JOSANTON ARTZE “HARZABAL”: INGURUAREN ERAGINA POESIAGINTZAN (1969-1979). Oronoz Anchordoqui, Maria Belen.

so 1467378181235 SO | 2020-11-15 10:40

https://addi.ehu.es/handle/10810/10801

Artze berak askotan aitortua da lehen aldian “kanpotik barrura” ikusten zuela (“Harzabal”, 1969-1979) eta, aldaketa espirituala jasan ostean, bigarren alditzat jo daitekeen honetan “barrutik kanpora” aldatu duela bere ikuspegia (“Hartzut”). Hau da, Artze gazteak inguratzen zuen errealitatea islatzen zuen bere lanean, garai eta lekuarekin zuen lotura agertzen zuen nolabait. “Kanpotik barrurako” prozesu hori egiaztatu nahi dut, hau da, nire hipotesia edo abiapuntua testuinguruak bere lehen aldiko olerki-liburuetan zuzenki eragin zuela da, hori da frogatu nahi dudana. Horretarako ingurunearen isla hori bi ispiluetan bilatuko dut, konpromisoarenean eta esperimentazioarenean. Era berean garaiarekiko konpromisoan, bi adierazpide desberdinduko ditut, bata testuinguru unibertsalagoarekin lotzen duena eta, bestea, bere herrian errotzen duena: Kontrakulturaren eragina eta Euskal Herriak frankismopean bizi zuen erresistentzia kulturalaren zantzua. Ikerketa ildoa zehaztu eta gero, iker-materiala ere mugatu dut: bere olerki-liburuak aztertu ditut, funtsean horiek direlako bere bakarkako espresioa, eta horietan topa daitekeelako olerkariaren muina. Dena den, garaiko lana behar den bezala testuingurutzeko orduan egindako lana osotasunean deskribatu dut. Laburbilduz, hasteko lehen aldiko ingurunea deskribatu dut (II), gero orduko lan osoa (III) eta azkenik, nire aportazioa, inguruneak bere lehen aldiko olerki-liburuetan nola eragin duen ikertu dut, (IV), ondorio orokor batzuetara ailegatuaz (V). Hau guztia Kulturalismoaren ikuspegitik egingo dut, aztertuko ditudan hiru ataletako bakoitzean ildo bat jarraituaz.