Koldo Almandoz // Zinegilea // Artikuluak + film laburrak (Belarra, Midori, Columba Palumbus, Trikuaren hiztegia, Mantis estroboskopikoa, Amuak, Razielen itzulera).

so 1467378181235 SO | 2020-12-22 06:48

Koldo Almandoz: "Beti pelikula bera egitea oso atzerakoia da"

  • Ibilbide oparoa du Koldo Almandoz zinegile donostiarrak. Orain jarri dio ordea, lehen aldiz, pelikula konbentziona(ago) bat egiteko erronka bere buruari. Saiakera horren emaitza da Oreina. Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Donostiako Zinemaldian eta irailaren 28an zine aretoetan estreinatuko dute. Filmeko lokalizazioak trenez gurutzatzen ditugun bitartean hitz egin dugu berarekin.

2018ko irailaren 23a
 
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
 

Donostiako Easoko Euskotrenen geltokian jarri dugu hitzordua. Tabernazuloko elkarrizketek badute bere xarma, baina gaur, topoaren, metroaren edo dena-delakoaren joan-etorrian egingo dugu solasaldia. Donostiatik Oriora eta buelta. Oreina-ko geografia gurutzatuko dugu horrela. Iraila dela sumatzen da, dagoeneko ez dabil horrenbeste jende. Asko bilatu gabe aurkitu dugu patxadaz eseri eta hizketan hasteko tokia.

Protagonista eta istorio asko gurutzatzen dira Oreinan. Nondik tiraka iritsi da gaur ikus dezakeguneraino?

Badago Aginagan etxe bat oso berezia, erdia oso ondo zaindua eta beste erdia desastre bat egina duena. Jakin-mina piztu zidan. Nor biziko ote da hor? Etxe guztietan dauden familia tirabirak etorri zitzaizkidan burura, eta hortik atera da harietako bat. Gero hori uztartu dut pelikulan sartu nahi nuen beste ideia batekin: denbora asko igarotzen dugula baterako eta besterako joan-etorrietan, bakarrik, eta orduan garela inoiz baino gehiago gu geu. Inori kontatu ezin dizkiogun sekretuekin eta barruan daramagun guztiarekin.

Lokalizazioek protagonismo nabarmena dute. Aginaga, Usurbil eta Oria ibaiaren inguruen bidez, normalean oso banatuta erakusten diren hiria eta natura, biak batean erakusten dituzu zuk.

“Zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogu.
Denak izan behar du emozio bat sortzeko, dena baloratzen da negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera”

Lokalizazioak ahalik eta gutxien ukitzeko ahalegina egin dugu. Nik paisaia hori errepidetik begiratzen nuen hasieran, eta bertatik ikusten nuena izan zen atentzioa deitu zidana. Trenetik ere egin dut bidaia bizpahiru aldiz, gaur bezala, ibaiaren bi aldeak ze desberdinak diren ikusteko. Batean herriak daude, industriguneak eta bizitza urbanoa; eta beste aldea berriz, guztiz basatia da. Zati batzuetan ez dago ezta biderik ere. Horrek eraman nau hausnartzera Euskal Herrian daukagun periferia berezi honetaz. Naturak eta industriguneek, baserriek eta poligonoek bat egiten duten periferia da gurea. Horrek nahasketa interesgarriak dakartza, baita pertsonen artean ere, eta errealitate hori islatu nahi izan dut. Hori da pelikularen geografia edo unibertsoa.

Tokiaren aniztasunak azaltzen du pertsonaien aniztasuna ere: gazte saharar bat, basozain bat, bi bide desberdin hartu dituzten Aginagako bi anaia, aitaren gasolindegian lan egiten duen neska gaztea…

Gidoia idatzi nuenean halako intuizio batetik abiatu nintzen, baina gero grabaketa egin dugunean antzeko errealitatea aurkitu dugu. Ikusi genuen, adibidez, Usurbilen badagoela saharar eta magrebiar komunitate handi bat. Kokapen horietan bizi den jendeaz hitz egin dugu, ekosistema oso interesgarria iruditzen zitzaidalako. Oso gaurkoa da, normalki ditugun aurreiritzietatik urruntzen dena, bai nekazal munduarekin ditugunetatik, eta baita etorkinekin ditugunetatik ere.

Pertsonaia horien hariak gurutzatu egiten dira, baina elipsiak ere badaude, eta ez dute itxiera borobilik. Ikusleari ahalegina eskatzen dion lana da Oreina?

Uste dut zor diodala errespetu bat ikusleari eta baduela gaitasuna hutsune horiek betetzeko. Gu pertsonaia hauen bizitzaren momentu batean agertzen gara, eta beste batean desagertu, baina bizitza horiek gerora ere jarraitzen dute. Nire apustua izan da normalki pelikuletan azaltzen ez den jendeaz hitz egitea, jende arruntaz. Izaera konplexuak dituzte, eta aurpegi desberdinak, denok ditugun bezala. Ez dago Handiarik, ez dago ezer oso estraordinarioa. Gertatzen zaizkien gauzek ere ezin zuten pentsaezinak izan. Iruditzen zait zinean emozioari gehiegizko garrantzia ematen diogula. Denak izan behar duela emozio bat sortzeko, dena baloratzen dela negar edo barre egiteko gaitasunaren arabera. Ba niri negar egiteko gogo gehien eragiten didatenak telebistako realityak dira. Gainbalorazio horren eta joera horren kontrako pelikula egin nahi izan dut nik. Emozioak egon badaude, baina gure bizitzan bizi ditugun moduan agertzen dira, azpimarratu gabe.

Argazkia: Dani Blanco.

Atentzioa deitu dit anaietako baten pertsonaiak. Azken euskal film luzeetan asko errepikatzen den arketipoa ordezkatzen du: emozioak kudeatzen ez dakien gizona, gatazkak konpondu beharrean bere hoztasunean babesten dena, lehorra…

Egia da azken aldian egin diren filmetan islatuta dagoen zerbait dela, baina uste dut erantzuten diola errealitate bati. Baliteke belaunaldi kontua izatea, baina nire familiari begiratzen diot, nire gurasoei begiratzen diet, eta uste dut jarraitzen duela horrela izaten. Nire buruari begiratzean ere, hein batean, sentitzen naiz identifikatua horrekin. Pentsa, pertsonaia horren beste anaia ere, beste molde batekoa izanagatik, antzekoa da horretan. Eta beste pertsonaia guztiak ere bai. Oso barrura begira bizi dira.

Pertsonaia horiei gorputza jarri dieten aktoreen artean Ramon Agirre dago. Aurrez ere egin duzu lan berarekin, eta aurten Zinemira saria jasoko du egindako bidearen errekonozimendu gisa.

Ramonekin eta beste batzuekin gertatzen zaiguna da, hain gertukoak direnez, ez ditugula nahikoa baloratzen. Iruditzen zaigu gure aktoreak direla, baina Ramonek egin du lan Almodovarrekin, Hanekerekin… Eta hori egin badu castingak gainditu dituelako da, ez du edonork hori egiterik. Badira aktore asko ez daudenean faltan botako ditugunak, eta Ramon izango da horietako bat. Sekulako teknika du. Sekuentzia batean, hamalau aldiz esanda ere gauzak errepikatzeko, momentu berean hartuko du beti arnasa. Nire kezka zen ikusleak ez Ramon ikustea, pertsonaia baizik. Horregatik saiatu gara gehiegi ez nabarmentzeko interpretazio eta ahots bat bilatzen, Ramon Agirre desagerrarazi eta Martin ikusteko. Uste dut lortu dugula.

Kontrastean, esperientzia gabeko aktorea izan du parean. Khalil gorpuztu duen Laulad Ahmed Saleh gaztea. 

“Jende askorentzat
film luze bat egin arte ez zara inor. Orain bihurtu naiz zine zuzendari.
Baina ez zait asko axola, egia esan”

Bai, baina beharrezkoa zen. Hasieratik argi nuen aktoreak eta aktore ez zirenak uztartuko genituela, sinesgarritasuna emateko eta lan egiteko modu bat ere badelako. Kasu honetan, aktore profesionalak kutsatu ditu ez direnen inperfekzio natural horrek, eta besteek asko ikasi dute profesionalen ondoan lan eginda. Ni oso gustura gelditu naiz Lauladen lanarekin. Gainera, kasu askotan ez ditugu hoberen dauden esaldiak hautatu, inperfekzioak dituzten zatiak baizik. Horrek ematen dio sinesgarritasuna. Hitz egiten dugunean ez dugu perfektu ahoskatzen, keinu arraroak egiten ditugu… Zinean perfekziorako joera dugu eta badirudi arau idatzia dela, baina hortik ateratzen saiatu gara. Lauladek hori eskaini digu.

Grabaketa prozesuak irekia izan behar duela entzuna dizugu. Hala izan da orain ere?

Halako pelikula bat planteatzen duzunean, behar duzu benetan sinesten duzun gidoi bat, baina hala ere, prozesuak beti aldatu behar du zerbait. Bestela ez du zentzurik pelikula egiteak, hobe gidoia idatzita uztea. Guri adibidez, lokalizazio prozesuak edo aktoreekin egindako lanak asko eragin digu. Uste duzu dialogo bat borobila dela, eta ikusten duzunean aktoreen ahotan konturatzen zara ezetz, ez duela funtzionatzen, ez duzula ondo idatzi. Gero animaliak azaldu dira bat-batean, edo txaluparekin ibilita espero ez genituen irudi oso ederrak hartu ditugu…

Nekeza izan da dialogo horiek sinesgarri egiteko lana?

Hasieran hartu nuen erabakia izan zen horrekin burua gehiegi ez jatea, eta modu naturalean egitea dena; bai hautatutako euskarari dagokionez, baita euskara eta gaztelania nahasteari dagokionez ere. Gure errealitate linguistikoa berez da konplexua. Errealitate bat dugu Donostian, beste bat Ataunen… Eta aktoreen hizkuntza estiloak ere oso ezberdinak dira. Sinesgarri egiteko saiatu gara aktoreak beren euskararen matizak sartzera bultzatuz. Bitxia izan da adibidez…

[Oriora iritsi eta jaitsi gara trenetik. Elkarrizketa eten dugu pixka batez. Hiru minutu eskasean dator bueltako trena. Bestelako gaiez hitz egiteko ia tarterik gabe, bagoaz barrura berriz, Donostiako Easo plazarantz].

Argazkia: Dani Blanco.

Ahaztu dut zertaz ari zinen ere… Hizkuntza hautuez?

Bai, hori da. Bitxia izan da Khalilekin gertatu zaiguna. Bera euskalduna da, bai aktorea bai pertsonaia, baina halako pertsona bati zuzentzen garenean ez dugu uste euskaraz jakingo duenik. Pelikulan hori islatzen da, baina lehengoan, elkarrizketa bat egitera joan ginen eta hori bera gertatu zen kazetariarekin. Horrelako gauzak azpimarratzeko ere balio izan du pelikulak.


Lehenengoz igaro zara fikziozko film luze baten lurretara. Oso bestelako lana da Sipo Phantasma edo Plaganekin alderatuta.
Jendeak normalki espero du zure lanetan aurretik egin duzun hori, baina nik, alderantziz, sentitzen dut horrekin hausteko beharra. Niretzat erronka zen aurretik egin ez dudan zerbait egitea, eta nahi nion nire buruari frogatu banuela pelikula konbentzional bat egiteko gaitasuna. Badugu obsesio bat autoretzarekin, begirada propioaren ideiarekin… Niri oso jarrera kontserbadorea iruditzen zait, atzerakoia. Ez naiz duela bost edo hamar urteko pertsona bera, eta normala da molde bereko lanak ez egitea. Denok edan dugu gauza desberdinetatik, denok kopiatzen dugu gustatzen zaiguna, eta aldaketa horiek ere nabaritu behar dira. Woody Allenena, adibidez, honezkero autoplagio konstante bat da. Niri hori ez zait interesatzen.

Aurrez beste lan asko egin dituzun arren, askok orain jo zaitu zinegiletzat. Are, Zinemaldian “Zuzendari berriak” sailean hartuko du parte Oreinak.

Jende askorentzat film luze bat egin arte ez zara inor, hori hala da. Orain bihurtu naiz zine zuzendari. Baina ez zait asko axola, egia esan. Egia da baduela halako prestigio sozial bat, baina dena da harri-kartoia. Ez da talentu berezirik behar zine zuzendari izateko; eta zenbat eta zine zuzendari gehiago ezagutu, orduan eta argiago dut hala dela.

Kritikoa zara sortzaileengandik oso urrun bizi diren ekoizleekin. Txintxua Films-ekin lan egiteak errazagoa egin du dena?

Bai, oso argi dut ni pribilegiatua naizela. Txintxuak aukera ematen dit bestela oso zailak liratekeen gauzak egiteko. Pelikula hau egiteko aukera badut, Marian Fernandez ekoizlearengatik da hori. Gidoia idaztera ere berak bultzatu ninduen. Apustua egitea, pelikula honek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez zen batere erraza. Zalantza momentuak izan ditudanean ere, berak eman dit aurrera egiteko bultzada. Hori esanda, egia da zinearen beste alde hori aldrebesa ere badela: finantziazioa, zinemaldiak, salmenta internazionala, banaketa… Horrek eragin handia du zure pelikularen zabalkundean, eta askotan zinearekin zerikusirik ez duten aldagaiek eragiten dute.

Konbentzionala ez den zineak badu tokirik arau horien araberako joko-mahaian?

Ez da erraza. Badago belaunaldi berri bat: Aitor Gamentxo, Maddi Barber, Maria Elorza, Maider Fernandez, Juan Palacios… Guzti horiek ohitu dira Sipo Phantasman izan genuenaren antzeko lan egiteko modu batzuetara. Izango dute horiek zinea egiten jarraitzerik haien burua saldu gabe? Ba ziur asko ez. Polita litzateke haiek egiten ari diren bidea ere bultzatzea, baina ez dut ikusten apusturik horren alde, ez erakundeen aldetik, ez ETBren aldetik. Ez da Goyak eta argazkiak ematen dituen zine bat. Kontua ez da bata ona edo bestea txarra denik. Biak behar genituzke.

Zure burua saldu behar izan duzu zuk?

“Zinelistook dugun
joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genuke”

Neurri batean behintzat bai. Ez hainbeste egin dudan lanean, baina bai izan behar dituzun harremanetan, egon behar zaren tokietan, zer esan dezakezun eta zer ez… Itxurakeriaren jokoa ere hor dago. Denok dugu diskurtso iraultzaile bat, baina gero ikusten duzu zure burua elite batzuekin, eta hor egotea ere gustatzen zaizu. Nire kasuan, ni hasi nintzenean oraindik ez zegoen hainbeste jende antzekoa egiten, eta horri esker ezagutu nau jende batek, egin dut bide bat…

Abangoardiaren onespena eta publiko orokorraren txaloa. Ez da erraza biak uztartzea.

Igual gaizki dago esatea, baina nik pelikulak batez ere niretzat egiten ditut. Publikoak ikusteko esperantza horrekin, baina niretzat. Kasu honetan ere, ez dugu froga-ikustaldi edo antzekorik egin. Pelikula bat ez da hauteskunde bat. Ez pelikula, ez musika, ez sorkuntza orokorrean. Hori esanda, uste dut zinelistook dugun joera hori, publiko orokorra gutxiestekoa, gainditu behar genukeela. Eroso bizi gara undergroundean, mundu txiki batean elkar elikatzen. Hortik ateratzen ere jakin behar da. Publiko orokorrak interesa izatea nahi genuke gauza berri edo arriskutsuagoekiko, baina guk ere egin behar genuke esfortzu bat gure lan hori publiko horri gustarazi eta hurbilarazteko. Bi muturretan daudenak ez dira gustura egongo, baina nahita egin dut erdibideko zerbait egiteko saiakera. Pelikula honek izango du aukera zine aretoetan egoteko, eta joaten den jendeak ikusiko du proposamen desberdinak egin daitezkeela. Badaudela zine mota desberdinak, egiteko modu desberdinak…

Orain Oreinak bere bidea egingo du. Baina bide konbentzionalago hau jorratu ondoren, zertarako gogoz zaude zu?

Ari naiz idazten, baina ez dut plan zehatzik. Lan egonkorrik ere ez dut orain, ze noski, zinegileak ez gara zinea egitetik bizi. Beraz, oraintxe nago halako noraez sentsazio batekin. Bitxia da, batzuetan izutzen nau, eta beste batzuetan gustura sentiarazi.

[Heldu da trena berriro Donostiara. Kanpora atera gara, gainontzeko bidaiarien artean. Argazkiak ateratzen ari ginela aitortu digu Almandozek ondo ateratzeko sekretua: eguzkitako betaurrekoak. Geltokia atzean utzi eta Easo plazako terraza batean jarri gara hirurok, gargardo bana eskuan. Susmatzekoa zen: orduan hasi da elkarrizketarik interesgarriena. Grabagailurik gabe].

Koldo Almandoz: «Kultura doakoa balitz kritikarako gaitasuna galduko genuke»

 
2005eko uztailaren 24a
 

Zinemagilea, The Balde aldizkariaren koordinatzailea eta kultura gizona. Koldo Almandozengana jo dugu kulturaren mundutik garesti vs merkeren eztabaidan bere iritzia jaso asmoz. Baiezkoa eman digu proposamenari, "pontifikatzeko asmorik" gabe, ordea, ohartarazi digu.

Garestia al da kultura?
Ez, baina ezin da orokortu. Tira garestia, ez behintzat beste gauza batzuk baino garestiago: praka batzuengatik 50 euro ordaintzea edo sagardotegian 60 gastatzea eta gero antzerkira joateagatik 12 euro pagatzeari garestia deitzea, bada ez da zilego. Iruditzen zait jarrera hori kulturarekiko begirune falta dela eta jarrera kontserbadore a adierazten duela, mesprezua.

Badirudi gehiago kostatzen zaigula kulturagatik ordaintzea basoerdi bategatik edo futbolagatik baino.
Bai, eta agian kulturak berak eta horren inguruan lan egiten duen jendeak du errua. Kulturak badu zerbait prestigiotsuaren kutsua, baina askotan horregatik jende asko baztertzen da. Zinemagile zarela esaten duzunean badirudi aura moduko bat duzula, hori pentsatzen du jendeak eta ez da gauza bera gertatzen, esaterako, fresadorea zarela esatean, ez da sentsazio hori sortzen.

Posea behintzat bestelakoa da: kulturak urrea balio duela diote. Baina nork erosten du?
Niri ondo iruditzen zait antzerkira joatea baino nahiago izatea 50 euro ordainduta bazkaltzea. Esan nahi dut ez dela derrigorrezkoa kultura kontsumitzea. Baina txarto iruditzen zait beste gauza batean dirutza xahutzea eta gero, esaterako, antzerkia garestia dela esatea.
Gainera, kultura baloratu behar da, mekanikoarengana noanean sekulako sustoak hartzen ditut nik faktura ikustean baina ez naiz kexuka hasten. Kulturarekin, ordea, erraza da kritikatzea. Bestalde, doako kultura asko egiten da Euskal Herrian eta hala ere, antzokietara edo kontzertu aretoetara zoaz eta hutsik daude.

Batzuek diote kulturak doakoa beharko lukeela...
Doakoa izanda ez da gehiago kontsumituko. Gainera, hein batean mesprezua erakustea ere bada kultura doakoa behar dela esatea. Antzezlan edo liburu baten atzean jendearen lana dago eta premiazkoa da hori aitortzea, ordaintzea.
Gainera, doakoa izanda beste gauza bat ere galtzen da perspektibaz gain, kritikarako gaitasuna. Jendeak esan dezake: "Filma ez da oso ona, baina doakoa denez, joan zaitez..."

Kinka horretan euskarazko kultura hutsaren hurrengo gera daiteke...
Ez dakit krisia dagoen ala ez, ez daukat daturik eta gainera, ez naiz horretan aditua baina lan kontuak direla eta agendak begiratu behar izaten ditut eta gauza asko daude: antzerkia, kontzertuak, zinema... Nik uste mugimendu handia dagoela, agian banatuagoa edo disolbatuagoa dago, ez dago ekitaldi bakan eta erraldoi bat.
Gainera, Euskal Herrian diskriminazio positiboaren kontu hori dago, kultura subentzionatuaren gizartean bizi gara, badirudi ezin dela ezer kritikatu. Gainera, errealitatea ere bada, euskaldunak garenak gara eta euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunak ere, gutxi. Baina badakigu gure kulturari eusten eta horrez gain, beste kultura batzuetara irekitzen gara (espainiarra, frantsesa...), baina badirudi ez dugula asmatu gurea zabaltzen, gure zilborrari begiratzen diogu bakarrik eta uste dugu guri gustatzen bazaigu, nahikoa dela eta hori ez da horrela.
 
Belarra

Sinopsia Emakume bat dutxatik atera, jantzi eta, bere semea besoetan duela, baserri alboko belardira ateratzen da, saski batetan dauden maindireak eguzkitan lehor daitezen zintzilikatzera. Urrutian, gizon bat dabil segaz belar luzea mozten. Bapatean, saski batetan eserita zegoen haurra altxatu eta belardian barneratzen da...

 
Midori

Entomologo batek Kiotoko kongresu batean parte hartuko du. Egun batean, hitzaldi batera joan beharrean, tenplu bat bisitatzea erabakiko du. Udaberriko egun arrunt bat izango da, bideo kameraren aurrean Midori azaldu arte...

 
Columba Palumbus

Zenbaitetan ematen dira norabidea galdu eta banda osoa okerreko norabidean gidatu duten uso basatien kasuak. Oraingo honetan, uso banda guztia, orientazioa erabat galduta, akituta hilko da, ziorik gabeko hegaldi batean.

 
Trikuaren hiztegia

Bernardo Atxagaren "Trikuarena" poeman oinarrituriko Koldo Almandozen film laburra.

 
Mantis estroboskopikoa

2011ko film laburra.

 
Amuak

Arrantzale bakarti batek badaki zein den arrain bakoitzak behar duen amu zehatza. Ezinezko dena arrantzatzeko amu bila dabil orain.

 
Razielen itzulera (1998, Kimuak)
 

Jainkoak bere irudira eginiko gizona paradisutik bota zuenean, gizonaren beldurra eta bakardadea ikustean, Raziel aingerua bidali zuen hura laguntzera.

 
Kolodo Almandoz / VIMEO
 
 

‘Oreina’: ibai batek izan ditzakeen adarrak

Atalak: Zinemaldia 2018

Ibaiaren inguruan gurutzatzen dira Koldo Almandozen filmeko pertsonaien istorioak.

Badu grazia, edo agian batere ez, Koldo Almandozen Oreina Zinemaldi honetako Zuzendari Berriak sailean estreinatzeak. Kontuan izan 1997koa dela donostiarraren lehenbiziko filma, 20 urte baino gehiago lanean. Baina tira, zuzendariak berak adierazi baldin badu kontuak ez diola gehiegi axola, guk ere beste alde batera begiratuko dugu. Pantaila dagoen aldera, zehazki.

Almandozen aurreko lanekin alderatuta pelikula hau proposamen konbentzionalagoa izango zela irakurria nuen eta, izan, bada, baina ez zait iruditu horregatik asko gutxitu denik ikusleari eskatzen dion inplikazioa: Oreina-n, publikoak igarri behar ditu gauza asko, pantailan ikusten duenari beretik erantsi, eta hortaz, geruza ugariko lan baten aurrean gaude, ageriko interpretazioei ihes egiten dien pelikula baten aurrean.

Baita kontrasteekin jolasten duen film baten aurrean ere: Oria ibaiaren inguruan uztartzen dira arrantzale furtibo baten egunerokoa, haxixarekin trapitxeatzen duen gaztearena, unibertsitatetik espultsatua izan ondoren jaiotetxera itzuli den irakaslearena. Filmaren adarrak ere, izenburuko animaliarenak baino, ibaiarenak dira, haren inguruan gurutzatuta agertzen baitzaizkigu paisaia naturalak, industrialak, urbanoak, askotan elkarrengandik aparte imajinatzen ditugunak; eta jarraian jarrita, oinarri onak ematen dizkiotenak traman baino, ebokatzen duen munduan ardaztuta dagoen pelikula honi.

 

 

Irudiak esan dezakeenaz baliatzea iruditu zait Oreina-ren puntu indartsuenetako bat: beste irudi batzuk gogora ekartzen dituzten plano originalak erabiltzeko trebezia. Adibidez, ibaian grabatutako eszenak ikusi, eta ezin izan dut saihestu Werner Herzogek Amazonian grabatu zituen filmez akordatzea. Patxi Bisquertek jokatzen duen papera ikusi, eta ezin izan dut saihestu Tasio (Montxo Armendariz, 1984) burura etortzea. Baina ez dira keinu esplizituak, hor egon daitezke ala ez, memoria bisuala aktibatzeko posibilitateak eskaintzen dizkizu pelikulak, ezer inposatu gabe.

Beste hainbeste esan daiteke filmari titulua ematen dion orein disekatuak iradokitzen duen sinbologiaz ere: hilda dagoen zerbait usteltzetik salbatzeko alferrikako saiakera adierazi nahi du? Totem ukiezina da? Edo, beste dena bezala, azkenean bere prezioa izango duen zerbait? Bizimodu salbaiaren amaieraz ari zaigu? Diruaren logikak giza harreman guztiak inbaditzen dituen gaur egungo mundu honetaz? Proiekzio osteko debatea asko luza daiteke.

Ez da istorio bitxi edo ezohikoak bilatzen dituztenentzako pelikula; ezta ogi barra balitz bezala, besapean mezu bat hartuta datorren filma ere. Zer egin nahi duen ondo pentsatu du zuzendariak. Horregatik, eta ez aurretik zuzendutako filmengatik bakarrik, merezi zuen Zinemaldiko beste sail batean lekua, nire ustez; lehiaketa ofizialean, adibidez.

‘Hondar ahoak’: honelako telesail baten zain zeuden ikusleak

Atalak: Zinema - ikus-entzunezkoak

Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburu dira telesaileko protagonistak.

Buelta askorik eman gabe esango dut: bart gauean Hondar ahoak-ek inflexio-puntu bat markatu zuen euskarazko telesailen historian. Koldo Almandozek zuzendutako serie berriaren lehen kapitulua ikusi ondoren, ikusle askok izan dute sentsazioa, eta hala adierazi dute sare sozialetan, aspaldidanik honelako zerbaiten premia sumatzen zutela, baina orain arte egindako saiakerek, ahalegin txalogarriak izan arren, ez zutela lortu. Iraganeko kontuak: azaroaren 4ko 22:30ean beste aro bat hasi da ETBn ikusi dugun fikzioan.

Telesailaren introa bera da beste zerbait: off-eko ahots batek lehen pertsonan hitz egiten du, off-eko ahotsarekin hasten diren gauzen kontra, hil aurretik ikusiko eta usainduko dituen azken gauzez kexatuz eta abar. Ironia horretan errekreatzeko denbora askorik ez dauka ikusleak, azkar pasatzen baita irudi-sorta bat, pixkanaka ezagutuko ditugun paraje eta pertsonaiekin. Eta telesailaren hasierako kredituak agertzen direnerako, badakizu zerbait berezia ikusten ari zarela.

Josu izeneko tipo baten desagerketarekin hasten den serie honetako lehen kapituluan oso modu eraginkorrean eraikitako pertsonaiak ikusi ditugu: psikologoarenean terapia egiten ari den Ertzaintzako detektibea (Nagore Aranburu); desagerketa gertatu den herrikoa den polizia gaztea (Eneko Sagardoy); hasieratik zerbait ezkutatzen duela dirudien arrantzalea (Iñaki Beraetxe)…

Detaileak inportanteak dira pertsonaia horiei dentsitatea emateko: Aranbururen pertsonaiak bakarrik dagoen bakoitzean ateratzen duen zigarro elektronikoa edo kapitulu osoan kamisetan daukan orbana; desagertuari buruzko informazioa jaso bitartean herriko taberna batean bazkaltzen duten arrain mardula; pertsonaiek darabilten hizkera (batuan poliziek, bizkaieraz herriko jendeak); denek ere ikusten ari garenaren errealismoan laguntzen dute.

Thriller poliziako on baterako osagaiak dagoeneko hor daude, alegia, ETB1en ia inoiz ikusi ez dugun zerbait mamitzeko. Baina kontua da, Hondar ahoak harago doala, autore-lan baten printzak erakutsiz: badago urdin berdekara bat, nik dagoeneko “Almandoz kolorea” deitzen dudana eta serie honetako argazkia ezaugarritzen duena.

Zuzendariaren filmografia pixka bat ezagutzen duenak erraz ikusiko ditu beste elementu almandoztar batzuk ere: itsasoko eta ibaiko ura filmatuta dagoen moduak, aireko plano ikusgarriekin, Oreina eta

Sipo phantasma ekartzen dituzte gogora; animalia disekatuak ere hor daude, zuzendariaren azken film luzean bezala; eta lehenagoko laburretan nabarmenagoak ziren keinu meta-zinematografiko batzuk ere ikusi ditugu, zuzendariaren kameo bat edo auto-erreferentzialak diren dialogoak, adibidez (detektibea susmagarrien argazkiekin kasuaren mapa egiten hasten da eta beste ertzain batek diotsa: “Nik uste nuen hau telesailetan bakarrik gertatzen zela”).

Iturri guztiz fidagarrietatik jakin ahal izan dudanez, mugarri bat jarriko duen ekoizpen hau pantailara eraman ahal izateko, Hondar ahoak-en lan taldeak nahiko presaka aritu behar izan du lanean, baldintza ez oso egokietan. Zer ez ote zuten egingo, ETBk tontakerietan gastatzen dituen baliabideetako batzuk eskura izan balituzte.