IBAN ZALDUA // Ipuingintza // Aiora Sampedro Alegria

so 1467378181235 SO | 2021-01-23 08:25

Generoaren azterketa iban zalduaren ipuingintzan. Inon ez, inoiz ez oinarri hartuta. Sampedro Alegria, Aiora.

Laburpena

Susmoa genuen Iban Zalduaren ipuingintzan genero rol normatiboen iraultza motibo errepikakorra zela eta bere ipuin batzuen azterketarekin hori frogatzen saiatu gara. Horretarako, bere azken liburua, Inon ez, inoiz ez aukeratu dugu, uste baitugu, argitaratutako bere azken lana izatearekin batera, bere ibilbideko libururik osoena dela, bere ipuingintza osoa biltzen dituena.

Azterketa honen bidez, gure lanaren amaieran, irakurleak ondoko galdera hauen erantzuna jasotzea izan da helburua: 1) Zalduaren ipuingintzan heteronormatibitatearekin hausten da? 2) Era nabarmenean hausten da gaur egungo egoera normatiboarekin? 3) Zein estrategia narratiboren bidez garatzen da haustura hori? 4) Emakumeek eta gizonezkoek jasotzen duten hausturaren tratamendua berdina izan ohi da?

Horretarako, lehenik bere ipuingintzari errepasoa eginez, Inon ez, inoiz ez aukeratzearen arrazoiak azaldu dira eta zergatik iruditzen zaigun bere ibilbideko lanik osoena. Ondoren, bildumako ipuin batzuk aukeratu eta aztertu dira; batetik, kontakizun horiek aukeratzea justifikatu da; eta bestetik, emakume eta gizonezkoen irudiaren eraikuntza aztertu da ipuin horietan, baita generoaren heteronormatibitatearen iraultzaren proposamena zein modutan garatzen den ere. Alde batetik, emakumezko pertsonaien eraikuntzan erabiltzen dituen motiboak erakutsi eta aztertu dira eta bestetik, gizonezko protagonistengan erakusten direnak; horrela, euren artean konparatzeko. Azkenik, azterketa eta konparaketa horretatik eratorritako ondorioak plazaratu dira.

Azterketa honetatik, zenbait emaitza argi jaso ahal izan dugu: batetik, ikusi dugu beste gai askorekin bezala, ipuinetan kontatzen den istorioaren atze-ohial gisa egiten dela heteronormatibitatearen kritika, beste zenbait gertaera lantzen baitira ipuin bakoitzean. Bestalde, istorioetako protagonistek erakusten duten moduan, genero rol tradizionalei kritika egiteko, bikote harremanak hartzen dituela Zalduak oinarri, adin ertaineko familia gurasoak; eta beren harremanetako arazo eta arrakalak erakusten dituela.

Beraz, ikusitakoaren argitan, ondorioztatu dugu, Zalduak generoa itzultzeko irakurlearen inguruko gaur egungo gertuko eta eguneroko bizitza azaltzen digula gordin-gordinean. Ez zaiola gizarteari aurreratu nahi, ez digula bere mundu ikuskera idilikoa ezagutarazi nahi; baizik eta, gaur egungo bai emakumezko eta bai gizonezkoen patetikotasuna agertu. Azkenik, ez genuke aipatu gabe utzi nahi, lanketan zehar erabilitako materiala aztertzerakoan, konturatu garela, euskal literaturan emakumezkoek sortutako emakumezko protagonisten inguruko analisirik egin bada ere, gizonezkoek sortutako gizonezko eta emakumezko pertsonaien inguruko azterketak urriagoak izan direla. Honako hau, azterketa horretara gerturapen bat izatea espero da, baina, etorkizuneko lanetan garatzeko gai egokia delakoan gaude.

Biografia eta bibliografia

Iban Zaldua (Donostia, 1966) Historian lizentziatua da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ekonomi historia irakasten badu ere, ibilbide literario zabala du. Zenbait ipuin-bilduma1 idatzi ditu orain arte: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001), Itzalak (2004), Etorkizuna (Euskadi Saria, 2005); azkena, lan honetan aztergai den obraInon ez, inoiz ez (2014). Bestalde, ipuin-liburuak ere idatzi ditu Ipuin euskaldunak (1999), Biodiskografiak (2011) eta Idazten ari dela idazten duen idazlea (2012). Gainera, zenbait antologiagilek aintzat hartu dituzte bere lanak beren bildumak osatzerakoan Camel-en Best European Fiction 2015 (2014), Olaziregiren Mende berrirako ipuinak-Antologia (2005) edo Ayerberen Our Wars. Short Fiction on Basque Conflicts (2012).

Nahiz eta bere jarduna ipuingintzan oinarritzen den, zenbait saiakera lan argitaratu ditu, eta hauetan ere, gai nagusia literatura da: Obabatiko tranbia (2002) eta Animalia disekatuak (2005). Nouvelle bat ere idatzi du, Euskaldun guztion aberria (2008). Gainera, haur eta gazte literatura arloan Euskadi Saria jasotako Azken garaipena komikiaren gidoiaren egilea da (Euskadi Saria haur eta gazte literatura alorrean, 2011). Azkenik, Veinte cuentos cortitos (1989), La isla de los antropólogos y otros relatos (2000), Si Sabino viviría (2005), Ese idioma raro y poderoso (Euskadi Saria gaztelaniazko saiakeran, 2012) lanek biltzen dute Zalduak gaztelaniaz eginiko ekarria.

Ipuingintza

Idazlearen ekoizpen literarioari begiratuz, argi ikus daiteke ipuingintzaren aldeko hautua egiten duela gure idazleak; horren erakusgarri, idazleak berak behin baino gehiagotan aztertu izana ipuinaren mikrokosmosa; adibidez, berak aukeraturiko bere ipuin hoberenen antologian, Ipuinak-Antologia bat,“Ipuingintzaren dodekalogoa” delakoa epilogo gisa gaineratzen da, izenak berak dioen bezala, ipuingintzan jarraitu beharreko arauak aurkeztuz; Inon ez, inoiz ez lanean ere “Nobela nazioak, ipuin herrialdeak” ipuina agertzen zaigu, ipuingintzaren aukeraketaren justifikazio modukoa. Publikatu dituen saiakera lanetan ere ipuingintzak pisu nabarmena du (ikus Obabatiko tranbia).

Aipu honetan ageri zaigu Ur Apalategik Zalduaren Ipuinak-Antologia bat laneko sarreran (2010:14) hain ongi ikusten jakin izan zuen gakoa:

Iban Zalduak, bere ekoizpen literarioa ipuingintzara mugatuz, esanahi sinbolikoa duen poetika inedito bat aldarrikatu du. Eleberria ez dagokigu euskaldunoi. Ipuina da gure izaera sakona, baita gure izaera historiko zalantzatia ere, leialki isla dezakeen genero bakarra. Ipuinaren periferikotasuna Euskal Herriaren periferikotasunaren metafora bihurtzen da bere lumapean.

Zalduak ere, Inon ez, inoiz ez liburuan hautu honen aldarria egiten digu ipuin baten bidez. “Nobela nazioak, ipuin herrialdeak” izenez deituriko errelatoan, berak dioen moduan, saiatu izan da azaltzen:

Zer dela eta iruditu zaidan ia beti ipuin liburuek hobetu islatu dutela gure historia hurbila eta ez horren hurbila-nobelek baino. Eta zeintzuk diren euskal ipuingintzaren sendotasun oro har handixeagoaren kausak, inguruko herrialde eta literaturetan izan ohi duenarekin konparatuta (287)2.

Ipuinaren amaieran ipuingintza ibilbidearen ardatz aukeratzearen justifikazioazehazten du:

Nazio batzuk Ipuin Herrialdeak dira eta herrialde batzuk, ordea, Nobela Nazio. Espainia, esaterako. Bere historiaren hasieratik Gaztelaniazko Nobela Handien pertsekuzio eta ehiza konpultsibora emana (....). Hortaz, Espainiako historiak tradizio autokratiko luze eta eutsi batekin non etsaia barrutik baitator betiere- nobelagileak produzitzen ditu. Ondorioz, ez da harritzekoa Euskal Herriko historia espasmodiko, eskizofreniko eta beti etenak Regenta baten edo Emma Bovary baten farorik gabe-ipuingile jenialak produzitzea (...). Euskal Herriko historiaren eztanda konstante eta aldi berean etenaren gisa (...). Lasaitasuna behar da nobela bat idazteko, ipuin bat lurrikara baten erditik idatz daiteke (290-291).

Lanean aztergai dugun Inon ez, inoiz ez aipatu berri den poetika honen erakusgarri litzateke. 2014ko apirilean Elkar argitaletxeak publikatu zuen lan hau hiru zati nagusitan banatzen da: lehen zatia, Inon ez, eta hirugarren zatia, Inoiz ez, deiturikoak fantastikoenak lirateke; erdiko zatia, Hemen, orain (2006-2014); izenak adierazten duen bezala, errealistena litzateke. Idazlearen esanari jarraiki hasierako atalean bildumen artean kokatu badugu ere, erdiko atal honetako gai nagusia gatazka izateak, lana ipuin-liburuen barnean kokatzea ere eragin dezake; izan ere, nahiz eta beste gai anitz ere jorratu (lan honetan aztergai den generoaren ikuspegia adibidez), behin eta berriro euskal gatazkaren testuinguruan ipiniko gaitu autoreak eta atze-oihal baten moduan agertuko zaigu ipuin askotan. Gainera, egia da, ipuin batetik besterako pertsonaien izenak zenbaitetan errepikatzen direla (Mikel, Aitor, Elena, Iñaki...); horrek adierazten digu, balitekeela pertsonaiek ipuin batetik bestera jauzi egitea, nahiz eta pertsonaia autonomotzat ere har daitezkeen eta ipuinek ulergarritasunik ez galdu.

Ondorioak

Lan honen helburua Iban Zalduaren ipuingintzan genero rol normatiboen kontrako iraultza proposatzen dela frogatzea izan da eta iraultza hori, literatura osoan zehar egiten saiatzen dela. Lehenik, ikusi dugu Zalduak ipuingintzaren aldeko apustua egiten duela eta gainera, bere azken laneko ipuin hautatu batzuekin, saiatu gara frogatzen ipuingintza horretan zehar heteronormatibitatearen kontrako kritika egiten duela. Azkenik, ipuin hautatu hauen azterketarekin, aurkeztu dugu heteronormatibitatearen kontrako kritika hori zein modutan azaltzen zaigun idazle donostiarraren literaturan.

Uste dugu, ondorio hauekin argi erantzun daitezkeela hasieran planteatutako galderak: 1) Zalduaren ipuingintzan heteronormatibitatearekin hausten da? 2) Era nabarmenean hausten da gaur egungo egoera normatiboarekin? 3) Zein estrategia narratiboren bidez garatzen da haustura hori? 4) Emakumeek eta gizonezkoek jasotzen duten hausturaren tratamendua berdina izan ohi da?

Argi geratu da genero rol normatiboen kritika zorrotza egiten dela kontakizunetan eta ondorioztatu dugu, Zalduak generoa itzultzeko irakurlearen inguruko gaur egungo gertuko eta eguneroko bizitza azaltzen digula gordin-gordinean. Ez zaiola gizarteari aurreratu nahi, ez digula bere mundu ikuskera idilikoa ezagutarazi nahi. Horregatik, emakume eta gizonezkoek gaur egungo egoeran dituzten arazo eta akatsen arteko banaketa difusoa da, ez dira banatze nabarmenak. Agian, honekin, galdera sakonagoa egin nahi digu: gaur egun ez dagoela hain argi (gizon eta emakume) on eta txar arteko diferentzia. Azkenik, ez genuke aipatu gabe utzi nahi, lanketan zehar erabilitako materiala aztertzerakoan konturatu garela euskal literaturan emakumezkoek sortutako emakumezko protagonisten inguruko analisirik egin bada ere, gizonezkoek sortutako gizonezko eta emakumezko pertsonaien inguruko azterketak urriagoak izan direla. Honako hau, azterketa horretara gerturapen bat izatea espero da, baina, etorkizuneko lanetan garatzeko gai egokia da.

http://hdl.handle.net/10810/21290

Bibliografia

ALLEN, H. (2000), “Gender, sexuality and the military model of U.S national community”, in Gender ironies of nationalism. Sexing the nation, Taylor & Francis e-Library, 309-329 orr.

APALATEGI, U. (2013),“Euskal subjektuaren bilakaera erromaneskoa: desberdintze estrategiaren eta homologazio nahiaren arteko negoziaketa literario-ideologikoak” [artikulua linean], 452ºF. Literaturaren teoria etaliteratura konparatua aldizkaria, 9, 56-77, [Kontsulta data: 14/12/30], <http://www.452f.com/pdf/numero09/09_452f-mono-ur-apalategi-orgnl.pdf>

AYERBE,M. (argitaratu gabea), “Iban Zalduaren Ipuingintza. Guda eta gatazka

ALVAREZ URIA, A.(2013) “Glosategia”,in Castillo, I. & Retolaza, I. Generoariketak, Donostia: Edo, 279-308 orr.

GRAY,M. (1992),A Dictionary of Literary Terms, Harlow, England: York Press-York Handboks

KORTAZAR, J. & BILLELABEITIA, M. (2011) “Iban Zaldua: Traizioak” in Kortazar & Rabelli Egungo euskal ipuingintzaren historia, Bilbo: UPV-EHU, 267-277 orr.

LASARTE,G. (2012), Feministagenda, Bilbo: UPV-EHULÓPEZ GASENI, M. (2008), “Zer esan nahi dut “metaliteratura” diodanean?”, Mozorroa ispiluan. Ibilbide bat metafikzioaren historian zehar. Donostia: Erein, 13-18 orr.

MAYER, T. (2002), “Gender ironies of nationalism: setting the stage”, in Mayer, T. Gender ironies of nationalism. Sexing the nation,Taylor & Francis e-Library, 1-25 orr.

RABELLI,A. (2011), “Sarrera. Gaurko euskal ipuingintzaren historia. 1983-2003”, & in Kortazar & Rabelli Egungo euskal ipuingintzaren historia, Bilbo: UPV-EHU, 13-107 orr.

RETOLAZA, I. (2007), “Leturiaren egunkari ezkutua: gioz eta emakume irudiak” in Euskera, 52. (2007, 2), 671-689. orr.

RIBAS, J.& ZALDUA, I. (2011), Azken garaipena, Donostia: Euskal Herriko Ikastolak                              SAREINAK (2010), “Milia balitz lamia... lesbianismoa eta euskal literatura” in Egaña, I. (koord.), Desira desordenatuak: Queer irakurketak (euskal) literaturan, Donostia: Utriusque Vasconiae. 87-103. orr.TOLEDO, A. (2000), “El personaje femenino en la novela costumbrista vasca” in Zavala, Iris M., Breve historia feminista de la literatura española (en lengua catalana, gallega y vasca), Vol. IV, Bartzelona: Anthropos. 332-446. orr.ZALDUA, I.(2005), Etorkizuna, Irun: Alberdania, [2. argitaraldia]-(2008), Euskaldun guztion aberria, Irun: Alberdania-(2014), Inon ez, inoiz ez, Donostia: Elkar