ETAren hautsa / Joseba Zulaika / Alberdania, 2006

so 1467378181235 SO | 2020-08-31 16:36

ETAren hautsa / Joseba Zulaika / Alberdania, 2006

Norberaren historia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2006-07-14

Askotan nahasten da norberaren historia beste batenarekin edo beste batzuenarekin; askotan nahasten dira historia indibiduala eta historia kolektiboa, gizartean bizi baikara, eta gizarteak bizi gaitu, eta gizartea bizi dugu, zentzu batean bederen. Ez gara uharte bat, denak du eragina denean, denok dugu eragina denean eta denongan, aitortu nahi ez badugu ere. Bestearen bizitza nirea ere bada, berarekin bizi naizenez gero, espazio eta denbora berean, ez haren larruan noski, gutxi batzuetan izan ezik (maitasunean, noski), baina haren aurpegia ikusirik irudika nezake neurea, berau ikusteke. Bestearen heriotza ere bada nirea. Aspaldiko legea da. Herri txikietan, oraindik, auzoko baten heriotza sentitua izaten da, eta denak (adin batetik gorakoak, gaur egun) joaten dira hiletetara, norberak bestearen heriotzan berea ikusten baitu, eta hura bera bizitzen berea balitz bezala. Denak denekin bizi baitira, eta bakoitzaren aldaketa txikienak, epe luzera edo laburrera, denak aldatzen ditu.

ETAk, esaterako, denak denekin eta denak denentzat bizitzearen sentipena hautsi zuen. Hori izan zen bere lehen emaitza, zikoitza eta hertsia inondik ere. Baina hori da gure historia, azkeneko urteetan. “Hori bera da denen ixtoria. Heriuak bardintzen handi-txipiak.” Imanolek kantatzen zuen bezala, Etxahun-Iruriren bertsoak.

Joseba Zulaikak bere historia, alegia denon historia, ulertu nahian idatzi du liburu hau, hala uste dut. Asmo hori, bederen, zintzoa da eta arriskutsua. Norberaren historia kontatzeko, hastapenetara jo behar eta han, baso batean bezala, ezkutaturik munstroak ageri dira, gu izan garen munstroak, edo, haien erara, moldatu gaituzten mamuak.