Iztueta Aurmendi / Hizkuntza eta herria

so 1467378181235 SO | 2020-11-11 16:10

Herriak eta hizkuntzak

Mintzamena unibertsala da; hizkuntzak, aldiz, partikularrak. Mintzamena, hau da, ahotsak zentzuz jantzi eta arau jakinen barruan erabiltzeko gaitasuna, giza espeziearen ezaugarria da eta, espezie honetako gizabanako guztietan aurkitzen denez gero, esan daiteke dohain unibertsala dugula. Hizkuntzak, berriz, mintzamenaren burutze praktikoa dira, dohain honen espresioa, alegia, eta, mintzamena unibertsala den hein berean, hizkuntzak partikularrak dira, ahots hauei ematen zaizkien zentzu eta arauak modu askotakoak izan daitezkeelako eta giza taldetik giza taldera aldatu egiten direlako.

Hala mintzamena nola hizkuntzak, bakoitza bere mailan, giza taldearen emaitza dira, gizabanakoen elkarbizitza eta elkarlan estu eta iraunkorretik sortuak. Era berean, emaitza ez ezik, baldintza ere badira, azken batean, ez baita posible giza espeziearen garapen biologikorik mintzamenik gabe, ezta, hein batean behintzat, giza komunitateen arteko bereizketarik ere, hizkuntzarik gabe.

Alde horretatik, hizkuntzak giza taldeen barne bizitzari kohesioa emateko ezinbesteko bilbe partikularrak ditugu. Kontua da, hain zuzen, hizkuntzaren partikulartasun honexek berak, gizaki batzuen artean kohesioa eta lotura ekarriko dituen bitartean, elkar ulertzerik ez dutenen artean mugak ezarriko dituela. Horregatik, hizkuntzen funtzioak zehazterako orduan, lehenengoa, zalantzarik gabe, taldekideen arteko komunikazio eta kohesio tresna izatea dela argi uztearekin batera, hizkuntzak, beste maila batean, identitate emaile nahiz adierazle kritikoak direla azpimarratu ohi da (Crystal, 1997).

Munduan diren hizkuntzen sailkapen genetikoa egiten dutelarik, hizkuntzalariek, zeharka, hizkuntzen ildo historikoen berri ematen digute. Sailkapenak egiterako orduan, hizkuntzalariek hizkuntzen arteko antzekotasun eta ezberdintasun lexikal eta gramatikalei erreparatzen diete. Hartara, antzekotasun orokorretan oinarriturik, hizkuntza batzuk familietan biltzeak adieraziko du hizkuntza horien guztien jatorrian “ama hizkuntza” zerabilen herri bat izan zela. Halaber, bigarren eta hirugarren mailako antzekotasun eta ezberdintasun lexikal eta gramatikalak azpimarratuz, familia horren baitan hizkuntza horiexek berak talde eta azpitalde ezberdinetan sailkatzeak suposatuko du jatorrizko antzinako giza talde hura, denboran aurrerago, norabide historiko ezberdinak hartu dituzten beste giza talde batzuetan zatitu eta sakabanatu dela.

Izan ere, hizkuntzak, historian aurrera, lurralde ezberdinetan barneratuz, adar eta adartxotan luzatu eta banatzen diren ibaiak baitira. Adibidez, hizkuntza familia berean biltzen dira gaztelera, ingelesa eta sanskritoa, hirurek ere jatorrizko ahaide zahar bera ei dutelako, duela 6000ren bat urte itsaso Beltzaren iparraldean bizi izan zen behinolako giza talde baten hizkuntza, alegia. Baina orduz gero, ugari izan dira iturburuko talde horretatik ernatu diren taldeak, eta askotarikoak, era berean, itsaso Beltzaren inguruetatik irtendako lehenengo populazio migratzaile horiek abiarazi dituzten historia adarrak. Hala, gaztelera, frantsesarekin, italierarekin, errumanierarekin eta beste batzuekin batera, hizkuntza erromantzeen multzoan sailkatzeko orduan, italiar penintsulako latin arruntak erromatarrekin abiaturiko ibilbide eta dibertsifikazio historikoa izango dugu gogoan eta ingelesa, ostera, alemanera, islandiera eta beste hizkuntza germaniarrenean sailkatzeko unean, behinola Europaren erdi eta iparraldean zehar hedatu zen beste talde migratzaile baten ondorengoen patua.

Ethnologe agerkari digitalaren arabera, 6.909ko hizkuntza zerrenda egin daiteke. Baina hizkuntzalariek diote, egiazki, hizkuntzak zenbat diren ez dagoela esaterik.: hasteko, mundua, oraindik ere, handia eta zabala delako, eta badirelako hizkuntzalariek ezagutzen ez dituzten hainbat txoko eta jende; bestetik, hizkuntzalarien eta hiztunen artean ez delako beti adostasunik izaten izendapenak banatzeko orduan. Nahasmen honen atzean dauden arrazoien artean nabarmentzekoena, behar bada, hizkuntzen arteko mugen badaezpadakotasuna zein estatu mugen zurruntasuna da. Bestela ere, hizkuntzen arteko mugak ez dira beti argiak izaten, kasu askotan lanbro artean daude, eta estatu mugen aferarekin txirikordaturik; nolabait eta zentzu zabal samar batean esanda, esangura handia hartzen dute identitatearekin eta norbere buruarekiko kontzepzioarekin zerikusia duten zioek.

Berez, bi hizkuntzen arteko diferentzia egiteko ulergarritasunaren arauari heltzen diote hizkuntzalariek, irizpide neutroagoren baten faltan: bi hiztunek elkar ulertzen ez badute, hizkuntza biren aurrean gauden seinale. Aldiz, hizkeran zenbait ezberdintasun aurkitu arren, hiztunek elkar ulertzen badute, hizkuntza bera darabiltela ondorioztatuko da. Neurri hau oso baliagarria da, noski, adibidez japoniera eta swahilia bi hizkuntza ezberdin direla ebazteko; ordea, hiztun batek besteari bai, baina honek hari ulertuko ez dioten kasuak ere, asko dira, asko direnez. Halakoetan, jokoan dagoena hiztun partikularren hezkuntza mota, izaera edota, are, ulertzeko nahiz ez ulertzeko borondatea izan ohi da, sarri askotan, hiztunaren aurreiritziek eta hizkuntza batek izan dezakeen prestigioak ala desprestigioak baldintzatzen duena.

Eta, gero, hizkuntzen mugak zehazterako orduan, denboraren eta espazioaren eraginak jarririko zailtasunak ere badira. Ez baita gauza bera urrundik ala urretik begiratzean ikusten dena. Denboraren ardatza aintzakotzat hartuz gero, esate baterako, latinaren eta portugesaren kasua ekar liteke. Hizkuntzen berezko ezaugarria da denboran aurrera etenik gabe eta aski erregularki eraldatzea. Portugesa latinaren belaunaldiz belaunaldiko eraldaketatik sorturiko hizkuntza dela esan liteke, baina kontsideratzen da elkarri ulertzeko gauza ez liratekeela izango gaur egungo portuges hiztun bat eta garai bateko latin hiztun bat eta, hortaz, bi hizkuntzaren aurrean gaudela.

Halere, denbora tarte handiak hartzerakoan argia dirudien auzia lausotu egiten zaigu denbora tarte txikiei atxikitzean. Zeren eta, hizkuntza ordezkapenik izan ez bada behintzat, elkarren segidako belaunaldien arteko ulermena beti emango baita. Hartara, latinak, latin izateari utzi eta, portuges bilakatzeko pausoa noiz eman duen galde liteke. Carmè Junyentek (1993: 14) adierazten duen gisan, “inor ez da latinez hizketan oheratu eta portugesez solasean esnatzen”. Egia esan, planteamendu honek hizkuntzen adinaren gaiari buruzko eztabaida nahiko jakingarria dakar berekin, batez ere, identitatearen gaia ukitzen duelako..

Egungo hizkuntza guztien jatorrian bakar baten eraldaketa dagoela gogoraraziz, Xabier Kintanak (2011), adibidez, azpimarratzen du hizkuntzek adinik ez dutela, edota hizkuntza denen gramatikak berdin direla zaharrak. Ildo honetatik, pareko eraldaketa prozesuaren ondorio izaki, adibidez, euskararen eta portugesaren “adina” berbera ei da, soilik lehenengoaren garapen estadio guztiak izendatzeko hitz bakarra erabili izan den gisan, bigarrenaren garapen estadio ezberdinek izen ezberdinak jaso dituztela, hala nola “indoeuroparra” hasieran, “latina” gero eta “portugesa”, azkenik.

Arrazoibide honek balio du, noski, gramatika guztiak berdin zaharrak diren heinean; baina ondorio okerra ateratzen da, hizkuntzek identitatearekin duen lotura estua bigarren mailan utzirik, hizkuntza bat definizioz autoadskripzioa duen giza talde bat dela ahazten baita.

Dudarik gabe, norbere hizkerari izena, eta ondorioz, izana ematea, gramatikaz bestelako zerbait da, autokontzientzia ariketa zeharo garrantzitsua. Talde bat osatzearen kontzientzia adierazten du. Alde horretatik, bere hizkuntzari “euskara” esan zion giza taldearen agerpena eta bere hizkuntzari “portugesa” deitzen hasi zitzaionaren agerpena ez ditugu garai berekoak. Eta hor dago hizkuntza bati besteari baino zaharrago ala berriago deitzearen arrazoi nagusia. “Latina” eta “portugesa” bi hizkuntza ezberdin ditugu, historiako une jakin eta ez oso urrun batean, talde kontzientzia berri bat, hau da –kontzientzia portugesa–, lantzen, garatzen eta osatzen hasi zelako. Euskarak, berriz, inoiz beste izenik izan duen ez dakigu eta, ondorioz, oso zaila da euskaraz mintzo dela aldarrikatuko duen taldearen jatorria kokatzea.

Espazioan hedatzen diren hizkerei hurretik ala urrundik erreparatzeak ere eragiten du hizkuntzen mugen lausotasunari dagokionez, eta hizkuntza zehatzei buruz baino hizkuntza baten dialekto sailari buruz aritu behar ez ote genukeen galdetzera behartzen gaitu. Hizkuntza kate edo dialekto continuum deiturikoen kasua da, ziur asko, erakusgarririk argiena. Estatu-nazioen sorrerak ekarritako uniformatzearen aurretik, ba omen zen esate baterako hizkuntza germaniar sorta edo kate bat Eskandinaviako lurretatik Italiako hegoalderaino luzatzen zena. Kate mota honetan, geografikoki urrundu ahala, kate mailen arteko elkar ulertzea zailagotu egiten da, ezinezko bihurtu arte, baina aldameneko kate maila edo hizketa aldaerak bata bestearentzat ulergarriak izaten dira katearen luzera osoan. Beraz, ulergarritasunaren irizpidearen arabera, nahiz eta, alde batetik, muturretako hizkerak hizkuntza ezberdintzat har litezkeen, bestetik, ulergarritasuna ez denez berez zehazki inon eteten, gaitz da ezartzea hizkuntza bat izatetik bestea izatera noiz igarotzen den.

Maiz, Junyentek (1993) dioen bezala, hizkuntza bat definitzeko orduan hizkuntzalariek eta hiztunek iritzi ezberdinak izaten dituzte, azken hauek, hizkuntzalariek kontuan hartzen ez dituzten bestelako leialtasun sozial, erlijiozko edota politiko batzuk erakutsi ohi ditzaketelako. Adibideak asko eta argiak dira. Hara hor, esaterako, estatu mugak tarteko direneko bi kasu, eskandinaviar hizkuntzena eta txinerarena. Hizkuntzalarien artean hizkuntza bakartzat jotzen diren arren, hiztunentzat daniera, norvegiera eta suediera dagokien estatuko hiru hizkuntza ezberdin dira. Aitzitik, nahiz eta hizkuntzalariak ziur dauden txinera deritzonaren atzean gutxienez lau hizkuntza daudela, txinatarren gehiengoarentzat txinera hizkuntza bat eta bakarra da.

Alabaina, beste batzuetan, hizkuntzalariak izaten dira leialtasun sozial, erlijiozko edota politiko sutsuak erakutsi ohi dituztenak. Bernard Cerquiglini frantsesaren kasuaz mintzo zaigu Xabier Zabaltza (2012). Frantziak, 1999an, eremu urriko hizkuntzen babesarekin konprometitzen zuen Euro-Gutuna izenpetu zuelarik, Lionel Jospin sozialistaren gobernuak Cerquiglini jaunari txosten bat idazteko eskatu zion, Frantziako estatuan zenbat hizkuntza mintzo ziren agertuko zuena. Cerquiglini Frantseserako eta Frantziako Hizkuntzetarako Bulego Nagusiko zuzendaria izan zen. Xabier Zabaltzak azpimarratzen duenez, ezaugarri linguistiko hutsen arabera, Frantzia metropolitarrean hitz egiten diren hizkuntzak ez dira hamar baino gehiago. Cerquiglinik, ordea, kontatu zituen gutxien-gutxienez hogeita bi; izan ere, haren ustez, besteak beste, oïl hizkerak, frantses dialektotzat jo ohi direnak, eskubide osoko hizkuntzak ziren. Zabaltzak (2012), divide et impera printzipioa aipatzen du: Frantziako barietate linguistiko guztiek begirunea merezi dute. Hala ere, errealitate ezberdinak berdin tratatzea ez da bidezkoa.

Gaur egun, Estatu Frantsesaren hizkuntza politika kontraesankorra da. Alde batetik, ezin dira ukatu azken urteetako aitzin-urratsak (bretoiaren eta euskararen erakunde publikoen sorrera, adibidez). Baina, horrekin batera, jakobino linguistikoen eta erregionalista batzuen aliantza dela medio, divide et impera printzipioan oinarritzen da maiz, hizkuntzak beharrik gabe ugalduz eta, horren ondorioz, haien arteko tirabirak areagotuz (galoaren eta bretoiaren artekoak edo gaskoiaren eta euskararen artekoak, adibidez).

Balirudike frogatu nahi dela eremu urriko hizkuntza guztien ofizialtasuna aldarrikatzea kaotikoa izanen litzatekeela eta, beraz, hobe dela orain arte bezala (frantsesa jaun eta jabe) segitzea.

Hizkuntzen estandarizazioa, estatu gisa egituratu diren herrien edota, behintzat, nolabaiteko mugimendu nazionalista bat garatu duten herrialdeetako sorkaria ohi dugu. Horregatik, harritzekoa ere ez da gaur egungo gizarte industrializatuetan zenbatzen den hizkuntza kopurua gainerako gizarteetakoa baino txikiagoa izatea. Hitz bitan esanda, hizkuntza estandarra aldaera linguistiko desberdinen ordezkaria genuke: zubi lana du helburu, hau da, aldaera ezberdinetako hiztun guztientzat ulergarri izatea, eta eskuarki idazkera arautua izaten du. Honela, kontua da hizkuntza bat estandarizatua dagoen tokietan, nahiz eta aldaerak ugari izan, hizkuntza bakar bat bezala zenbatu ohi dela, agian bat baino gehiago nabarmendu zitezkeenean. Eta, aldiz, hizkuntza estandarrik ez dagoen tokietan, beste egoera batean hizkuntza bakartzat hartuko liratekeen aldaerak hizkuntza ezberdin gisa izendatzen direla. Hizkuntzen hiztun kopuruari eta aniztasunaren banaketari buruzko datuak hizpidetzat hartzean, hortaz, arestiko ohar hauek gogoan izateak badu bere garrantzia.

Aipaturiko datu interesgarri hauen arabera, hizkuntzen hiztun kopuruen arteko aldeak izugarri dira handiak: hizkuntza gutxi-gutxi batzuek, milioika hiztun; hizkuntza gehien-gehienek, berriz, hamar mila hiztunetik behera. Zehaztearren, adibidez, esan dezakegu %0,01 inguru baino ez direla munduan zortziehun milioi hiztun –Txinako mandarinak– eta hamar milioi hiztun –esaterako, Etiopiako amarikoak– dituztenen arteko tarte eskerga horretan mugitzen direnak; gero, %5 inguruk baino ez dituela milioi bat hiztun baino gehiago; eta mila hiztunetik behera dituztela %30ek. Egoera hau aurrean, hizkuntza baten hiztun kopuru “normala” zein litzatekeen galde al liteke?

Era berean, kontinenteen arabera sailkatutako hizkuntza aniztasunaren banaketa ere desorekatua da zeharo. Espero zitekeenez, lurralde industrializatuetan –Europan bereziki– koka daitekeen hizkuntza aniztasuna oso apala da, gainontzekoen aldean. Ethnologueren arabera, zenbaturiko 6909 hizkuntza horietatik %32k Asian dute jatorria; %30 Afrikan sortuak dira; %19 Pazifikokoak ditugu; %15 Ameriketan jaio dira eta Europarrak, aldiz, %3 baino ez lirateke.

Bestalde, 6.909 hizkuntza hauek munduan diren 200 inguru estaturen mugen barnean erabiltzen dira. Ia zazpi mila hizkuntza horietako 500 eskasek baino ez du, ordea, estaturen batean hizkuntza ofizial edota koofizial mailarik. Estaturen baten mugen barruko eremuren batean nolabaiteko koofizialtasuna dutenak 1.300 hizkuntza inguru dira; eta gainontzeko guztiek ez dute onarpen ofizialik (Martí eta beste, 2005: 178). Hizkuntza baten desagerpena ekar dezaketen arrazoiak modu bat baino gehiagotan esplika litezke36, baina ez dirudi oker handiegia nabarmentzea lehen mailako adierazletzat har litekeela ofizialtasunaren eta ofizialtasunik ezaren auzia eta, bereziki, estatu egituren babesa nahiz etsaigoa. Izan ere, salbuespenak salbuespen, sasoi honetan, araua garbia baita: estatu egituraren babesean oinarrituriko promozioa duten hizkuntzak, hots, erakunde politiko, hezkuntza, hedabide eta merkaturako sarbidea ematen dutenak zabaldu egin ohi dira; estatu egituraren babesik ez duten hizkuntzek, berriz, atzeraka eta itotzera egiten dute, horrelako promoziorik ez izateaz gainera, gehientsuenetan, estatuak horien aurkako politika eraman ohi duelako, batzuetan oso agerikoa, besteetan zuriagoa.

Unescok eskainitako datuen arabera, 2.500 dira desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak (Moseley, arg., 2010). Esan bezala, egoera honen eragile nagusia, ziur asko, industrializazioarekin, hiritartzearekin eta modernizazioarekin batera itxuratu den estatu elebakarraren ideia da. Edo beste hitz batzuk erabiliz, prestigio, hierarkia, botere, zigor, autoestimu eta lotsa kontua dela era esan daiteke: badira beste aldagai batzuk ere, noski, baina eskuarki, literatura idatzia duen hizkuntza ez duena baino gehiago prestigiatuko da; administrazioan eta eskolan erabiltzen dena, erabiltzen ez dena baino gehiago; hiriko hizkuntza jende aurreratu eta irekiarena izango da, nekazari hizkuntza atzeratu eta itxiarena; kolonizatzailearenak kolonizatuarenak baino hobeto eta argiago laguntzen du pentsatzen eta abar.

Gehienetan, prestigioa duen hizkuntza ez duenari gailenduko zaio, boterea duelako. Edo beste modu batean esanda, nolabaiteko boterea duen hizkuntza ez duenari gailenduko zaio, prestigioa duelako. Ez da ahaztu behar prestigioa eta boterea, boterea eta prestigioa elkar harturik joaten direla. Prestigioa eman ohi duen botere hau, usuenik, politikoa eta ekonomikoa izan ohi da, nahiz eta bestelako kontsiderazio bat eskatzen duten beste botere mota batzuk ere kontuan har litezkeen; adibidez, nortasunarena. Horiek horrela, hizkuntza baten prestigioaz edota haren eskastasunari buruz ari garenean, zaila da ideia honek egiazko sinesmen ala zuribide papera zein neurritaraino jokatzen duen jakitea.

Norbere herrian izanik, behintzat, norberaren hizkuntza utzi eta beste hizkuntza bat hartzea ez da konturatu gabe egiten den zerbait. Hizkuntza aldaketa eman delarik, batzuk, nortasuna zaurituta baina indarraren aurrean etsiak jota, bere baitarako lotsatu edota haserretu egingo dira, aldaketara zigorraren mehatxuak bultzatu dituela aitortuko dutelako; beste batzuk, aitzitik, harrotu eta poztu egingo dira, irabazleen alde distiratsura igarotzen jakin izan dutelako; edo, besterik ez bada ere, horri buruz gehiegirik ez pentsatzen ahaleginduko dira.

Hizkuntza baten desagerpena eta heriotza ez dira gauza bera (Junyent, 1989: 79). Desagerpena hiztun talde osoaren eliminazio fisikoaren ondorio ere izan liteke, tasmanierarekin gertatu bezala edo, bestela, latinarekin gertatu bezala, ezberdintze prozesu baten ondorengo izen galtzearen emaitza. Hizkuntzen heriotza aipatzean, ordea, hizkuntza ordezkapena dugu gogoan. Hizkuntza komunitate batek, hainbat arrazoi dela medio, bere hizkuntza utzi eta, haren ordez, beste bat hartuko du. Eta hori gertatzean, bere hizkuntza hil egingo da.

Hizkuntza baten heriotza, esan gabe doa, beste baten hedapenarekin batera ematen da. Alde horretatik, elebitasuna da ordezkapena eman aurreko pauso derrigorrezkoa, ezinezkoa baita darabilzun hizkuntza abandonatzea komunikatzeko hizkuntza berri bat eskuratu artean. Junyenten (1989: 79, 80) iritziz, hizkuntza prestigiotsuago bat beste baten eremura iritsi eta honek betetzen zituen funtzioak edo funtziotakoren bat betetzen hasten denean, ematen dena ez da elkarbizitza, baizik eta ordezkapenerako joera. Hartara, komunitate horrek belaunaldi luzez, diglosi egoeran elebidun izanez iraun badezake ere, elebitasun sozialak bultzadatxo bat baino ez du behar izango nagusi den elebakartasunerantz lerratzeko.

Puntu honetan, herritartasunaren erreferentzia gisa estatuaren markoa hartzen denean elebitasun nahiz eleaniztasun sozialaren ideiari nahiko maiz ematen zaion erabilera zorrotz kritikatzea ezinbestekoa da. Izan ere, estatu edota gizarte eleanitzaren diskurtsoa igortzen delarik eta, bidenabar, gizarte eleanitzak suposatzen duen aberastasuna goraipatzen, ematen du gizarte horretako partaide guztiek hizkuntza bat baino gehiagotan moldatzeko hezkuntza eta ahalmena dutela. Eta hori, esan gabe doa, ez da egia. Estatuen esparruan, elebidun oso diren hiztunak lurralde edo talde jakin batzuetan aurkitu ohi dira ia erabat, –hain zuzen, estatuko hizkuntza ofiziala arrotza deneko lurraldeetan edota emigrazio poltsa jakinetan–, eta gainontzean, hizkuntza ofiziala besterik ezagutzen ez duen jende elebakarra izaten da nagusi.

Herrialde boteretsuenak elebakarrak dira. Pentsa bestela G-8 delako lobbya osatzen duten herrialdeetan, esaterako: estatuak, Frantzia, Italia, Japonia, Kanada, Erresuma Batua, Alemania, Errusia. Gauza bat da estatu horien esparruan hizkuntza bat baino gehiago hitz egitea; oso beste bat beste hizkuntza horiek estatuak propiotzat hartzea. Gauza bat da ama hizkuntza ez duzun beste hizkuntza batean nolabaiteko konpetentzia izatea; oso beste bat bi hizkuntza ama hizkuntza balira bezala erabiltzeko gaitasuna. Esan ote liteke, benetan, frantsesa, italiera, japoniera, ingelesa, alemana, errusiera ama hizkuntza duten herritarrak elebidunak direnik?

Louis Jean Calvetek (1999) “eredu grabitatorioa” proposatzen du munduko hizkuntzen ordenari antzemateko: Munduan 7000 inguru hizkuntza ezberdin mintzo dira. Lehen begiratu kolpean anabasa handi gisa ageri zaigun aniztasun linguistiko honen baitan eleaniztasun sistemek halako antolaketa bat eskaintzen dute. Hain zuzen, halako edo bestelako hizkuntzan mintzo diren hiztunek beste batez jabetzen direnean, ez dute kasualitatez “aukeratzen”. Adibidez, %99ko aukera dago arabiar/ kabiliera elebidun baten lehenengo hizkuntza kabiliera izan dadin, Ekuadorreko espainiera/kitxua elebidun baten lehenengo hizkuntza ketxua izan dadin %99koa dagoen bezalaxe edota Brasilgo portuges/tupi elebidun baten lehenengo hizkuntza tupia: elebitasunak orientaturik daude eta euren norabideak baimentzen digu munduko hizkuntzen arteko harremanak estratu grabitatorio ezberdinez osaturiko galaxia bat osatuko balute bezala. Hizkuntza “hiperzentral” baten inguruan, ingelesa –sistemaren ardatza–, hizkuntza “superzentralek” grabitatzen dute (espainola, frantsesa, arabiera, errusiera, portugesa, hindia, malaysiera…) eta horien hiztunek, elebidunak direnean, joera izango dute erabiltzeko edo hizkuntza hiperzentrala –ingelesa– edo maila bereko beste hizkuntza superzentral bat. Adibidez, frantses batek batzuetan bere hizkuntza eta espainola ikasten ditu, baina oso gutxitan lingala edota kabiliera… Hizkuntza hauek, era berean, ehunka hizkuntza zentralen grabitate ardatz dira, eta hauek, halaber, beste 6000 eta 7000 hizkuntza periferikoren grabitate ardatz. Honela, munduko hizkuntza aniztasunaren eredu bat daukagu, zeinaren oinarria eleaniztasun sistemak baitira. Eta eredu honen lurralde zati, eskualde, Estatu edota hizkuntza talde handi baten gaineko eredu honen proiekzioak determinatzen du bere “txoko ekolinguistikoa”, bizikidetza eta, batzuetan, gatazka espazio bat non esku hartu dezaketen hizkuntza politikek. Airean bertan identitatek zein toki duten jakitea geratzen da.

Junyentek agerturiko iritziaren gordina zalantzan jarriz, hizkuntza ezberdinen arteko elkarbizitza orekatu eta iraunkorrari muzinik ez zaiola egin behar uste badugu ere, menpekoen eta menperatuen arteko harremanen ezkutuko izaera eta existitzen ez den armonia ospatzeak ez dirudi etsenplu onegia denik, behinik behin, zintzotasun edo zuzentasun intelektualari dagokionez. Beharbada, etorkizun den garai hobeagoren batean halako kontsentsu edota errespetuzko arauez gidaturiko eleaniztasun egoera bat egonkortuko da. Batek daki. Nahiago hala balitz. Baina, hizkuntzen eta herrien arteko harremana zein ote den galderari erantzuteko orduan, interpretazioan sakondu nahi bada, beharrezkoa da kasu bakoitzean jokoan diren indar harremanen arteko norabideak aintzakotzat hartzea.

Hizkuntzak herriak definitzeko garaian elementu kritikoak dira. Eta ez da harritzekoa, komunikazioa baita giza taldeak mamitu eta kohesionatzen dituena eta, orobat, hizkuntza baita, hain zuzen, giza taldeen komunikazio tresnarik behinena. Elkarren hizkuntza ulertzen ez duten bi komunitate edo gehiagok osatzen duen herritartasuna tentsiorik gabe pentsatzea, ikusia dago, kosta egiten da. Izan ere, komunikaziorik gabe, nola ezagutu bestea? Eta ezagutu ezean, nola sentitu talde –herri– bereko bezala? Hizkuntzak eta herriak berdintzea zentzuzkoa da eta arau orokor gisa balio lezake, hein batean.

Halere, kontua da badirela bai hizkuntza bera erabili arren bere burua herri ezberdintzat duten populazioak bai hizkuntza ezberdinak eta, are, bata bestearentzako ulertezinak izan litezkeenak erabili arren, herri bereko sentitzen direnak ere. Halakoetan, esan dugun gisan, garrantzitsua da indar harremanen arteko norabideak aintzakotzat hartzea eta prozesu historikoei so egitea. Hau da, oinarrizkoa da, esaterako, herrien eta hizkuntzen arteko harremanari erreparatzerakoan, asimilazio eta erresistentzia dinamikak edo, bestela esanda, ordezkapen prozesu eta hizkuntza hedapenak bereiztea.

Ñabardurak ñabardura, Ingalaterra, Irlanda eta Estatu Batuetan ingeles hizkuntzaren erabilera da nagusi eta arrunta. Baina herri horietako bakoitzean ingelesaren erabileraren atzean dauden arrazoiak ezberdinak dira eta herri horretan hizkuntzak herritartasunarekin duen harremana ez da bera. Ingalaterraren kasuan, ingelesa jatorrizko hizkuntza dugu, ingelesa da ingeles herriaren berezko hizkuntza. Estatu Batuar herritartasuna, britainiar herritartasunarekin etetetik sortua da, baina honek ere ingelesa du jatorrizko hizkuntza, haren arragoan hezurmamitu delako, kolonizaturiko lurraldeko berezko herri eta hizkuntzen kontra. Irlandako eguneroko hizkuntza, berriz, ingelesa bada ere, ez da jatorrizkoa: hain zuzen, eredugarria dugu irlandar hizkuntzaren ordezkapen prozesua. Errepresio historia gupidagabe baten ondorioz, irlandar herritarren artean ingelesen hizkuntzan mintzatzea normala bihurtu da.

Bestalde, Suitza eta Euskal Herria hizkuntza bat baino gehiago mintzo diren herritzat jo ditzakegu. Baina, kasu honetan ere, egoeraren irakurketa aldatu egiten da toki batetik bestera. Suitzari “willemnation” deituko zaio alemanez, elkarbizitza nahi izatetik sortua ei delako. Estatuaren mugen barruan, alemanaren, frantsesaren, italieraren eta erromantxearen eskubideak lurraldeka daude banaturik, kantoika. Malcom MacLarem lege-ikerlariaren hitzetan (2007), legedia zorrotza dela medio, Suitzan hizkuntza ezberdineko jendeen arteko nolabaiteko elkarbizitza bideratu da, baina integraziorik ez da lortu. Horregatik, Suitza, eleanitza baino gehiago da elebakarki anitza. Euskal Herriko espainiar elebakartasuna, frantses elebakartasuna eta euskaldunen elebitasuna, berriz, elkarbizitzaren nahia baino, hizkuntza ordezkapen prozesu baten emaitza baizik ez da, finean.

Herri batek beste bat azpiratzen duenean haren hizkuntza ere hankaperatu egingo du. Paradoxikoki, herri menperatuari, batzuetan, –asimilatu nahi denean–, hizkuntza arrotza ikasarazi izan zaio37; beste batzuetan, ordea, –baztertu eta esplotatu nahi denean–, hizkuntza arrotzaren ikaskuntza ukatu zaio, hala aurrekoaren gainean eraiki den gizarte berrian sektore bat marginalitatera bultzatuz. Eta, gero, bi joera hauen arteko dantza zuria ere bada, Sánchez Carrion Txepetxek (1999: 73) egokiro ekartzen duenez.

Errepresio selektiboa eta itxurazko tolerantzia bateratzean datza, alde batetik egoera interpretatu eta gainontzekoei azaltzeko gai diren hizkuntzaren hiztun oso eta kontzienteek osatzen duten gune sinbolikoa txikituz eta, aldi berean, osoak ez diren hiztunek osatzen duten periferia desartikulatuari premisa honetan oinarrituriko mezuak helaraziz: ‘Hitz egin ezazu zeure hizkuntza, baina manten zaitez analfabeto eta, ondorioz, eskubide zibikorik gabe eta erdeinu sozial eta instituzionala jasotzen duzula. Edo: “alfabeta zaitez eta bihur zaitez hiritar, zure berezko identitate nazkagarria alde batera utzita’. ‘Munduko kontzientzia onak artegarazteko bezain zaratsuak ez diren’ kasu hauetan, amarrua
zerean datza, hizkuntza bat erabiltzeko hautu pertsonala eta hizkuntza komunitate batek hizkuntza naturalki eta kulturalki transmititzeko daukan eskubidea disoziatzean, bigarren eskubide hau ukatzeak hautu pertsonala entelekia ilun izatera baztertzen baitu.

Hizkuntza baten aurka egiten duenak ongi asko daki herritartasunaren aurka egiten duela, hizkuntza kenduz gero herri nortasuna galarazi eta ordezko hizkuntzaren herriarekiko identifikazioa lortzeko aukera zabaltzen duelako38. Halaber, herritartasun jakin bat hobesten duenak hizkuntza jakin baten aldeko apustua egingo du. Begizta baten bueltan, herritartasun sentimendu batek hizkuntza batekiko lotura dakarkigu eta hizkuntza batek herri baten parte egiten gaitu.

Susmatzen dugu sakonean herri nortasuna eta hizkuntza estuki lotzen dituen ikuspegi hau unibertsalki konpartitua dela, nahiz eta kasuistika zabala izan, nahiz eta bi hizkuntza hitz egiten dituenak ea bi herritartasun sentitzen dituen galdetzea ere bidezkoa izan. Xalbadorren bertsoetan bata gorputza da, bestea, berriz, bizia ematen dion bihotza: herria eta hizkuntza ezin dira bereiz ulertu. Urepeldarraren irudia zuzena delakoan gaude. Azken finean, hizkuntza, herria, nazioa, estatua, denak ere identitatearen bidean gurutzatzen diren gorputz, bihotz eta itzal atalak ditugu eta.