Harkaitz Cano / Twist / Joseph Beuys

so 1467378181235 SO | 2021-01-28 12:22

«Fluxus taldearekin batera egingo dituen ekintzetan, jende asko suminarazten duten emozioak probokatzen ditu: detergente hautsez bete ondoren motozerrekin birrintzen dituen pianoak, bihotza zuzenean erauzten dien animalia hilak, gantza, telebista ñirñirkariak, oihu primitiboak, danbatekoak... askotariko erokeriak. Gehienetan, jendeak ez du Joseph Beuysek egiten duena ulertzen, baina bost axola zaio berari. Trantze betean egiten ditu bere ekintzak.

        «1954an, bere emaztegaiak, Beuys baino askoz ere gazteagoa eta Dusseldorfeko postetxeko langilea berau, ezkon eraztuna bueltatu dio. Depresioaren malda beheran sartuko da Joseph Beuys; lagunek leihotik sartu behar izan zuten haren etxera hura erreskatatzera, eta ilunpean topatzen dute: «Disolbatu egin nahi dut» esaten die, ahots-hari ahul batekin. Lurrean, marrazki apurtuak. Kutxa bat eginarazten dio Krefeldeko arotzari, hura breaz estali eta bere burua bertan «lurperatzeko» intentzioarekin. Depresioa purifikazio bezala ulertu eta aurrera aterako da, azkenean.

        «Koiotearekin bere interbentzio ospetsua egin aurretik ere, harreman berezia izan zuen beti animaliekin. Horren lekuko, Eztizko lehergailua lantokian obra. Rudolf Steinerrek bezala, erleak miresten zituen, antzinako animalia sakratuak zirelako: «Sakratuak, erleen patuak adierazten duelako zein izango den gizakiaren patua... Erlearen argizari puska bat hartzen dugunean, zer daukagu esku artean, izatez? Odolaren, giharren eta hezurren nahasketa bat»».

        — Gloria...

        — Zer duk orain?

        — Badakin erleak desagertzen ari direla aspaldion, ezta? Ez zakiten zergatik, baina desagertzen ari ditun...

        — Isilduko al haiz behingoz?

        «Baina animalia batekin baldin badu lotura estua Beuysek, erbia da animalia hori. «Ni ez naiz inolako gizakia, erbia naiz» adierazi zuen behin. Ondorioz, Nola azaldu koadroak hildako erbi bati ekintza gauzatuko du Dusseldorfeko Schmela galerian: erakustaretoan batetik bestera dabil hildako erbiarekin, aretoan zintzilikatutako koadroak hari azalduz, samurtasun eta kontzentrazio handiz.

        «Beuysek dioenean gizaki guztiak direla artistak, ez du esan nahi gizaki bakoitzaren baitan margolari bat edo eskultore bat dagoenik, baizik eta gizaki orok duela sormenerako gaitasuna, eta gaitasun hori aintzakotzat hartu eta hobetzen saiatu behar dugula. Sormena askatasunaren zientzia da beretzat.

        «Bere ekintzen izate xamanikoa asko azpimarratu den arren, Beuysek ez zituen bere pentsamendua eta ekintza antzinako egoeretara itzultzeko erabili nahi izan, baizik eta etorkizunera begirako zantzuak bilatzeko. Ukaezina da, bestalde, xamanaren ezaugarriak zituela, baita kanpotik begiratuta ere: Beuys arrantza-txaleko batekin, feltrozko txapel batekin eta alkandora zuri batekin janzten zen beti, blujeanekin batera.

        «Zer da xamana, finean? Xamana ez da gaixo bat bakarrik: bere burua sendatzeko gaitasuna duen gaixoa baizik.

        «1967ko ekainaren 2an, Pertsiako Sha-ren bisita dela eta antolatzen den manifestaldian, Benno Ohnesorg ikaslea hil dute Berlinen. Handik hogei egunera, Joseph Beuysek Ikasle Alemaniarren Alderdia sortuko du. Bere arima zirikatzaileak ez du mugarik: «Nirea munduko alderdirik handiena da, bere afiliatuetako gehienak animaliak dira». 1971n, Dusseldorf inguruko baso batzuetan egitekoak diren tenis zelaien kontrako protesta arrakastatsua antolatuko du: erratz erraldoiekin garbituko dute basoa.

        «Joseph Beuysen lana estuki loturik dago Kasselen ospatzen den Documenta jaialdiarekin: 1982ko Documentan, bost urtetan zazpi mila haritz landatzea proposatzen du, hiri batean sekula egin den interbentzio artistikorik eraldatzaileenetakoa, ziurrenik».

        Atezuan jarri da Lazkano: 80ko hamarkadara doakio oharkabean burua. Beuysek haritzak landatzen dituen bitartean, gauzak gertatzen zaizkio berari: Soto eta Zeberio ezagutzen ditu, Idoiak utzi egiten du, Anarekin bizitzen hasiko da aurki, atxilotu egingo dute eta torturatu, ihes egingo du, Lena ezagutuko du Lillen...

        «Beuysek aldarrikatzen duen gizarte aldaketa bortxarik gabea da: «Bortxarik gabea, ez orain bortxak, zenbait arrazoi tarteko, eraginkor eta arrakastatsu izateko aukerarik ez duelako, baizik eta giza moral espiritualagatik eta arrazoi politiko-sozialengatik. Batetik, gizakiaren duintasuna pertsonaren bortxaezintasunarekin lotuta dagoelako eta hau ahazten duenak abandonatu egiten duelako giza izaeraren esparrua. Bestalde, eraldatu nahi ditugun sistemak pentsa daitekeenik eta modu guztietan adierazitako bortxaren gainean egituratuta daudelako. Horregatik, edozein bortxa adierazpenek, sistemaren portaerarekin bat datorrenez, ahuldu ordez indartu egiten du deuseztatu nahi duen hori»».

        — Asko falta al da, Gloria?

        — Alde egin ezak nahi baduk, ni hemen geratuko nauk.

        «1964an Beuysek Berlingo harresia bost zentimetro altuago egitea aholkatu zuen, probokazio gisara, hartara askoz ere proportzio hobea izango zuelakoan.

        «1969an, belarra jaten ari zen zaldi zuri batekin konpartitu zuen eszenatokia...».

        — Napoleoni buruz ari al da?

        — Hoa antzarak ferratzera, Lazkano.

        ««Artista eta gaizkilea», zioen Beuysek, «bidaideak dira biak, biek baitute sormen zoroa, biak dira moralik gabekoak, askatasunaren indarrak baino ez ditu bultzatzen». Ez dira, jakina, hitzez hitz hartu behar Beuysek erranak... Probokazioa dago hor ere.

        «Baina 1974an New Yorkeko René Block galerian gauzatzen duen ekintzak garbi uzten duen bezala, Beuys ez zen probokazioarekin bakarrik konformatzen. I like America and America likes me izena du ekintza honek eta Beuysez aparte badu beste protagonista bat ere: Little John koiotea. Artista alemaniarraren ekintzarik ezagunena eta komentatuena. Feltrozko alfonbra batean bilduta heldu da Beuys JFK aireportura. Ohatila baten gainean etzanarazi eta arte galeriara eraman dute anbulantzian, AEBetako lurrik zapaldu gabe. Han, zain du Little John koiotea, lasto artean. Wall Street Journal egunkariaren ale pila dago bertan eta feltro zatiak ere bai. Bastoi bat dauka, bere betiko feltrozko kapeluaz aparte. Lurrean esertzen da, koiotearekin mintzo. Beuysek bere burua estaltzen du feltrozko oihalarekin, bastoiaren punta baino agerian geratzen ez dela. Koioteak feltroari tira egiten dio orduan, urratu egiten du oihala. Egunek aurrera egin ahala, Beuys da lasto artean dagoena; feltro eta egunkarien artean koiotea. Noiz edo noiz, Beuysek «musika» egiten du lepoan zintzilik daraman triangeluarekin. Hiru egunen buruan, elkarrekin bizitzera ohitu dira. Beuysek estuki besarkatzen du Little John koiotea hura agurtu aurretik. Animaliarekin konpartitu duen lekuan lasto eskutadak barreiatzen ditu. Etorri den modu berean bueltatuko da JFK aireportura, anbulantziara sartuko dute ohatilan etzanik, feltroz bilduta, lurra oinekin zapaldu gabe, eta badoa New Yorketik eta AEBetatik, hirian koiotearekin partekatutako espazioa beste ezer ikusi gabe.

        «Solomon R. Guggenheim museoaren gonbita onartu eta, bere lagun min eta ezagunen harridurarako, kabiar, Cadillac eta luxu garestiekin zaletuko da. Thomas Messer, garai hartan New Yorkeko Guggenheim museoak zuen zuzendariak, honela interpretatu du Joseph Beuysen jarrera aldaketa: «Beldur nintzen Joseph Beuysi Guggenheim museoa triskatu eta desegitea, bere ikuspegitik, berealditako artelana zela ez ote zitzaion burutik pasatu... Zorionez, egun batetik bestera bere jarrera aldatu zuen, nahikoa teatro egin zuela jabetu izan balitz bezala derrepente...».

        «Eva emazteak esan ohi zuen, Beuys hilik egon zela beti. Beuys deitzen zion senarrari andreak, eta Wenzel eta Jessyka seme-alabek ere ez zioten aitatxo edo aita esaten, baizik eta Beuys, beti. «Bizitza guztia hilik egon zen», esan ohi du Eva Beuysek, «baina aldi berean beti egon zen oso bizirik. Beuys ez zen eguraldiaz kexatzen sekula, beti esan ohi zuen: edozein delarik ere, ona da eguraldia».

        «Napoliko Museo di Capodimonten egingo du bere azken instalazioa, 1985eko abenduaren 23an. Hilabete geroago hilko da.

        «Arraroa oso, Joseph Beuysen mamua han eta hemen gehiago ez agertzea. Litekeena da gaur arratsaldean Ravaleko horma batean ikusi eta Beuysek ere sinatuko lukeen pintada horrek arrazoi izatea: «Pentsatzen dut, beraz, soberan nago». Akaso gu gara Beuysen besoetan dagoen hildako erbia, eta oraindik ez gara enteratu.

        «Mila esker denoi».

        — Ez dion autograforik eskatuko? Heiner Stachelhaus handia dun!

        — Hoa pikutara, Diego... Azken aldia duk hitzaldi batera hirekin natorrena.