Maitena Duhalde De Serra

so 1467378181235 SO | 2021-03-26 19:21

Maitena Duhalde De Serra

Euskal Ikasketak Baionan hasi ditu eta Erasmus programaren bidez Gasteizko campusean egon da lizentziako hirugarren urtean. Lapurdira itzuli eta, Masterrarekin osatu du formakuntza eta batez ere Azkaingo euskara ikertu. Musika kontserbatorioko ikasketak bukatu ondotik, Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia Masterreko dialektologiako kurtsoak segitu ditu EHUn. 2014. urtean hasi du doktorego tesia UPPA eta EHU arteko tutorekidetzan. Lapurdi itsas hegiko euskarari buruz eramaten duen ikerlana EHUk finantzatzen du 2015etik. Pariseko Sorbonne-Nouvelle unibertsitatean euskara eskolak ematen dihardu.

 

AZKAINGO IZENORDAINAK

Lapurdi itsas hegiko euskara edo « Kostatar » mintzairari buruz gure ezagutzen aberasteko helburuarekin, hizkera honen barne den Azkaine herriko izenordainei interesatu gara. Lan xume honetan, Azkaingo ahozko euskaran erabili ohi diren pertsona izenordain arruntak eta indartuak, baita izenordain zehaztugabeak ere ekarri ditugu. Datu hauek, dialektologian usaiakoak diren irizpideen bidez hautatu lekukoen ahotik bildu dira, inkesta zein hizketa librean. Elementu hauek inguruko hizkerekin alderatu ditugu, gure esku diren lanak kontuan hartuz. Gainera, XVIII, XIX eta XX. mendeetako hiru azkaindarren idatziak aintzat hartu ditugu, hauek dira Michel Chourio, Etienne Lapeyre eta Jean Elissalde, tokiko euskararen bilakaeraren berri eman ahal izateko.

https://journals.openedition.org/lapurdum/2652

RADIOKULTURA - BATUA BAI, KOSTATARRA ERE BAI !

 
HINKA TALDEA

2012an sortua Benoit Lamerain eta Maitena Duhalde musikari lapurtarrek bultzaturik, Hinka taldeak bere estetika musikala ezagutarazi du, baita bere lan artistiko eta diziplina anitzekoa ere, batez ere jadanik sarean diren bi bideokliparen bidez: Begira (2013) eta Versus (2014). Hinka taldea geografikoki Lapurdi itsasaldean erroztatua da. Izan ere, «Hinka» izena ez da halabeharrez hautatua izan, Donibane Lohizune eta inguruko herrietan «urrats» zentzua hartzen baitu. Musikari hauek euskal dantza tradizionaletik datoz eta talde zein dantza eta musika proiektu desberdinetan parte hartu dute. Esperientzia eta ibilbide desberdinetakoak izanik, dantzatzeko musikaren sentsibilitateak biltzen ditu bereziki. «Tradizionala» deritzon euskal musikaz eta eragin modernoagoez ere elikaturik, hirukote honek gaurko Euskal Herriko musika sustatu nahi du, baita bere kolorea ekarri ere, Iparraldeko sentsibilitate propioa gordez. Inspirazio tradizionaleko musika garaikide hau, Euskal Herriaz haratago ere partekatzeko nahia dute. Gaur egun, taldea hiru kidez osatuta dago, Benoit Lamerain, Maitena Duhalde eta Matthieu Haramboure.