GORPUTZA ETA GENEROA Euskal kulturan eta literaturan. Amaia Alvarez Uria eta Gema Lasarte Leonet (arg.) // MARI LUZ ESTEBAN Euskal kulturaren irakurketak eta berrirakurketak.

so 1467378181235 SO | 2020-11-14 10:43

https://addi.ehu.es/handle/10810/15494

I. Hitzaurrea.

II. Marko teoriko kontzeptuala: Gorputzaren (hitz) gakoa(n). Ekintza eta pentsamendurako paradigma bat: Meri Torras (UAB).

III. Kulturari SO: Generoa, gorputza eta kultur identitate bizituaren analisia, euskaltasuna berrirakurtzeko ahaleginean: Mari Luz Esteban (EHU).

IV. Bertsolaritzan: Emakume bertsolariak: bertsotik bertsora, hanka puntetan: J. Miren Hernández (EHU).

V. Poesian: Emakume gorputzak eta gorputz emakumetuak: Leire Bilbao eta Miren Agur Meaberen gorputz poetikoen arteko elkarrizketa bat: Kattalin Miner (EHU).

VI. Narrazioan: - Lau katu dira? Gorputza eta desira euskal emakume idazle garaikideen lanetako ahots subalternoetan eta bitarteko espazio identitarioetan: Amaia Álvarez Uria (EHU). - Gorputz jipoituak, genero indarkeriaren sinekdokea literaturan: Gema Lasarte (EHU).

VII. Bi proposamen didaktiko: - Deseraiki dezagun generoa harremanak eraldatzeko. Genero performatibitatea eta botere harremanak euskal narratiba garaikidean: Amaia Alvarez Uria (EHU). - Begiradak literatura gorpuzten: Iholdi eta Xola: Gema Lasarte (EHU).

VIII. Egileen inguruan.

Euskal kulturaren irakurketak eta berrirakurketak // Mari Luz Esteban

2011-2012 ikasturtean euskal jendartean kokaturiko ikerketa txiki bat burutu dut, genero ikerkuntzaren arloan izandako eskarmentua euskal kulturaren analisian ere aplikagarria dela sinetsirik.Ikerlan horren helburuak hauexek izan dira: (1) euskal kulturaren azterketan gorputzari eta emozioei dagozkien balizko aldeak (gutxi aztertu direnak) hautematea, deskribatzea eta sakontzea; (2) narratiben, gorputz-jardueren eta testuinguru orokor zein lokalen arteko harremanak aztertzea; (3) pertsona zehatzek bizitzan zehar euskal kultura nola jaso/ikasi, haragi egin eta itzuli/transmititu duten aztertzea, euren bi-zipenak eta ibilbideak gorputz-ibilbide gisa irudikatuz.

Ikerlan hau gidatu duen hipotesi nagusia hauxe izan da: edozein kulturatan bezala, euskal kulturaren inguruko ideia, balio eta praktika nagusiak gorputzez gorputzeko dinamiken bidez transmititzen direla. Hartara, euskaltasuna deitzen dugun hori gorputz jarduera berezkoa zein askotarikoa litzateke, denbora eta espazio ezberdinetan gorputzaren lanketa zehatz eta anitzen bidez burutuz doana. Nire lan honen azpian, genero ikerkuntzan egin bezalaxe, bai “euskal” baita “kultura” nozioak ere irekitzeko eta berrirakurtzeko asmoa egon da, betiere pentsatuz berrinterpretazio berriek gaur egungo euskal jendartean planteatuta ditugun kezka sozial eta politikoei erantzuten taxuz lagunduko digutela. Hau da, “euskal kulturaren” nozioa berrirakurtzeko eta ezegonkortzeko entsegu bat ere izan nahi izan du nire ikerketak. Eta “ezegonkortu” aditza erabiltzen dudanean, problematizatu esan nahi dut, “euskal” terminoak izan dituen edo izan ditzakeen kutsu historizista edo deterministak alde batera utzita edo behintzat sakonki berrikusita.

Izan dira eta badira gure artean euskaltasunari dagokionez hausnarketa- eta ekoizpen-bide ezberdinak, baina oro har esan liteke, XX. mendean zehar, erlijioak (eta beste zenbait tradiziok) aurrerago izandako lehentasunaren pisu guztia galduz joan dela eta, pixkanaka-pixkanaka, baina oso era nabarian, hizkuntza zentraltasun osoa hartuz joan dela, euskara euskal kulturaren erdigunean kokatuz eta euskal kultur identitate zein identifikaziorako osagai nagusi bihurtuz. Hizkuntzalaritza eta soziolinguistikaren eraginez, guztiz hegemoniko bihurtu den ikuspegi honetan, euskal kultura euskaraz egiten den kultura litzateke, bestelako burutapenak edo analisiak bigarren mailan geldituz.

Dena den, azken urteetan euskal komunitatearen baitan aurreko irakurketaren ikuspegi alternatiboak, edo behintzat horrekiko ñabardurak, sortu dira. Euskal antropologiak egindako lanari dagokionez, XX. mendearen bigarren hamarkadan sortzen den antropologia, -denbora tarte luze batean euskal identitatearen interpretazioetan eragin handia izan zuena-, (euskal) kulturaren kontzeptu ezberdinak proposatuz joan da:

(1) 1960ko hamarkada arte (Telesforo Aranzadi, Joxemiel Barandiaran) deskribape-nari eta sailkapenari emango zaio lehentasun osoa, kulturaren ikuspegi estatiko eta idealizatua sorraraziz eta nekazal kultura eta euskal kultura baliokidetuz (del Valle, 1981:131).

(2) 1960ko hamarkadatik aurrera, antropologo anglosaxoien etorrerarekin (William Douglass, Davyd Greenwood, Sandra Ott) eredu antropologiko modernoa gurera iritsiko da kultura deskribatu bakarrik ez baizik eta azaldu nahian ikuspegi teoriko sinkronikoak aplikatuz, kultura osotasun funtzional-estruktural edo sinboliko gisa ikusiz, eta kulturaren analisian sakontasuna eta konplexutasuna eraginez.

(3) 1970ko hamarkadaren amaieran / 1980koaren hasieran bertakoak diren ikertzaile batzuk hasiko dira lanean (Teresa del Valle, Jesus Azcona, Joseba Zulaika eta Joxemartin Apalategi). Hauek aurreko ildoak sakondu baina aldi berean eraldatu egingo dituzte, jendarte eta kultur maila ezberdinak (psiko-soziala, sinboliko-kulturala, politiko-ideologikoa) elkarlotzen saiatuz.

Hauen atzean, antropologo belaunaldi berriak sortuko dira, unibertsitatean baina baita gaur egun unibertsitatetik kanpo dihardutenak ere, eta hauek ikergai anitzak maneiatuko dituzte.

Oro har, esan liteke azken hiru hamarkadetan egin den ikerketa antropologikoak “euskal” nozioaren baitan zegoen nekazal giroaren gailentasuna eta iragan mitiko baten existentzia errotik ezegonkortu egin duela, ez bakarrik ikerlan asko hirietan burutu direlako, baizik eta ikerketa proiektuen helburu behinenak testuinguru ezberdinetan agertzen diren kontraesan eta gatazken inguruko gogoeta egitea, eta beste kultur errealitateekiko antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertzea izan delako.

Era berean, euskal jendartea eta kultura, etengabe eraldatzen ari diren errealitate gisa ikusten dira, begirada esentzialista eta armonikoa zinez zailduz eta tokian tokiko eta denboran denborako azterketen alde aldarri eginez.

Zirriborratzen ari garen prozesu hau posible egin duten gertakarien artean bat hautatu nahi dut, 1980ko hamarkadaren hasieran gertatzen dena, Teresa del Valleren zuzendaritzapean burutuko den Mujer Vasca: Imagen y realidad (1985) ikerketarekin batera. Une horretan jaioko den euskal antropologia feministak alde batera utziko du komunitate txikien analisia, euskal kulturaren baitan dauden esparru sozio-geo-grafiko ezberdinen existentzia (nekazal eta arrantza arloak eta hiria) azpimarratuz, arakatuz eta erkatuz, hau da, jendarte harremanak beraien testuinguru zehatz eta partikularretan ulertaraziz. Era honetan, euskal komunitatearen batasun eta armonia mitikoen ideia auzitan jarriko dute, genero arloan leudekeen gatazkak eta kontraesanen azterketatik beste mota bateko ez-berdintasunen inguruko hausnarketari ere bidea erraztuz.

Hortik aurrera garatuko den euskal antropologia feministan (euskal antropologiako eredu teoriko oparoenetakoa izatera heldu dena, zalantzarik gabe), non Teresa del Valleren gidaritza funtsezkoa izan den, generoa ez da aldagai soila izango, kultura osoaren ispilu baizik. Genero ikuspegia, euskal kultura eta gorpuztasunaren analisiaren uztarketa.

Baina gatozen berriro testu honetan aurkeztu nahi dudan ikuspegira. Genero harremanak, euskal kulturaren eta gorpuztasunaren analisia bateragarri egin nahi dituen gure begirada, identitate bizituen aniztasuna eta konplexutasunaren azterketa azpimarratu nahi duen testuinguru zientifiko honetan kokatuko litzateke. Lehenago generoarekin egin dudan eran, euskal kulturaren inguruan ere ondorengo galdera egiteko moduan geundeke: Nola uztartu gure testuinguruan euskaltasunaren errealitatea aintzakotzat hartuz bideratzen diren ekintzen eta euskaraz gauzatzen den kulturgintzaren aldeko sustapena, batetik, eta (euskal) kulturaren jakintzak zabaltzeko, (euskal) identitateak konplexuago bizitzeko eta proiektatzeko, eta (euskal) kultura berrinterpretatzeko eta irekitzeko entseguak, bestetik?

Hain justu, bide horretatik lihoake defendatzen ari naizen gorputzaren dimentsioaren azterketa, kultur arlokoa litzatekeena baina orain arte apenas aintzat hartu dena. Beraz, ikuspegi horretatik, euskal identitateen eta euskal kultura beraren irakurketa zabalago eta konplexuago baten alde egingo genuke, non hizkuntza ez den ikerketaren abiapuntua baizik eta hiztun izatea bestelako jardun sozial eta kulturalekin uztartzen den, eta non jendearen (gorputz) jardunei eta bizi dituen eraldaketei garrantzi osoa ematen zaion, antropologia feministak bultzatu zuen kulturaren azterketa anitza eta heterogeneoaren ildoa sakonduz.

Testu honetan, euskal kulturaren arloan egindako ikerketaren emaitzen parte txiki-txiki bat baino ez dut aurkeztuko, adibide gisa; hain zuzen, emakumeenak izan ohi diren arloekin edota generoarekin zerikusia duten zenbait eduki ekarriko ditut, betiere berriemaileek adierazi duten gorputz dimentsioa nabarmenduz.

Hiru ataletan multzokatuko dut hemendik aurrerako informazioa: lehenean, 1960ko hamarkadan Euskal Herrira heldu ziren emakume etorkinak “hemengo” bihurtzearen prozesuaz arituko naiz; bigarrenean, indarra eta sendotasuna, gizon eta emakumeekin, hurrenez hurren, lotu ohi dituen teorizazioaren berrikuspenari ekingo diot; eta azkenik, hirugarrenean, euskal kultura osoaren ordezkapenaz jardungo dut, euskal kulturaren irudikapen androzentriko eta lerrobakarrekoei emakumeek eta genero ikuspegiak ordezka lezaketena kontrajarriz.

Amaitzeko bi hitz

Kultura eraikuntza/interpretazioa eta etengabe aldatzen dabilen (gorputz) praxia bateratzen duen eremu dinamikotzat hartu dut testu honetan. Hemen azaldu diren kontaketen eta ideien bitartez adierazi nahi izan dut kulturaren arloan badagoela, batetik, eremu bizitu bat, definizioz anitza, eta, bestetik, horren gainean eraikitzen diren diskurtsoak, irudikapenak eta identifikazioak. Bai esperientzia askotarikoak baita irudikapenak ere batera doaz baina ez dira gauza bera. Irakurketa berriek eragin zuzena izan dezakete gure esperientzietan. Eta alderantziz.

Jon Sarasuak proposaturiko “euskal fluxuaren” ideiari helduz, nabarmenduko nuke euskal fluxuak badituela adarkadura eta ibaiadar ugari, baina ezezagunak ditugun adarkadura eta ibaiadarrak, maila handi batean behintzat. Testu hau, gure ezezagutza, oparotasun eta izaera askotariko horri aurre egiteko ariketa bat besterik ez da izan. Ez da, nire ustez, analisi teoriko amaituak eta hotsandikoak egitearen denbora; bai, aldiz, “euskaldun” izatearen ehundurak eta tolesturak modu enpiriko, xehe eta zehatzean behatzekoa.

Bibliografía

Bourdieu, Pierre. La distinción. Madril: Taurus, 1988.

Csordas, Thomas J. (ed.). Embodiment and experience. The existential ground of culture and self. Cambridge: Cambridge University Press, 1994.

Del Valle, Teresa. Visión general de la antropología vasca. 1981. Ethnica 17:123-147. et al. Mujer vasca. Imagen y realidad. Bartzelona: Anthropos, 1985.

Douglass, William a.; Zulaika, Joseba. Basque Culture. Anthropological Perspectives. Reno: Center for Basque Studies / University of Nevada, Reno, 2007.

Esteban, Mari Luz.

Actitudes y percepciones de las mujeres respecto a su salud reproductiva y sexual. Necesidades de salud percibidas por las mujeres y respuesta del sistema sanitario. Doktorego tesia. Universitat de Barcelona, 1993.

Reproducción del cuerpo femenino. Discursos y prácticas acerca de la salud. Donostia: Gakoa-Hirugarren Prentsa, 2001.

Antropología del cuerpo. Género, itinerarios corporales, identidad y cambio. Bartzelona: Edicions Bellaterra, 2004.34

Etnografía, itinerarios corporales y cambio social. Apuntes teóricos y metodológicos. In: E. Imaz (ed.) La materialidad de la identidad. Donostia/San Sebastián: Editorial Hariadna, 2008, 135-158. orr.

Crítica del pensamiento amoroso. Bartzelona: Edicions Bellaterra, 2011.

Cuerpos y políticas feministas. El feminismo como cuerpo. In: Villalba Augusto, C.; Álvarez Lucena, N. (koord.) Cuerpos Políticos y Agencia. Reflexiones Feministas sobre Cuerpo, Trabajo y Colonialidad. Granada: Universidad de Granada. Colección Periferias, 2011, 12. Zka, 45-84. orr.

Hernández Garzia, Jone miren.

Euskara, comunidad e identidad. Elementos de transmisión, elementos de transgresión. Madril: Ministerio de Cultura, 2007.

Bertsolarismo. Palabras que emocionan, emociones hechas palabras. In: In-corporaciones antropológicas: Análisis desde el cuerpo y las emociones izeneko simposioan aurkezturiko ko-munikazioa. XII Congreso de Antropología de la FAAEE (Federación de Asociaciones de Antropología del Estado español), León 2011.

Ortner, Sherry B. Anthropology and Social Theory. Culture Power and the Acting Subject. Duke: Duke University Press, 2006.

Ott, Sandra.

The Circle of Mountains. A Basque Sheperding Com-munity. Oxford: Clarendon Press, 1981. [Euskarara itzulia: Artzain-Komunitate Euskalduna I eta II. Gaiak Argitaldaria, 1994].

Indarra: Some Reflections on a Basque Concept. In Peristiany, J.; J. Pitt-Rivers (eds.) Honour and Grace. Cambridge: CUP, 1993, 193-214 orr.

Ramirez Goicoechea, eugenia. De jóvenes y sus identidades. Socioantropología de la etnicidad en Euskadi. Madril: CIS, 1991.

Terradas Saborit, Ignasi. Las contradicciones entre la identidad vivida y la identificación jurídico-política. Quaderns de l’Institu Català d’Antropologia, 2004, 20:63-79.

Wacquant, Loïc J. d. Pugs at Work: Bodily Capital and Bodily Labour Among Professional Boxers. Body & Society, 1995, 1(1):65-93.

Zulaika, Joseba. Terranova: The Ethos and Luck of Deep-Sea Fishermen. Philadelphia: Institute for the Study of Human Issues, 1981, 65-94. orr.