, baina baita errealitatean oraindik egin gabeko esperimentuak egiteko laborategiak ere.

 

Arteak ez du bizitza kopiatu behar. Bizitza kutsatu egin behar du arteak, berriz ere, Joseph Brodskyren hitzetara joz.

 

ALDE AFEKTIBOARI BURUZKO BESTE ADIBIDE BAT

 

A errepublikarra da eta B falangista. B-k, fusilatzera zeramatenean, ihes egin du taldetik. A errepublikarrak, kobazulo batean ezkutatuta, mela-mela eginda eta hotzak akabatzen aurkitu du B falangista. «Hor al dago?» galdetu dio bere buruzagiak. «Ez, hemen ez dago inor» erantzun du A errepublikarrak. B-ri bizitza salbatu eta aurrerantz jarraitu dute soldadu errepublikarrek, kobazuloa arakatu gabe. Hona, gutxi asko, Javier Cercasen Soldados de Salamina liburuaren argumentua. Anekdota horrexek sostengatzen du liburu guztiko korapiloa. Jarrera moral goren bat, errukia, bizitza norberaren idealak baino gehiago maitatzea... Zer dago etsaia barkatzearen erabaki horren atzean? Ziur asko euria dago, falangistaren aurpegi lokaztua, ilea narrats izatea, aurpegia zurbil eta soina makurtuta. A errepublikarrak barkatuko ote zion bizitza B falangistari, egun eguzkitsu batean ileko arraia harro orraztuta lukeen lepa-tentea balitz falangista hori? Ziur asko ez. Irakurketa moralaz harago, lokatzaren irakurketa egin daiteke. Eta lokatzetik irazita azalduko ditugu gauzak, eta lokatzetik hunkituko irakurlea, eta, zilegi bazait esatea, mundua aldatuko ez badugu ere, lokatza geure eskuekin lantzen dugula sentituko du idazleak, zerbait moldaerraza badela tarteka irakurlearen garunean.

 

ROAD MOVIEAREN EZINTASUNA

 

Zer egin etxe batean sartuta isolatuta dauden bi pertsonekin? Nola eraman aurrera haria? Pasaia blues idazten nuen bitartean sortu zitzaidan arazoetako bat izan zen hori. Brodsky bidelaguna mintzo da berriz, eta arrazoi du oraingoan ere: «Leku itxi batean gertatzen den gatazka bat —etxe batean, adibidez— tragedian amaitzen da beti, espazio laukiluzeek arrazoiaren alde jokatzen dutelako, eta emozioa kortse batean sartuta geratzen delako».

 

Esan izan da gurean huts egiten dutela road-movie ahalegin guztiek. Errepideko literaturak nekez funtzionatzen duela. Txikiegiak omen dira gurean distantziak bidean zerbait interesgarria gerta dadin. Areago, pentsatzeko denborarik edo pentsatzen duena aldatzeko, eboluzionatzeko denborarik ez omen diete ematen euskal errepideek liburuetako protagonistei (ez da erabat egia: hortxe dugu, beste jenero batera joaz, Iturralderen Kilkerra eta roulottea).

 

Madrid-Euskal Herria-Paris ardatza balia genezake, egia. Baina askoz ere joko gehiago ematen dute autobusek. Gogoratu bestela, Atxagaren Zeru horiek, edo gogoratu presoak bisitatzera doazen autobusei buruz idatzi izan diren zenbait ipuin (Lander Garroren Orain galdera berriak ditut liburuko adibide bat daukat preseski gogoan). Bidaia luze horietan, badago pentsatzeko astia, gauzak gertatzen dira, geldialdiak daude: dispertsioa eta presoen urruntzea, presoentzat eta euren familientzat krudela bezain literaturarako bide emankorra da. Hobe halako emankortasunik ez bagenu, egia, min ematen baitit niri ere hau idazteak. Baina narratzaile orojakilea den deabruak badaki hori dela egia. Mina emankorra dela fikzioan erabiltzen dakienarentzat. Erranak erran, hor badago, balia dezagun. Konta dezagun gure mina, eta konta dezagun hausnarrean, luze, autobus bidaiaren iraupena baliatuz, nola sentitzen dugun falta zaigun haginaren mina.

 

KARTZELA INGURUKO AUZOAK

 

Jakina da kartzela duten herrietako ekonomian pisu handia duela kartzelara bisitan doan jendeak utzitako sosen zenbatekoak. Bisita gehien dituzten egunen jakinaren gainean egoten dira saltzaileak eta stock berezia ekartzen dute egun horietan. Kartzeletara fruta eramatea nahi izaten zuten garai batean presoek. Fruta erosi eta erosi, hor ari gara denok, laranjak kiloka erosten. Herriko jendeari, gu baino askoz diru gutxiago uztera doanari, itxoiteko eskatzen dio fruta saltzaileak egun horietan. Zergatik? Estimazioagatik? Ez, jakina: negozioagatik. Baina zortzi astetako bisitaren ondoren? Negozioagatik hartuko du oraindik ere era edukatuan bezeroa fruta saltzaileak, ala estimu minimo bat hartuko dio bere erosleari?

 

Saltzaileak jakinaren gainean daude. Badakite kartzelara doazela horiek denak, azentu euskalduna dute, baina, hala ere, ez dute galderarik egiten auzo hauetako tabernari eta dendariek; kartzela beti egon da hor, beraien etxebizitzen ondoan, memoria dutenetik, eta autobusetik jaisten diren euskaldun horiek laranja asko erosten dituzte. Idatzi gabeko itun bat dago haien artean. Ez ote dio azkenean jakin-minaren harrak barrua jango fruta saltzaileari? «Zer krimen odoltsu egin ote du emakume on puska horren semeak edo alabak?». Ipuin eder bat dago hemen: fruta saltzaileak aukeratzen dituen laranjei buruzkoa. Presoaren amak laranjak erosten dituen bitartean zain dauden auzoko gainerako bezeroei buruzkoa. «Estos vascos son unos hijos de puta, pero dejan pasta» esatetik «¡Ya compran naranjas, estos hijos de puta!» esatera pasatuko da denboraren poderioz fruta saltzailea. Eta alde handia dago batetik bestera, baita hijos de puta ahoskatzeko maneran ere. Hogei urte urte asko dira laranjak erosteko. Baita saltzeko ere. Fruta saltzailearen eta eroslearen artean badago elkar higatze bat, elkar iragazte bat. Hogei urteren buruan, zer pentsatuko du laranja saltzaileak euskal gatazkaz? Ez al da hori ere irakurketa interesgarria? Niretzat, idazle naizen aldetik eta ez kazetari ez eta analista politiko ere, erantzuna baiezkoa da, dudarik gabe: interesatzen zait transakzio merkantil hutsa dirudien harreman hori. Ariketa polita begitantzen zait fruta saltzaileak buruan dituen euskaldunei buruzko ideien garapena edo deuseztapena.

 

Xehetasunak euliak bezala akabatzen diren garaietan, idazlearen lana da xehetasun horietan sakontzea, mahai gainean ñabardurak edo laranja eskukada bat jartzea.

 

TXIKITASUNA ETA UNIBERTSALTASUNA

 

Nork bere istorio txikia egoki kontatuz gero unibertsala datekeela eta norberak berea kontatu eta berea bihurtu behar duela unibertsal, hori da azken urteotako tesia. Hala esan izan da eta hala da, agian. Hala omen. Ba ote? Ez da erraza, konpai. Ez da erraza, ez ditugulako gurean aipatze hutsarekin mundu guztiak ulertuko dituen esanahiez betetako hitz eta sinbolo asko. Normandia. Gestapo. IRA. Pisu berezia duten hitzak dira. Akonplexatuak gara agian, eta bai, txikitasunetik abiatu beharko genuke, baina ez didazue ukatuko «Ni Normandiako lehorreratzean izan nintzen» esan edo «Ni Ebroko guduan izan nintzen» esatea ez dela gauza bera mundu zabalean. «Santoñako errendizioa» esan dezakegu, baina zer liburutan azaldu dugu guk, euskaraz, gure Santoñako errendizioaren kronika? Zer fikzio nobelatutan?

 

Ez dugu gure historia ondo kontatu. Ez ditugu gure historiak ondo kontatu. Ez zaharrak eta ez berriak. Eta batez ere, ez literaturako liburuetan. Historiako liburuetan ongi kontatuta dauden, nik ez dakit. Ez naiz historialaria. Eta barkatuko didate historialariek, baina literaturaren bidez idatzita ez dagoen historia bat, herri batek idatzi dituen fikziozko liburuek berez azaltzen ez duten historia bat, alferrikakoa da. Ez dugu idatzi otsailaren 23ko estatu kolpeari buruz, Lasa eta Zabalari buruz, ez diogu lur bat jarri gure minari. Bitartean, Cuéntame telesaila ikusi eta trantsizioko urteen ikuspegi gaingabetua jasotzen dute gazteek, eta guatekeen eta seiscientosaren urteak ez zirela hainbesterako izan pentsatuz, gaizki gogoratuz edo ondoegi ahaztuz, horrelaxe engainatuko du bat baino gehiagok bere memoria («a, baina... izan al ziren grebak, konbultsio politikoak, heriotza zigorrak Francoren garaian? Bai? 70eko hamarkadan ere bai? Ez zaidazu esan...!»).

 

Nahiz eta bakoitzak bere txikitasunetik idatzi eta unibertsal izateko era bat norberak ezagutzen duen hori ondo kontatzea dela esan, beti behar dira koordenatu erreferentzial funtsezko batzuk, zirrara konpartitu batzuk. II. Mundu Gerran Normandia, gestapoa, Paris okupatua aipatzea nahikoa da irakurlearen buruan mila irudi eta sentsazio eragiteko. Guk faltan ditugu halako informazio eta sentsazio uholdea eragiten duten hitzak. Edo hobe esan, faltan izan baino, ez gara hitz horiek berez duten balio sinbolikoaz hornitu eta balio sinboliko konpartitu horiek gizarteratzeaz arduratu. Esan dezakegu Hipercor, esan dezakegu Lasa eta Zabala, baina... Kontua da horiek ez ditugula kontatu ondo, ez dizkiogu munduari kontatu gure minetik eta gure ikuspegitik, eta horrek, frustratu egiten gaitu halabeharrez. Orduan, azkenean, hitz bakarra geratzen zaigu erreferente konpartitu bezala, eta beti heltzen diogu horri: Gernika.

 

Horregatik eskertzen ditugu oraindik ere hainbeste “belaunaldi bat erretratatzen duten” liburu horiek, erreferente konpartitu horiek katarsi bezala balio dutelako belaunaldi oso batentzat. Eta urteak pasatu ahala, gero eta zailagoa zaigu barruan dugun hori kanporatzea psikoanalisiaren legeetako bat horixe: benetan inporta duena ezkutuan dago oso, kostata kanporatzen dugu—. Gure aurreko belaunaldiek Gerra Zibilarekin egin zuten gauza bera egiteko arriskua hortxe dago: isiltzeko arriskua, alegia. Horren aurrean, zer ahalegin ederra Koldo Izagirrek Agirre zaharraren kartzelaldi berriak idaztean egindakoa, planoa zabaltzekoa, kartzela generiko bat sortzekoa, gure mina munduan beste minen artean kokatzekoa plano orokor baten bidez.

 

ATXAGAREN SAGARRAK

 

Herenegun bertan Atxagak Txilen esandakoak, berri agentzia batetik atzo jasoak: «Neronen begiekin ikusi dut nola nirekin arbolatik sagarrak hartzen zituen eskolako lagunak hiru urte beranduago euskal nazio eraikuntzarako bide maoistak zuen garrantziari buruz nola hitz egiten zidan. Horixe da euskaldunok bizi izan dugun egoeraren partikulartasuna». Zer da egoera honetan garrantzitsu? Nazio eraikuntzarako bide maoista, ala eskolako lagunarekin sagarrak biltzea? Areago, ez ote dago, ziur asko, zurekin arbolan sagarrak bildu dituen norbaitek maoismoari buruz hitz egiten badizu, zerorri ere, oso ondo zer den jakin gabe maoista bihurtzeko aukera gehiago, ez maoismoagatik, baizik eta sagarrengatik? «Zergatik egin zinen maoista?» «Arbolara igota sagarrak jateagatik» litzateke ziur asko, hainbat aktibista politikoren ekintzak azaltzeko esplikaziorik zintzoena. Zintzoena bezain ezkutukoena, askotan.

 

ARTIFIZIOA MINAREN KONTRAPUNTUA DA

 

Martxoaren hamaika da. Pasatu da urtebete Madrilgo atentatua gertatu zenetik. Irratian mikrofonoak ireki dituzte, «non zeunden zu martxoaren hamaikan atentatuen berri izan zenuenean?» galderari erantzuteko. Probetxuzko ezer ez entzuteko etsia hartua dut, horrela mikrofonoak irekitzen dituzten gehienetan bezala. Erratu naiz nire pronostikoan. Gizon gazte baten kontakizun estonagarriak ustekabean harrapatu nau: «Martxoaren hamaikan non nintzen? Autoz nindoan, landa errepide batean. Derrepente, zakur bat ikusi dut hantxe bide ertzeko txarrantxa hesian kateatuta, aurrera egin ezinik eta uluka. Geratu dut autoa eta zakurrari kateatuta dagoen lekutik ateratzen laguntzen hasi naiz. Sufritzen ari da gajoa. Zauria gaiztotua du. Txarrantxa bizkarrean barruraino sartua. Ez duk lan samurra izango, nik nire artean. Irratia piztuta laga dut, ohartu naiz irrati-esatariak eten egin duela ohiko programazioa... Madrilen lehergailuak jarri dituztela... Trenetan, ehundaka zauritu... ETAkoak izan ote diren ustea... Lehendakariaren adierazpenek baieztatu egiten dutela dirudi, gainera... Zakurra uluka, txarrantxa barruraino kateatuta eta nik ezin zakurra handik atera...». Aspaldi entzun gabea nintzen halako angustia deklaraziorik. Zer narrazio eder idatz daitekeen entzundakoarekin, horixe bururatu zait. Zer narrazio eder egin berri duen konturatu ere egin gabe irratiko entzule horrek. Non dago, ordea, narrazioaren gakoa, benetan hunkitzen gaituena? Ez berez ezaguna dugun martxoaren 11ko tragediaren kontaketa berritzean, baizik eta berak bere tragedia propioa kontatzean —zakur harrapatuaren tragedia eta irratian berri lazgarri bat entzuten ari den gizonarena—. Kasu honetan zakurrak betetzen duen kontrapuntu funtzio hori behar du literaturak. Eta ohartu naiz, Jose Luis Otamendiren Hagina ipuinean ere kontrapuntu horrek egiten duela ipuina eder. Ustekabean agertzen da gatazkaren arrasto bat egunkari txatal baten forman, edo irratiko berri baten forman. Baina protagonistak, lehendik ere badu bere tragedia partikularra: txarrantxa hesitik askatu beharreko zakurra irratiko entzulearen kasuan, nerabezaro txoroari eta munduari aurre egin beharra Otamendiren ipuineko haurraren kasuan.

 

DIARIOAK

 

Denbora, distantzia. Euskal gatazkari buruz artez eta zuzen idazteko denbora pasatu behar dela aipatu izan da, ez dagoela gertaerak suertatzen diren aldi berean idazterik, gertatzen ari diren gauzekiko perspektiba behar dela, areago gertatzen den hori mingarria bada. Hori horrela izan daiteke neurri batean, ikusi besterik ez dago Espainian zenbat liburu agertzen ari diren Gerra Zibilari buruz: zenbait idazle, euren egia argitaratzeko, protagonistak hiltzeko zain egon balira bezala. Aldiz, trantsizioari buruz, Francoren azken urteei buruz, apenas idatzi den erreferentziazko nobelarik, eta zer esanik ez demokrazia urteetakorik... Baina jakina, ezin dugu Muñoz Molinak Lasa eta Zabalaren historia noiz idatziko zain egon... Historia hori guk kontatu behar dugu.

 

Kontua ez da agian, momentuari buruz idazteko distantzia beharra. Argitaratzean dago gakoa. Idatzi idatz liteke min horri buruz gertaerak gertatzen diren unean bertan, baina bada lagunaren sufrimenduarekiko ahalke bat, errespetu bat, zenbait gauza ez argitaratzea gomendatzen diguna. Hortxe dago Marguerite Durasen kasua: alemaniarrak artean Parisen zirela, okupazioko azken asteetan eta liberazioko lehen egunetan idatzi zuen berak La douleur hunkigarria, baina argitaratu, ez zen 1985. urtera arte argitaratu. Merezi du bertako pasarte batzuk berrirakurtzea. II. Mundu Gerraz ari da, baina balio du guretzat ere:

 

«Krimen hau denon krimen bihurtzea da honi eman dakiokeen erantzun bakarra. Konpartitzea. Berdintasunaren eta anaitasunaren ideiak bezala. Ideia bera jasan ahal izateko, bere zamari eusteko, krimena konpartitzea».

 

Jakina, hori egiten du lehen pertsonan egoera zehatza oso gertu bizitako batek, testu ia erabat autobiografikoetan. Aurreraxeago, honela irakurtzen dugu:

 

De Gaullek ez du kontzentrazio eremuei buruz hitz egiten, harrigarria da zer puntutaraino ez duen haiei buruz hitz egiten, zer puntutaraino igartzen zaion ez duela herriaren oinazea garaipenean txertatzeko asmorik, eta dena, berari dagokion rolak pisua gal ez dezan.

 

Egoismo hutsagatik beraz, interpretatzen dut nik. Estadistaren irudia zapuztu ez dadin. Baina jarrai dezagun Durasekin:

 

Liburu guztiak atzeratuta daude Madame Bordesi eta niri dagokigunez. Izenik gabeko, armarik gabeko, isuritako odolik gabeko, gloriarik gabeko borroka baten abangoardia gara: zain egotearen abangoardia. Bakearen zain daudenak ez daude berez ezeren zain. Gero eta arrazoi gutxiago daude berririk ez izateko. Bakea bere burua azaltzen hasia da jada. Iristen ari den gau sakon bat balitz bezala da, baina ahanzturaren hasiera ere bada. Gestapoko polizia batekin duen harremana azaltzen du gero: «Esan dit (alemaniarrari buruz ari da) nire atxiloketaren jakinaren gainean egon izan balitz abisatuko zidala. Zuek ulertzeko: “bera” ez zen beste norbaitek atxilotuko ninduela jakin izan balu abisatuko zidala esan nahi zidan. Bost axola zaio gizakiaren pairamena, baina sufrimentutxo batzuk izateko luxu horri eusten dio, pairamentxo esklusiboak, beretzat bakarrik direnak, judutar ttipiak eta nik bizia zor diogu.

 

Eta aurreraxeago azaltzen digu, bizitza arrunta zeraman pertsona bat nola eta zergatik bilaka daitekeen alemaniar baten torturatzaile, menderatzailea menderatu bihurtzen denean:

 

Hilko den beldur da (torturatzen ari denari buruz ari da). Ez da nahikoa. Gezurretan jarraitzen du. Bizi nahi du. Zorriek ere bizirik iraun nahi izaten dute. Altxa egin da Thérèse. Angustiak jota dago, beldur da ez ote den sekula nahikoa izango. Zer egin diezaioke? Zer asma lezake? (...) Jainkoarren, ez da inoiz nahikoa izango. (...) Kolpatu beharra dago. Inoiz gehiago ez da justiziarik izango munduan une honetantxe norbera justizia bihurtzen ez bada. Komedia. Epaileak. Gela dotore sabai altukoak. Justiziarik ez. Internazionala abestu dute kaletik pasa diren bagoietan eta burgesek leiho atzeetatik begiratu eta esan dute: «Terroristak dira». Kolpatu beharra dago. Zanpatu. Gezurra mila zatitan zartarazi. Isiltasun ez-noble hori. Argiz gainezkatu. Zerri horrek eztarrian duen egia kanpora atera. Egia, justizia. Bera akabatu? Zertarako baina? Ez da beragatik. Ez dauka gizon horrekin zerikusirik. Jakiteagatik da. Bere egia, bere lotsa, bere beldurra zakiletik isuri dezan arte kolpatu. Atzo arte ahalguztidun, helezin, ukiezin bihurtzen zuen horren sekretua isurtzen duen arte.

 

Eta aurreraxeago, bere paraderoa ezagutzen ez duten lagunaren bila ari denari emandako erantzun hotza:

 

Fusilatu egingo zuten nonbait 1944 eta 1945 artean. Ez dakit non. Halaxe esan zidaten: “Fresnesko kartzelako patioan, zalantzarik gabe, ohi duten legez”.Fresnes. Ezaguna egiten zaigu leku hori. Eta garaiak eta kartzelak abrigoetako hegalak bezala bildu eta elkarrekin harremanetan jartzea, hori begitantzen zaigu orain idazlearen zereginetako bat. Eta ez dugu hori beti ongi egin, bestela ez leudeke oraingo belaunaldiak aurrekoen zenbait belaunaldieekiko ezaxola.

 

Beharbada egia da: goizegi da. Urteekin jakingo ditugu sasian bizi izan direnen istorioak, pozak eta miseriak. Agian idatzita daude jada hainbat eguneroko, edo idatzi gabe ere protagonisten buruetan, segurtasun arrazoiak tarteko isilpean, auskalo. Protagonistek kontatuko dute euren istorioa, egunen batean. Eta hori ere inportantea izango da gauzak bere osotasunean uler ditzagun.

 

Zergatik da, adibidez, Filipe Bidarten Bakartasunaz bi hitz (2004) testigantza eder? Zer gogoratzen dut nik hura irakurri eta hainbat hilabete pasa direnean? Detaile bat bereziki: Camembert gazta batekin konparatzen dutela presoek isolatuta zauden bitartean egurastera ateratzen zaituzten patio eskasa. Honela dio Bidartek Camembert eremua ezagutzen duen lehen aldian: Kotxino! Hau dea ibiltokia? Hiruki batean naiz. Geroxeago jakinen dut camembert deitzen dutela toki hori, zeren camembert gasna zati baten idurikoa baita... beraz hiruki bat, sartzearen aldetik dago oinarria, lauzpabost metro zabalekoa, hesiaz eta burdin makilez ongi hertsirik, eta zaintzaile batek begiztaturik. Hiruki horren gailurra sei-zazpi metrotan dago, ate ttipi batek hetsirik, eta angelu horren bi besoak horma lodi batzuk dira». Camembert, beraz. Testimonio liburu baten aurrean gaude, baina kartzelan denak ere, hara, literaturaren premia du, kontrapuntua bilatu dio zementuari eta horri esker hartzen du arnasa: «zementu artean bizitzera kondenatu nahi nauzue, baina horra, camembert deituko diot nik zuek kondenatu nauzuen patio zikin honi». Ezin diote kartzelan delarik ere, patioak bere kasa bataiatzeko askatasuna kendu.

 

Hizkuntzak egingo gaitu libre? Ez agian. Baina irauten lagunduko digu.

 

MALDAN BEHERA

 

Galderak egitea, gauzak kolokan jartzea da idazlearen zeregina. Ulertzen saiatzea, ulertzea ezinezkoa den jakitun. Ulertzea eskuarekin zerua ukitzea da eta hori oso gutxitan gertatzen da. Baina azken finean, gertatu diren gauzen memoria hori mantentzeko era bakarra norbaitek idaztea dela badaki idazleak, erredentzio txiki bat badagoelako idaztean. Labur esanda: galbidera goaz, ondo legoke galbidera goazen bitartean zerbait ikasiko bagenu, eta galbidera goazen bitartean ezer ikasten ez badugu ere, bederen, konta dezagun nola goazen galbidera.

 

Esplikazio errazak nahi ditu jendeak. Sagarrondoaren azpira joan eta sagarrak topatu. Sagarrak biltzen dituena nekazari izan dadin eta ez maoista. Baina gauzak ez dira hain sinpleak. Sagarrak ez daude beti sagarrondoaren azpian. Brodskyk ematen dit gaurko jardunaren akabua ere: esaerak sagarra zuhaitzetik gertu erortzen dela badio ere, ez da hori beti egia. Batzuetan sagarrondotik urrun erortzen da sagarra. Batez ere, gurean askotan gertatzen den bezala, arbolak maldan daudenean.

 

Eta idazlea ez ote dago —ote eta omen, beti— malda piko horretan, kinka horretan, eta ez ote digu kinka horren berri ematen, ezer ematen badigu behintzat?