JOSU LARRINAGA TESIA TTAKUN ETA SCRATCH, EUSKAL POP MUSIKAREN HOTSAK (2014)

so 1467378181235 SO | 2020-12-04 19:19

http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Josu_Larrinaga_TESIA.pdf

Hizkuntz kosmiko minorizatuetan idazteaz berba bi

Gaur egun euskal pop musika ondarea bilakatu da, zaindu beharrekoa: ondare materiala, oso txarto zaindua, hori bai, eta ondare inmateriala ere bada: euskal pop musika entzun, gozatu eta maitatu izan (eta izango) duen jendearen gogoetan gordeta, eta egunero hauek kolektiboki, sozialki partekatzen dituzten gogeta-zurrunbiloetan berriz ere soziala bilakatua. Eta kantari edo musikari batzuek,profesionalak, zaletuak edo dena delakoak, berriro publikoki jo edo kantatzean, ondare betikotu berriztatua bilakatzen dena. Hori da musikaren boterea, baina horregatik ere inportante da ondare hori ondo zaindua eta ezagutaratua izatea, ahalik eta aniztasun handien gordetze eta birsortze aldera. Euskal pop musika deitu ahal zaio, benetan, objektu labankor eta lauso horri? Auskalo! Hemen ez dugu ziurtasunik saltzen. 1960ko hamarkadan AEBetan beltzen soul music, rockandroll-aren jarrerak eta soinu berriak eta bere tradizioan kokatzen zen zurien country music nahastuz irekiera sinbolikoa praktikatu zuen Gram Parsons-ek cosmic American music egiten zuela esan zuen. Ba, hor dago beste definizio eder bat, 1960ko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian sortu den musika molderako: nazioartean zabaltzen denetatik edan, euskal tradiziotik bezainbeste; euskal jendearentzat eta munduan zehar gustoko duen edonorentzat eskainia: Basque cosmic music.Nolanahi ere, kontu honi arreta jartzen diogunok pentsatzen dugu fenomeno honek gure historia hurbila kontatzeko, azaltzeko eta ulertzeko balio dezakeela, beste horrenbeste fenomenok eta gertaerak bezala, eta, azken finean, gaur egun, hemen aztergai dugun aroaren inguruko kontakizuna egin behar dela aldarrikatzen denean –nork berea eraiki eta, kasu askotan, ezarri nahi duela-, zilegi izan beharko litzateke honako kontu azaleko eta txikiei erreparatzen diegun kaskarinok gure bertsioa eskaintzea, ez soilik honenbeste sufrikario eta minen artean ondo pasatzeko eta kultura berria sortzeko ahalegin zintzo eta apalak egon direlako, fenomeno honetan inplikatuta egon direnek ere mina eta nekea ezagutu dutelako baizik; azken finean, sortu den musika berria eta ez horren berria gizarte honen eboluzioaren emaitza delako, horregatik ere kontatu behar da hau, eta ez bakarrik hau.Baina euskal musika kosmikoaz ikertu eta idazten baldin badugu, nola zehaztu euskal adjektibo horrek esan nahi duena. Testuan zehar murgiltzen denak topatuko du zehaztapenen bat baina euskaraz eginden musikaz –nahiz eta batzuetan instrumentala izan, nahiz eta batzuetan beste hizkuntzetan kantatua izan!- jardun dugula aurreratu dezakegu hemen, eta baieztatu ahal dugu ere langintza hori errazago eduki dugula ikerketa bera eta emaitza den testua idatzia euskaraz egin dugulako, hizkuntza kosmiko minorizatuan, alegia. Hizkuntza guztiak kosmosean daude eta denon eskuragarri –teorikoki behintzat- baina hizkuntza batzuk prozesu historiko espezifikoetan minorizatze egoera batean jausi dira, arrazoi aski korapilatsuengatik. Baina beste prozesu aski konplikatuetan ere minorizatze egoera horri buelta eman ahal zaio; euskarari halako zerbait gertatu zaiola defendatzen dugu tesi honetan, eta musika popularrak bere aletxoa jarri duela prozesu horretan: horregatik aztertu eta kontatu dugu hau hizkuntza kosmiko minorizatuan,... testu hau doktore-tesia da, ez autobiografia, baina irakurtzen duenak ulertuko du orain esaten ari garen hitz-korapilo hau, beraz, horrela lagako dugu kontua. On egin,irakurle hori!Josu Larrinaga, 2017