IBAI IZTUETA AZURMENDI // CULTURA VASCA VS EUSKAL KULTURA // Utriusque Vasconiae
https://addi.ehu.es/handle/10810/28838
Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainolez edo frantsesez ere bai? galderari erantzuten saiatzen da egilea. Liburu honetan abiapuntuko galderari baietz ala ezetz erantzun aurretik galdera bera formulatzen deneko testuinguruaz gogoeta egitea proposatzen da. Hizkuntza gutxitua daukan herri subordinatu bati dagokion testuingurua da hau. Harremanak ulertzeko modu berezia dugu subordinazio eta, ildoan, Euskal Herrian kulturaren eta hizkuntzen arteko lotura ulertuko bada, argigarri gerta liteke herri/gizarte, hizkuntza/identitate eta euskal kultura/cultura vasca bikoteen arteko harremanaz hausnartzea.
Arrazoi larria deritzogu, gure ustez euskararen eta euskal nor-tasunaren arteko harremana esan gabe doala pentsatzeak pertzepzio oker bati erantzuten diolako. Baina, nolanahi den ere, zalantzarik gabe identitatearen eta hizkuntzaren arteko lotura eztabaida na-gusitik at uzteko arrazoien artean larri eta kezkagarriena gizarte mailako tabu ideologiko bati erantzuten dion autozentsura da, hau da, espresuki adierazi nahi ez den premisa dela.
Tabu ideologikoak errotik zauritzen du beharrezko ezein argitze ideologiko eta, ildo honetan, euskararen biziberritzeak daukan eginkizunik behinena euskara politikari eta ideologiari uko egin behar diola ezartzen duen premisa ideologikoa gainditzea da.
Nolabait ere, esan liteke EAEn burutu izan den hizkuntza politikak premisa diskurtsibotzat ezarri izan duela euskararen politizazioa txarra dela euskararen biziberritzeko eta, aldiz, despolitizazioa mesedetan izango duela. Premisa honek, ordea, bi uste ustel elikatzen ditu. Uste horietako bat jardun politikoa eta politizazioa gauza berez txarra direlako iritzia da, onaren eta txarraren, egokiaren eta okerraren arteko bereizketarik egin gabe. Elikatzen duen bigarren uste okerra da, berriz, pentsaraztea despolitizazioak politikari eta ideologia txarrari bizkar ematea esan nahi duela. Aitzitik: politika eta ideologia gogorrik baldin bada, izan, despolitizazioa aldarrikatzen duen hori da, politizazioaren mehatxuaren izenean, eztabaidarako tarterik ere irekitzen uzten ez duelako. Alde horretatik, esan ere esan liteke despolitizaziorako edo desideologizaziorako deirik ozenena egiten dutenak bere politika eta ideologia ezkutatzeko interesa duten horiek izan ohi direla, lotsagarri edo bere horretan aurkeztezin zaizkielako-edo.
Arazoa, hortaz, ez da euskararen eta politikaren arteko harreman saihestezina, baizik eta harreman hau nolakoa den. Eta esan liteke, gaur gaurkoz, harreman hori gaiztotua dagoela, harremana bera madarikatu eta ukatzen duen ideologiak elikatzen eta baldintzatzen duelako.Argitze ideologikorik emango bada, beraz, ezinbestekoa da euskararen despolitizazio ideologikoa gaindituko duen politizazio egoki bat aldarrikatzea. Horregatik, kritikoki aztertu beharrekoak dira hizkuntzaren despolitizazio politikarekin lotu izan den erakargarritasunaren ideiaren eta estrategiaren aldeko apustuak eta bestelako diskurtso eta estrategiak baztertzeak berarekin daramatzan ezinak.
Izan ere, esan bezala, erakargarritasunaren diskurtsoari lepora lekiokeena da oposizio faltsu eta elkorrak elikatzen dituela, hain zuzen ere, hizkuntzaren biziberritzea kale itxira daramatenak, inplizituki eta automatikoki, erakargarria eta askea ei dena arbuigarri eta inposiziozko ei denari kontrajartzen dion markoa birproduzitzen duelako.
Patxi Baztarrika, EAJk gidatzen duen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburua dugu, hain zuzen, erakargarritasunaren aldeko diskurtsoaren aldezleetako bat, eta, Eusko Jaurlaritzarako 2012ko haustekunde kanpainan zehar Gipuzkoako Aldundiak euskararen gainean betearazi nahi zuen araudi bat zela-eta sorturiko polemika desatseginaren argitan behintzat, baita diskurtso hau bizi duten bizio eta ezinen adierazle argietako bat ere. Baztarrikak 2009an argitaraturiko Babeli gorazarre liburu marduleko pasartea da datorrena, kanonikoa eta derrigorrez iruzkindu beharrekoa, salagarri zaigun marko zikiratzailea ederki asko adierazten duelako. Honela dio (Baztarrika, 2009: 259): “Euskararen plazan askotan nabarmentzen dira minimalistak (edo motelzaleak) eta maximalistak (edo lasterzaleak). Jose Luis Lizundia euskaltzainak esango lukeenez, hizkuntza politikan, hurrenez hurren, eutanasia edo dopinga aplikatzearen aldekoak. “Arauek hau eta beste egitera behartu beharko lukete, eta ez dute halakorik agintzen”, diote maximalista lasterzaleek; hauentzat euskararen alde egiten den ia guztia, beti guti eta beti da “galdutako aukera”. “Arauak gogorregiak dira, inposizioaren bidean daude”, esaten dute minimalista motelzaleek; hauentzat euskararen alde egiten den ia guztia izan ohi da gehiegi.
Honetan ere –maximalista lasterzaleen eta minimalista motelzaleen artean esan nahi dut–, beste arlo ugarietan bezala, oreka aurkitu behar da, aurrera egingo bada. Zenbaitek inuzentetzat hartuko ba gaitu ere, konbentziturik gaude etengabeko presio, exijentzia eta aginduen bidea baino askoz eragingarriagoa izango zaigula pertsuasioarena eta erakargarritasunarena erabiltzea euskararen alde. Gogoa baita ezagutzatik erabilerarako zubi, atxikimendua erabileraren giltzarri, eta, erakargarritasunekin batera, adostasun sozial eta politikoa atxikimenduaren elikagai nagusia”.
Bada, kontua da pasarte hau argitaratu eta hiru urtera, 2012ko hausteskunde kanpainan zehar, Bilduk gidaturiko Gipuzkoako Diputazioak prentsaurrekoak euskaraz ematea –kazetariei itzultzaileak eskainiz– nahiz euskararen gaineko araudi bat betearazteko asmoa agertu zuela. Itxura denez, ez zen Bilduk idatzitako araudia, baizik eta bere garaian EAJ alderdiak berak adosturikoa eta artean betearazi gabe zegoena. Aldundiak berekin lan egitekoak izango ziren enpresa pribatuei harremanak neurri batean behintzat euskaraz mantentzea ahalbidetuko zuen berme txiki bat eskatzen zien. Ordea, erabakia hedabideetan agertu zelarik, jakina denez, EAJko ordezkariak, bai artean Lehendakarigai zen Iñigo Urkullu jauna bai Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun ohia, araua betearaztearen aurka agertu ziren, publikoki salatuz halako arau bat betearaztea inposizioa zela eta askatasunaren aurka zihoala, euskarak ez zuela salbatzailerik behar espainolak bai, nonbait. Baztarrikak marrazturiko eskeman, minimalista motelzaleen diskurtsoa bereganatu zuen, hortaz, EAJk. Ez goaz gu, inolaz ere, Urkulluren edota Olanoren euskaltzaletasuna zalantzan jartzera. Beraz, zergatik norberak idatzitako arauak betearaztearen aurkako erreakzio hau? Zentzuzkoena, ziurrenik, pasadizo hau Eusko Jaurlaritzarako hauteskunde kanpaina baten baitan interpretatzea da. Hala, ez da ahaztu behar EAJren bozka emaileen erdiak baino gehiago erdaldun elebakarrak direla eta, bestetik, EAJri Bilduren aurrean garaipena emango dioten bozak EAJren eta PSE espainol-zalearen artean ezbaian izaten diren horiek direla. Hala, EAJren erreak zioa bozka potentzial batzuk –erdalzaleenak– galtzeko beldurrak elikatua– eta beste bozka potentzial batzuk –euskaltzaleenak–ez galtzeko sinesmenak babestua ageri zaigu eta, batez ere, inposizioa vs askatasuna konfrontatzen dituen markoak edo diskurtsoak errotik baldintzatua.
Ez zion, noski, bihotza gehiegi altxa izango pasarte honek Patxi Baztarrika Sailburuari. EAEn erakargarritasunaren diskurtsoa, gaur egun, “euskararen inposizioa vs euskaraz ez jakiteko askatasuna” delako marko atzerakoi eta zeharo inzibikoan txertatzen da eta, ondorioz, erabilera dela-eta euskarari erakargarritasun falta aurpegiratzeak marko hura erreproduzitu eta indartzea dakar, sakonean. Horregatik, ulertu behar da marko hau indarrean den bitartean euskara ez dela sekula erakargarri izatera iritsiko, beti izango dela inposizio. Beraz, erakargarritasunaren diskurtsoa soilik erabili eta bestelakoa baztertzeak, planteamendu zikiratzaileak iraunaraztea ekar lezake. Martínez de Lunak (2012: 129) ohartarazten du azken hogei urteotan erdararen atxikimendu komunitatean inoiz pizturiko euskararen aldeko jarrera zalantzan jartzen hasi dela orain, euskararen aldeko hizkuntza politikari kutsu politizatua, ideologikoa, eta erabilera alderdikoia leporatzen zaiolako. Kontua da, egokiera honetan, argitze ideologiko osasuntsu bat burutu eta salaketa hauek errotik moztu eta deslegitimatzeko pausua eman ordez, gaizki ulerturiko erakargarritasuna aldarrikatzen dela eta, honela, salaketa hauek ontzat, arrazoizkotzat eta legitimotzat jotzen direla.
Izan ere, menderakuntzazko harremanen baitan erakargarritasunaren diskurtso edo estrategia soilik baliatzeak duen beste ahulune handi bat indar harremanak faltsuki inbertitzekoa da. Zeren eta gobernu autonomiko bati dagokion subordinaziotik formulatzen denean, erakargarritasuna aldarrikapena menderatzailearen taldeko sentitzen denaren begitan, subordinatuaren onargarritasun erregu bihurtzen baita. Erakargarritasunaren diskurtsoa bereziki euskararekiko indiferente, uzkur eta, are, erasokor ageri diren hiritarrei zuzendua dago. Gertatzen da, ordea, erdararen aldeko atxikimendu komunitatearen erantzuna bilatzeak badituela bai bere ordainak bai bere mugak.
Hala, arrazoirik ez da falta planteatzeko euskararen eta euskaltasunaren arteko loturari uko egiten dion diskurtso hegemoniko honek, abertzaletasunaz kanpoko sektoreetan euskararen aldeko neurri politiko batzuk hartzeko unean halako tolerantzia formal eta zalantzati bat jasotzearen truke, ez ote duen abertzaletasunaren baitako soziologian hizkuntzarekiko atxikimenduaren neutralizazioa ekarri, hau da, ez ote duen, abertzaletasunaren parte bati dagokionez, paradoxaz, euskararekiko erakargarritasuna epeldu.
Erakargarritasunaren diskurtso eta estrategiak baditu bere bertute ukaezinak, jakina, borondate onaren erakusle delako eta borondate ona delako bizikidetza osasuntsuaren lehenengo baldintza; baina esandakoagatik, mendekotasunezko indar harremanak eta hizkuntza politika estatalak erkidegoetakoekin gurutzatzen direneko testuinguruetan zentzuzkoa dirudi diskurtso hauxe bera errekonozimendu, asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu eta aurkeztea. Hala, errekonozimenduaren diskurtsoa uler liteke gizarte mailan ematen diren hizkuntzekiko ibilbide ezberdinak eta konplexutasuna normalizatzeko bide gisa, hau da, norbera hizkuntzekiko daukan harremanagatik deseroso ez sentitzeko moduko diskurtso gisa.
Asertibitatearen diskurtsoak, berriz, bi dimentsiotan eragingo luke:
alde batetik, herri dimentsioan, herri izaeraren oinarrituriko euskararen erabilera bultzatzera eramanez eta, bestetik, gizarte mailan, euskararen ezagutza orokorraren eskaera normalizatuz;
betoari buruzko diskurtsoak, aldiz, agerian utziko luke
euskaraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea ez dela norbanakoaren eskubide bat aldarrikatzea, baizik eta auzo dugun hiritarrak euskaraz egiteare aurkako betoa, hau da, euskaraz egin nahi duen auzoarekiko gutxiespen jarrera mantentzea.