IBAN ZALDUA / AUTOFIKZIOAREN AURKAKO MANIFESTUA

so 1467378181235 SO | 2020-11-02 11:47

https://ibanzaldua.wordpress.com/2014/09/11/autofikzioaren-aurkako-manifestua/

Iratxo bat dabil literatur munduan barrena: autofikzioaren iratxoa. Letren Errepublikako botere guztiak aliantza santu batean elkartu dira iratxo horren alde: Akademia eta Kritika, Eroski eta liburu denda hipsterrak, irakurle klubak eta Idazle Eskola, Kortazar eta Olaziregi, Suseríoa eta Elkar-Martin Ugalde konplexua…

Non dago aurka egingo dion idazlerik edo kritikorik, non oposizioko alderdi bat autofikziozale aurrerakoienen aurka, autofikziozale atzerakoienen aurka bezala, selfie literatura horren salakuntza laidoztatzailea jaurtiko duena?

Hona hemen ideia batzuk tirania berri horren aurka altxatzeko ausardia bil dezaketenentzat; nik, aitor dut, ez dut indarrik jada, eta, are gehiago –edo gutxiago–, hobenduna naiz, behin baino gehiagotan hurbildu bainaiz, lotsaz batzuetan eta lotsa gabe gehienetan, azpigenero horretara: badakizue, ondoko etxebizitzako festakoek zarata handia egiten badute, hobe haiekin bat egitea. Baina ohar hauek interesekoak izango dira, apika, kutsatu gabeko literatur arima garbientzat, eta haiei zuzentzen dizkiet, itxaropenez betea.

  • Alde batetik, autobiografiaren eta fikzioaren arteko nolabaiteko nahasketa hori literaturaren azken joeretako bat dela dioten ahotsak oso zuzen ez daudela aldarrikatu beharra dago: autofikzioa ez da inolaz ere genero berria Egilea pertsonaia bezala agertzea bere fikziozko lanetan, gutxienez, Danteren Jainkozko Komedia bezain aspaldikoa da, eta, ziurrenik, literatura bera bezain zaharra: zer da poesia liriko gehiena, autofikzio bat baizik? Ikuspegi horretatik, bide batez, agian ez da kasualitatea autofikzioaren praktikatzaile ez gutxi poetak izatea, inguruotan behintzat.
  • Bestalde, autofikzioak ez du itun autobiografikoa errespetatzen. Eta hori, neurri batean, tranpa egitea da. Itun autobiografikoak ez du esan nahi idazleak bere bizitzari buruz egia eta bakarrik egia esaten digula (irakurlea, XXI. mendea hain aurreratua dagoenean, ez da horren xaloa), baina bai kontatzen digunari buruz egia esango baligu bezala ari zaigula. Autofikzioan, ordea, arau hori hausten da, idazleak eskubidea baitauka gezurra edo fantasia nonahi eta noiznahi txertatzeko, eta, beraz, irakurlea ez da sekula ere ziur egongo idazleak berak egia hori sinestarazi nahi digun, ala ez.
  • Baina, gainera, eta hori baino larriagoa, autofikzioak ez dio begirunerik itun nobeleskoari. Eta itun nobeleskoaren oinarria, jakina den bezala, sinesgogortasunaren suspentsioari edo geroratzeari dagokio: fikzio batek ondo funtzionatzen du irakurri bitartean eta ebidentzia guztien kontra –are kutsu fantastikoena duenean ere– sinesten dugunean; liburua abandonatu bezain laster, zer esanik ez, ez sinestera igarotzen gara. Autofikzioarekin nekez lor daiteke efektu hori, irakurleak ondo baitaki idazlea etengabeko jauziak emango dituela egiazko gezurraren eta gezurrezko egiaren artean.
  • Eta horrek, berez, ez luke zertan hain larria izan. Arazoak datoz joan-etorri horiek guztiek mugak ipintzen dizkiotenean fikzioaren zabalkuntzari. Hau da, idazleak uko egiten dioenean, egiarekiko fidel izateko, itun nobeleskoaren baitan onargarri eta, are gehiago, erakargarri edo ezinbesteko izango liratekeen fikziozko elementuen txertaketari. Horrek daukan arriskua kontakizuna maxkal eta interesgabea bihurtzea da, eta, ondorioz, esangura literariorik gabekoa. Eta hori, nobela batean, barkaezina den kontu bakarrenetakoa da. Ze, ez dezagun ahaztu, autofikziogile gehienek nobela gisa saldu nahi dituzte haien ekoizkinak.
  • Izan ere, autofikzioaren hautuak dezente handitu dezake egilearengan bere bizitza oso interesgarritzat hartzeko daukan joera naturala, baldin eta kontrakoa gertatzen ez bada, hau da, autofikzioa aukeratu izana sinetsita dagoelako bere bizitza, berez, oso dela interesgarria. Eta hori hala bada, hots, periperiziez eta egitandiz beteriko bizitza bat bada egilearena, gaitzerdi. Baina izan gaitezen errealistak: idazle gehienen bizitza nahiko gatzgabea da, eta fikziozko dosi benetan eraginkorren erabilerarik gabe, edo estilo literario original baten jabe izan ezean, ez da suertatzen, berez, nobeletarako gairik erakargarriena…
  • Autofikzioak idazlearen nagikeria sustatzen du. Azken batean, dokumentatzeko betebehar sakratua murriztu edo guztiz ezabatzen du, egileak ikertu nahi duen gai nagusia –bere burua– eskura duen neurrian. Edo eskura duela uste duen neurrian, autoezagutzarena ez baita beti bikain eta azken muturreraino burutzen den lan bat…
  • Tentazio autobiografiko edo autofikzionala, edonola ere, kutsakorra da, eta liburuetatik at irteteko eta zabaltzeko joera dauka, birus gaizto bat balitz legez; azken finean, airean dagoen kontua da, sare sozialen metastasiak eta selfien boladak iragartzen duten moduan. Zutabegintza larriki zauritu zuten aspaldi tentazio horiek –zer inporta zaio irakurleari, Ukrainako auziari buruz informatzeko orduan, iritzi-emaileak vodkarekiko edo patxaranarekiko izan duen harreman sekularra, egiazkoa ala gezurrezkoa?–, baina azken aldi honetan are kritikagintza bezalako alor bizarroetara zabaldu da –zer axola dakioke
  •  
    • liburu baten bertuteez edo akatsez jakitun izan nahi duenari kritikoaren txikiteo koadrilakoek haren gustu literarioez izan dezaketen iritzia, edo bere zorigaiztoko edo zorioneko maiteminen kronika zehatza?–.
    • Autofikzioaren beste arazo bat, paradoxikoki, egiari ipin diezazkiokeen mugetan Autofikzio gehienetan, edo, behintzat, inguruotan boladan daudenetan, nekez aurkituko dugu egilearen erretratu benetan negatiborik, ezta kasik anbiguorik ere: gizakiaren miseriatxo batzuk erakutsiko zaizkigu, askoz jota, baina ez gehiegi, eta protagonistaren bertuteek edo ausardiek, benetakoek eta asmatuek, gain hartuko diete beti ere, ontasunaren fabore (ontasun hori tradizionala zein alternatiboa izan daitekeelarik, noski). Fikzioa, ordea, eraginkorragoa izan daiteke arimaren alderdi ilunetan barneratzeko, askatasun gehiago –distantzia gehiago– eskaintzen diolako egileari.
    • Alderdi horretatik, eta Barthesek defendatzen/aurreikusten zuenaren aurka, egilearen figuraren puztearen ondoriotzat har daiteke, beste arrazoien artean, autofikzioaren hazkundea. Egilea marka® bihurtu da: literaturaren iturri, ikur eta helburu nagusi, idatzi ez ezik liburuaren interpretazioa inposatu eta salmenta ahaleginak gidatzen dituena, liburutik aparte gero eta bizitza publiko zabalagoa gauzatzen duena. Autofikzioa, neurri batean, idazlearen marketing kanpainaren jarraipena litzateke, beste bitarteko batzuekin, Ni-aren hipertrofia garaikidearen testuinguruan beti ere. Nobelak, garai batean balio izan zuena kanpoko mundu kolektiboa deskribatzeko –errealismoa–, mundu kolektibo horren miseriak azaltzeko –naturalismoa– edo mundu hori bera aldatzeko edo iraultzeko –abangoardiak–,
      • niaren solipsismo egotistenaren gordeleku bihurtzeko arriskua dauka, autofikzioaren bertsio desitxuratuenetan behintzat.

      Amai dezadan ohar optimista batekin: autofikzio guztiak ez du zertan txarra izan, eta emaitza, maiz, idazlearen abileziaren araberakoa izango da, zer esanik ez. Baina generoak berezko arrisku nabarmenak dituela erakutsi nahi nuen sasimanifestu honekin, eta, orobat, zein kalte handiak sor ditzakeen esku desegokietan erortzen utzi ezkero.

      Munduko autofikziogileak, arren, ez zaitezte elkar! Eta, batez ere, ez jarraitu ugaltzen…