Durangoko azoka 2020 / MERKATUA-EREMUA-MUNDUA / Nola ikertzen da kultura? ERIC DICHARRY

so 1467378181235 SO | 2020-12-11 08:06

Kulturaren ikerketak : merkatua, eremua, mundua

Kulturaren ikerketak kultura lau ikuspegiei esker ikertzen ahal da.

MERKATUA-EREMUA-MUNDUA

- Kultura / Merkatua / Praktika kulturalen ikuspegi merkantilista / Kultura produktua da. 

- Kultura / Champ (Pierre Bourdieu) / Harreman sozialak eta harreman kulturalak / Harreman haien analogiak eta alderaketak. Gustuak posizionamendu sozialekin lotuak dira. Gustuak sozialki determinatuak dira. 

- Kultura / Mundua (Howard Becker) / Kulturaren interpretazio interakzionista / Kultura mundua izango balitz bezala ulertzen da. Artistak publikoa galerista eta mezenasekin dituen konbenzioen arabera hausnartua da. Kulturaren aktoreak eta haien interakzioak eta harremanak. 

- Kultura / Komunikazioa (Roman Jakobson, Raymond Williams) / Ekoizpen linguistikoa / (Nor/Zer-Nori-Nork, helburuak, eraginak, ondorioak).

 

On line antolatua izan den Durangoko azokan 2020. urtean 27.758 produktu salduak izan ziren. Horien artean 15.577 liburu eta 7.036 disko. 2020. urtean denda digitalean egin diren batez besteko 53 euroren 7.800 salmentek ematen duten 413.400 euroko kopurutik. Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak zioenez « arriskutsua da merkatu irizpideei soilik erreparatzea, halere, kulturak erraz egiten baitie gainezka merkatu irizpideei, eta, gehienetan kuantifikatzeko zailagoak diren bestelako elementuak ere hartu behar baitira kontuan. » (Berria, 2020) Astiz kazetariak zioenez :« Aurtengo Durangori falta izan zaion Durango osoa sartzen da hor. Bertako kulturgileen arteko solasaldi interesgarriak zein interesatuak. Euskal kulturari lekurik eskaini ohi ez dioten hedabideetan muturra azaltzera iristen diren erreportajeak. Oharkabean deskubritutako egileak. Ikasle egunetako korrikaldi axolagabe orokortuen artean txanponak banan-banan kontatuz egindako erosketa puntual bakoitzak eragiten duen zirrara. Pasilloetako iritzi trukeak. Emakumezko idazleek elkar ezagutzeko antolatutako bazkariak. Aspaldiko lagunak, adiskideak eta beste hainbat etsai ikusi ahal izatea. Zuzeneko emanaldiak... Euskal kulturaren pareko ikusgarritasun eta dentsitate arazoak dituen kultura baten kasuan hain garrantzitsua den igurtzi hori guztia, alegia. »

 

Astiz kazetariak aipatzen dituen kultura merkatuaren zifretatik urrunago joaten diren elementuak Howard Becker ikertzailearen kultura munduarekin lotuak dira. Ikuspegi interakzionistak ikuspegi merkantilista aberasten baitu. Ikuspegi interakzionistak kulturaren aktoreak (sortzaileak, editoreak, langileak, ikasleak, lagunak, etsaiak, profesionalak, instituzionalak, publikoak, pribatuak, poetak, idazleak), interakzioen edukiak (iritziak, solasaldiak), eta interakzionismoak bultzatzen dituen uneak eta guneak (bazkariak, afariak, emanaldiak, kontzertuak…) azpimarratzen eta ikertzen ditu. Astiz kazetariak aipatzen dituenak Bourdieuk asmatu duen eremu (champ) kontzeptuarekin ere lotuak dira, kulturaren legitimazioarekin, desberdinketen erreprodukzioekin, kulturaren habitusekin, kulturaren gustuekin.

 

Kontzeptuak mundua so egiteko begilagunak dira eta kultura ikertzeko bideak interes politikoekin eta ideologiekin lotuak dira. Neoliberalak eta kapitalismo basaren alde direnak kulturaz interesatzen dira estatistikak eta zifrak baliatuz. Haientzat kultura merkatua ekonomia eta industria da. Haientzat laborantza eraikuntzagintza turismoa gastronomia eta kultura gauzabera da. Haiekin edo etekinak egiten dira edo ez. Zifrek dute azken hitza. Errentagarria da edo ez. Diruak du azken hitza. Haientzat liburu batek prezio bat du eta liburua beste produktu bezalakoa da. Baina liburua ez da inoiz beste produktuak bezala izanen. Liburuak beste produktuek ez dutena du. Aulki batek ez du hitz egiten. Aulkiaren jabeari buruzko xehetasunak oparitzen dizkigu baina ez du hitz egiten. Aulki batek ez du iritzirik. Aulki batek ez du politikarik egiten. Aulki batek ez du iraultzarik sortzen. Francis Pongek aulkia mintzaraziko digu baina aulkiak ez du bakarrik hitz eginen. Poetari esker hasiko da mintzatzen. Poeta bilakatuko da aulkiaren botza. Liburu batek aldiz hitz egiten du. Liburu batek sortzaileak munduarekiko duen ikuspuntua opartitzen digu. Liburuetan eta liburu azoketan sortzen diren iritziak eta solasaldiak mundua hausnartzen eta mugiarazten dute. Liburu azoketan sortzen diren iritziak eta solasaldiak errealitatea eraikitzen dute. Orain arte ez dagoena ere. Ez liburu batek ez du haren salmentaren balioa. Ez best seller guztiak ez dira liburu onak. Ez kultura eta liburuak ez dira soilik zifrei eta estatistikoei esker baloratu eta ikertu behar.  

 

ERIC DICHARRY // 2020ko abenduaren 11an // Ziburun