FELIPE JUARISTI / MARI JOSE OLAZIREGI / JON KORTAZAR // Komatxo artean 2 Mahai-inguruak 2002-2006

so 1467378181235 SO | 2020-11-08 09:10

Euskal literatur mundua azken urteotan astindu duten gai garrantzitsuenetako zenbait eztabaidatzen dira honako mahainguru radiofonikoetan: belaunaldien arteko harremanak, literatur kritikaren gazi-gozoak, editore eta idazleen arteko gora-beherak, poesiaren etorkizuna, euskal irakurlegoaren izaera, kazetaritza eta literaturaren arteko amodio eta desamodioak, ipuin kontalaritzaren menturak, herri antzerkiaren iragana eta oraina...

https://addi.ehu.es/handle/10810/35429

2002/ekaina
LITERATUR KRITIKAREN GAZI-GOZOAK
Solaskideak: Felipe Juaristi, Mari Jose Olaziregi eta Jon Kortazar

Literatur kritika gai gisara harturik gonbidatu ditugu Felipe Juaristi idazlea, Mari Jose Olaziregi eta Jon Kortazar irakasle, kritikari eta idazlea. Literaturaren gazigozoak, kritikaren itzalak eta argiak bildu ditugu mahai inguru honetan. Euskal literatura modernoa ekimen aski berria da, ondorioz kritika ere gutxi landu da. Kritikaren zirkuituak eta generoak daude, kritika lekune ezberdinetan egiten da, unibertsitatean eta hedabideetan, kasu. Idazlea, editorea,
irakurlea eta kritikariak osatzen dute kritikaren zirkulua.

Euskal literaturaren kritikaren egoera zehatza ezagutzea zaila izanagatik, solasaldi honek bere egoera amiñi bat gehiago ezagutzen lagunduko dizulakoan gaude. Solasaldia abiatzeko, literatur kritika motak azaltzea proposatzen dizuet. Ba al dago berauek sailkatzea?

FELIPE JUARISTI: Jakina baietz. Unibertsitatean lantzen dena, batetik. Bertako irakasleek landutako kritika modua dago, honen barruan kritika asko izaki. Kritika hori –Espainian egiten dena– oso formala da, nahiko barroko eta aspergarria (unibertsitateko irakasleak diren Jon eta Mari Joseren irribarre eta begirada zolien artean). Espainian egiten dena, esan dut. Bestalde, badago beste kritika modu bat, idazleak egindakoa; idazleak bere irakurketatik eta sentsibilitatetik egiten duena. Kritika hori batzutan argitaratzen da eta beste batzutan ez. Gero, iritzi- emaileena –kritikariak– eta irakurlearena dago.

JON KORTAZAR: Oro har, ados. Unibertsitatean kritika mota asko dago, baina banaketa horrekin guztiz apurtzeko beharra dagoela esango nuke. Halaber, kritika askoz gehiago da. Idazle bat idazten hasten den mementotik bere buruari buruzko kritika egiten hasten da. Bestalde, editoreek edo saileko zuzendariek ere –gauzak ezberdinak baitira– kritika egiten dute, beharbada kritika garrantzitsuena: esaldiak aldatzen dituzte, euskara zuzentzen dute... Badago ere lagunen arteko kritika. Idazle batek badu inguru babesle bat, lagungarria, inguru horrek ere kritika egiten du. Bestalde, egunkarietako kritikak edo aipamenak daude, orrialde batekoak. Artean, aldizkarietakoak gutxitu egin dira, ziur asko, literatur aldizkariak ere desagertu direlako. Kritika mota asko dago, kritika irakurzaletasunaren ariketa bat da, irakurle zale asko dago eta ezberdinak. Nik, adibidez, kritika egiten dudanean irakurketa publiko bat egiten dut, baina, irakurzaletasunik ez badago ez dago kritikarik.

F. JUARISTI: Nik hori ez daukat oso garbi.

MARI JOSE OLAZIREGI: Nik ere ez. Hasteko kritikaz zer ulertzen dugun galdetu beharko genuke. Nik hainbat kritika bereiziko nuke. Esaterako, zuen planteamenduak oso oinarrizkoak izan dira: irakurtzen duen orok kritika egiten du hausnartu egiten duelako hori, alegia. Jakina, irakurleak testu hori bere egiten du eta nolabait, sortu egiten du. Kritika horri helburu sortzailea egozten badiozu (Joni zuzendua), noski badagoela beti kritika bat. Editoreek ere kritika egiten dute, baina kaleratu baino lehenagoko kritika da.

F. JUARISTI: Hori kritika ere ez da.

M. J. OLAZIREGI: Beno ez da kritika. Aukeratzea, moztea, egokitzea, zuzentzea edota zentsuratzea da. Kritika aztertzeko modu asko dago. Askotan azterketa horrek duen helburua hartzen da kontuan. Epaiketa bat baldin badago, kritika batek epaitu egin behar duela esaten da. Hori da jendeak kritikaz ulertzen duena eta “kritika publikoa”
deitu izan zaio, hau da, dibulgazio edo orientazioa helburu duen kritika. Bestalde, kritika akademikoa delakoa ere izango genuke: helburuz testu batzuen baliabide literarioak eta eurek baldintzatzen dituzten irakurketak aztertzen dituena. Zuek esandakoari jarraituz, kritika irakurketa-ariketa sinpleena bezala ulertzen bada, ariketa hermeneutiko gisara, hartara, edozer izan daiteke kritika.

F. JUARISTI: Normalean, aldizkarietan agertzen dena jotzen da kritikatzat. Eta kontua ez da liburu bat gustatzea, baizik eta liburu bat elementu arrazionalekin edo literarioekin aztertzea. Kritikatzat jotzen dugu liburu bat ona edo txarra den esatea, balorazioa egitea, alegia. Hori da egunkarietako edo aldizkarietako iruzkinetan egiten dena, baina, zuek badakizue beste kritika bat dagoela, eta hori gabe ez dago literaturarik. Badago kritika bat oso inportantea, unibertsitatean egiten dena.

M. J. OLAZIREGI: Ados. Unibertsitatean kritika egiten dugu, “Literatur kritika” izeneko irakasgaia ere badugu. Estrategia batzuk deskribatzen ditugu, baliabide literarioak aztertu, analisia landu, eta hori ere kritika da, noski. Unibertsitateko kritikaren helburua ez da epaitzea, ez didaktikoa izatea ere. Ez du esan behar zer den ona, zer den txarra. Aztertu egiten du. Bestalde, prentsan kaleratzen diren kritikak, nahiz eta orrialde batekoak izan, badaude ia-ia helburu akademikoaz egindakoak, deskribapen hutsa egiten baitute. Beraz, hor nahaste-borraste bat dago. Kritika egiteko darabilgun metodologiak eta helburuek desberdintzen dituzte kritika desberdinak. Zirkuitu desberdinak daudela ere esan genezake.

F. JUARISTI: Edo literatur generoak.

J. KORTAZAR: Nik aspaldi galdu nuen juzkatzearen kontu hori. Ez dut uste kritika batek idazle bati hemendik edo handik joateko esan behar dionik.

M. J. OLAZIREGI: Baina kritika oro irakurketa den heinean, argibiderik eman diezaioke idazleari. Edonola ere, gauza jakina da kritikaz gain, lagunek ere eman diezaioketela iritzi eta iradokizunik idazleari, baita okerreko bidetik eraman ere.

F. JUARISTI: Egia da zuk esaten duzuna Jon. Izan ere, zer esan behar da? Liburu hau ona da edo txarra da. Hori azkenean irakurleak esan behar du. Zuk irakurleari pista batzuk eman behar dizkiozu.

J. KORTAZAR: Badira erreferentzia bi, oso inportanteak: bat, informatiboa. Hau da, liburuaren ezaugarriak agertzen dituena... ... horiek erreseinak al dira? ...ez bakarrik, batzutan gehiago ere agertzen du. Eta beste bat da, diskurtso kultural bat sortzen duena. Neurri batean, idazleari lagungarri gertatzen zaion kritika ere bada hori. Lehen (Mari Joseri zuzendurik) zirkuituak daudela aipatu duzu: liburua publikatu, irakurri eta elkarri komentatzean osatzen den zirkulua. Memento honetan ibilbide handiko idazleak ditugu Euskal Herrian, ez da lehenagoko kontua. Hau da, garai batean lehendabiziko liburua argitaratzen zuen, kritikak oso txarto jartzen zuen eta idazlea desanimatzen zen. Gaur egun gauzek ez dute horrela funtzionatzen, zorionez.

M. J. OLAZIREGI: Hori da. Beraz, kritikak ez du eraginkortasunik. Orduan, zertaz ari gara hitz egiten? Salmenta kontuez...? Liburuaren oihartzunaz...?

F. JUARISTI: Hori beste kontu bat da. Hedabideen funtzioa dago, kontu mediatikoa. Kritikaz aparte funtzionatzen duena.

M. J. OLAZIREGI: Hori da. Irakurzaleek, literaturaren instituzioarekin harremana dutenek (idazleak, irakasleak, argitaratzaileak...) irakurtzen dituzte kritikak. Kritika gutxiengana iristen da, berez. Honek kritika egokia edo ona zein den galdetzera garamatza. Zuek esan duzue, oso ondo esan ere, ez direla bakarrik erreseinak egiten, hau da, beste informazioak ere ematen direla. Bada, kritika on batek, edozein mailatakoa izanda ere, akademikoa izan edo ez, funtsezko gauza bati erantzun behar dio: ez du itzali behar testu horrek eragin dizun emozio estetikoa. Kritika bat ona
bada, liburua irakurtzeko gogoa piztu behar dizu. Hori da kritika on bat, ez du emozioa zapuztu behar. Kritika on batek liburuarengana hurbildu behar zaitu, irakurtzeko desioa piztu, horrek ez du esan nahi liburua saldu behar duzunik. Ba al dago kritikari hori?

M. J. OLAZIREGI: Bai. Ez dago ondo esatea baina, nik Felipek poesia liburu bati buruz argitaraturiko kritika laburtxo bat erabili dut klasean. Berau irakurrita “liburu honetan zerbait badago”, esaten diozu zure buruari. Hori da kritika on bat. Nahiz eta Felipek aspergarri adjektiboa erabili duen unibertsitatean egiten den kritikaz.

F. JUARISTI: Aspergarria erabili badut, unibertsitatean ere generoak eta eskolak daudelako da. Eta bada eskola bat oso pedantea. Esaldi bakoitzean hamabost aipamen ezartzen ez badira ez da kritika ona, liburu bat juzkatzeko erabiltzen dituen elementu batzuk nik ez nituzke harrapatuko. Aspergarri hitza testuinguru horretan hartu behar da. Aspergarria da “Barthesek esaten zuen bezala...” kritika idazten hastea. Eskola hori oso zabaldua da. Nik mania pixka bat diot. Badira beste eskola batzuk, zorionez. Edonola ere, unibertsitatean egiten den kritika hor dago, eta ziur aski hori da irakurleak gutxien ezagutzen duen kritika mota. Unibertsitateak gauza on bat dauka: medioa ezagututa, literaturaren baliabideak ezagututa, batzutan behintzat, bertan egiten den kritika askoz aseptikoagoa da idazle batek egin dezakeena baino. Idazle batek bere praktikatik egiten du, bere sentimendu eta intuizioetatik batez ere, eta nik kritika hori ere eskertzen dut. Baina, unibertsitateko kritikan ere –irakasleak eta idazleak tartekoak izanik– kritika hori ematen da.

M. J. OLAZIREGI: Unibertsitatean, behiala terminologian erabiltzen zen gehiegikeria ari da gainditzen azken urteotan;
aipuen gehiegikeria, alegia. Horrek ikaslea eta irakurlea aldendu egin baititu. Aldizkarietan egiten den kritika horrela juzkatzen al da?

J. KORTAZAR: Literatur aldizkariak desagertzen joan dira.

F. JUARISTI: Euskarazkoak batez ere, erdarazkoak badaude.

J. KORTAZAR: Aldizkari horietan agertu beharko litzatekeen kritikak ez du Barthesen eskolakoena izan behar, noski. Nahiz nik Barthesena oraindik ere defendituko nukeen, Felipe ez baita inoiz lehen orrialdetik pasatzen...

F. JUARISTI: “...Con Barthes ni te cases ni te embarques” hor dago (irriak).

J. KORTAZAR: Ez da esaldi bat, zorionez poema bat da (irriak). Badago aipatu ez dugun kontu inportante bat: hausnarketarena. Badago informazio bat, analisi bat, badaude baliabideak, baina ez dago hausnarketa. Hau da, testua hausnartzen duzu edo ez. Batzutan gogotsu zaude eta beste batzutan ez. Liburua ez zait asko gustatu, baina aipamena egin behar dut, aipamena esan dut. Baina beste puntu bat dago, zuk esan behar duzu zuri zer iruditu zaizun liburua. Eta horretarako espazio bat behar da, batzutan orri bat edo bizpahiru nahikoak dira, beste batzutan ez. Batzutan, 9-10 orri inguru behar dira. Atletismoan ere, adibidez, neurriak eta probak badaude: 100, 200, 400, 800 edo 1.500 metro.

F. JUARISTI: Hori egia da.

J. KORTAZAR: Bada, hori gurean desagertu da. Gure artean, kritika luzeak daude edo orritxoak, tartekorik ez dago.

M. J. OLAZIREGI: Erabat ados. Argi utz dezagun, kritikaren luzerak zenbait lekutan –komunikabideetan, kasu– duen garrantzi funtsezkoa. Gauza bat dago argi: kritikek eraginkortasunik izango badute hartzen duten espazioaren arabera ere izango dutela. Alegia, gehigarrietako orri osoak betetzen dituzten kritika horiek saltzen dutela frogatuta dago. Egan aldizkarian literatur kritika zabal eta sakonak eskaintzen dira... ... (Hiruek aho batez) baina nork irakurtzen du Egan? Inor gutxik.

J. KORTAZAR: Hori ukaezina da. Aldizkariak liburutegi publikoei oparitu egiten zaizkie. Orduan, liburua liburutegi publiko eta eskolari esker bizi da...

(Hiruek aho batez) ez dago dudarik.

M. J. OLAZIREGI: Ez dago literaturarenganako pasiorik. Euskal literatura ez dago euskal gizartean errotuta. Zenbat jende entzuten duzu eleberri edo poema bati buruz hitz egiten autobus batean?

F. JUARISTI: Nik joan den batean emakume bat ikusi nuen Kirmen Uriberen “Bitartean heldu eskutik” poesia liburua autobusean irakurtzen. Beste behin, Iruñeko autobus geltokian, hamar liburu kontatu nituen, baina bakar bat zen euskarazkoa. Eta irakurleak euskaldunak ziren. Egunkarietako orri bateko kritikek ba al dute segimendurik?

JUARISTI eta OLAZIREGI: oso gutxi.

J. KORTAZAR: Idazleek segitzen dute.

M. J. OLAZIREGI: Idazleak nahi du bere lanaz hitz egitea. Bera da hori eskertzen lehena, nahiz eta publikoki ez duen –ez aurka ez alde– ezer esaten. Baina, kritika irakurtzen du, bera da interesatuena. Baina, prentsa eta hedabideetako kritikak, benetan, ez du segimendu handirik.

J. KORTAZAR: Eraginez hitz egin beharko genuke, baina ez dut uste eragiten duenik.

F. JUARISTI: Egunkarietako kritikak idazleengan eragiten du, irakurleengan eragina izatea zailagoa da. Herri honetan
bitartekari asko dago eta horiek eragin gehiago dute. Batzutan, harrigarria egiten zait liburu batek sekulako arrakasta izatea eta beste batek, batere ez. Ahoz ahoko kritika bat dago, horrek funtzionatzen du gure artean, baina politikan ere horrela funtzionatzen du herri honek, pasilloetan funtzionatzen du politikak, horren eragina agertzen da parlamentuan. Literaturan ere, batek esaten dio beste bati: “Irakur ezak liburu hau eta ez zaik damutuko”. Eta ziur aski ez da kritikari literarioa, baina gustatu zaio eta bultzatu nahi du liburua. Nahiz egunkarietako kritika sailean agertu izan diren, liburu oso on batzuk pena gehiagorekin pasa dira gloriarekin baino, hori da tristeena.

M. J. OLAZIREGI: Izan ere, egunkarietako kritika batek irakurle arruntengan eraginkortasuna eduki dezan interes handia dago. Jonek aipatu duenez, espazioa da inportanteena: orri oso bat, argazki batekin. Gainera, jakina eta neurtua da horrek irakurlearengan eraginkortasun zuzena duela, nahiz eta irakurlea literatura gutxi irakurtzen duen pertsona izan. Orduan, aztertzen badugu euskal hedabideetan zer espazio daukan kritikak, bada, apurra da, xumea. Ez da serio hartzen kritikaren atala, marjinala da erabat. Salbuespenak salbuespen, ez zaio garrantzirik eman nahi. Felipek esan du, euskal literaturaren kritikak ahoz aho funtzionatzen duela. Bada, zein gaizki gauden…! Nik dakidala, gutxi irakurtzen baita, ahoz ahoko kontu hori oso jende gutxiren arteko kontua da.

J. KORTAZAR: Presa puntu bat dagoela uste dut. Berritasunarena. Gure kulturan “gazte” izatea plus bat da, mendebaldeko kulturan, alegia. Egunkari bateko iruzkin batek ematen duena presazko flash txiki bat da. Baina zer geratzen da liburu dendatan? Nobedadeak berehala joaten dira. Orain gutxi nire herriko (Mungia) liburudenda bateko erakusleihoan erreparatu nuen eta ehun liburuetatik bost ziren euskaraz. Jabea laguna denez: “Zergatik bost bakarrik euskaraz?”, esan nion. Erantzuna: “Jendeak ez du euskaraz irakurtzen”. Ez dakit liburuaren industriak goia jo duen edo ez, baina, memoria falta duen kultura batean ari garela iruditzen zait. Nahiz eta kritikak onak izan, liburua desagertu egin da eskaparatetik, ez da aipatzen, ez da berriz irakurtzen. Hori beste irizpide bat da, berriz irakurtzen den edo ez jakitea. Argitaratzeko erritmoa handia da, baina...

M. J. OLAZIREGI: Kritikaren lekua argi dago zeinek hartu duen, hemen benetako epaileak kazetariak dira. Beraiek dira liburuak gehien saltzen dituztenak: elkarrizketen eta argazkien bidez. Horregatik pasatzen dira gauzak hain arin. Adibidez, urteko azokan, Durangon, zenbat izenburu bultzatzen dira eta zenbat liburu on pasatzen dira oharkabean? Berdin dio kritikarik izan ala ez. Jendeari hedabideen oihartzuna iristen zaio. Egunkariek dena berdindu egiten dute.

F. JUARISTI: Argitaletxeek liburua ateratzea nahi dute, argazki eta guzti, eta azalean bada hobe. Azalean agertzen bada, pozik daude. Esaterako, idazle hasi berri bati leku gehiago ematen zaio, hasi berria delako batez ere. Baina,
normalki, idazleak beste gauza bat eskatzen du.

M. J. OLAZIREGI: Horretan erortzen ari dira egunkariak. Izugarria da. Azkenaldion hainbat idazle berri ezagutu ditut, eta elkarrizketa luze eta argazki pare batekin konformatu egiten dira. Eta kito! Prentsan ez al dago literaturaren kritikarako lekune berezirik sortzea?

M. J. OLAZIREGI: Egunkari batean behin galdetu zidaten ea nola egingo nukeen kritika gehigarri bat. Argi eta garbi azaldu nien: hainbat orri, hainbat jende inplikatuz eta abar. “Uf! Hori gehiegi da”, erantzun zidaten. Bestalde, EHUn orain hogei urte hasi zen euskal filologia erakusten. Euskarari –hizkuntza gisara– literaturari baino leku gehiago eman zaio, apika?

F. JUARISTI: Baietz uste dut. Gehiago saiatu gara hizkuntza –euskara– aztertzen literatura baino. Unibertsitateko tesi gehienak, ez dakit nongo bailarako ergatiboa aztertzeko dira, baina literaturari buruz gutxi egin da, beharbada, egiten zailagoa delako. Haran bateko euskara aztertzea errazagoa da. Literatura ordea, gauza aldakorra da, eta gainera euskal literatura berria da, ez dezagun hori ahaztu. Zenbat urte dauka euskal literatura modernoak? 40 urte? Ez gehiago. Alcalako Unibertsitatea XVI. mendean hasi zen sortzen filologoak eta literatur espezialistak. EHUk nola sortuko ditu ez badago oraindik corpus literario bat aztertzeko?. Hori da arazoa.

J. KORTAZAR: Bada ere beste kontu bat. Gizarte batek legitimitatea behar duenean literatura “erosi” egiten du. Gurean ez du zertan erosi, hizkuntzak ematen dio legitimitatea. Guk erdaraz esan dezakegu “euskaldunak gara eta hizkuntza berezi bat hitz egiten dugu”. Gizartearen legitimitatea, nolabait, hizkuntzatik sortzen da. Ez da corpus problema bakarrik.

JUARISTI eta OLAZIREGI: Bada ere.

J. KORTAZAR: Bada, baina askoz sakonagoa da legitimitatearena. Literatura ez da ezertarako behar.

F. JUARISTI: Hori da. Baina zergatik xahutzen da horrenbeste indar bailaretako euskararen berezitasunak aztertzen?

OLAZIREGI eta KORTAZAR: Hori botere kontua da!

M. J. OLAZIREGI: Gauzak erabakitzeko aukera eta boterea duzunean, irakaskuntzarako programak nahi bezala antolatu ditzakezu eta nahi duzunari lehentasuna eman. Gurean, ikerketa filologikoek eta linguistikoek lehentasuna izan dute eta literatur ikerketek leku marjinala izan dute irakaskuntzan. Hori da gure errealitatea eta etorkizuneko erronka: euskal literatur ikerketak berritu eta bultzatzea.

F. JUARISTI: Kontua da indar gehiago xahutu dugula euskararen eta bere berezitasunen inguruan egitura paraleloak
sortzen bestelakoetan baino. Baina, adi, hizkuntza batek ez du ezer balio literatura bat ez baldin badauka.

J. KORTAZAR: Hizkuntza batek bai.

F. JUARISTI: Hizkuntza moderno batek, ez.

J. KORTAZAR: Konforme. Baina, gure gizartea beharbada ez da modernoa, gure gizarteak ez du euskal literaturarik
behar. Hizkuntzarekin nahikoa du bere identitatea eta legitimitatea markatzeko.

M. J. OLAZIREGI: Felipe, arrazoia duzu esaten duzunarekin. Kontu hauek guztiak euskal literatur ikerketek izan duten gutxiespenarekin lotuta daude. Jonek eta nik oso argi daukagu irakasten dugunaren garrantzia zein den, zein lan garrantzitsua egin dezakegun klaseetan. Guk, oraindik ere, unibertsitatean, ikasleei testuak “irakurtzen” edota “aztertzen” erakusten diegu, testuetan barneratzen. Gure lana oinarrizkoa da oraindik. Aukera urria duzunean ahal duzuna egiten duzu. Dena den, egoera aldatzen hasia da. Euskal literaturaren plaza txikia da, denek ezagutzen dute elkar. Prest al dago euskal idazlea kritika jasotzeko, haserretu gabe?

F. JUARISTI: Jaso beharko haserretu gabe!

J. KORTAZAR: Baina ez du egiten.

F. JUARISTI: Hitzez ari gara hitz egiten. Kritikari batek hitzekin jokatzen du eta idazle bati gustatuko zaio esaten duena edo ez, baina ez du zertan haserretu behar. Kritikari batek eskubidea du liburu bat gustagarria ez izateko. Idazle batek idazten duen guztia zoragarria dela pentsa dezake, idatzi den onena dela, baina kritikari batek ez. Eta eskubidea du hori esateko. Batzutan, liburua kritikatu baino egilea kritikatzen omen da.

F. JUARISTI: Gertatzen da hori ere.

M. J. OLAZIREGI: Batez ere, idazlea emakumezkoa denean. Horren adibide batzuk badira. Hala ere, ez dut uste gurean haserraldi itzelak izaten direnik, kritika txarrak ere ez baitira ugariak. Bestalde, batzuetan idazle-kritikarien arteko feed-back-a ez da ematen. Alegia, kritikarien lanak, idazleen lanak bezala, oharkabean pasatzen dira gehiegitan.

J. KORTAZAR: Galdera inportantea da. Pare bat gauza: batetik, gurean, ez da sexu arazoa bakarrik, baizik eta txikiak izatea ere bai, biak dira inportanteak. Eta, ondoriozedo, inportanteak dira ere lotura afektiboak eta ideologikoak. Zaila da distantzia neurtzea. Esaterako, Iratxe Gutierrezek 1990eko hamarkadan ipuina eta narratibari buruzko sail bat burutu zuen, bada, hamar urte haietan ez zen kritika bat agertu. Hau benetan kezkagarria da.

F. JUARISTI: Ez zuen ondo begiratu.

J. KORTAZAR: Ondo begiratu zuen.

M. J. OLAZIREGI: Gauza bat ez duzu esan. Ibilbide berriko idazleen testuak aztertu zituen –idazle gazteenak, alegia–
ez ibilbide luzekoen testuak.

J. KORTAZAR: Baina kritikarik ez. Ez da Iratxeren kontu bat. Ni urrutitik nator literaturaren ibilbidean. Une batez, pixka bat urruntzea erabaki nuen, lasai bizitzea. Zeren eta niri eztabaida gogorrak tokatu zaizkit pasilloetan barrena. Bestalde, sariak jasotzen dituzten liburuak daude. Sariek liburua laguntzen edo zapuzten al dute?

F. JUARISTI: Laguntzen dute.

J. KORTAZAR: Bai? Zuk uste?

M. J. OLAZIREGI: Lehen liburu sarituek gehiago saltzen zuten, orain ere, ezta?

J. KORTAZAR: Uste dut laguntzen dutela argitaratzen. Baina saltzen ere bai?

JUARISTI eta OLAZIREGI: Bai. Saltzen ere bai.

F. JUARISTI: Editorea izan nintzen garai batean. Nire nagusiak bere liburuen arrakasta egunkarian hartzen zuen espazioaren arabera neurtzen zuen: “Orrialde laurdena hartu du, orrialde laurden hori nik ordaindu izan banu...”, honenbeste diru kalkulatzen zuen. Horrela neurtzen zuen, ez zuen beste ezertan erreparatzen. Berdin zitzaion liburuaz esaten zena.

J. KORTAZAR: Eta nahikoa ote da horrekin?

F. JUARISTI: Jakina ezetz

XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXX

http://www.ehu.eus/ehg/literatura/idazleak/?p=575

JUARISTI, FELIPE

(Azkoitia, 1957)

Felipe Juaristik nostalgiaz gogoratzen du Azkoitian igarotako haurtzaro zoriontsua. Inoiz aitortu izan duen bezala, liburuek literaturako bidea ireki zioten; eta Antonio Machadorekin herriko liburutegian hasitako ibilbideari aitak etxean zeuzkan hagiografiak eta Txirrita eta Basarriren bertsoak lotu zitzaizkion. Kazetaritza eta Soziologia ikasketak Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin ondoren, azkoitiarra Euskal Herrira itzuli zen, eta Literatur Kazeta eta Porrot aldizkariak sortu zituen. Garai hartan editore lana ere egin zuen Baroja eta Berminghan argitaletxeetan; gaur egun, iritzi artikuluak idazten jarraitzeaz gain, Euskadi Irratiko zuzendaria da 2010az geroztik. Idazle oparoa dugu Felipe Juaristi, askotariko generoak lantzen dituena. Juaristiren obrak erakusten duenez, poeta ez ezik helduentzako, haurrentzako eta gazteentzako prosa-idazlea ere bada.

Dagokigun egilearen lehendabiziko bi liburuetan, Denbora, Nostalgia (1985) eta Hiriaren Melankolia (1987), autoreak poesia idazteko abilezia eta beharra erakutsi zituen. Poetak errealitateari beste begirada bat eskaintzen dio, poema liburu biak nostalgiaren eta melankoliaren inguruan eraikiz. Jon Kortazarrek idazlearen lan poetikoaz hitz egiten du Luma eta Lurra liburuan, eta Juaristiren olertiak subjektibitatera jotzen dutela dio:

“Krisialdia gertatu ondorengo poeta da, beraz autonomiaren alde egin lezake, arazo larririk gabe; poesia sozial eta estetikoaren arteko kinka geratu ondoren urrunetik ikusi lezake jokoa, eta bide bat naturaltasunez aukeratu. Ondorioz, munduari buruzko ikuspegia ironikoa izan daiteke, baina xamurtasunez osatua; nihilista, baina paradisu txikien sinesmenak iraun egiten du; poetak bere izaeraren mehatxu den heriotza eta denboraren igaroa sentiduko ditu, adina oroimenerako tokia geratuko zaio oraindik bizirik.” (Kortazar 1997, 138).

Kritika Saria lortu zuten bi liburu horiek sentikortasunaren poetikan kokatzen dira, hirugarren poema-bilduma, ostera, denbora linealaren haustura erakusten duten hogeita hamar poemak osatzen dute. Laino artean zelatari (1993), gogoetaren poetikaren pean dago eraikita. Lehenago La Primitiva Casa Baroja argitaletxeak Espia de la niebla liburuxka eman zuen ezagutzera, eta hori izan zen Laino artean zelatari poema liburuaren aurrekaria. Bestetik, 1992. urtean Metrópolis izenburupean hiru egilearen hiru poema argitaratu ziren Antonio Jiménez Millán-ek Malagan egindako poesia-bilduman. Laino artean zelatari liburuan “aipamen metafisikoak, nortasunari buruzko galderak, espazioak eta denborak izadiko irudiekin kontrajartzen ditu idazleak” (Kortazar 1997: 147). Juan Kruz Igerabidek, “laino artean zelatari” egotea paradoxa hutsa izan zelakoan, pilaketa-lan gisa definitu zuen poetaren begirada, “sentipenak, ideiak, grinak… denak biltzen ditu begiak, eta kanpo mundua eta barne mundua arrapaladan jartzen dira harremanetan, orekarik gabe” (1995).

Felipe Juaristiren obrarekin jarraituz, 1997an Galderen Geografia argitaratu zen, hurrengo urtean Euskadi Saria irabazi zuena eta gaztelaniaz ere irakurri daitekeena: Geografia de las preguntas (1999). Hari buruzkoak dira hitzok: “Bizia eta heriotza, maitasuna eta ahanztura, galdera eta erantzuna, poesia eta infinitua, euria eta tristura edo Auschwitz” (Aldekoa 2008: 354). Urte bat geroago Teoría del Optimismo plazaratu zuen Juaristik, eta, 2004an, Begi-Ikarak; azken horrek berriro ere Kritika Saria merezi izan zuen. Esan bezala, Juaristi poeta gisa da batez ere ezaguna, baina poesia ez da idazleak landu duen genero bakarra; aitzitik, 1988. urtean, Baroja argitaletxean lehendabiziko nobela argitaratzen zuen Juaristik: Intzentsua lurrean bezala, non poetaren aztarna agerian geratu baitzen. Bi urte geroago, Kritikari Sariaren irabazlea izan zen Arinago duk haizea, Absalon argitaratutakoa, 1992an gaztelaniatua eta poetaren hitzetan bolada txarra pasatzen ari zela-eta haren ondorioz sortua; 2003an Airezko Emakumeak dugu, eta 2007an orain arteko azken eleberria argitara eman zuen idazleak: Ez da gaua begietara etortzen. Kortazarren ustez, hiru hari biltzen dituen liburua da aurrekoa: metafisikoa, lirikoa eta psikologikoa (2008). Juaristik narrazioak ere landu ditu, hala nola, Bordelera (1996) eta Inazio Muniberen abenturak (2001). Ezin ahaztu haurrentzako eta gazteentzako egindako lanen zerrenda luzea: Tristuraren Teoria (1993), Ilargi-lapurra (1993), Sagitario (1995), Eguzkiren Etxea (1998), Laura eta Itsasoa (1998), Animalien inauteria (1999), Euskadi Sariaren irabazlea izan zen; Aduna eta Aduanak (2000); Izar Euria (2001); Printzesen Eskola (2001); Itzarri nahi ez zuen printzesa (2002); gaztelaniara itzulitako Haydn-en loroa (2003); Basalimoien Usaina (2003); Zezena eta Mutila (2004); Zazpi bider zazpi (2005) eta Etxearen Negarra (2007).

Berezitasun moduan aipagarria da 2002an argitaratu zen Donostia-San Sebastian, Monumental y Turística gida turistikoaan Juaristi kolaboratzaile gisa aritu izana; urte berean, idazleak Rosalia Saria jaso zuen Galiziako PEN Club-aren eskutik. Bestalde, idatzitako antologiek idazlearen emankortasuna nabarmentzen dute: Antología de la Poesía Vasca (1993), Poesía Vasca. (Euskal poesiaren antologia) (1995); ¿Qué puede la poesía? (2002), Horizontes poéticos (2002) eta Six basque poets (2007). Halaber, auto-itzulpenak egiteaz gain, beste autore batzuen itzulpen garrantzitsuak ere egin izan ditu: Guy de Maupassant. Contes de la becasseOilagorraren Ipuinak (1984); Jorge G. Aranguren. Fuego lentoGar mantsoa (1989); Jon Mirande. Ilhun-ArgiakClaroscuros (1992); Oscar Wilde. Lord Arthur Savilleren krimena (1992); Filosofo Presokrarikoak (2004), Javier Agirrerekin batera itzulita; Vassili Grossman. Amari Gutuna (2005); Pio Baroja. Ipuinak (2007) eta Blaise Pascal. Pensées-Gogoetak (2008).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2008): Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia.

IGERABIDE, Juan Kruz (1995): “Laino artean zelatari”. Hegats. 11.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta Lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. BBK-Labayru Ikastegia. Bilbao.

____________ (2008): “Gauaren musika”. El País. 2008-01-14.

XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXX

https://eu.wikipedia.org/wiki/Mari_Jose_Olaziregi

Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, Gipuzkoa, 1963ko apirilaren 6a) Euskal Literaturako irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta literatur kritikaria. 2007-2009 ikasturteetan Center for Basque Studies-eko (Nevadako Unibertsitatea, Reno, AEB) irakasle izan zen eta 2009-2010 ikasturtean Konstanzeko Unibertsitateko (Alemania) irakasle gonbidatu. Euskaltzain urgazlea da, Center for Basque Studies-eko Basque Literature Series-eko zuzendari, eta MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikerketa talde kontsolidatuko zuzendari. Euskal literaturaren historia eta kritika, literatura konparatua, euskal ikasketa kulturalak edo kritika postkoloniala lantzen ditu. Bere ikerlanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira. 2010eko azarotik Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria da Etxepare Euskal Institutuan.

XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXX

JON KORTAZAR

https://www.ehu.eus/eu/web/laida/jon-kortazar-uriarte

Jon Kortazar (Mundaka, 1955). Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Literaturako katedraduna. Compostelako Santiagoko irakasle bisitaria. Irakaslea, idazlea eta hainbat komunikabideetako kolaboratzailea. Sari garrantzitsuak jaso ditu: Galiziako PEN Clubak Rosalia de Castro Saria eskaini zion 2008 bere lan osoaren itzalarengatik. 2009an Bizkaiko Aldundiak Lauaxeta Sariaz omendu zuen. Gaur egun Egungo Euskal Literaturaren Historia (2003-2014) idazten duen ikerketa taldeko zuzendaria da. Historiak garaiko literatur lana generoka aztertu ditu eta zortzi liburutan eman du gaia: eleberria, poesia, nobela eta zinema, ipuina, haur eta gazte literatura, antzerkia, saiakera eta komikia, horrela garaiko literaturaren ikuspegi aberats bezain sakona emanez. Laster ingelesez argitaratuko da laburpena. XX. mendeko euskal literaturaz lanak argitaratu ditu, aipagarrienak hauexek: Euskal Literatura XX. mendean (sei argitalpen, 1990-2003), Teoría y práctica poética de Esteban Urkiaga, Lauaxeta (1986), Luma eta lurra (1997), Diglosia eta Literatura (2001), Postmodernitatea euskal kontagintzan (2003), Bernardo Atxaga: Basque Literature From The End Of The Franco Era To The Present (2007), Bitartean New York Kirmen Uriberen literaturgintza (2011), Contemporany Basque Literature. Kirmen Uribe’s proposal (2013). Bere lana hamar hizkuntzetan irakurri daiteke: alemanez, ingelesez, frantsesez, katalanez, gailegoz, portugesez, gaztelaniaz, errusieraz, georgieraz, eta errumanieraz. Atzerriko hainbat Unibertsitatetan eman ditu hitzaldiak: Ohion, Oxforden, Tubingan, Kolonian, Kielen, Berlinen, Venezian, eta Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionalean. Madrileko Biblioteka Nazionaleko Patronatuko kidea izan da eta Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko Lehendakari ordea (2005-2008). Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea da.