ERIC DICHARRY, EROS, PAMIELA, 2020.

so 1467378181235 SO | 2020-08-22 09:18

Eric Dicharry-k Eros liburua plazaratu berri du; seigarren poesia liburua, bigarrena Pamielarekin. Bere poesian ohikoak diren ezaugarriak topatuko ditu bertan ere irakurleak, agian modu erraitsuagoan: drogen mundua, artea, erreferentzia artistikoak, poesia bisuala, erritmoa, errepikapena... eta autoerreferentzialtasun artistiko bat: “Uste dut garrantzitsua ez dela bizi izan dudana, bizi izan dudanarekin idatzi, eraiki eta sortu dudana baizik”.

Jose Angel Irigarayk, Pamielako editoreak, hartu zuen hitza aurkezpenean, Dicharryren poesiagintzaren konstanteak gogora ekarriz: “Poesia eta artea. Artea eta poesia. Poesiaren alde estetiko eta bisuala, baina horren barruan dago bere drama pertsonala, eta horren eraginez etorritako hamaika ataka eta egoera bereziak kanporatu nahian, modu katartiko batean, eta hori guztia saiatzen da hitz bilakatzen, poesia bilakatzen.

Autoerreferentzialtasuna aipatu zen aurkezpenean, haren balio artistikoez eta mugez mintzo “Poesia aurtoerreferentziala da, lehenago baten batek komentatu zuen bezala barne arkeologian bilatutako aztarnategi horretan ibili ondoren loratzen diren zantzu poetikoak, gogoetak, sentipenak, oinazeak, ametsak... surrealista batzuetan, beste batzuetan ematen du aforismo bat edo haiku bat, denetarik du”.

Irakurleak kolpatzen, edo identifikatzen, dituen ahots bat Dicharryrena: “Dicharryk ekartzen du oso ahots zintzoa, eramaten zaitu bere zaurietatik zure zaurietara”.

Timberlake Wertenbaker dramagile, gidoi egile eta itzultzaileak, egilearen euskarazko ikasle izandakoak, idatzi du hitzaurrea, eta berak ere halako gogoetak darabilzki: “Nola idazten digu? Ondoko bizi berriturik ote digu hastapeneko bizi hartaz idazten? Dicharryren poesiak oroimenez josiak dira, baina ez soilik. Zer gune hartzen ote dute arrastoek? Idaztea, hastapeneko bizi hartara itzultzea ote da? Droga berpiztea? Bizi izandakoa ad infinitum errepikatzea? Oroitzea errepikatzea ote da? Oroitzea, sublimatuak izan diren oroitzapenetan bidaiatzea ote da? Idaztea ez ote da errealitatea jasangarria bilaka dadin artino sublimatzea?”.

ERIC DICHARRY: "ORRI ZURIA EZ DA EXISTITZEN"

Honatx egileak aurkezpenean esanak:

Eros tituluaz: “Idaztearen prozesua biluzteko saiakera izan da liburuko lehen testua, liburu honetako titulua sortzeko saiakerak jasotzen dituena: Erosgune, eros, erosten, eroskunde, erosle eroso, erosokoeria, erosotasun, erospen. Idaztea zer da? Idaztea hautatzea da, baztertzea, eta ezabatzea. Beraz, eros versus thanatos, bizitza versus heriotza”.

Heriotza, autobiografiaren muga: “Autobiografiak kontatu ezin duena poetaren heriotza da. Beraz, liburuak kontatzen duena kontaezina dena da”.

Poesia ibilbideaz: “Eros nire bederatzigarren edo hamargarren liburua da, seigarrena poesian; idazlea ez da konturatzen, idazten du, idazten du... eta atzera so eginez konturatzen da obra bat eraiki duela. Poetak asmatzen dituen olerkiei esker asmatua da. Orain arte idatzi ditudan liburuek asmatzen naute. Poemak sortzen ditut, eta sortu ditudan poemek sortzen eta berrasmatzen naute. Poetaren bizitza obra bilakatzen da. Literaturari esker, poesiari esker, olerkiari esker, zure bizitza obra bezala eraikitzen duzu: hor agertzen dira Nietzsche, Foucault... Bizitza obra bilakarazi. Haien lanek inpaktatu ninduten, eta modu batean irakurleak haien aztarnak irakurri ditzake liburuan”.

Liburua irudiz lagundua: “Liburuekin nahiko fetixista naiz, gustatzen zait liburuak ferekatzea, uste dut liburua beti liburua izanen dela, fisikoki ukitzen den zerbait. Beraz, irudia eta maketazioa zaindu behar dira”.

Autozentsura: “Non kokatzen da autozentsuraren muga, noraino biluz daiteke idazlea? Etika da muga? Morala? Eguneroko ogia irabazteko egin behar diren konpromisoak? errepresioa, justizia, kartzela? Non dago muga? Uste dut galdera hau biziki garrantzitsua dela.

Beste egileen eraginaz: “Poetak gurutzatzen dituen beste artisten sorkuntzak barneratzen ditu, eta haren ikuspuntu propioa beste sortzaileen ikuspuntuei esker ere eraikitzen da. Beraz, ni naiz ikusten, irakurtzen, entzuten dudana, beste gizakiekin ukan ditudan harremanen emaitza. Horregatik gustatzen zait esatea orri zuria ez dela existitzen, liburua idazten hasten garenean jadanik idatziak baikara. Falta zaiguna proiekzioa da, eta gure baitan duguna proiektatzeko unea da idaztea. Beraz, ez naiz bakarra munduan, eta ingurumenak inpaktatzen nau, eta poesia inpakto horren emaitza da.

Liburu transgeneroa: “Liburu hau nahiko transgeneroa da; poesia liburua da baina ez soilik, irakurleak beste genero motak atzemanen ditu barnean: adibidez, nobelaren hastapena, poesia literaturaren kritikaren arkitektura eta norabideak...”

Autobiografiaz: “Bi aukera nituen subjektua hautatzeko unean: ni hala hura, nik ala harek, nork idazten du? Nire garunaren panoraman autobiografiak literaturan eduki duen tokia eta eragina proiektatzen zen. Luzaz autobiografia euskal literaturan nahiko baztertua izan da. Autobiografia, ados, baina zein motatakoa? Uste dut garrantzitsua ez dela bizi izan dudana, bizi izan dudanarekin idatzi, eraiki eta sortu dudana baizik. Beraz, buruan dudan galdera hauxe da: bizitzen dudana bizitzen dut idazteko, edo idazten dut idazten dudana bizitzeko? Asko idazten duena hizkuntzan eta idazkeran murgiltzen da eta batzuetan haren buruari galdetzen dio: idazten dudana ez al da erreala, eta bizitza aldiz fikzioa? Batzuetan, sentsazio hori daukat, olerkia mundua baino errealagoa bilakatu dela. Azken finean, Eros liburua idatzi dut oraindik bizirik nagoela egiaztatzeko eta ene baitan ezkutukoak ziren ene bazterrak transmititzeko. Agian liburuari esker irakurleak bere baitan dituen bazter miresgarriak deskubrituko, ikusiko eta askatuko ditu, agian liburuari esker irakurleari bizirik jarraitzeko nahia piztuko zaio. Liburua esku artean edukirik konturatzen naiz fikzioa dela idazlearen babeslekua, aterpea, eta egiazko erosgunea.

EUSKADI IRRATIAN / ARRATSEAN

https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/arratsean/audioak/osoa/7573041/audioa-eric-dicharry-eros-poema-liburuaz-arratsean-euskadi-irratian------/