Erru sentimenduaren eta lotsaren arteko diferentziak berdinak al dira euskaraz eta gaztelaniaz? // AITZIBER PASCUAL*, SUSANA CONEJERO** ETA ITZIAR ETXEBARRIA*

so 1467378181235 SO | 2020-11-11 17:29

https://addi.ehu.es/handle/10810/46424

Eztabaida

Ikerketaren emaitzek argi uzten dute euskaraz lotsaren eta erru sentimenduaren arteko mugak eta gaztelaniaz vergüenza eta culparen arteko mugak antzekoak direla. Bi kasuetan, gure hipotesian azaltzen zen bezala, lotsa (vergüenza) terminoak gutxienez hiru motatako edukiak barne hartzen ditu: 1) «lotsa nimiñoa» deitzen duguna (esposizio-sentimendua eta akats nimiñoa), 2) ohikoena den lotsa mota, «lotsa normala» deitzen duguna (esposizio-sentimendua eta akats larriagoa, baina ez morala), eta 3) «lotsa morala» deitzen duguna (esposizio-sentimendua eta akats larria eta morala).

Erru sentimenduak (culpa), ordea, gutxienez bi eduki barne hartzen ditu: 1) «pertsonarteko erru sentimendua» (hirugarren persona bat kaltetua izan da) eta 2) «pertsona barneko erru sentimendua» (akatsa bere ustez izan «beharko» lukeenaren kontra doa).

Erru sentimenduaren eta lotsaren arteko ezberdintasunei dagokienez, emaitzek emozio bat eta bestearen artean bereizketa egiteko orduan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, ondorengo dimentsioen baliotasuna azaldu zuten: publikoa/pribatua bereizketa, tradizionalki gai honetan defendatua izan dena eta, nahiz eta azken bolada honetan eztabaida ugari sortu dituen, gutxienez mundu anglosaxoian, azkenaldian testuinguru horretan egin diren ikerketetan bereizketa honen aldeko emaitzak lortu dira (Smith et al., 2002); akatsaren izaera kontrolagarri/kontrolaezin-ari dagokion bereizketa, Weinerrek (1985) defendatua eta zenbait ikerketetan baieztapena aurkitu duena (Tangney, 1993; Weiner, 1980a, 1980b); eta ihes egiteko/konpontzeko joerari dagokion bereizketa, hau ere zenbait egilek defendatua (Barrett, 1995; Fedewa et al., 2005; Hansberg, 1996) eta aurreko ikerketetan baieztapen enpirikoa aurkitu duena (Ferguson et al., 1991; Lindsay-Hartz, 1984; Lindsay-Hartz etal., 1995; Wicker et al., 1983). Emaitzek, ordea, ez dute akatsaren kutsu morala/ez morala-ri dagokion bereizketa egiaztatzen, bere garaian Piers eta Singerek (1971) defendatu zutena, eta gaur egun arte baieztapen enpiriko gutxi aurkitu duena (Wallbott eta Scherer, 1995). Hipotesian azaldu genuen bezala, emaitzek ez dute arreta nian/jokaeran bereizketa egiaztatzen, bereizketa honek lagin anglosaxoiekin egindako ikerketetan baieztapen nabaria aurkitu duen arren (ikus arestian aipatutako Tangney eta Dearingen 2002. urteko errebisioa).

Beste ikerketa batzuk egitea beharrezkoa da gure testuinguru kulturalean dimentsio hau baliagarria ez dela ondorioztatu ahal izateko. Dena dela, emaitza hauek, gutxienez, argi uzten dute testuinguru anglosaxoietik (ikerketa gehienak bertan egiten direlarik) beste testuinguruetara orokortzeko zuhurtasun handia izan behar dugula. Zenbait ikerketek, eta zehazki, euskarazko lexiko emozionalari buruzko batek (Alonso-Arbiol et al., 2006) argi uzten dute kategoria emozionalak oso ezberdinak izan daitezkela kultura batetik bestera. Beste hitzetan, guilt eta shame-en (erru sentimendua eta lotsa hurrunez hurren, ingelesez) arteko mugek beste kulturetan egokitasun bera izateko arrazoirik ez dago.

Beraz, eta orokorki, lortutako emaitzek azaltzen dutenaren arabera, erru sentimendua, lotsaren aurrean, pertsonak bere jokaeraren aurrean egiten duen epaiketa negatiboarengandik eragindua dago; epaiketa horretan ekintzaren kontrolagarritasunaren pertzepzioa dago eta, beraz, seguraski, ekintza horrekiko ardura pertzepzioa ere bai. Gainera, errudun sentitzen den pertsona, nahiz eta batzuetan ihes egin dezakeen gogorra hautematen duen zigorra ekiditeko, normalean ez du egiten, eta horren ordez, egoera konpontzeko ekintzaren bat martxan jartzen du. Tangneyk (1999) guilt-i buruz esan zuenarekin ados bakarrik egon gaitezke, hau da, erru sentimendua lotsa baino emozio baliagarriagoa da bai eremu moralean bai pertsonarteko eremuan.

Dena dela, gure emaitzek azaltzen dutenaren arabera, badago esperientzia emozional bat, «lotsa morala», lotsa (vergüenza gaztelaniaz) terminoak barne hartzen duen arren, eta lotsaren ezaugarri argiak azaltzen dituen arren (besteen epaiketen eragin handiagoa, ekintzaren pertzepzio ez hain kontrolagarria, ihes egiteko joera handiagoa), erru sentimenduarekin ezaugarri batzuk komun dituena: zehazki, konponketarako joera, baina baita eragiten duen ekintza pertsonarentzat etikoki/moralki desegokia izatea ere, «pertsonarteko erru sentimenduan», ohikoena den erru sentimendu motan (Baumeister et al., 1994; Etxebarria, Isasi eta Pérez, 2002), gertatzen den bezala. Honek guztiak lotsa mota hau eremu moralean eta pertsonarteko eremuan oso garrantzitsua den emozioa dela argi uzten du. Beste egile anglosaxoi batzuek ere lotsa mota honi buruz hitz egin dute (Smith et al., 2002); lotsa mota honen izate hutsak argi azaltzen du zergaitik morala/ez morala dimentsioa baliagarria ez den erru sentimenduaren eta lotsaren esperientziak bereizteko.

Badakigu ikerketa honek muga metodologikoak dituela. Garrantzitsuena, dudarik gabe, istorio kopuru txikia da. Erru sentimendua eta lotsa sortarazten dituzten egoera gehiago aurkeztea pentsatu genuen hasieran; baina, egin ez bagenuen, galdesorta luzeegia ez geratzearren izan zen. Hau hurrengo ikerketetan kontuan hartu behar izango dugun gauza da. Dena dela, muga hauek alde batera utzita, ikerketa honek gure testuinguru kultural eta linguistikoan ia existitzen ez diren datu enpirikoak eskaintzen dizkigula uste dugu.