KIRMEN URIBE-ren ESTRATEGIA / THE NEW YORKER / Back From The Cannery / AURREKO MUNDUAN GERATZEKO PREST GAUDE ?

so 1467378181235 SO | 2020-11-25 06:55

Aste honetan Kirmen Uribe euskal poetak eta idazleak The New Yorker aldizkarian "Emakumeak fabrikatik bueltan" (Back From The Cannery) poema argitaratu zuen. Euskal poetak aurreko munduan geratzeko prest daude? Iragana tradizioa oroitzapena eta ohitureei buruz idaztera kondenatuak daude? Zein da munduari oparitu nahi diogun irudia? Zein da Kirmen Uribek munduko ospea eskuratzeko baliatzen duen estrategia? Nazioarteko fama eskuratzeko New Yorken bizitzeko prest gaude? New Yorkera joateko ordua da? Euskal olerkigileentzat New York aterabide bakarra da? Berria egunkariak galdera haiei erantzuteko argumentu batzuk oparitzen dizkigu. 

'The New Yorker' aldizkariak Kirmen Uriberen poema bat argitaratu du

Idazlearen 17 segundo liburuko Emakumeak fabrikatik bueltan poema ageri da aldizkari ospetsuaren gaurko edizioan, ingelesera itzulita. Lehen aldiz, aldizkariaren webgunean euskaraz ere entzun daiteke poema, eta pozik agertu da Uribe: «Polita da nire bidez euskarari atetxo hori zabaldu izana».

 
'The New Yorker' aldizkariaren gaurko azala.
'The New Yorker' aldizkariaren gaurko azala. Berria
The New Yorker aldizkari ospetsuaren irakurleek euskaratik itzulitako poema bat irakurri ahalko dute gaur ateratako edizioan. Kirmen Uriberen 17 segundo poesia liburuko Emakumeak fabrikatik bueltan poema da aldizkari estatubatuarrak hautatutakoa; ingelesez, Back from the cannery da lanaren izenburua, eta Elizabeth Macklin izan da testua itzultzeko arduraduna.

Sarean, The New Yorker-en webgunean, joan den astean argitaratu zuten poemaren itzulpena, eta, lehen aldiz, euskaraz ere jarri zuten entzungai, Uribek berak irakurrita: «Lehen aldia da euskara erabiltzen dutena aldizkarian, eta horrek poztu nau batez ere», azaldu dio idazleak BERRIAri. Aurretik ere argitaratu zuen aldizkariak haren poema bat, 2003an, Maiatza izenekoa.

Azaldu du «oso zaila» dela The New Yorkerren poemak argitaratzea. Uriberen kasuan, badu aurretik ere ingelesera itzulitako poema liburu bat, Bitartean heldu eskutik, eta azken bi urteetan New Yorken bizi izanak ere lagundu diola aitortu du: «Polita da nire bidez euskarari atetxo hori zabaldu izana».

Kirmen Uriberen 'Emakumeak fabrikatik bueltan' poema, ingelesez, gaurko 'The New Yorker'-en papereko edizioan. BERRIA

Paperezko edizioa, ordea, ez dute argitaratu gaur arte. Poema hori The New Yorker-en ateratzea lehen pauso bat dela azaldu du Uribek, argitalpen gehiagotan ere agertzeko asmoa baitu. Egileak jada baieztatu du The Paris Review-n eta beste aldizkari ospetsu batzuetan ere aterako direla 17 segundo liburuaren ingelesezko bertsioko poemak: «Asmoa da pixkanaka aldizkarietan ateratzea, irakurleak erakartzea, harreman estua sortzea eurekin, eta gero argitaratzea liburua».

Pixkanaka argitaratuz

17 segundo poema liburua iazko Durangoko Azokan argitaratu zuen Ondarroako idazleak, eta jada itzuli dute gaztelaniara eta galegora, baina ingelesezko bertsioa argitaratzea falta da. Izan ere, Uribek azaldu bezala, prozesu hori pixkanaka egin nahi du; uste du liburua bat-batean ateratzen badu, oharkabean pasatzeko arriskua izaten dela, eta, batzuetan, hobe izaten dela «pazientzia apur batekin han-hemenka ateratzea poemak, eta gero liburua». 

Azkenik, euskara «zuzenean mundura» ateratzearen aldeko aldarria egin du idazleak: «Garai batean, Madril zen jomuga, eta bazirudien nazioartera jotzeko Madriletik igaro behar zela, baina nik ez dut uste hala denik, badaude beste bide batzuk». Argi du euskaraz badagoela nahikoa kalitatezko literatura, eta uste du badela garaia «kristalezko bola hori» apurtzeko.

17 segundo poema liburua online irakurtzeko linka.

http://susa-literatura.eus/liburuak/poes78

 

EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN

Kontserba fabrikan egin zuen lan amamak.

Eta amak eta izebek.

Langileak ziren, ez etxekoandreak.

 

Edo hori ere bai.

Gustuko nuen lanetik etortzen zirenean

zekarten usain hura.

 

Arrain, izerdi eta gatzun usaina.

Nahiz eta beraiek gorrotatzen zuten.

Garbitzeko eta ahazteko horren zaila den hura.

 

Fabrikan lan egiten zuten etxeko emakumeek

eta, ostean, etxean.

Antxoak garbitzen zituzten sukaldeko mahaian.

 

Ni azpian jolasten nintzen bitartean.

Zorteko banintzen probatzeko emango zidaten.

Ogitartekoak ere antxoekin ziren.

 

Nik nahiago nuen hori txerrikia edo txokolatea baino.

Lagunek barre egiten zidaten arren.

Beste garai batzuk ziren.

 

Orduan emakumeek abestu egiten zuten fabriketan,

eta ugazabek baimena ematen zieten

haurrari bularra eman behar bazioten.

 

Elkarrekin hartzen zuten atseden emakumeek.

Laneko arropekin, harrizko hormaren kontra

eguzkia hartzen edo erretzen, begiak itxita.

 

Bake une bat bizitzen zuten horrela,

eta ahazten ziren lanaz,

senarrez eta seme-alabez.

 

Egun, urte andana geroago,

nik ere begiak ixten ditut,

beraien bake une hura aurkitu nahian.

 

Ahoa zabaltzen dut, esperoan edo,

esku batek opari egin diezadan

antxoa xerra bat.

 

Sukaldeko mahai gainetik zetorren oparia.

Ni azpian jolasten nintzen bitartean.

Bakarrik, beraiek lan egin behar zuten eta.

 

Burmuin ariketa salbatzailea

Batzuetan deseraikitze/eraikitze eta kopiatu/kolatu bikoteak burmuin ariketa salbatzaileak dira. Irakurketa geldiaraztea ariketa ongarria da. Goian irakurri dudanarekin hauxe ateratuko nuke.

Jada itzuli dute gaztelianara eta galegora / euskara zuzenean mundura.

Maiz esaten duguna eta egiten duguna ez dute bat egiten.

Maiz aporiak oximorak eta paradoxak bizirik jarraitzen dute.

Badakit batzuetan isiltzea dela gauzarik iraultzaileena baina...