KULTUR PERFORMATIBITATEA ETA GIZARTE FETITXEGINTZA.. Kepa Fernandez de Larrinoa. Utriusque Vasconiae. 2010.

so 1467378181235 SO | 2020-11-15 07:46

Sarrerako bi hitz liburuaren gaiaz eta antolaketaz

Aipatzera gatozen liburu honen balio handienetakoa, egiten duen sintesi-lana da. Diziplina antropologikoak hartu duen hainbesteko zabaltasun eta norabide teorikoen aurrean, egileak,erreferentzia zehatzez janzten du berelana, kultur praktika sozialak aztertzeko leudekeen ikerketa-bideak zein arazo teoriko nagusiak, irakurleari argigarri gerta dakizkion. Giza komunikazioaren oinarrian dagoen sinbolismoaren gaiak lan guztia zipriztintzen duela iruditu zait. Halere, duen egituraketak, irakurlearen gogo eta interesaren arabera, irakurketa era ezberdinak ahalbidetu ditzakeelakoan nago. Fernandez de Larrinoak berak sarreran esaten digunez, liburua osatzeko atondu dituen kapituluak, 90eko hamarkadako idazkiak bilduta osatu ditu.

Pentsa genezake orduan, idazki bakoitzak bere egitura propioa baduela, eta halaxe iruditu zaigu. Ez dago zertan irakurketa lineala derrigor egin beharrik; izan ere, Fernandez de Larrinoak paratu digun liburu honek atalka egituratzen diren ia hirurehun orri mardul baititu. Beraz, atal horiei ekin diezaieke irakurleak, eta juzgatzen duenaren arabera, bere kaxara molda ditzake jakingaiak, hala nahi izanez gero behintzat. Izanere, jakin beza irakurle interesdunak, bibliografia oparoz betetako egile askoren erreferentziak esku-eskuraizango dituela; zer esanik ez, iker-lerro nagusietan sakondu nahi izanez gero, azkar topatuko du nora jo. Bada, teorizatzeko iturri aberatsa otu zaigu eskura jarrita dugun liburua. Baina esandakoa gogoan, inork ez dezala pentsa bizkarrezurra faltan duenik.

Ene ustez (eta gainerakoan irakurleak esan beza), perfomancearen ideia da liburu osoaren uztartzailea, areago, praktika kulturalaren bilakaera eta praktika horrek duen gizarte-esanahia euskal kulturari dagokionez. Hortaz, gizarte-errepresentazioaren esangurak aztertze bidean, antropologia soziokulturalaren talaiak eskaini diezagukeenaren sintesi mardul eta aberatsa plazaratzen du Fernandez de Larrinoak.

Liburuaren egiturari begirada luzatzen diogunerako, Kepa Fernandez de Larrinoaren liburuak kultur performatibitatearen gaia oinarrian hartzen duela jabetzen gara. Eta antropologia soziokulturalaren diziplina, azterbide egokitzat jotzen du berau jorratzeko. Fernandez de Larrinoaren lanak, funtsean, giza komunikazioaren sinbolizatzeko gaitasunaren ondorioan, errealitatea irudikatzeko darabiltzagun molde ezberdinen azterbideak proposatzen dizkigu, bereziki, euskal kultura antzeztua eta erritualizatua aztergai jartzen baitu bete-betean. Horixe da muinean irakurle interesatuak aurkituko duena: azterbide hori egiteko bide teorikoen proposamena baita. Baina azterbide hori oraindik aproposago sakontzeko, bi egile osagarri bildu ditu bere lan honetara. Lehenik, Joseba Zulaikaren aitzinsolasa aurkituko dugu, eta ondoren Mattin Irigoienen lantxoa gibelean.

Zulaikaren lanak, antropologia sinbolikoaren oinarri epistemikoaren gaineko hegaldia egiten du, arloaren kontzeptualizazio eta lerro teoriko nagusien norabideak azaltzen dituelarik. Irigoienek, kultur praktikaren kritika sozialaren problematika azalera dakar, horixe baita antropologia sinbolikoaren esparruaren lanketaren ondorioan dagoen problematika.

Sinbolismoa eta harantzago

Has nadin, irakurle estimatua, aitzinsolasean dagoena zuri azaltzen. Antropologia kulturalak azken hiruzpalau hamarkadetan jasan izandako aldaketa nabarmenak laburbiltzeko zinezko ahalegina da, Zulaikak dakarkiguna. Hasteko, antropologia sinbolikoaren iker-lerro nagusietan arakatuz, kulturaren kontzeptu eraikitzailea dakar. Zulaikaren aburuz, giza harremanen ikuspegi mekanizistatik aldenduz, analisi sinbolikoaren ekina, bizi-esperientzia kulturalaren dentsitatea, anbiguotasuna eta berezkoa duen konplexutasuna, aintzat hartua izateko ekinera lerratzen da.

Hortaz, azalpen bakoitzaren funtsa, testu eta testuinguruaren arteko borrokaren ondorioan ulertu behar dugu. Kulturaren ikuspegi eraikitzailearen prozesua azpimarratzeko baina, kulturaren transmisio eta eraldaketa-prozesuari berdin begiratu behar zaio, nola arlo kognitiboan hala harremanezkoan, bi ikuspegi horien baturan hobeto kokatu ahal izateko. Ikuspegi horretan, bai mito, erritual, edota giza jokamoldearen prozesu kreatiboen esanguren azterketa, testuinguru globalean ondo atxikiz burutu behar litzateke.

Gizakia, ikuspegi weberianoaren arabera, berak asmatutako esanahi-sareetatik zintzilik dagoen aberea izanik, garena, sinbolismoaren bidez adierazten dugu. Ildo horren jatorria, Durkheim, Mauss, Marx, Weber edota Freud-en moduko egileengan ipini behar dugu; izan ere, hauen lana ulertzeko, Kant-en Arrazoiaren kritika purua tradizio filosofikoa gogoan hartu beharko genuke. Jakin beza irakurleak, lan horretan Kant-ek, arrazoiaren alderdi irrazionala seinalatu zuela. Lan-ildo horretan hainbeste sakondu zuten egileen analisiak egoerako logikari ematen dio garrantzia, horregatixe analisiaren geruza mailak uztartzea eta, batez ere, hitz eta lekuko ugariz erabat eta zuzenki behatutako ikerketa burutzea izango du ardatz.

Antropologia sinbolikoa hirurogeita hamarreko hamarkadan finkatu zen, Victor Turner eta Clifford Geertz buru nagusiak zirelarik. Haien ikuspuntutik, kultura, harremanezko esanahien sarea litzateke. Sare hori, gizakiak bizi duen munduari zentzua emateko ahaleginaren ondorio gisa sortzen denez, behin eta berriz birsortzen den sarea da. Hortaz baliagarria da, baitaratzen dituen harremanen barne-logika, kultur esanguraren funtzionamendua eta garraioa begiztatzeko, giza erantzunaren eraikuntza sinbolikoaren prozesu berbera ikerketaren zeregin oinarrienera ekartzea. Baina badu horrek arazo bat gutxienez: taldeak duen jokamoldea, ekintza sinbolikoaren forma berbera duena dela, hain juxtu ere. Hortaz, mesedegarria gerta dakiguke identifikatzea zer mezu mota gertatzen diren ekintza mota desberdinetan, ikerketa argigarriago dagigun.

Metafora kulturalaren ikerketen atala zinez interesgarria egin zaigu irakurle; izan ere, Zulaikak dioenez, ez da bakarrik mundu errealaren bertsio ugariak ditugula, diskurtso eta esperientzia mota ezberdinen sistema sinbolikoek askotariko munduak eraikitzen dituztela baizik.

Beraz, etnografiaren helburua, kultura batek bere biztanleei eskaintzen dien sare sinbolikoa metaforen bidetik birsortzean dateke.

Zulaikak dioenaren arabera, joko erretorikoak errealitate kulturalaren eraikuntzan duen eragina azpimarratua gelditzen da hor. Eta nola ez, sinbolismo kulturalaren hizkuntzak, giza esperientziaren baitan dagoen anbiguotasunaren arazoarekin aurrez aurre jartzen gaitu: kultura ezin baita atalkatze zehatzetan adierazi, osotasun konplexu eta anbiguo bezala bizi dugularik.

Gertakizunaren antropologia

Kepa Fernandez de Larrinoak argitaratu duen lan mardulean, gertakizunaren antropologia eta herri-kultura aztertzeko aukera aurkituko duzu irakurle, berriki garatzen ari den kultur performatibitatearen ikuspegia jorratzen duelarik atal honetan. Fernandez de Larrinoak, mezu sinbolikoz beteriko gizarte-jarduera gisa kokatzen du kultur gertakizuna.

Radcliffe-Brown edota Emile Durkheim-en arabera, gertakizun hauek, gizarte-bizitzaren mekanismo erregulatzaile gisa uler litezke. Max Gluckman eta Victor Turner-en ikuspegitik gertu baina, gizarte-jarduera erritualizatua, gizarte - eta politika- gatazkaren dramatizazioa litzateke. Turnerentzat, eguneroko bizitzak, ordena eta gizarte-egitura aienatu eta comunitas sentimendua eragin dezake. Evans Prichard-ek dioenarengatik, zeremoniak, gizarte-ordenaren antzezpen sinbolikoak lirateke.

Azken urteetan nolanahi, hainbat bidetatik jo izan du erritualaren azterketa sozialak eta galdera berriak plazaratzen joan dira: adibidez, nola aldatzen dira denboran zehar errituen moldeak eta eginkizunak? Baldin eta erritualak kultur adierazpenaren bitartekoak badira (ideiak eta balioak komunikatzen dituzte), zer komunikatzen dute eta nola?

Gauzatzearen antropologiaren arabera, ikertzaileak, kultur sistemen proiekzioen gaineko ikerketa behar luke egin, bi premisa ezarrita: lehena, errituala gizarte-helburu bat duen kultur jarduera gisa ulertuz; bigarrena, sortze-lan estetiko eta artistikoa denez, gizartean onarturiko kanon eta arau batzuekin duen lotura aintzat hartuz.

Laburbilduz, antropologiaren ikusmolde horren arabera, kolektibitate

jakin batzuetan gertatzen diren kultur prozesuak, funtzio sozialaren logika sakonduz azter litezke. Azken garaietan, kulturaren aldetik esanguratsua den gizarte-ekintza, drama sozial edo kultur antzezpen modura ere ulertu izan da.

Drama edo antzezpen horren lehen ezaugarria, forma zehatz eta ziklikoa duen kultura gertakizun gisa ezaugarritzea dateke; bigarren, tokian tokiko kultur esanahia duen jendaurreko erakustaldi gisa ezaugarritzea; eta hirugarrenez, antzezpen estetiko gisa ulertu ahal izatea.

Talaia hori bada, hiru esanahi mota laburbiltzeko baliagarria zaigu: bata, duen gizarte-esanahia (Malinowski-k egin zuen hausnarketaren ildotik); bestea, kultura bakoitzaren berezitasuna azpimarratzen duena (Boas-ek landu zuena); eta hirugarrena, kultur antzezpenaren esanahia, zeinaren arabera sorkuntza-bide bat partekatzeko aktore eta ikusleen arteko komunikazio-harremanaren truke mota berezi bat ezar litekeen.

Gizarte-dramaturgia

Behinola irakurle, gizarte-dramaturgiaren hirugarren atalari ekiten dio Fernandez de Larrinoak, analogia, metafora, antzezkizuna, metalengoaia eta fetitxegintza hurrenez hurren aztertzeko. Goffman-en «antzerki-bizitza soziala» analogiara jotzen du lehenik, bizitza soziala, antzerkiaren metaforaren bidez azal litekeela esaten baitu. Ikuspegi nahiko berria da hori zientzia sozialetan. Bizimodu soziala, batez ere komunikazioa dela esatera dator antzezpenaren metaforarekin, berau sinbolismoaren bidez gauzatzen delarik. Goffman-ek, Chicagoko eskolakoekin harremanetan, «elkarrekintza sinbolikoa» deritzon soziologiaren barruan jardun zuen, eta egoerak duen esanguratasuna, elkarrekintzan gauzatzen zela uste zuen. Goffman-en aurreiritzi soziologikoen funtsean ideia hau topatuko duzu: gizabanakoek egoera guztietan rolak jokatzen dituzte, eta antzezkizuna, egoera baten definizioa litzateke eta horren arabera, azterketa soziala, egoeraren gramatika.

Metaforari dagokion atalean, Fernandez de Larrinoak, metaforek, errealitate abstraktuak izendatzeko duten balioa azaltzen du zenbait egileren eskutik. Adibidez, Lakoff eta Johnson egileek argudiatzen dutenez, gure pentsatze-prozesua metaforak erabiliz gauzatzen dugu eta pertsonok geure baitatik egiten ditugun gogoetak metaforikoki agertzen ditugu. Ikuspegi horren haritik, metaforek, mintzo garen hizkuntza osoki blaitzen dute, pentsamoldea egituratu arte gainera.

Alabaina, kontzeptuak, irudien bitartez eta metaforen bidez finkatzen ditugu. James Fernandez antropologoak, metafora, giltza-berba bihurrarazi zuen, irudi sinbolikoen jokoa, kulturaren ezaugarri esankorraren aurrean jartzeko lagungarri delakoan. Antropologoarentzat, metaforak duen interesa, giza portaerak azaltzeko bitartekaria izatean datza, horregatik ikertzaile batzuek, kulturaren barne-modeloaren ispilu bezala ikusi izan dute metafora, eta besteek, kulturaren kanpoaldea itxuratzeko bide aproposa.

Fernandez-entzat, metaforek, irudi-antolatzaileak hornitzen dituzte eta ahozko gertaeran erabilitako izenordeen predikazioan gorpuzten dira. Azkenik, Howe gogoan, zera planteatzen zaigu metaforaren ikerketari gagozkiolarik: zer esangura luke metaforak berau erabili izan duten taldekideentzat? Metalengoaiari eskaintzen dion ataltxoan, hitzari darion indarra azpimarratu du Larrinoak. Zergatik? Hitzak ere metafora direlako, eta ondorioz errealitateak eratzen dituztelako; zentzugintza deritzo ikuspegi horri. Antropologiak, hitzen bitartez sortu eta hedaturiko errealitategintzaz gogoeta asko egin izan du, arlo horretako ikerketa antropologikoa zabala delarik.

Hiru erreferentzia teoriko aipatzen ditu Fernandez de Larrinoak: metafora soziala, fetitxegintza soziokulturala eta joko sakona. Metafora sozialaren ikerketa antropologikoa, sinbolikari lotuta dago, Lakoff-ek psiko-hizkuntzalaritzan erakusten duenez. Harentzat gizakiok, gure pentsatze-prozesua metaforen bidez gauzatzen dugu, guk hautatutako metaforek taxutzen dituzte giza kontzepzioak eta mundu-ulerkerak, pentsamendua bera egituratzen dutelarik. Kultur ikerketara eratorrita, antropologia mota honek metaforaren balio soziala ikertzen du, bere balio politiko-instrumentala eta balio sinboliko-kognitiboa.

Azken batean, portaera soziokultural guztien atzetik, metafora soziala dakusagu: taldearen metafora, errepresentazio-une eta gune jakinetan hausnar litekeen metafora soziala da. Fetitxegintza sozialaren ikertzaileek diotenaren arabera baina, hitzek, dominazio-formak har ditzakete. Marx eta Engels-ek, XIX. mendearen bukaeran, orduko ekonomia kapitalistaren oinarri sozialak ikertu zituztenean, zera agertu zuten: kapitalismoak sortutako kontzeptu eta hitzak produkzioaren harreman sozialetan ispilatzen direla. Hortaz, hiztegi ekonomikoaren atzean, nagusigo-harremanak daudela ondo argi zeukaten.

Baina botere eta nagusigo-harremanen analisi ez-ekonomikoak berdin egin zitezkeela, Derrida edo Foulcault filosofoek erakutsi dute ondoren. Mendekotasun-harreman horien jokoan, errealitatearen esanguren produkzioa, ibilbide bikoitza da: esangura sozialaren kreazioa ez da egia sozialaren sinonimoa (Derridaren kritika); ezagutza sozialaren egintzan, ezagutza mota asko, menperatuta daude (Foulcault-en kritika).

Azkenik esango dugu, Geertz-ek bultzatutako antropologiatik, kultura testua dela, eta jendaurreko ekintza zein jokamoldeak ikertuz, kulturaren funtsa aurki litekeela, areago, testu kulturalaren performancea publikoari, «bertako» jendeak bere buruaz istorioak kontatzeko antzezkizun gisa darabilenari, «joko sakona» deritzo. Pertsonen identitateak dramatizatzeko antzezpen kulturalaren joko sakona da. Hortaz, antzezpen kulturalak direla medio, kultura batek bere burua azaleratzen duela esan liteke, halaber errepresentazio horietan nortasun sozialak nola kontzeptualizatzen diren berdin aztertzeko.

Bukaera gisa

Honezkero irakurle ez nuke bukatu nahi liburuaren hondarrean Mattin Irigoienek gure kultur agerpenen perfomanceari egiten dion aipamena gogora ekarri gabe. Irigoienek, testua eta testuingurua, esana eta ekina, biak uztartzeko ikerketa-ikuspegia halaxe baitakar. Gibel solas gisan, liburuko atal laburrena duzu azkenekoa, hondarreko lau orri besterik ez. Hainbestean, liburuaren antolaketa, mamia eta egileak darabilzkien gaien nondik norakoak zugana ekartzen saiatu naiz. Hasieran aipatu bezala, liburu gihartsua dela honakoa gogoratu nahi dizut. Liburu garrantzitsua da, eta haren irakurketak merezi duen arreta jarriz gero, gai hauetan interesa duen irakurleak estimatuko duen lana, ezbairik gabe. Halaber, eskaintzen duen bibliografia zabalak aipatutako edozein gai sakontzeko moduko aukera paratzen du gainera, horregatik ene uste apalean, ondo estimatzeko moduko lan mardula da Fernandez de Larrinoak plazaratu duen azkena.

Jexux Larrañaga Arriola