ERIC DICHARRY // MIKELAZULO // ORERETA // UBERAN // OIER GUILLAN // ELKARRIZKETA // EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEA // 2015

so 1467378181235 SO | 2025-03-16 08:09

ericdicharry@gmail.com 1742109390027

ERIC DICHARRYK (Erik Dixarrik) "After Bansky" poesia liburu esperimentala plazaratu du Maiatz-en eskutik. 

Maiatz aldizkarian ezagutu genituen bere testuak, Hormatik hormaraino (Maiatz, 2012) liburuan ondoren. After Bansky izeneko lana plazaratu du orain: ahaleginpoetiko-politiko-estetiko probokatzailea, autoironiaz eta kritikaz beteriko arte-begirada bat. Elkarrizketa honetan zailak jarri dizkigu entresakak: "Kultura ez da erosten. Edo oparitzen da edo lapurtzen da. Ene liburuak lapurtuak izateko eginak dira, trukatzeko marraraino joan naiteke baina ez urrunago. Enekin liburuaren merkatua egiazko krisian sartuko da".

Eric Dicharry-rekin solasean

Maiatz argitaletxearekin kaleratzen duzun bigarren liburua duzu hauxe. Hormatik hormaraino (Maiatz, 2012) Maiatz aldizkarian bertan argitaratutako testuetatik abiatuta eraiki zenuen. Aldizkarian argitaratzen jarraitu duzu, After Banskyn bada Maiatzen egindako lanaren arrastorik?

Urrunegi joan naiz. Espero dut berriro horelakorik ez egitea. Jakin nuen nominalizazioa zer zen 44 urteekin. Enegandik zaila da eskapatzea. Kaxurik egin gabe beste testu bat asmatzen duk/n. Puntuaren aitzinean dagoen k/n ikusiz gero erranen nuke genero kontua, marra bat besterik ez dela. Generoa SLAX bat da.

Gizakiaren ezaugarri azpimarragarrienetakoak berpizteko liburuak idazten dira. Literatura eta bertsularitza konparatuz gero zoin ondorioak aterako dizkidazun. Ahozkotasuna sakonduz gero idatzia den literatura hautatuko dezu? Goodyren laguntzaraino joan naiteke baina Goodyk arrasto bezala (versus gisa zein hautatuko duzu?), (hausnarketa bururatuz gero gisa, gisa beraz azken testuaren bertsioan, interneten zintzilikatua izanen den lerrotan), utziko dituela paperezkoak izanen dira eta ez haizeak errazki ezabatzen dituen bezalakoak. Iduritzen zaidalako memoria galtzen dudala arrastoz arrasto nabil... Amnesis delakoaren fobia daukat. Ez naiz ni gehiago, pentsamenduarekin oheratzen zarenean ez zara berdin jeikitzen. Usu erori naiz eta erorketek ez didate deusik irakatsi. Meditazioaz ikasten duzu. Ez eroriz.

Maiatzekin dudan harreman estua lehergaitza da. Lucien Etchezaharretak orain existitzen diren testu guztien “kulpa” dauka. Bera, idazten nituen testuekin, hasi zen jolasten. Eta ikusten duzu noraino joan den... Hitzekin dudan harremana, 3 urteko gazte batena da. Maiatzek praktikatzen duen autokudeaketarekin ehuneko ehun ados naiz. Ene hitzak intelektualki, politikoki eta artistikoki baliatzea gustatzen zait. Liburu bat osatu baino lehen, horrelako aldizkari batean, ene burmuinetik eskapatu ziren amets-idatzi guztiak oparitzea gustatzen zait. Badakit eurorik ez dudala irabaziko. Baina beste zerbait irabazten dut. Anonimo batzuentzat, poemak lehergailuak dira. Hitzek duten eraginkortasunaz zentratzen naiz. Hitzek bizitzak alda ditzakete eta. Gutienez bizi-bideak desbideratzeko poderea dute. 2015ean Maiatz aldizkariak bere 60. zenbakia argitaratuko du. Ez da gutti. Iparraldean literaturarekiko duen “hitzarmena” adizkari bakarra. Maiatz aldizkarian argitaratu dituzten idazleen zerenda hartzen duzun aldiro konturatzen zara zer nolako lana egina izan zen. Maiatzek Euskal Herrian zein eratan funtzionatzen dugun erakusten digu. Egina izan den lana baloratu behar da. Euskal Herriko literaturaren altxorra baita. Egun batez kultuzko aldizkaria bilakatuko da.

Liburu honetan testu bakoitza argazki batek laguntzden du… edo alderantziz da?

Irudietan galdekatzen dudan altxorra egia deitzen da. Egiaztatzekoa da mundua. Argazki batzuk bizian aitzinatzeko lagundu naute. Ea hartu ditudan argazkiek norbait lagunduko duten... Autorea terapeuta da. Literatura sorginkeri bat da, besterik ez.

Zein da argazki hauen istorioa, zer harreman mota garatzen du bakoitzak testuarekin?

Idazten dudanero idazmenak ekartzen nauen askatasunez sinesten dut. Mota garatzen. Erantzuna galdean dago.

New Yorkera egindako bidaia batean du iturburua liburuak. Zer nolako bidaia izan zen hura? Liburua bidaian bertan sortu zenuen?

Roadliburuak irakurleei autorearen praktika biluzten die. Mugimendurik ez dagoenean ezin dut idaz-prozesuak eskatzen duen arintasuna bereskuratu. Mugituz idazten dut. Bidaia mugimendu bat besterik ez da. Bidaian, mugimenduan. Bai, esango nuke bietan. Skizofreni-krisi baten ondotik isiltasun handi batez sortzen da.

Bertako testuek badute zentzu espazial bat: maketazioak, tipografiak, letren tamainak, errepikapenak, hitzen antolamenduan ordena edo kaosarekin jolasteak… zer garrantzia du zentzu horrek liburuan? Zein neurritan da intuitiboa testu bakoitzean egiten den aukeraketa, edo zein neurritan da gogoeta baten emaitza?

Liburuak, kritikatzeko gai direnen begiraden zain dago. Kritika literatura bilakatuko denean, literaturak kritika kritikatzeko zituen gaitasunak bereskuratuko ditu. Gogoeta baten emaitzek oparitzen dizkidaten fruituetatik bizirik mantentzen naiz. Teoria, praktika, hausnarketa literarioa, subjektiboki pentsatuak diren guztiak. Mendi miresgarri. Hortik edaten dugu. Denok. Norbaitek ez badu baliatzen zorokeri batean itota gelditu dela... Kontzeptuak baliatzea gustatzen zait. Kontzeptuak lehertzea gustatzen zait. Paradoxaltasunarenpean hatsa hartzen dut. Perferkzioaren paradoxaltasunean egotea gustatzen zait.

Liburuan erreferentziak daude. Gehienak arte mundutik hartuak dira. Keinuak egiten ditut. Duchampi, arte kontzeptualari, Ai Wei Wei artistari, Benjamini... Usu, gakuak metadiskurtsoan kokatzen dira. Autorearen adierazpenetan. Baina bidea irekita jarraitzen du. Irakurleak ireki dudan bidea segitu behar du. Liburua elkar topaketa bat bezala ikusten dut. Elkarrik eraginkortasunak ekartzen du. Jakintzaren atea irekiz gero neuronen bidaia amaigabea da. Ene literatura kontzeptuala da. Ene idazkerari arauak ezartzen dizkiot. Testuak arau jolasaren emaitzak dira. Estetikak hitz egiten eta biziarazten nau. Ene liburua eskuratuko dutenak estetika-esperientzia bateraino eraman nahi ditut.

IMG_7577

Dicharry bere performance bat zuzenean dokumentatzen

Internet eta medio digitalek duten estetika eta filosofia filtratzen da testu hauetan? Idazketa zatikatua da, saltoka dabilena, bonbardaketa jarraian eta estetikoki era anarkikoan… aipu honekin hasi duzu liburua: “Berriro hartu zuen liburua mahaitik eta han eta hemen hasi zen begiratu azkarrak egiten”. Joseba Sarrionandia. Zein neurritan eragin dizu interneten izaerak berak idazterakoan?

Uhinek kontaminatzen naute. Minbiziaren aurrean nauzu. Hautua erraza? Nork esanen dit gai dela uhinik gabe bizitzea? Uhinak gara gu, abereak, eraiki dugun mundua edota guretzat eraiki ziguten mundua. Elektronikoak. Numerikoak. Irudikoak.

Josebarekin kafe bat gogotik hartuko nuke. Josebaren hitzak lapurtzen ditudanean, emaiten dit Josebaren organoak lapurtzen dizkiodala, bere ahoa, bere ezpainak. Norbaiti berak idatzi dituen hitzak lapurtzen dizkiozulakoan segundu batez bera zira. Ni Joseba izatea gustatzen zait. Beste izen guztiekin horrelako harreman esturik ez dut egunerokotasunean sentitzen. Bakoitzak bere istorioa idazten du. Bourdieu kontzeptualizatu zuen determinismotik at ihes egin dut.

Esango nuke zure liburuak irizpide literarioetan bainoago, arteari loturiko proposamen espazialago eta kontzeptualago batzuekin dutela zerikusia. Hala da?

Irakurtzea ikasten da. Irakurriz. Ikustea ikasten da ikusiz. Kritikatzea ere ikasten da. Intelektualizatuz. Zure ibilbidea ezagutu gabe esaten ahal dizut nondik etortzen zaren eta orain arte ze nolako ibilbide ukan duzun. Hitz sinpleekin den dena ulertzen da. Konprenitzen dena mamia deitzen da. Ziur naiz. 3000 hitz baliatuz best seller bat idazten ahal duzu. Zein hitz hautatuko duzun horrixe duk garrantzitsua. Literatura hautua da. Espazialago. Guneago. Kontzeptualago. Testu azpitik beti dago kontzeptua. Kontzeptua ez da gauza aspergarria. Hezten den zerbait baizik.

Bada salaketa puntu bat, gogoeta eragite puntu bat, kasu batzuetan salaketa batean sakonduz, beste batzuetan kaleko graffittien modura letra tamaina handiz eta hitz gutxiko zirtoez. Zer eragin sortu nahi duzu irakurlearengan?

Maitasuna.

“Dirua da herri garaikidearen erlijioa”. Kapitalismoa, kontsumismoa… oso presente daude liburuan. Baina era berean liburua da esku artean duguna, saldu eta erosi egiten den objektu bat. Nola bizi duzu kontraesan hori?

Nik liburuari esker ez dut eurorik irabaziko. Ene kontzientziarekin lasai nago. Dirua zikinkeri bat da enetzat. Diruak mina ematen dit. Diruarekin desadostasun batean aspaldidanik sartu gara. Euro bat irabaziko banu eskale bati emango nioke. Liburuan idazten dudan bezala, uste dut kultura ez dela kontsumoan gelditzeko egina. Kultura ez da erosten. Edo oparitzen da edo lapurtzen da. Ene liburuak lapurtuak izateko eginak dira, trukatzeko marraraino joan naiteke baina ez urrunago.

Enekin liburuaren merkatua egiazko krisian sartuko da.

Utopia da ene izengoitia, ez zenekien ala?

Serioski.

Ene liburuak lapurtuak izateko eginak dira.

Idazten dudan liburu bakoitza kolektorra da. Etxean Eric Dicharry edo Iker Zazpietagoienak (ene bigarren ni, oraintxe asmatua) idatzi duen liburu bat baduk/n, fiera izan. Harro. Mainstreamdik urrun zarelako.

IMG_7576

Hormatik hormaraino atera zela badira urte batzuk. Nolako harrera izan zuen, nolako esperientzia izan zen zuretzat?

258.275 ale saldu ditugu. Atxaga baino gehio... Gehiegi? Agian. Aberats bilakatu gara. Biziki kontent. Benetan. Very kontent. Liburuak abereen tokitan. Zenbakiak literaturaren mikrokosmoan tabu dira. Denok gara zenbaki batzuk. Bankable ala ez. Hori da gaur egungo galdera bakarra...

Ikertzailea eta antropologoa zara izan, baina Hormatik hormaraino haren ostean sumatu zaitugu tarteka poesia errezitaldiren bat egiten ere, performanceren bat… literaturari loturiko giroetan, Literaturian edo Ahotsenean kasu. Zer inpresio eman dizu euskarazko literatur munduak, gertuagotik/barrutik ezagutu ahala?

Antropologoa naiz izan. Egia esateko gero eta gehio ene burua ezenatokiaren gainean ikusten dut. Urte frango galdu ditut. Plazera geure helburu bakarra izan behar da. Plazera intelektuala. Neuronen artean jolasten den plazera. Mikroaren gibelean izateko sortu naiz eta ez ordenagailu baten atzean. Ikerketak performanceei buruz egin ditut. Bat RIEV aldizkarian, Esther Ferrer artistari buruz idatzia da. Besteen performanzak ikertzea gustatzen zait. Eneak sortzea ere. Baina bakartiegi naiz. Hori dela eta ene bakartasunak idazle berasmatu nau.

Zer beste proiektu duzu egun esku artean?

HAN edo HOR. Bien artean titulu bezala zalantzak ditut. Gauero orain arte idatzi ez dudan trilogiarekin oheratzen naiz. HAN. HOR. HEMEN. Datorrena, zortzigarrena HAN. Titulu ona ezta? Zenbatzea gustatzen zait. Liburu bakoitzak ekartzen didan indarri esker bizi bainaiz. Datorren liburuen kontzeptuak zehazteko ez daukat pretentsiorik. Maiatzekin dudan konfianza sakonduko dut. Fidela naizelako. HAN liburua ene zortzigarrena izanen da. Zazpiarekin hasi naiz zenbatzen. Bourdieuk determinismoaz adoratzaile eta fanatiko bat izan naiz. Pesimista, pesimistegi orain berriro pentsatuz gero. Izen goiti bat hartu nahi nuen. ZAZPIETAGOIENA abizen bezala hautatuko banu, autoreak egin duen aukeraketak, zer nolako desbideratze ekarriko lidake, lioke, liguke?

Azkenik, zertarako liburuak egin? Zer eskatzen diozu liburu bati?

Iraunkortasunaz sinetsi. Behartuak gara. 18 urte arte liburuak ene etsaiak izan ziren. Eta modu batean, dira. Hitzengandik errezibitzen ditugunak zenbatuz gero, den dena argitzen da. Liburu bati gizakiok ditugun zoro-itzal guneak berotzea, argitzea, lehertzea, ikonografiatzea, eskatzen diot. Liburu bati eskatzen diodan gauza bakarra autodafe batean ez bukatzea esaldiz amaitu.

Zertarako liburuak egin?

Atxaga ez izateko. El Pais egunkarian agertzeko. Zurekin bizitzeko. Semea bizirik ikusteko. Amnesia ahanzteko. Euskararen transmizioa bizirik mantentzeko. Indartzeko. Bakarrik ez egoteko. Bakarti ez gelditzeko. Isiltasunaren oiharzuna entzunarazteko. Meditazioak lehertzeko. Lehergailuak musukatzeko. Presondegitik ateratzeko. Lagun artean izateko.

Zertarako liburuak egin?

Zurekin mintzatzeko.


Utzi iruzkina: