Joseba Sarrionandia / Narrazio guztiak (1979-1990) // ITZALAREKIN SOLASA.

so 1467378181235 SO | 2021-01-24 09:10

Itzalarekin solasa

Eguzkia ezkutatu egin zen mendien bestaldean, ilunpeak hiriaren gainera abaildu, eta liburu hau moldatzeko asmotan paper artean ari zen idazleak piztu egin zuen bonbilla.

Ustekabean, boz errime bat entzun zuen gela bertan, poesia errezitatzen bezala.

-Gizon hutsak gara -zioen bozak-, gizon beteak gara, bata bestearen gainean sostengatuak, burua lastoz beteak. Ai! Gure boz lehorrak... 

-Nor mintzo da? -galdetu zuen idazleak.

Hurbileko bezala aditu arren, ez zuen boza inon erreparatzen, gorputzik gabeko hizlari legez mintzaldiak iraun zuen artean:

-Oro zurrumurru bare eta esanahi gabea, haizea belar lehorren artetik bezala edo arratoi oinak kristal hautsien gainean bezala geure elikaduren soto idorrean...

-Nor da mintzo dena? -galdetu zuen berriro idazleak-. Bakarrik nengoela uste nuen. Ongi etorri.

-Hire bibliotekako liburu batean -esan zuen bere gorputza erakusi gabe bozak- poema eder bat irakurri diat eta, zokoan banaiz-enaiz geratu ordez, errezitatzera etorri natzaik.

-Zergatik ez haiz agertzen? -esan zuen idazleak, broman ari zen adiskideren bat zitekeela pentsatuaz.

Adiskide bat zitekeen, boza ezaguna egiten zitzaiolako. Baina, adiskide zaharra izan arren ere, ausartegia zen broma, bere biblioteka errekistatu eta modu hain arraroan aurkeztea.

-Gehiago agertzea nahi duk? -ihardetsi zuen galderaz bozak. Ez zaik aski entzutea?

-Baina zalantzan nagok- esan zuen liburu hau idazten ari zen idazleak- haluzinazioa ez ote haizen edo...

Idazlea ez zen bere buruaz ere sobera fidatzen, bidenabar, errealitatearen eta fantasiaren artean esploratzaile moduan ibiltzez. 

-Heure irudimena naizen ala ez, hori duk ardura zaian gauza bakarra? -esan zuen bozak irribarrez-. Ni heure gogoan kokatzeagatik kezkatzen bahaiz, esango diat nor naizen. Heure itzala nauk.

Idazleak inguruan begiratu zuen ezer berezirik ikusi gabe.

-Hemen heure itzala -esan zion bozak-, hementxe heure gibelean nagok.

Idazlea atzerantz itzuli eta itzalari so geratu zen, mintzo zitzaiona zer ilun hura zitekeenetz pentsatzen. Besterik ez zegoen gelan eta, beraz, hura izan behar.

-Aspaldian ezagutzen haut -esan zuen harriturik idazleak-, baina ez nekian mintzo hintzenik.

-Mintzo, minto nauk -esan zuen itzalak-, hik solasa nahi baldin baduk behintzat.

Ez zela sinesgarria izango pentsatu zuen idazleak. Itzalarekin halako solasik kontatuz gero, ez zuela inork sinetsiko. Zoratu zela pentsatuko du jendeak.

-Besteek zer pentsatzen duten pentsatzen beti -zioen itzalak, idazlearen pentsamendua igarri eta aztoratuz.

-Zertara etorri haiz? -galdetu zion idazleak. 

-Etorri? Neuk baneki! Baina ni heure urratsei segika nabilek beti.

-Ene urratsei segitzea normala duk -esan zuen idazleak-, ene hitzala bahaiz, baina mintzatzea ez, zerbaitegatik mintzo haiz.

Irribarrea entzun zuen idazleak eta, gorputza geldirik mantendu arren, itzalaren irudia higitzen zela konturatu zen. Filosofo pentsatzailearen silueta moldatu zuen itzalak horman eta berriro mintzatu zen:

-Arrazoi bat bederen izan diat etortzeko. Heure itzalari buruzko ipuin bat gogoan duala enteratu nauk eta, goazen berak agindu orduko esan zioat neure buruari, eta azaltzerakoan poema eder bat errezitatuko zioagu gainera.

-Hori egin duk -esan zuen idazleak.-, eta orain zer?

-Orain heuk nahi duana -esan zuen itzalak-. Nahi baduk korrika eginen diat.

Eta ehun metroko korrikakariak abiatzerakoan duen irudia eta itxura egin zuen itzalak horman.

-Edo bestela filibisteroa izanen nauk. Galeoiko dama espainola bahitzeko gertu -jarraitu zuen.

Mutikoen marrazkietako pirataren silueta ikusi zen, labana haginetan eutsirik.

-Edo zergatik ez, erresiñol bat izanen nauk! -esan zuen, erresiñolaren silueta eta txoriaren txistua imitatuz-. Heure zerbitzuan, guztiz heurea den hire itzal hau.

Idazlea harriturik zegoen, irakurlea itzal hain bereziaren aurrean egongo den bezala.

-Isilik geratu haiz? -galdetu zion itzalak-. Eta, hala ere, pintoreen, musikarien, idazleen isilik egon ezina!

-Zergatik diot hori? -esan zuen idazleak-. Zer duk pintore, musikari eta idazleen aurka?

-Aurka, ezer ere ez, zeren seguru mundua aspergarriago litzatekeela zuek gabe.

-Zer uste duk nitaz? -galdetu zuen idazleak.

-Nire hirekiko harremanean, nire heuri derrigorrez segitzean hobeto esan, sarritan haserretzen nauk eta noizean behin pozten, atzo neskatila haren gonetan etzanarazi ninduanean adibidez. Bai ugazaba apaina haiz.

-Baina lan hau? -aurreratu zuen idazleak-. Narraziook ez zaizkit laket?

-Begira, liburu honetarako -esan zuen itzalaren bozak-, ez diat konprenitzen zergatik ez dituan gertaturiko gauzak eta mintzaturiko hizkuntza hartu, gertatu ez diren kontatu beharrean.

-Gertatu diren gauzak kazetetan azaltzen dituk segituan- erantzun zuen idazleak-. Gainera, errealitatea bizi egiten denez, ez dut hainbeste kontatu beharrik.

-Orduan, errealitatea azaldu nahi ez baduk, zer nahi duk hik?- galdetu zuen itzalak. Edertasuna aurkitzea ala?

-Edertasuna ez duk aurkitzen- erantzun zuen idazleak.

-Orduan, egia? -errime entzun zen hitza.

- Ez, maiuskulazko egiarik ez zagok -esan zuen idazleak-. Ene asmoak honantzagokoak dituk. Halako egoera batzuen lekukotasuna ematea, misterio eta posibilitateen eremuetara sartzea, euskal lengoaia urri hau adierazpide egitea, gauzen ñabardura poetiko ezkutuak azaltzen entseatzea, eta horrelakoak.

Itzala, lurrean eserita zegoen lekutik zutitu eta horman siluetak moldatzen jolasean ari zen.

-Baina literatura distortsionatua duk hori! -esan zuen itzalak-. Pinturan gertatzen dena, hartu Francis Bacon, hain estimatua den hori, begiratu haren edozein kuadro. Argi ikusten da begi lausoek egin dutela margolan hori, figura distortsionatu horiek.

-Egungo arteetan, fotokopiak, kazetak eta beste errealitatearen azalpen automatikoa lortzen ai direnean, artisauen eginbidea begiratzeko modu desberdin bat aurkitzea duk, gauzen bihotzera hurbiltzeko.

-Ai ene! -zioen itzalak-. Eta ni nauz hire buruaren distortsioa, hire alter ego txintxoa. Eta zer uste duk, beste inori ardura zaiola hori guztia.

Liburuzain irudia moldatzen zuen itzalak horman.

-Irakurriko dit norbaitek -erantzun zuen idazleak.

Sar hadi edozein liburutegitara -esan zuen itzalak liburuzainarenak eginaz-. Liburuak lerrorik lerro arasetan hormak estaltzen, milaka liburu lizunez beteak. Liburu hau ere hala, argitaratu ondoko harrera egun laburren ondoren zori onarekin, hango apalen batean gordeko ditek papera usteldu arte.

-Gauzak usteldu egiten dituk -zioen idazleak.

Liburu honetako idazleak argudioak hausnartu bitartean, itzalak hainbat figura eta irudi apailatzen zituen gelako horma zurian.

-Begira safo nauk, harpa jotzen! -esan zuen-. Ene hatzek haria ukitzean musika sortzen duk eta, berdin, hire hatzek ukitzen nautenean sortzen zaidak amodio zoro bat. Idatzi esaldi hau ipuin horretan, neuk asmatu dudala esan.

Itzalak antzezten jarraitu zuen, Li Po ilargia musukatu nahiz txalupatik uretara erortzen, Jonathan Swift gizatalde handiek eragiten duten kalteez hitzaldia ematen, Ahab kapitaina ontziaren brankan balea zuriaren xerka edo Cesare Pavese hoteleko gelatik telefonoz hots egiten.

Idazlea gogaitzen ari zen silueta teatro hartaz eta, areago, ikaratzen. Beldurra sentitu zuen.

-Idazleari laket zaion gauza bat eta eni batere laket ez zaidana -esan zuen itzalak hatz erakuslea zuzendurik- hau duk. Haren itzala T.S. Elioten poema errezitatzen ezartzea eta larderia hori guztia errebelatu baten ideia izan dela esateraino luzatzea.

-Ene aurka iraultzen bahaiz -ihardetsi zion idazleak-, akabatuko haut eta kito!

Itzaleak sakeletan sartu zituen eskuak, eta, horman, alde batetik bestera ibiliaz hitz egin zuen ahapeka:

-Ni heuk nahi duana nauk eta, hire kreazioa izanik, hain urria nauk non heuk erabaki behar duan zer gertatuko zaidan. Baina, akabatzeaz, heu ere goiz edo berandu hilko haiz, ez duk uste?

Isiltasuna jauzi zen solasera, eta liburu hau moldatzeko asmotan ari zen idazleak egoeraren zentzu gabeziaz pentsatu zuen. Han zegoen pertsonaia bakarrik, itzalarekin jolasean; bakarrik eta jolasean.

-Ni berdintsua izanen nauk beste idazleren batek sorturen nauenean ere -esan zuen itzalak-, eta hi ez. Hik geroago eta heriotzaren antz handiagoa duk, egunetik egunera nabarmenagoa daukak burezurra.

Idazleak ez zuen ezer esan, baina itzalak pentsamendua irakurri balio bezala ihardetsi zion:

-Bakarrik hagoela? Hemen nagok ni, eta hor bestaldean irakurlea, idazle memelo batek zer kontatuko dion begira.

-Irakurlea? geldu zuen idazleak.

-Irakurlea bai, Charles -esan zuen itzalak-, hire eta nire gisakoa, heure eta neure anaia edo arreba.

Idazlea gogaiturik zegoen ordurako, bere gogo hariaren kontra bilakaturiko solasagatik. Gainera, ez zuen itzalarena ondo ulertzen.

-Gainera, liburua izango duk heure zerraldoa -entzun zuen.

-Zein liburu? -galdetu zuen oraindik.

-Geu gaudeneko liburu hauxe -erantzun zion itzalak burlaz.

Idazleak papertxoan apuntatu zuen, ahaztu baino lehenago, itzalak esandako zerbait. Entziklopedia kontsultatu beharko zuen biharamunean ea halakorik inoiz gertatu de, itzal bat horman, norbere itzala agian, komediante ernegatuaren gisan agertu eta solasean hastea, gogaikarria egin arte. Han zegoen oraindik, hutsik egon beharreko horman.

So egitean, bat-batean, itzalak labana altxatzen zuela ohartu zen idazlea. Edo batuta? Edo luma? Mode beltz izugarri hark, horma zurian, labana izan zitekeena altxatuz eraso zion aldamenetik. Idazleak, bonbillaren botoia sakatu eta ozta-ozta itzali zuen argia lehenago.

Joseba Sarrionandia, Itzalarekin solasa. 

https://books.google.fr/books?id=l7LNDQAAQBAJ&pg=PT50&lpg=PT50&dq=joseba+sarrionandia+itzalarekin+solasa&source=bl&ots=gvSGUf5Rft&sig=ACfU3U3fRohG5_YQraff1XkyrnXAJMHZCQ&hl=fr&sa=X&ved=2ahUKEwj2-unZjLTuAhVKzRoKHbgiDNEQ6AEwD3oECBUQAg#v=onepage&q=joseba%20sarrionandia%20itzalarekin%20solasa&f=false