Harritik herrira. Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014 // Asier Amezaga Etxebarria

so 1467378181235 SO | 2020-11-14 11:51

https://addi.ehu.es/handle/10810/15494

LABURPENA

Gabriel Aresti Segurola (1933-1975)

Euskal literaturako idazle nagusietako bat dela inork gutxik ipiniko luke dudatan gaur egun, bere obra eta posizio-hartzeek astindu eta iskanbila ederrak sortu bazituzten ere. Hainbat kale eta erakundek izena zor diote Arestiri eta urtero, gutxienez, omenaldi publiko pare bat eskaintzen zaizkio.

Ikerketa honek Arestik gaurko euskal kultura eta gizartean jokatzen duen papera ulertu nahi du, horretarako bere bizitza eta obra zelan egokitzen diren aztertuko ditut, interpretazio aniztasunari arreta berezia jarriz, aniztasuna baita, hain zuzen ere, moldagarritasunaren berri eman dezakeena. Zentzu horretan, ikerketa honek galdera hauek erantzun nahi ditu: Zenbateraino eta zeren bitartez osatzen du frankismo garaiko euskal literatura eta kulturaren gaineko narratiben bitartekaritza? Zerk bihurtu du Aresti euskal kulturaren ordezkari, adibidez, bere koroatzean, Espainiako Erregearen aipamenaren duin izateko? Zelan mantentzen dute hainbat eragilek bizirik bere obra? Obraren bizirik mantentze horretan, zer alde dago batzuen eta besteen interpretazioenartean?

Literatura eta kulturaren soziologiak tresna egokiak eskaintzen dituzte Aresti euskal kultura legitimoan txertatzeko igarotako prozesua aztertzeko. Baina ahalbidetzen dituen interpretazio anitzei erreparatzeko, komunikazioaren soziologiak bere egin dituen zenbait kontzeptu ezinbestekoak suertatuko zaizkit, komunikazioa bitartekaritza, performatibitate eta artikulazio-prozesu gisa ulertzen duen neurrian.

Azken batean, produkzio kulturalaren harrera ulertzeko ikerketa kulturalen aportazioekin elikatu da neurri handi batean. Arestiren gaineko omenaldiak eta aktualizazioak izango dira harreraren polora gerturatuko didatenak, hauek hizketa-ekintza gisa aztertuko ditut, idazlearen adierazleen errepikak eta erreplikak dialogismoaren bitartez analizatuz.

Objektu anitza da ikerketa honetan aztertzen dudana, interpretazio-aukera zabalen eskaintza aztergai dudan neurrian. Horrek interpretazioen interpretazioa egiteko tresna teorikoen aniztasunera eraman nau. Lau gizarte-topologia edo soziala irudikatu eta ulertzeko modutan bereiztu dut ikerketa-objektua.

Lehen topologian, Arestiren obra esparruaren kontzeptuaren bidez kokatuko dut, 1959tik 1979era. Euskal literaturak euskal kultura esparruaren baitako norgehiagoken baitan funtzionatzen zuen neurrian ez zuen autonomiarik. Zentzu horretan, Arestiren obra euskal kulturaren norgehiagoka zabalagoen baitan ulertu beharra dago. Aresti esparru horren transformazioan aktibo nagusienetakoa izan zen, bilakaera hori gauzatu zuen belaunaldiaren posizio-hartze eta disposizio estetikoekin bat eginez. Hala ere, bere posizio-hartzeek poeta madarikatua bihurtuko zuten zentzu bikoitzean, berak bere buruari ezartzen zion arau gisa (poeta outsider), baina baita esparruko bestelako eragileek bere heterodoxia juzkatzeko esleitzen zioten papera zen neurrian. Hala ere, errekonozimendu zabala jasoko zuen, bereziki hura hil eta euskal literatura esparru propio bat sortzen joan zen neurrian, bere posizio-hartze polemikoak azertu bihurtuz.

Bigarren topologian, poetaren memoria zertu eta moldatzen dituzten tokien bitartez aztertu dut, interpretazio-gune sinbolikoen bitartez. Orokorrena modernitatea bera da, hausturaren belaunaldiari euskara eta euskal literatura modernizatzea esleitzen zaizkio, horrek dakartzan nazio-eredu eta desharagitze-prozesuekiko kritikekin. Euskara ere gune gisa aztertu dut, Aresti egungo ereduaren aldekoa izan zelako, euskara klaro baten aldeko apustua egin eta h-aren inguruko ika-mikan murgildu zen neurrian. Baina horretaz gain, bestelako mundu batean ere parte hartuzuen, La Concordia tertuliaren inguruan ezaugarritu zena. Bertan, espainiar esparruetan jokatzen zuten antifrankisten mahaikide izan zen. Horretaz gain, beste bi gune ageri dira, Arestiren poesian garrantzia handia izango dutenak, Arantzazu, Zerua, eta Bilbo, Infernua. Interpretazio-gune horiek, Arestiren presentzia bermatzeaz gain, forma ematen diete Arestiren biografiari zein bere obren gainean egiten diren interpretazio nagusiei.

Hirugarren topologian, Arestiren omenaldietan honek jokatzen duen objektu-izaera aztertuko dut, hainbat instituzioei izena eman eta, omenaldietan, eragile ezberdinei topagunea osatuz. Totemaren antzera, gurtu beharreko objektua izan ohi da, horretarako dagokion liturgia jarraituz: batzuk bere testua probokatuko dute, honen izaera inaugurala indartuz; besteek testua inbokatuko dute, honen gaurkotasuna aldarrikatuz. Horretaz gain, branding-erabilerak ere izango ditu, hainbat instituzioen izendatzaile eta, batez ere, Bilboko Udalak –Miguel de Unamuno, Blas de Otero eta Ángela Figuerarekin batera—eskaintzen dizkion Saria eta Egun Instituzionaletan.

Laugarren topologian, poemen aktualizazioak edukiko ditut aztergai, hau da, hauen adierazleen errepikak, hizketa-ekintzetan osatzen diren transformazioei erreparatuz. Adierazle horiek ritorneloak osatzen dituzte, haragitutako afektuak katalizatzen dituzten neurrian. Honela, Nire aitaren etxea poema ezagunaren ritorneloak topikan eragingo luke, gorputzak lurraldearekin osatzen duen harreman ezberdinak katalizatzen dituen neurrian. Hainbat poemetan eta poema-liburuen izenburutan ageri den harriak, ostera, fonika mobilizatuko lukete, herriarekiko duen ahoskera eta entzuera gertutasuna dela eta. Bukatzeko, Egun da Santi Mamina poeman, hainbatetan musikatua izan den neurrian, melodikak egingo luke bitartekaritza.

Bukatzeko, ikerketa honek egin ditzakeen ekarpenei erreparatuko diet. Euskal kulturari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan zertutako autonomia markoan, Arestiren belaunaldiak euskara erdigunean kokatzea lortu bazuen, egun horrek dituen inplikazioei erreparatuko diet. Horretaz gain, ikerketa osoan zehar agertu den bilakaeraren kontakizun historikoa egingo dut, euskal gizartearen bilakaerak Arestiren aktualizazio eta omenaldiekin duten harremanari erreparatuz. Bukatzeko, gogoeta soziologikoa plazaratuko dut, ezinbesteko papera jokatzen duten baina azaltzeko irudikapenen logikatik aldendu behar izan diren afektuei buruz.