ERIC DICHARRY / DUCHAMPEN INGUMA / PAMIELA / 2018 - IGOR ESTANCONA - NOTICIAS DE ALAVA

Liburu Korapiloa deslotzen
TITULUA: ‘DUCHAMPEN INGUMA’ EGILEA: ERIC DICHARRY ARGITALETXEA: PAMIELA, 2018
IGOR ESTANKONA / 11·07·18

LIBURU zail bezain txundigarria begitandu zitzaidan Eric Dicharryren Errudun (Maiatz, 2016). Ortzadarreko txoko honetan genioen kolpean edo efektuan oinarritzen zuela bere poesia bizia, non poesia zen errepikapena, letania, prosa, publizitatea, telebista, ingelesa, frantsesa, dena. Betetasun hura kasik absurdu bihurtu zen liburu hartan. Edo amets osterantzean. Edo lilura.
Bada, oraingoan txanpaldua eta bigundua arean, armoniatsuago eta era berean sakonago dator Dicharry (Baiona, 1969; antropologian doktorea, artearen ikerlaria, ikonoklasta), eta beste behin gaztigatzen digu poesia eta artearen beste ezein adar izan daitezkeela bi bide, baina helburu berbera dutela finean: “Lumaren gainean/Lumaz idatzi”. Fisikoa da ia bere diskurtsoa, poesia esplikatzen du eskulturaren bidez, sailkatzeko, normalizatzeko, garbitzeko? kritikasoil batean deskribatzeko eta epaitzeko inposiblea den liburua argitaratudu: “Utzi behar diot/kultura prozesuen/arteko lotura tramari”.
Dicharryk zenbait erreferentzia dauzka Urrutia Capeaurenak, beste batzuk Velazquezenak. Klasikoa eta abangoardista, beretzat ez dago bereizketarik hor, ariketak definitzen du-eta artista: “Nonahi dena/ikusezinbaita/ nonahi dena/entzun ezin bilakatzen baita/edonon/zernahi/idatzi.” Liburu hau irakurri daiteke nagikeriaz eta irakurri daiteke adimen argi batekin. Idazleak maisukeria edogoi-idazkera bat darabil uneka, baina beti interesgarri, beti berri, irakurlea kitzikatzeko idatzitako liburua dela hartu behar da kontuan. Normala, ordea, digresioetan eta esperimentuetan galtzen denean, norbera eregaltzea. Proportziorik eta kanonik eta edertasunik ez eskatu artistari. Badu poema bat (91. orrialdean) errepikapen gogaikarri batean oinarritua, sobran dagoela dirudiena eta funtsean liburuaren arima deskribatzen duena, kontzeptuen eta ideia apurtzaileen inflamazioa baita Duchampen inguma, mailua daukana beti jo eta jo bere gain, baina ez dena egundo deformatzen, bere bokazioa delarik gauza efimeroek duten bokazioa, desagerpena: “PS:autoerreferentziala den olerkiaren/indarrez hasten naiz/ idazten,/ sinesten,/hausnartzen,/ dardaratzen,/ ikaratzen,/trenpatzen,/ bustitzen,/ hazten,/erortzen,/ desagertzen”.
Duchampen inguma astuna da horratio. Ez du uzten gozatzen edertasunazez bada lerro artean. Dena da zerebro-talka eta hausnarketa metaliterario eta artistikoa. Ohar hau egiten dizut, irakurle, jakin dezazun ze uretara sartzen zaren, ze idazle klaserekin zabiltzan: Dicharryk korronte estetikoak zeharkatzen ditu behe-lainoak zeharkatzen dituen moduan ibarrak. Igarri barik egingo dizu haiku fin bat, igarri barik ariko zaizu pulpitutik proposatu ziraultza estetiko ezinbesteko bat: “Azken finean deitua izan den sorkuntzaren/testu/margolana/instalazioa/argazkia/filma/ sinfonia/kontzertuaren klaska fantasmatikoa, hauxe da garrantzitsuena”.
Garrantzitsuena da, berba batean, libreki ulertutako sorkuntza, poesiak entsegu estetikoarekin bat egiten duen lekuan aurkitzea plazer ezkutu bat. Plazer ezkutu hori da aspaldian utzia zenuena, alegia, hausnarketa egitea egiten den arteaz. Pena bakarra du enpalagatu egiten duela azkenean hainbeste desbideratzek, hainbeste leziok, askotan esplikaziorik behar ez duena esplikatu behar horrek.
Pamiela argitaletxearen linka :
Iruzkinak
Utzi iruzkina: