Literatura engaiaturantz rock & rollaren eskutik // Mikel H. Abaitua

so 1467378181235 SO | 2021-02-13 20:21

Literatura engaiaturantz rock & rollaren eskutik

 

Mikel H. Abaitua

 

Zorionez edo zoritxarrez, gai honetaz mintzatu ahal izateko ezinbestekoa zait nire bizitzaz hitz egitea, eta nire belaunaldiaz, “sandwich”, “tropel” eta antzeko hitz zatarrekin bataiatu izan dena. Baina hori beste upel bateko sagardoa da. Hartu itzazue berba hauek inoiz idatziko ez dudan nire autobiografiaren zati bat bezala.

 

Azaldu dezagun lehenbailehen izenburuaren funtsa, nondik nora gabiltzan azkar ulertu dadin. Literatura eta musika dira nire zaletasun handienak eta, horregatik, askotan gurutzatu zaizkit. Ene ustez euskal gatazka islatzen duen literatura egitea literatura engaiatua egitea da, eta nire lanetan aurkitu daitekeen engaiamendua musikatik dator, rock musikatik zehatzago esanda. Jakina, badakit askoz dotoreago geldituko litzatekeela esatea engaiamendua Sartrerengandik datorkidala, edo horrelako zerbait. Baina ez da egia. Zer egingo zaio ba. Postmodernitatearen errua izango da. Ez naiz lehen orrialdetik gezurretan arituko, eta, beraz, aitortu egin beharko dut, hasieran ongi konturatu ez banintzen ere, engaiamendua rock musika anglosaxoitik datorkidala. Horrek ez dio nire biografiari kutsu intelektual handirik emango segur aski, baina agian hain gaizki ere ez da geldituko postmodernitate dontsuaren garai ñabar honetan.

 

Rock hitza oso zentzu zabalean hartzen dut hemen, pop, folk-rock eta folk anglosaxoia estiloak ere sartzen ditudalako etiketaren barruan, hala nola reggaea, ska eta beste estilo batzuk. Horregatik hobe nuke anglosaxoiek beraiek erabiltzen duten Popular Music etiketa erabili segur aski. Adibide bat ematearren, Bob

Dylanek folk singer gisa lortu zuen fama, baina jende gutxik daki lehen pausoak rock and roll bandetan eman zituela, eta beraz, rock elektrikora pasatu zenean ez zela traizio bat izan (Judas eta guzti oihu egiten zioten kontzertuetan), bere erroetara itzultzea baizik. Bluesak ere eragin handia izan du estatubatuarraren musikan. Orduan, zer da Dylanek egiten duen musika, rock, pop, folk, blues...? Anglosaxoien arabera Popular Music. “Pop” etiketa “popular” hitzetik badator ere, ondo gauza ezberdina da guretzat. Postmodernitatean pop kultura nagusitu da eta literatura bera ere nahiko pop bihurtu da.

 

Euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz abesten zuten kantautoreek ez zuten inoiz eragin handirik laga nigan, nahiz eta Euskal Herriko airea haietaz beteta egon nire edukazio sentimentala garatu zen garaian. Ez naiz salbuespena nire garaikideen artean. Zeren nirea baita, oker ez banago, euskal literaturako rockaren lehen belaunaldia, hirugarrena-edo izan behar izango zukeenean. Baina badakizue, Saizarbitoriari guretzat izugarri horterak ziren abeslari frantses haiek gustatzen zitzaizkion, eta bere belaunaldikide gehienek rocka gorrotatzen zuten, Ibon Sarasola araua konfirmatzen duen salbuespena bada ere. Bernardo Atxagak, Koldo Izagirrek eta beren belaunaldikideek ez zuten, gu argitaratzen hasi ginenerako behintzat, rock askorik azaldu beren obretan, edo bat ere ez, nahiko zaleak izan arren. Rock edo pop anglosaxoia ez da ondo ikusita egon euskal munduan nahiko berandu arte. Galdetu bestela Errobiri edo Euskal Rock Radikaleko hasierako protagonistei. Beraz, ez dut uste oso oker nagoenik esaten badut nire belaunaldiari egokitu zitzaiola musika mota hori euskal literaturan sartzeko ohorea edo errua. Eta rocka ez ezik, jazza eta abar ere bai, hau da Popular Music anglosaxoia. Alde horretatik oso bidaide sentitzen ditut Aingeru Epaltza, Xabier Montoia, Mikel Antza, Iñaki Uria, Juan Luis Zabala eta enparauak. Honekin ez dut esan nahi nire belaunaldikide guztiei rock musika gustatzen zaienik edo beren obretan aurki daitekeenik, baizik eta gure belaunaldia izan zela musika mota hau presentzia minimo batez euskal literaturan sartu zuen lehenengoa. Imajinatu nire poza Xabier Montoiak “Euskal abestia hil da, gora rock and rolla” artikulua Oh! Euzkadi aldizkarian 1981. urte urruti hartan argitaratu zuenean. Edo haren lehen liburuko lehen poema irakurri nuenean: «Batzuentzat / Jesukristo gurutzera / (lapurren artean) / igo zenean, / historia hasten da. / Beste batzuentzat, aldiz, / Lenin-ek txapela kenduz? / “Botere osoa sovieterako” / deiadar egin zuenean, / Finlandiako geltokian. / Niretzat / David Bowiek ilea moztu zuen / egunean». 1983. urtean hau ez zen poesiatzat hartzen Euskal Herrian. Gogoratzen dut aurreko belaunaldiko oso poeta moderno bati esan niola poema liburu ona iruditzen zitzaidala Montoiarena, eta poesiaz ez nekiela ezer erantzun zidan, hura ez zela poesia, hura ez zela literatura. Handik urte batzuetara Montoiaren lehen liburu horretaz laudorio handiak entzun nizkion idazle berberari.

 

Literatura eta rock musika nahasteagatik gustatu zitzaidan Montoiaren poema, eta arrazoi berberagatik gustatuko litzaidake nire obran eragina izan duen musikaz berba egitea hemen, azken finean, oso atsegin ditudan abesti asko ez baitzaizkit beren alderdi musikalagatik gustatzen, hitzengatik baizik, literatura azken finean, oso apala gehienetan, baina literatura. Nik hamabost urte nituenean, rock, folk edo pop abestietan agertzen ziren poemak ez ziren literatura, definizioz. Harrezkero dezente aldatu dira gauzak, postmodernitatea hedatu zenetik batez ere. Zorionez. Gaur egun posible da Bob Dylanen alderdi literarioari buruzko doktorego tesiak aurkitzea, edo literatura Nobel sarirako proposatu dutela egunkarietan irakurtzea. Zeharo pentsaezina orain dela 30 urte.

 

Lehen, honelako hitzaldiak bota behar nituenean oso serio jarri eta, akademizismo zurrunez, literaturak zenbait arlorekin erlaziorik izango ez balu bezala jokatzen nuen, zeren zenbait arlori ez baikenien kultura edo arte mailarik ematen, edo ez ginen ausartzen ematera, anaia zaharragoek (ezen ez arrebek zoritxarrez, egia esan) gugan eragin handiegia izan balute bezala. Gu ez gara euskal literaturako rockaren lehen belaunaldia bakarrik, komikiarena eta telebistarena ere bagara ziur asko, eta ezin gara ibili gauza horiek guztiek ezein eraginik utzi ez baligute bezala. Komikia adibidez. Komikiak eragin handia izan du postmodernitate guztian, pop artean eta zineman batez ere, baina literaturan ere bai. Horra hor Roy Lichtenstein, Pedro Almodovar edo Bernardo Atxaga. Bernardo Atxaga bai. Komikiak harengan izan duen eraginaz hitz egiten Iñaki Aldekoa kritikoari entzun nion lehen aldiz. Jakina, gure aurrekoek ere komiki asko irakurriko zituzten, baina ez zien eraginik batere sortu beren literatur lanetan.

 

Honezkero galduta izango duzue nondik nora nabilen jakiteko esperantza ziur asko. Gogoratu dezagun beraz lehenago esandakoa, askoren kasuan, eta nirean dudarik gabe, euskal gatazka deitu izan dena literaturan islatzea engaiamendutik pasatzen dela, eta nire kasuan engaiamendua musikatik datorrela literaturatik beretik bainoago. Aitzakia horrekin, eta bukaeran denbora baldin badugu, nigan eragina izan zuten abestietako batzuk entzun eta beren letrak euskaraz irakurtzea gustatuko litzaidake.

 

Literaturara itzuliz, badakizue engaiamenduak ez duela ia inoiz fama onik izan letren munduan. Ni ere, hasieran, uste zurrun horren aldekoa nintzen. Oso gaztea nintzenean, demagun hamasei bat urte, gauza sakratua zen literatura gehienontzat, eta poetentzat erlijio bat ia; hortaz, engaiamenduarekin zikintzea bekatua. Artea gauza bat zen nire buru estuan, eta politika beste bat, harekin zer ikusirik ez zuena. Hobeto esanda, politika ez zen existitzen niretzat, Franco hil arte behintzat. Hau ez da erraz ulertuko orduko nire mundua, eta nire lagun eta ikaskide askorena, nolakoa zen gogoratzen ez badut. Oraingo gazteentzat imajinaezina ziur asko.

 

Normalean txikitan ia ezertaz enteratzen ez garenez gero, haurtzaroa gogoratzen dudanean ez dut ezein diktadurarik oroitzen, mundu baketsu bat baizik, eta euskal gatazkaz dudan lehen oroitzapena, zer zen jakin gabe, hamabi urte nituenekoa da ziur asko: Elgoibarren nago eta urrun samar guardia zibil bat ikusten dut, bere pistola eskuan, eta gazte batzuk, norabide guztietarantz korrika, ihes egiten. Tira, hori ez zen ezta euskal gatazka ere, Francoren diktadurapean Espainiako leku askotan ikus zitekeen eszena arrunt bat baizik. Uste dut amari galdetu niola zer zen hura. Ez dakit zer erantzun zidan eta amets batean ikusi banu bezala sailkatu nuen berehala txikitako ezohiko imajina hura. Esan nahi dudana da nire mundu fantastikoan bizi nintzela, lasai, hamabi urterekin. Orain dena dago komunikabidez eta hedagailuz beteta. Baina garai hartan mundua ez zen hain zaratatsua informazioari zegokionez. Adibide batzuk jar ditzaket. Zortzi urterekin irrati txiki bat oparitu zidaten Gabonetan, Gasteizko osaba-izeben etxean. Hirian bizpahiru irrati kate entzun bazitezkeen ere, Elgoibarrera iritsi eta aparatu hark ez zuen zipitzik ere harrapatzen, uhin ertaina izan arren. Frekuentzia modulaturik ez genuen 1968an ezagutzen, ez gure etxean behintzat. Oroimena urte urrun hartara hegan egiten uzten badut, telebistarik ez daukagula ikusten dut. Jende gutxik du. Etxeetan musika entzuteko trasteak gutxi dira. Ez dago kasetegailurik ia inon, inork gutxik du diskogailu bat. Luxu bat da. Auzokoek ere ez dute horrelakorik eta eskatu egiten digute. Handik urte batzuetara auzokoek telebista erosten dutenean haien etxera jaisten gara futbol partidak eta boxeo borrokak ikustera, hala nola Eurovisioneko lehiaketak. Amak ez du telebistarik erosi nahi, ergeldu egiten omen du. Ohera joaten garenean anai-arrebok liburu bana hartu eta logura sentitu arte irakurtzen dugu. Gaur egun komunismo garaiko zenbait film errusiar edo poloniar ikusten ditudanean nire haurtzaroaz gogoratzen naiz. Halako batean gure osaba bat iristen da etxera telebista batekin. Oparia. Espainian kate bakarra dago, txuri beltzean noski, eta eguerditik gauerdira soilik emititzen du. Urte batzuk geroago bigarren katea jarriko dute, gaurko “La 2”, orduan “el UHF” deitzen zena, baina Elgoibarreraino ez da iristen. Telebista frantsesak ere ez, jakina. Poliki-poliki Frekuentzia Modulatuko emisorak hasten dira sortzen, baita euskaraz ere. Jendea dendara joan eta «irrati bat nahi dut» esaten du. «Nolakoa?», galdetzen du dendariak. «Loiola irratia harrapatzen duena», esaten du jende askok. Hots, Fmduna. Irakurtzen dudan literatura espainiarra da eta zaharra kasu gehienetan, fraideen ikastetxean ikasitakoa: Cervantes, Conde Lucanor, Pereda, Gonzalo de Berceo, Marqués de Santillana... Horrelako literatura irakurtzen dugu klasean hamabi urterekin. Pentsa nolako mundua den, 15.000 biztanleko herri batean 14 urte arte ikas daiteke bakarrik, gero Eibarrera joan behar. Elgoibarren ez dago 14 urteak bete eta gero non ikasirik. Etxeetan liburu gutxi daude, gurean ez, baina oso aspergarriak dira gehienak. Aitarenak ingeniaritzari buruzkoak dira. Amarenak, eleberri poliziakoak, Agatha Christie batez ere, eta ingelesezko batzuk, Evelyn Waughren Brideshead revisited eta Bernard Shawren Pigmalion. Horiez gain, Madrilera bizitzera joan diren lehengusuek bidaltzen dizkigutenak. Enid Blytonenak batez ere. Entzuten dudan musika elizakoa da, edo txistulariena, edo Elgoibarko Bandarena, igandero entzun daitekeena herriko plazan, oso ona benetan. Ikastetxeko abesbatzan kantatzen dut. Oraindik ez diot inori politikaz hitz egiten entzuten etxean, herriko kaleetan edo ikastetxean. Lagun asko ni bezala daude, eta horregatik ergelak dirudigu politikaz zer edo zer etxean entzun dutenen aldean. Ezjakintasunean bizi gara.

 

Hamabost urte betetzen ditut eta astebeteko jaia ematen digute fraideen ikastetxean. Norbait hil dutela, Franco ez, beste bat, bere laguntzaile nagusia edo. Paretetan pintadak hasten dira agertzen. GORA ETA V. GORA ETA VI. Ordurako badakit zer den ETA, baina ez dut ulertzen zergatik jartzen duen V edo VI zeinu erromatarrez. Etxean galdetzen dut eta ez didate ezer esaten. Ez dakite eta. Lagunei galdetzen diet baina ez dakite ezer.

 

Halako batez, The Beatlesen Hard Day´s Night botatzen dute telebista frankistan. Hori irekiera ideologikoaren ondorioa dela ikasiko dut urte batzuk geroago. Horregatik zegoen diktaduraren telebista hartan euskarazko saiotxo bat, “Pinpilinpauxa” izenekoa oker ez banago. Ea euskaldunak apur bat lasaitzen diren. Aberri egunetan pilota partida onak botatzen dituzte horretarako. Niri ez zaizkit pilota partidak gustatzen. Baina The Beatles izeneko talde hori bai. Bananduta daudela esaten dit lagun batek nire desilusiorako. Lau urte berandu iritsi naiz. 1974an gaude. Telebistan ikusi dudan filma errodatu zenean lau urte baino ez nituen. Nola demontre ez dut urte haietan guztietan haien berri jakin? The Beatles nahiko gaizki ikusita daude sortzetik beretik Espainia frankistan, Castroren Kuban bezala. The Beatles Madrileko zezen-plazara jotzera joan zirenean, NO-DOan, hau da, zinema aretoetan pelikula baino lehen nahitaez bota behar zen albistegi ofizialean, haiek ikustera oso jende gutxi joan zela esan zuten, eta hura frogatzeko, kontzertua hasi baino ordubete lehenago harmailetan filmatutako irudiak ematen dituzte, eta noski, ordu horretan ez dago jende askorik. Hori dena urte batzuk geroago jakingo dut, Madrilen kantatu zutenean 6 bat urte bainituen. Film horrek kolorea jartzen du nire bizitza grisean, txuribeltzean egon arren. Ama eskandalizatuta dago niri asko gustatzen ari zaidalako. Elkarren ondoan gaude sofan eserita. Aita afariren batean dago beti bezala. Beste anai-arrebak ez dira etxean bizi, edo txikiegiak dira eta lo daude. Ez dut inor nire poza konpartitzeko. Amak beste gauza bat ikusi nahi luke, eta haserre dago filma gustatzen ari zaidalako. Baina ezin du katez aldatu, beste telebista katerik ez dagoelako. Nire lagunei ez zaie filma gustatu edo ez dute ikusi. Musika txarra iruditu zaie. Lourdes Iriondori buruz berba egiten didate. Berehala The Beatlesen diskoak erosi nahi ditut. Diru gutxi daukat baina diskoak oso merkeak dira. Garbigailuak eta hozkailuak saltzen dituzten denda batean eros daitezke diskoak Elgoibarren. Disko gutxi dute baina eskatu egin daitezke. Saltzaile bidaiaria noizean behin pasatzen da handik, eta diskoak enkargatuz gero bizpahiru astean iristen dira. Disko bat eskatzen dut eta ia egunero joaten naiz garbigailuak saltzen dituzten dendara, diskoak iritsi diren ala ez jakitera. Eibarren ba omen dago disko denda bat, esaten didatenez, baina garai hartan Eibar urruti dago niretzat. Autobus interurbanoa ordaindu egin behar da, eta hori dirua amiltzea da.

 

Nire arreba bati gitarra bat erregalatzen diote eta lehen gauzak irakasten dizkit. Harrezkero, gitarra jo besterik ez dut egiten etxean nagoenean. Orduak eta orduak ematen ditut nire idoloen abestiak diskoetatik ateratzen.

 

Poliki-poliki liburu interesgarriak ere hasten dira iristen nire eskuetara. Eibarko ikastetxeko lagun batek esaten dit izugarrizko liburua irakurri duela eta pasatu egiten dit: El extranjero, Albert Camus delako batena. Hasieran oso liburu arraroa iruditu arren biziki gustatzen zait. The Beatlesen pelikula ikustea bezala izan da ia, baina literaturaren arloan. Amari ematen diot irakurtzeko eta oso aspergarria iruditzen zaio. Ama oso beldurtuta dago azken boladan. The Beatles drogazale arriskutsu batzuk iruditzen zaizkio. Telebistan ikusi du nola salatu dituzten droga kontuengatik. Gainera fraide batek Marxi buruzko liburu bat utzi dit. Sinestezina. Nola da posible. Eskandalizatuta dago. Erlijioa ematen digun fraideak ez du erlijioaz bakarrik hitz egiten, eta bere bibliotekatxo pertsonala darama ikasgelara, guk bere liburuak klasean irakurtzeko, edo etxera eramateko nahi badugu. Lagun artean politikaz hitz egiten da baina nik ez dut ia ezer ulertzen. Franco hiltzen den arte. Orduan bizitzazko leherketa bat bezalakoa da, eta bat batean badirudi jende guztiak dakiela euskaraz Elgoibarren. Lehenago ez, lehenago oso euskara gutxi entzuten zen kalean. Oso erdalduna zen dena, baina ikastola behintzat bazegoen. Ikastolako lagunak hamar urterekin ezagutu genituen, zeren ikastolan adin hori arte bakarrik ikas zezaketen eta gure ikastetxera etorri behar zuten. Don Agustinek, gure maisuak, zenbakiak euskaraz irakasteko eskatzen die etorri berriei. Leongoa da. Urte batzuk geroago oso ondo ikasiko du euskaraz.

 

Giro horrek eramaten nau nolabaiteko solipsismo politikora, UBI egitera Gasteizera joaten naizen arte. Osaba-izeben etxean politikaz baino ez da hitz egiten. Aberri eguna iristen da eta izebak eta biok ikurrina jartzen dugu balkoian. Ikurrina legeztatu berri dute. Izeba emozionatuta dago eta ni ere bai. Jartzen dugun bitartean atxilotu egingo gaituztela iruditzen zaigu oraindik. Ezin dugu sinetsi. Jadanik ez naiz hain apolitikoa baina ez zaizkit gustatzen politikaz mintzo diren literatur lanak. Irakurtzen ditugun liburuak literatura espainiarrekoak dira orduan ere, García Lorca zoragarria da, eta Salinas, Valle-Inclán, Pío Baroja eta Antonio Machado. Hegoamerikarrak ere hasten dira iristen. Lehengusuak liburu autobiografiko bat dakarkit, Pablo Nerudaren Confieso que he vivido. Zoragarria. Gero klasiko errusiar batzuk kausituko ditugu etxean. Crimen y castigo. Astuna da hasieran, baina bikaina azkenean. Giro kulturala pobrea da oraindik, eta ezerk ez du iragartzen arte engaiatuaz inoiz interesatuko naizenik, entzuten ditudan ingelesezko abestiak erdi ulertzen hasten naizen arte. Ez dira asko, baina astiro astiro hasten naiz konturatzen nire idoloek beren abestietan batzuetan gauza politikoez hitz egiten dutela, gutxitan bada ere. Harrituta nago. Eta diskoetan idatzita agertzen diren abestien hitzak hasten naiz itzultzen hiztegia eskutan. Amak lagundu egiten dit batzuetan, gaztetan erizain egon baitzen Londresen, eta ingelesa ez zaio zeharo atzendu. Noizean behin ingelesez irakurtzen ditu Agatha Christieren eleberriak. Bat-batean nahiko pijoa iruditzen zait politikaz ez arduratzea. John Lennon bezalakoa izan nahi dut. Power to the people.

 

Gaur egun, zaila egiten zait sinestea zein arraroa zen niretzat orain dela 30 bat urte politika artearekin nahastu zitekeela pentsatzea. Baina, bestalde, ulergarria da, gure hezkuntza guztian politika kutsu txikiena zuena debekatuta baitzegoen. Politikaz mintzo ziren liburuak eta diskoak zentsuratuta egon ohi ziren, ez zitzaizkigun iristen. Abesti batzuk zentsuratuta egon ziren Franco hil arte. Joan Manuel Serrat bera ere debekatuta zegoen. Nolako sorpresa, diktadorea hil ondoren, etxean nituen nire idoloen disko batzuek abestiak falta zituztela jakitean. Zentsuratutako diskoak erosten genituen konturatu gabe. Etxean dauzkat oraindik. Bildumagileen pieza bitxiak dira: Lou Reed, The Who, Jethro Tull, John Mayall, John Lennon, The Beatles, The Rolling Stones, Neil Young. Ordurako, bagenekien noski, kantautore askok abesti zentsuratuak zituztela, gauza bera liburuei zegokienez, baina niretzat rock musikan abesti zentsuratuak egoteko arrazoi posible bakarrak sexua eta drogak ziren, baina ez politika, eta ez nuen espero ezein adierazpen politikorik nerabeentzako musika hartan. Jakin-min handia piztu zitzaidan. Zer zioten letra haiek frankismoarentzat hain beldurgarriak gertatzeko? Egia esan, kasu askotan, sexu eta droga kontuez aparte, klaribidentzia paronoikoa zen zentsuraren motiboa. Beste batzuetan zeharo ulergarria zen, frankisten ikuspegitik noski. Adibidez, zentsuratutako John Mayallen abesti bat Mr. Censor Man titulatzen zen, zentsuratzaileen kontrako abesti bat. Beste batzuetan barregarria zen motiboa, esaterako, Neil Youngen abesti bat zentsuratu zuten Cortez the killer titulatzen zelako, Cortes hiltzailea alegia, Hernán Cortes konkistatzaile espainiarra iraintzen zelako. Hainbeste indiar hil ondoren iraina omen zen hiltzaile deitzea. Abestia azkenean argitaratu zenean, disko espainiarrean titulua aldatu egin zioten, “hiltzaile” hitza kendu eta Cortez Cortez jarri zuten. Ez zuten abestia zentsuratu, izenburua baizik. Barregarria benetan. Baina hori zen giroa.

 

Zentsura ez zen bukatu Franco hil eta gero. Gerta zitekeen, adibidez, liburu bat argitaratzeko arazorik ez izatea eta gero poliziak edizio osoa bahitzea, okerragoa zena galera ekonomikoagatik. Horixe gertatu zitzaion Saizarbitoriaren Ehun metro eleberriari. Argitaratu ahal izateko Francoren heriotzaren zain denboratxoa eman ondoren kaleratu eta poliziak bahitu zuen edizio ia osoa. Uste dut horrek beste ezerk baino fama handiagoa eman ziola Saizarbitoriari. Berriro zirkulazioan jarri zenean barra-barra saldu zen. Lehen euskarazko best-sellerra izan omen zen. Eskerrak. Argitaletxe hura idazleek beraiek finantzatuta zegoen, eta garai hartan ez zegoen Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik. Hain zuzen ere ez zegoen Eusko Jaurlaritzarik. Liburu hori ETAren fronte kulturalak antolatutako lehiaketa batean bigarren gelditu zen. Lehenengo saria ez zuen inork irabazi. Modernoegia zen ETAkoentzat. Oraindik ere oso ondo funtzionatzen duen liburua da, gaurko gazte askori liburu zaila iruditzen zaien arren. The sign of the times. Niri inpaktu handia eragin zidan. Harrezkero, nire idolo musikalen mailan egongo zen Saizarbitoria, haiek bezala zentsuratu baitzuten. Baina ez horregatik bakarrik, errealitate politikoa eta euskal gatazka hain modu bizian islatzeagatik ere bai. Saizarbitoria literaturan eta Bob Dylan musikan parez pare zeuden niretzat. Bob Dylanen abestiekin hasten dira abeslari eta talde anglosaxoiak konturatzen posible dela maitasunaz ez den beste edozer gauzaz hitz egitea. Salto horiek ematea ez da hain gauza erraza, saltoa egin eta gero gezurra badirudi ere. Niri, beste askori bezala, errealitate politiko-soziala euskarazko literaturan erabili zitekeela sinistea Saizarbitoriarekin iritsi zitzaidan. Egia esan ia edozer gauza iruditzen zitzaigun zaila euskaraz: adibidez, futbol partida bat ematea irratian. Euskarazko telebista normal bat izatea bera ere iruditzen zitzaigun sinestezina. Ondo pentsatuta, oraindik ere iruditzen zait.

 

Nola ez zitzaidan ba zaila irudituko literaturan politika kontuak sartzea, politikaz hain gutxi jakinik. Zazpi piper inporta zitzaidan egia esan. Euskal Filologia ikasi nuen garaian egunkaria egunero erosi eta kultura saila bakarrik irakurtzen nuen. Ez nuen telebistarik ikusten, estudiante etxebizitzan ez genuelako. ETAk astero-astero hiltzen zuen norbait. Jende asko atxilotu eta torturatu egiten zuten. Nola demontre izan nintekeen hain inpermeablea? Bost axola, sexua, literatura eta musika ziren nire obsesio bakarrak. Drogak ez. Pote pare bat edanda gaixotu egiten nintzen. Gipuzkoan garai hartan ez nuen inoiz ezagutu ETAren kontra zegoela esatera ausartzen zen gazterik. Ergel sentiarazi nahi ninduten inguruko guztiek, politika axola ez zitzaidalako eta ETAren alde ez nengoelako. Gainera ETAren alde egotea ez zen nahikoa, bi ETA zeudelako, militarra eta politiko-militarra. Hori gutxi balitz bezala, komando antikapitalistak ere sortuko ziren. Garai hartan gauza bakoitza bitan banatzen zen, edo hirutan. Azkenean, lagun batek konbentzitu ninduen ETA militarra onartzen ez banuen, ETA politiko-militarra behintzat onartu beharko nuela. Euskara salbatzeko besterik ez bazen ere. Zailagoa zen poli-milien alde egotea milien alde baino, zeren jende gehiena trufatzen baitzen ETA politikomilitarraz eta berak sortutako alderdi politikoaz. Duda-muda horietan nagoela ETA politiko-militarrak nire osaba bat bahitu duela irakurtzen dut harrituta unibertsitateko liburutegian nire ondoan eserita dagoen lagun baten egunkarian. Bahitzaileen artean nire haurtzaroko lagun minena zegoela jakingo nuen urte batzuk geroago, eta baita Arnaldo Otegi ere. Nire osaba hori Gasteizko Michelin fabrikako zuzendaria zen bahitu zuten garaian, eta greban zeuden langileei laguntzearren erabaki zuen ETA politiko-militarrak ekintza hura egitea. “Abaitua al paredón” oihukatzen zuten langileek Gasteizko kaleetan zehar. Gaur egun langile gehienek gaitzetsiko lukete ETAren “laguntza”. Oso aldatu da giro laborala Euskal Herrian. Egun haietan ETA militarrak berak kritikatzen zituen “poli-milien” ekintzak. Haietaz burlatzen ziren. “Españolista” fama zuten, beste abertzale eta euskaltzale askok bezala, Euskadiko Ezkerrak, adibidez, edo Oskorrik berak (dirudienez CBS espainiarrean grabatu behar izan zituzten beren lehen diskoak, “españolistak” izateagatik euskal diskoetxeetan onartu ez zituztelako). Jarrera horiek ez dira zeharo desagertu Euskal Herritik. Imanol kantariari gertatutakoa ez da hain diferentea.

 

Noski, gure osaba bahitu zuten “poli-mili” haiek gehienak terrorismoaren kontra daude gaur egun (“bereziak” alde bat utzirik noski), eta ez dute jadanik “borroka armatua” esaten. Damututa daude egindakoaz, nahiz eta beste zenbait aditz erabili hori adierazteko, eta alderdi politiko ezberdinetan militatzen dute.

 

Esan bezala, nire haurtzaroko lagun minena zegoen bahitzaileen artean, txikitan Elgoibarren izan nuen benetako adiskide bakarra. Disgustu ederra hartu zuen bahitutakoa nire osaba zela jakin zuenean. Komandoko gehienak omen ziren elgoibartarrak, eta horregatik-edo osaba ezkutatuta izan zuten zuloa gure etxetik oso gertu zegoen. Bizitzan gertatzen diren kasualitateak. Gure ama oinez joan zen zulo hura ikustera handik hilabete batzuetara, Elgoibarko lagun batek gidatuta.

 

Osaba askatu behar zuten egunean zeharo konbentzituta zegoen hil behar zutela. Arreba bat zeukala Elgoibarren, eta nahi bazuten han utzi zezaketela esan omen zien umorea galdu gabe hiltzera zeramatela zeharo sinetsita. Ziur asko bere aitaz gogoratuko zen, zeinari gerra garaian bere askapen agiria sinarazi baitzioten faxistek fusilatu baino lehen. Hura ere kontatu omen zien. Bahitzaileen harridura imajinatzen dut Elgoibarren egonda bertan askatzeko iradoki zienean Bereziki gogorra izan zen hura niretzat, lagunekin hainbeste hitz egin ondoren borroka armatu motaren bat beharrezkoa zela hasia bainintzen onartzen, lehen esan dudan bezala, eta hain zuzen ere, poli-miliak ziren apur bat konbentzitzen nindutenak, eta EIA jakina. Angel Amigok Perturri buruz idatzitako liburuak zerikusi handia izan zuen nire aldaketan. Pertur oso hurbil sumatu nuen, baina ez arrazoi ideologikoengatik bakarrik. Perturri ere niri gustatzen zitzaidan musika berbera gustatzen zitzaion. Rock talde bat sortu zuen, eta gero Gorka Knörrekin ibili zen gitarra jotzen.

 

Osaba bahitu zutenean inoiz ez zitzaidan burutik pasatu hil zezaketenik. Badakizue, gauza larri horiek besteei gertatzen zaizkie beti, guri suertatzen zaizkigun arte noski. Familiako giroa izugarria izan zen osaba bahituta egon zen denboran. Euskal Herrian gure bizitza pribatuan politika nola sartzen zen ikusita, garai hartan batez ere, harrigarria iruditzen zait euskal gatazkaz gehiago eta lehenago ez idatzi izana. Oso ondo iruditzen zait gai hori literaturan erabili nahi ez duen jendea egotea, noski, ulertu iezadazue, baina harrigarria iruditzen zait gaia berez gure orrialdeetara lehenago eta maizago ez sartzea. Ni naiz adibide aparta. Fantasiak idazten hasi eta denboratxoa behar izan nuen errealismo gordinean erori arte. Gaur egun, literatura engaiatua askorentzat modaz pasatuta dagoen arren, Wayne C. Booth maisuak aspaldi idatzi zuenarekin zeharo ados nago oraindik:

 

Zenbait lan idatziz arrakasta lortzeko, eleberrigile batzuek uste dute beharrezkoa dela kausa politiko eta intelektual guztiak gaitzestea. Chejovek ez du, artista gisa, liberala edo kontserbadorea izan nahi. Flaubertek, 1853an idatzi zuen bezala, uste du, baita ideia ugaritasuna defenditzen duen idazleak ere ez duela inondik inora erlijiorik, aberririk edo gizarte konbikziorik izan behar. Neutraltasun osoaren aldarrikapena ez bezala, baieztapen hau ez da inoiz ukatua izango, eta ez du nozituko ezein gorabeherarik literatura teorietan edo filosofia modetan. Bere kontrakoa bezala, Sartre eta beste batzuen aldarrikapen existentzialista, zeinaren bidez defenditzen baita artistak zeharo engaiatuta egon behar duela, haren baliotasuna autorea idazten ari den eleberri motaren araberakoa izango da. Artista handi batzuk beren garaiko kausetan konprometitu dira, eta beste batzuk ez. Badirudi obra batzuei engaiamenduak kalte egiten diela, eta beste batzuek, ordea, engaiamendu kopuru handia jasan dezaketela. Batek beti aurkitu ditzake kasuaren bi alderdiak frogatzeko adibideak; artistaren helburu partikularrek bere engaiamenduarekin zerbait egiteko bera ezintzen duten ala ez da auzia, ez berak engaiamendu hori duen ala ez.

 

Baina hasieratik esan dudan bezala, engaiamendua artearekin ezkontzeko konbentzimendua ez zitzaidan etorri literaturatik (Ehun metro eta beste liburu batzuen irakurketa beranduago etorriko zen), musika anglosaxoitik baizik. Bob Dylan, John Lennon, John Mayall eta abar garrantzitsuak izan ziren hasieran, baina Euskal Filologia ikasten ari nintzela, diktaduratik demokraziaranzko trantsizio politikoaren urteetan (benetako demokrazia bat den ala ez eztabaidatzea beste baterako utziko dugu) Xabier Montoiak punk eta reggae musikez hitz egin zidan, garai hartan bere faboritoak. Ez nion hasieran kasu gehiegirik egin, baina geroago beren abestien hitzek harritu egin ninduten, beren agresibitate eta zuzentasunagatik, politikaz hain garbi hitz egiteagatik. Ez nengoen ohituta. The Clash, Sex Pistols eta Bob Marley oso onak iruditzen zaizkit oraindik. Hasieran reggaea egiten zutenak hortera batzuk iruditzen zitzaizkidan, lehengusu baten etxean Bob Marleyren Rastaman Vibration disko bikaina entzun nuen arte. Gero bere disko guztiak erosiko nituen. Musikaren sinpletasun erakargarria, baxuaren indar harrigarria, letra engaiatuak... dena iruditu zitzaidan aparta, ulertzen zitzaionean, noski, ezen Jamaikako ingelesa biziki aldrebesa baita askotan. Baina zer tipo ausarta. Disko hartako abestietako baten hitzak Etiopiako erregearen hitzaldi batetik aterata zeuden. Inoiz ez nuen hura baino letra engaiatuagorik entzun. Hona hemen euskarara itzulia:

 

GERRA

 

Bizitzak irakatsi didana

konpartitu nahi nuke

ikasi nahi dutenekin...

Arraza bat goikoa dela eta beste bat behekoa

defendatzen duen filosofia

behin betiko eta zeharo desakreditatua

eta abandonatua izan arte,

Nazio batean

lehen eta bigarren mailako hiritarrak

egon ez daitezen arte,

Gizakiaren azalaren koloreak

bere begien koloreak baino garrantzi handiagoa

izan ez dezan arte,

Oinarrizko giza eskubideak

ezein arrazarik salbuetsi gabe

guztientzat berdin bermatuta izan arte,

egun hori arte

bake iraunkorraren ametsa

mundu hiritartasuna

eta nazioarteko moraltasunaren arauak

ez dira izango

ilusio labur bat baizik

eskatu beharrekoa baina inoiz ez lortua,

Angolan, Mozambiken eta Hego Afrikan

gure anai-arrebak modu doilorrean

zapaltzen dituen erregimen gaizto eta zoritxarrekoa

zeharo suntsitu arte,

egun hori arte

afrikar kontinenteak

ez du bakerik ezagutuko

Afrikarrak borrokatu egingo gara beharrezkoa bada

eta badakigu irabazi egingo dugula

seguru baikaude

gaizkiaren gaineko ongiaren garaipenaz.

 

Laster ikasiko nuen bezala, bertso horiek ez zeuden Gabriel Arestiren eta beste poeta batzuen poesia sozialetik oso urrun. Egia esan, bertso hauek euskaratzerakoan Arestiren gogorapena etorri zait berehala: «Ni naiz behin / esan nuena: / Gu bizi garen munduan, / gizarte honetan, / zuzenbidea / debekaturikan dago».

 

Euskal gatazka nire obran agertzeko modua engaiatua da indarkeria gaitzesteko efektua lortu nahi duelako esan gabe ere. Narratzaileak ez du indarkeria kondenatzen, pertsonaia batzuk indarkeriaren alde agertzen dira eta beste batzuk kontra. Nire helburua, ordea, indarkeriaren izugarritasunak berak gaitzespena sortzea da.

 

Euskal gatazka lehenbiziko aldiz nire obran 1983an argitaratu zen ene lehen narrazio liburuan bertan agertzen da, “Nota urdinak” titulatzen den ipuin luze batean (ingelesezko “blue notes” delakoaren itzulpena noski). Bertan zinegotzi abertzale baten hilketa kontatzen da. Estatu terrorismoa salatzen da. Ipuinean musikak ere bere presentzia du, zeren Donostiako jazzaldia agertzen baita eta bertara jotzera etorri den musikagile amerikar bat da protagonistetako bat, gauez paseatzen ari den bitartean zinegotziaren hilketa ikusi duelako hil egiten dutena. Hala ere, politika kontuak ez zitzaizkidan gehiegi gustatzen literaturarako, eta nire bigarren ipuin liburuan ez da gaiarekin zerikusia duen ezer agertzen. Ez, ez nuen laket politikaz mintzatzea, ene inguruko gazte gehienentzat denbora-pasa dibertigarriena edo grina sutsuena zirudien arren. Jende guztia ikusten nuen obsesionatuta lagun hurkoa bere esparru politikora eramatearekin, edo egiaren jabego osoa zuela behin eta berriro frogatzearekin.

 

Alabaina, Susa aldizkaria sortuko zuen idazle taldea biltzen hasi ginenean politikaz ez genuen ezertxo ere hitz egiten. Garai hartan ez dut uste Josu Landari edo geroago etorriko zen Iñaki Uriari politika gehiegi axola zitzaienik. Ezta Mikel Antzari ere ziur asko, ez baitzuen politikaz inoiz berba egiten. Mikelen kasua ezberdina zen ordea, aita urte mordoan izan baitzuen kartzelan. Berari oso goiz sartu zitzaion politika bizitza pribatuan. Batzuk gehiegi mintzo ziren politikaz, eta beste batzuok ia ezer ez. Borroka armatuaren kontra inor ez, gazteen artean behintzat. Indarkeriaren kontra mintzatzea barregarri gelditzea zen. Ez zegoen modan. ETA militarraren alde ez egotea, ergela izatea zen gazteen artean, eta ados ez bazeunden hobe isiltzea. Penaz begiratzen zizuten. Begien bistakoa zen gauza bat onartzen ez bazenuen, horrek esan nahi zuen tontolapiko hutsa zinela. Etsai gisa ez bazintuzten ikusten, jakina. Mundua modu manikeoan bakarrik irudikatu ohi dugu geure buruan, maizegi: onak eta gaiztoak omen dira paper posible bakarrak munduan, eta gu beti gaude onen aldean noski. Primo Levik aspaldi idatzi zuen bezala:

 

Gure eta haien artean arloa zatitzeko exijentzia hain da erabatekoa —gure animalia sozial jatorriaren garaitik datozkigun arrazoiengatik agian— ezen lagun/etsai bikoiztasun-eskema, gainerako gauza guztien gainetik nagusitzen baita. Historia herrikoia, eta baita historia eskoletan irakatsi ohi den bezala ere, konplexutasunetik eta erdibidetik urruntzen den joera manikeo honek kaltetu ohi du: giza gertakarien multzoa gatazken bidez azaltzeko joera du, eta gatazkak borroken bidez; gu eta haiek, atenastarrak eta espartarrak, erromatarrak eta kartagotarrak. Hauxe da futbola, beisbola edo boxeoa bezalako kirol espektakuluen arrakasta handiaren zergatia, zeintzuetan lehiakideak bi talde edo bi pertsona diren, definituak eta identifikagarriak eta non, jokoaren bukaeran, irabazleak eta galtzaileak egongo diren. Berdindu egiten badute, ikuslea engainatuta eta desilusionatuta sentituko da. Konturatuta edo konturatu gabe, irabazleak eta galtzaileak egotea nahi luke, hauek onekin eta gaiztoekin identifikatzeko, zeren lehiakide onek irabazi behar baitute, bestela mundua hankaz goratu egingo bailitzateke.

 

Eta ez da ahaztu behar Primo Levi nazien kontzentrazio esparru izugarrienean egon zela. Idazle italiarraren hitz horiek irakurri baino askoz lehenago horrela pentsatzen nuelako idatzi nuen nire lehen eleberria. Pizgarria Yoyesen hilketa izan zen. Gezurra badirudi ere, jende askori ahaztu egin zaio zein zen Yoyes, Dolores González Katarain, eta gazte askok ez dakite ezer. Zergatik ez da Harluxet Fundazioaren Entziklopedian Yoyes aipatzen eta bai Txomin Iturbe, esaterako? Kasualitate hutsa benetan? Yoyesen aldeko kontzertuak antolatzeagatik bukatu zen Imanol kantariaren karrera musikala.

 

Yoyesen hilketak biziki hunkitu ninduen. Horrexek jarri ninduen argi eta garbi ETAren kontra. Behin betiko. Hura asasinatu baino hamar bat urte lehenago haren familia osoa ezagutu nuen. Euskal Filologiako gure ikasgelan Yoyesen anaia batekin zebilen neska bat zegoen eta nahiko lagunak egin ginen. Garai hartan Yoyes Amerikan bizi zen, borroka armatua uzteko erabakia hartu eta gero. Lagun hark askotan hitz egiten zidan bere mutilaren arrebaz, zein azkarra zen, zein pertsona ona, zein eskuzabala. Mitoa zen Euskal Herriarentzat ez ezik familiarentzat ere. Behin, neska honek jantzita zeraman jaka Yoyesena zela esan zidan, eta ezkutaezina zen bere aurpegian agertu zen harrotasuna. «Orain Mexikon dago», esan zidan konplizitatezko keinu batekin. Etxe bila nenbilenez, bere pisuan leku libre bat zegoela esan eta hara joan nintzen bizitzera. Etxe hartatik Yoyesen anaiarreba guztiak pasatu ziren. Baita senarra ere, Santo Tomas lizeoko irakasle bat. Han denak ziren oso ezker abertzalekoak, eta eztabaida izugarriak izaten zituzten nirekin. Nahiko gogorra zen guztien kontra eztabaidatzea. Ikasturte batean beren etxera gonbidatu ninduten egun batzuk pasatzera, Ordiziako ez dakit zein jai zirela-eta. Horrela ezagutu nituen gurasoak ere. Oso jende eskuzabala zen, eta oso alaiak denak. Etxe hartara sartu nintzeneko lehen oroimena sukaldeko gas-labea piztuta eta irekita zegoela da, berogailu gisa erabilita. Labe barruan piztuta zeuden gar urdinak memorian dauzkat grabatuta pelikula batean ikusi banitu bezala. Ohitura normala izango zen Ordizian, baina niri bitxia iruditu zitzaidan sukaldeko labea horrela erabiltzea.

 

ETAk debekatuta zion Yoyesi Euskal Herrira itzultzea, eta bere askatasun pertsonalaren izenean desobeditu zuenean, erakunde armatuak ez zuen gupidarik azaldu eta hil egin zuen. Behiala hain borroka armatuaren alde egondako familiaz pentsatu ohi nuen askotan. Behin Yoyesen ahizpa bat ikusi nuen telebistan, ETAkide ohia bera ere (torturengatik gorra zen belarri batetik), hilketaz hitz egiten. Bere seme-alabak jaten zituen munstro bat zela ETA esan zuen. Nire lehen eleberrian Yoyesen hilketan oinarritu nintzen kapitulu bat idazteko eta orain irakurri egingo dizuet:

 

Euskal Jaiak ospatzen ari dira herrian, eta atmosfera alaia da nagusi nonahi. Jende asko dago kalean. Hizketa ozenak eta barreak ateratzen dira taberna guztietatik. Emakume gazteak eskutik darama bere semea. Ile luze eta beltza du, begirada gardena, eta begitarte lasai eta zoriontsua, baina ukitu malenkoniatsu batek mospeldurik. Semeak feriako traktore erakusketa ikusi du, eta horregatik hasi da tiraka bere amarengandik. “Baietz, banoala”, esan dio. Eta une horretantxe ikusi du emakumeak gizon gaztea bost bat metrora. Ozta aurpegira behatu eta jabetu da egoeraz. ETA lagatzean esan ziotena etorri zaio burura: “zure etorkizuna lurpean dago”. Ziztu bizian iragaiten da guzti hori bere burutik. Gizon gaztea ikusi, eta berehala konturatu da bera akatzera doala, azkenean ez diotela “enpresako” kideek borroka armatua uztea barkatu. Esperantza izpi bat argitu da bere barrunbean traktoreetarantz begiratzean. Segundo hamarren batzuetan pentsatu du traktore haietara antxintxika eginez gero beraien atzean babestu ahal izango dela beharbada. Gizon gazteak pistolarik ez duela oraindik atera ikusten du emakumeak. Bihotz taupada ozenak nagusitzen zaizkio bular barnean, baina ez da horretaz ohartzen. Oraindik eskutik oratuta duen semeari ezer ez gertatzea da bere ardurarik handiena traktoreetarantz arineketan jo baino lehen. Horregatik apartatu du bere ondotik semeak ulertu ez duen mugimendu apur bat zakar batez. Amak ez dio horrelakorik sekula egin, baina amak ezin dio “barkatu maitia, baina hil egin behar naute” esan. Mugimendua bortitza eta azkarra izan da, asti gehiegirik ez duela badakielako, eta traktoreetarantz arineketan abiatu denean, burua jiratu du mugimendu azkar batez, eta orduan konturatu da ez dela pertsona bakar bat bere atzetik doana, bi baizik, eta horregatik ilundu zaio esperantza pittin hura, bihotz barruan gordetzen zuena. Tiroak jaso eta hil baino apur bat lehenago bizitza guztia iragan da bere gogotik. Tiro hotsak entzun ondoren, halabeharrez handik pasatu den emakume gaztearen ama traktoreak zeuden plazara iritsi denean, jende mordo bat ikusi du makinen inguruan, eta zer gertatzen den ikustera joan da. “Neska batek bere burua hil du”, esan diote erdaraz, eta bere biloba ikusi du orduan, bularrera oldartu zaiona. “Amona, amona, bi bakero etorri dira pistolekin eta ama hil dute”, esan dio, eta orduan ikusi ditu bere alabaren galtzerdiak manta baten petik ateratzen. Manta altxatu, eta bere alabaren aurpegia ikusi du. Zeruaren koloreak, airearen usaiak eta argiaren tonalitateek udazkena iristear dela iragartzen dute.

 

Primo Levik bezala pentsatzen dudalako, ez zitzaidan egokia iruditzen alde bateko indarkeria bakarrik azaltzea eta horregatik estatu terrorismoa eta torturak ere agertzen dira. Beste zati bat irakurriko dizuet:

 

Eskuturretan bilurrak dituen mutilak hogeita lau bat urte izango ditu. Bi polizia kausitzen dira bere alde banatan, ziztu bizian doan auto beltzean. Izututa dago mutila, oinazez beterik du gorputza, eta txano bat du buruan sudurreraino jantzita, begiak estaltzeko moduan. Aurreko eguna gogorra izan da benetan, eta ez dirudi gaua laguntzera etorri zaionik. Beste auto bat daukate atzetik, jarraika antzean, mendi bide batera abiatu direnean. Lantzean behin kolperen bat ematen diote urdailean alboetako gizonek, mutila areago izutzen duten esaldiak ahoskatuz. “Ahora sí que vas a hablar, hijoputa”, esan diote, “la tienes clara”. Alferrik azaldu die ez dakiela ezer, oker daudela berarekin, baina ez diote jaramonik egin, badirudi konbentziturik daudela “terrorista” garrantzitsua dela. Ikusterik izango balu, sinistroak irudituko litzaizkioke zeharkatzen ari diren parajeak, eta sinistroa halaber gauaren iluntasuna. Buruko mina du aurreko orduetan telefono-liburu lodi batekin buruan eman dizkioten takatekoengatik, atsedenik hartzen ez lagatzeagatik, jasandako irain guztiengatik. “Te hemos aplicado la ley antiterrorista”, esan zioten atxilotu ondorengo lehen uneetan, “es inútil que pienses en abogados, podemos hacer contigo lo que nos dé la gana durante diez días, diremos a la opinión pública que eres un terrorista, y todo lo que te hagamos les parecerá bien”, eta barre egin zuten. “No queríais democracia? Pues ya tenéis democracia. Vosotros aprobáis las leyes, y nosotros las aplicamos”.

 

Tupustean, zuhaizti baten erdian gelditu dira bi autoak, eta barruan dauden guztiak gau ilunera irten dira, atxilotutakoak bultzaka jalgiaraziz. Txanoa kendu diote burutik. “Te la quito porque no me importa que me veas, ya que no vas a poder contarlo”, esan dio sudur ttipia duen poliziak. Mutilak neska bat ikusi du beste autotik irtendako polizien artean. Ez du ezagutzen, eta bera bezain izutua eta jipoitua ematen du. “A ver. Qué prefieres, horca o fusilamiento”, galdetu diote neskari. “Esto es la democracia, no? Tener libertad para elegir. Baina neskak ez du ezer esan, lurrera erori delako kordea galdurik. Zerbait hurbildu diote sudurrera, amoniakoa agian, eta bere onera itzuli bide da, ezen zutik jarri dutenean, begiak ireki dituela ikusi baitu mutilak, eta dardarka eta negarrez ari dela. Korapilo bat sentitu du eztarrian, eta min handia du urdailean. Hil behar badute, lehenbailehen izan dadila. Orduan polizia haietako batek neska besotik hartu eta “nos vamos a dar un paseo” esan du, eta besteek “con esa tía tan fea? Qué mal gusto tienes” erantzun diote trufaz. Zuahiztian zehar aienatu dira, arbolarik ez dagoen lekurantz, non zeruan dagoen ilargiak bere aurpegi maskala erakusten duen, gaixorik bailegoan. “Escucha bien”, esan diote mutilari. Baina ez du ezer entzun, eta ez du ulertzen zergatik esaten dioten hori, urrutian garrasi lazgarri bat eta tiro hotsa entzun dituen arte. “Una hijoputa menos”, esan du gizonetako batek. “Vas a hablar, o qué”, esaten dio gizonik luzeenak, baina berak badaki alferrik dela ezer ez dakiela eta berarekin huts egin dutela berriro esatea. Badaki ez diotela sinetsiko, aurrekoetan bezala. Ekar diezaiotela nahi dutena, eta sinatu egingo duela esaten die. Negarrez hasten da. “Vaya terrorista de mierda que eres, no sabes que los hombres no lloran?” esan dio urrutien dagoen gizonak eta ondoren aldapan gora eraman dute. Oso zuhaitz sendo baten ondora iritsi dira, baina mutilak ez du ikusi, lurrera begira dagoelako, lokian pistola bat jartzen diotela sentitzen duen bitartean.

Lehenbailehen buka dezatela nahi du. Lehenbailehen. Gizon luzeenak katua zapaltzen du kanoia apur bat desbideratzen duelarik, bala bere buruaren gainetik iraganez. “De verdad pensabas que te íbamos a matar?”, esaten dio pistola duenak isekaz, berari begiratuz lehenik, eta besteei gero. Orduan denak hasi dira barre algaraka.

 

Lehen esan dudan bezala, nire eleberri hau literatura engaiatua da pasadizotxoak kontatzera mugatzen ez delako. Indarkeriaren zatarkeria azaldu nahi nuen, bere alde tristeena eta zikinena, erreakzio negatibo bat lortzeko. Askotan esan zaigu jarrera hau dugunoi ekidistantziaren tranpan erortzen garela, baina guk aurkarien indarkeria ukatzea eta beraiena onartzea da benetan nahi dutena kritika hori egiten digutenek.

 

Eleberri hori argitaratu ondoren nire lagun batzuek eta editoreak gutun anonimoak jaso zituzten, non haietaz gaizki esaka nenbilela esaten baitzen. Nire editorea izan zen anonimo gehien jaso zituena. Urte dezente pasa ondoren ere iritsi zitzaion azkena. Berehala konturatu nintzen jende askok ez ninduela jadanik laguntzat hartzen, eta kalean ez zidaten diosalik egiten. Behin Txillardegik ez EAJrik ez HBrik zegoen Hendaiako Aberri Egun batean ikusi ninduen eta «hik zer egiten dek hemen» galdetu zidan ironikoki eta erdi barrezka. Noski, ez zuen arraposturik espero, eta ez zidan denborarik eman erantzuteko. Dena dela, ziur nengoen ez zuela ulertuko. Agian, gaur egun hobeto ulertzen du, abertzale batzuek Aralarren kontra egiten dituzten gauzak ikusita.

 

Lagunak eta ezagunak zapuztearena eleberria argitaratu baino urtebete lehenago hasi zen, “ETAren kontra, negoziaketaren alde” izeneko artikulu bat Euskaldunon Egunkarian argitaratu nuenean. Ez zidaten zentsuratu. Berehala argitaratu zen beste artikulu bat erantzun gisa: “Mikel Hernandez Abaituaren kontra, negoziaketaren alde”. Ez dut autorea gogoratzen, izena zeharo ezezaguna zen niretzat. Egia esan, goitizena zirudien. Nik bigarren artikulu batekin erantzun nuen eta argitaratu egin zidaten. Gero, garai hartan Euskaldunon Egunkariako zuzendaria zen Pello Zubiriaren dei bat jaso nuen. Nirekin egon nahi zuela. Nire bigarren artikuluaren erantzuna zen artikulu bat erakutsi zidan, lehengo autore berberarena. «Zein dek benetako autorea?», galdetu nion, eta berak langile arrunt bat zela esan zidan, eta ez zela gezurretan ari. Argitaratu baino lehen irakurtzeko ekarri zidan, eta hartaz artikulu gehiago idatzi ez nezan eskatzeko. Pentsatzen nuena esateko nire aukera izan nuela eta alferrik zela polemika luzatzea. Hala ere, nire artikuluak interesatu egiten zitzaizkiela esan zidan. Ez zirudien batere eroso egoera hartan. Jesuitek Donostian duten unibertsitatean elkar ezagutu genuen urte batzuk lehenago. Historia ikasten zuen. Oso hiztun abila eta argia iruditu zitzaidan beti (argiegia batzuetan), Josu Landa, Iñaki Uria, Kike Amonarriz eta beste batzuekin EUTGko tabernan batzuetan egiten genituen kolokio inprobisatuetan.

 

Nire lehen eleberrian agertzen den beste gai sozial bat, etxebizitzen prezioa da. Gazte talde batek agentzia inmobiliarioen kontrako ekintzak burutzen ditu, kristalak hautsiz eta pintadak eginez. Orduan ez nuen uste hamabost urteren buruan egoera askoz larriagoa izango zenik. Hauxe da nire iritziz gaur egun dagoen bidegabekeria sozial handiena, beste gauza guztiak baldintzatzen dituelako. Agian oraingo gazte gehienak oso lasaiak direlako ez da ezer gertatzen ari, baina auskalo, edozein unetan piztu daitezke istiluak. Belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatzen ari dira. Kreditu handi batean sartzeak pobrezia dakar. Esplotazio mota bat da. Nire belaunaldia oso hipotekatuta dago baina hala ere ez dago konparatzerik hurrengoarekin. Etxebizitzekin espekulatu dutenen bizimodu erosoa ordaintzera kondenatuta dago jende asko bizitza osorako. Eleberria argitaratu zenean ez bezala, orain asko hitz egiten da gaiaz, baina benetako soluzio gutxi ikusten dut.

 

Eleberri honetan dagoen hirugarren gai nagusia musika da. Protagonistak musikagile afizionatuak dira eta eleberrian zehar maketa bat grabatzen dute. Nik neuk maketa bat grabatu nuen etxean nire traste trauskilekin. Grabazioaren kasete bana oparitu zitzaien liburuaren lehen 500 erosleei. Gaur egun posible da liburua dendetan erostea, baina ez kasetea. Horregatik, hitzaldi honetarako grabatu dizuedan diskoan abesti haietako batzuk ere sartu ditut.

Nire hirugarren ipuin liburuan ez da euskal gatazka aipatzen, eta engaiamenduarekin zerikusia duen ipuin bakarra dago. Estatu ezezagun batean bere ideia politikoengatik preso eta heriotzara kondenatuta dagoen kazetari baten azken egunak kontatzen dira.

 

1996an ipuin liburu txiki bat argitaratu nuen nire bigarren eleberriaren aurrerapen gisa, eta bertan agertzen diren hiru kontakizunak euskal gatazkari buruzkoak dira. Bigarrenean ETAk hil zuen nire ikasle baten istorioa kontatzen da. Neska hau polizia baten alaba zen eta bera eta bere familia bizi ziren polizientzako etxean ETAk bonba bat jarri zuelako beste etxe batera bizitzera joan behar izan zuten, ikastetxetik urruti. Horregatik, aitak eramaten zituen goizero bere autoan. Polizia honek beti begiratzen zuen autoaren azpian bonbarik bazegoen ere, eta ez zien seme-alabei sartzen uzten dena ondo miatu arte. Baina egun hartan bere alaba batek ez zion kasurik egin eta autoan sartu orduko lehertu egin zen. Gure ikasle hau hil zen goizean, sartzeko ordua jo baino lehen, gizon gazte bat agertu zen institutuan, neska ongi iritsi zen ala ez galdetzeko. Polizia zen, neskaren senargaia. Esan zuenez, beti jaikitzen zen oso goiz neskaren aitaren autoaren azpian miatzeko, baina egun hartan beranduegi esnatu zen. Horregatik etorri zen zuzenean institutura. Agian bere mutilak autoaren azpian begiratuko zuela ziur zegoelako desobeditu zuen gure ikasleak aitaren agindua, eta horregatik sartu zen kezkarik gabe autoan. Ikasle guztiak hunkituta egongo zirela pentsatu nuen, eta gehienak hala zeuden, baina ikasle abertzale batzuei mespretxuzko hitzak entzun nizkien hoztasunik handienaz. Telebistan elkarrizketatu zuten gure irakasle batek telefono dei anonimo bat jaso zuen etxean: “Eusko gudariak” izan zen aurikularretik entzun zuen gauza bakarra.

 

Ipuin liburu horretako hirugarren kontakizunean euskal gatazkaz zuzenean hitz egiten da, iritzi artikulu batean bezala. Gutun luze bat da, terrorismoaren kontra dagoen gizon gazte batek ETAkoa den bere lagun bati idatzitakoa. Mikel Antza eta biok lagunak izan ginen orain dela urte asko. Bere arreba Euskal Filologiako nire gelan zegoen. Bere orduko neskalaguna nire koinata da gaur egun eta nire emaztearen osaba bat kartzelan egon zen Mikelen aitarekin. Egunkarietan Mikel ETAko kupulan zegoela irakurri nuenean gezurra zela izan zen pentsatu nuen lehen gauza. Beste albiste batzuek konbentzituko ninduten geroago. Gutun bat idatziko banio zer esango niokeen hasi nintzen pentsatzen konturatu ere egin gabe. Eta ipuin hori atera zen. Xehetasun guztiak ez dira autobiografikoak baina Mikel aurrean eduki banu bezala idatzi nuen ipuina. Bertan ez da euskal gatazkaz bakarrik hitz egiten. Literaturaz ere bai. Mikel Antza oso literaturazalea zen.

 

Esan bezala, kontakizun horiek nire bigarren eleberrian agertuko ziren gero. Bertan ETAk mehatxatuta dagoen unibertsitateko irakasle baten istorioa kontatzen da. Mehatxatuta dagoenez, eta Euskal Herriaz zeharo aspertuta, Italiako unibertsitate batera doa lan egitera. Eleberria bidaiaren kontakizuna da, baina berau barnekoagoa da kanpokoa baino. Gehiago dira gogorapenak unean uneko gertakizunak baino. Bi dira gai nagusiak, protagonistaren bizitza pertsonala eta euskal gatazka. Kasu honetan gaiaz hitz egiteko aurreko kasuetan baino atzerago jo nuen denboran. Protagonistak euskal gatazkaz pentsatzen duenean Gerra Zibilaren garaietaraino jotzen du eta bere familiaren kontuak gogoratzen ditu. Parte hau idazteko nire familiaren historian oinarritu nintzen eta baita Gasteizko beste familia nazionalista batzuen istorioetan ere. Nire aitona, amaren partetik, Araba Buru Batzarrekoa izan zen, eta horregatik fusilatu zuten gerraren bigarren urtean. Ihes egiteko aukera izan zuen baina ez zuen nahi izan. «Ez naiz kometitu ez dudan delitu baten errudun egingo», esaten omen zuen behin eta berriro atxilotu baino aste batzuk lehenago ihes egiteko aholkatzen ziotenean. Javier Landaburu bere lagunak ez zuen berdin pentsatzen eta ihes egitea lortu zuen nire beste aitonaren furgonetan ezkutatuta. Orain dela urte gutxi, horren seme bati, El Paíseko kazetari ezaguna bera, lehergailudun gutun bat bidali zion ETAk. Ez zen hil baina behatz batzuk galdu zituen. Antzeko pasadizo bat nuen idatzita nire lehen eleberrian.

 

Hau guztia esanik, zera galdetzen diot neure buruari: ba al nuen euskal gatazka literaturan ez islatzeko aukerarik? Gai honi buruzko eleberri luze bat idatzi nahi nuke noizbait, euskal familia baten historian oinarrituta. XX. mende gehiena harrapatuko luke bere orrialdeetan. Errepublikaren aldarrikapenarekin hasiko litzateke Eibarren, eta ETAren desagerpenarekin amaituko litzateke ez dakit non. Euskal Herriaren independentziarekin bukatzeko, beste mende bat beharko genuke ziur asko.