Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia

so 1467378181235 SO | 2020-11-11 09:43

https://addi.ehu.es/handle/10810/25996

Eszenaratzeak, antropologiaren tresna metodologiko

Miren Urquijo Arregui Itzultzailea: Elena Egino Laborda

Feminismoak beste zientzia bat maite du: antzezpenaren, itzulpenaren, totelka hitz egitearen eta partzialki ulertutakoaren zientziak eta politikak maite ditu (Haraway, 1995: 336)

Eszenaratzeek bizitza soziala irudikatzen dute; narratiba dramaturgikoez baliatuta, datu etnografiko esanguratsuenak eta datu horien analisia deskribatuko ditut eszenaratzeetan. Lan horrek estrategia pertzeptiboa, estrategia analitikoa eta estrategia deskriptiboa bateratzen ditu, eta ikerketa feministarako interesgarria izan daiteke. Genesia azalduko dut.

MARKO AUTOBIOGRAFIKOA

Teoria feministak zalantzan jarri izan ditu, ikuspegi kritikoa dela medio, zientzia sozialen baitako positibismo zientifikoaren autoritatea zein objektibitatea, eta aldarrikatu izan du praktika akademiko eta ikertzailean subjektibismoaren eta ni erreflexiboaren papera (Hernández, 1999). «Inongo aldetatik» begiratzen ez duen objektibismo transzendentalaren ordez, kokapen mugatuak eta ezagutza kokatuak eskaintzen ditu objektibitatearen bertsio feministak (Haraway, 1995). Hortaz, ezagutzaren eraikuntza-prozesuaren baitan, memoriari loturiko ariketa autobiografikoa ezinbestekoa da. Halaber, ikertzailearen iragana garrantzitsu bilakatzen da ikerketa-eremuen hautaketa, esperientzia zein landa-lanaren analisia, eta idazkera ulertzeko orduan (Okely eta Callaway, 1992: 1; aipatua in Del Valle, 1995).

Autobiografiak egiteko zenbait gako metodologiko hauteman ditu Teresa del Valle-k (1995) memoriari buruz egindako ikerlanetan. Hala, selektiboak eta kontzienteak diren oroitzapenen hautaketa-prozesurako jarraibide-bilduma sortu du. Hori horrela, autore horrek proposaturiko gakoak ardatz hartuta, marko teoriko bat osatuko dut ondorengoen inguruan: mugarriak (erreferentzia esanguratsuak, bizipenak eta funtsezkoak izan diren erabakiak), artikulazioak (oso baten zenbait zatiren doikuntza- edo lotura-prozesuak) eta autobiografiaren zirrikituak (aldaketa eragin duten momentuak). Zehatz-mehatz, Leszek Kolankiewics-en Towards an Anthopology of Performance(s) (2008) testuaren bertsio berezia eraikiko dut. Antzertiarretik antropologikoraino joanda, zirrikitu autobiografikoak artikulatu dituzten gertakarien baitan, nire kokapena izango dut abiapuntu.