Distopia eta paradisua Euskal Hirian : Bernardo Atxagaren Etiopia makrotestuaren irakurketa semiotikorako hausnarketa kritikoak. Maria Lourdes Otaegi Imaz.

so 1467378181235 SO | 2020-11-15 11:51

https://journals.openedition.org/lapurdum/2425

Artikulu honen xedea Bernardo Atxagaren Etiopia liburuan mamituriko ideia poetikoak berraztertzea da, abiapuntutzat hartuz haietan Paradisuaren desioak eta Distopiaren esperientziak egiten duten talka. Azkerketa burutzeko, kritika-ildo semiotikoa jarraituko da, eta Ikasketa Kulturalen laguntzaz, testuaren irakurketa berritua proposatu nahi da.

Horretarako, lehenik ildo pragmatikoa berrikusiko da, neobanguardiaren sustrai sozio-politikoak azaleratu eta, diktadurak idazleen literatura-poetiketan izandako eraginaren haritik, egilearen elkarrizketa eta hitzaldietan adieraziriko poetikaren zantzuetan ezarriko da fokua.

Artikuluaren bigarren zatian, Etiopiaren irakurketa testualari eta transtestualari ekingo zaio ; horretarako lehenik, enuntziazio lirikoan eginiko hautu esanguratsuak deskribatuko dira.

Hirugarrenik, liburuak bere osotasunean duen makrotestu-izaera hartuko da kontuan testuaren irakurketa sinboliko eta interpetatiborantz egiteko, horretarako, egitura, paratestuak eta topografia esanguratsuei buruzko irakurketa burutuz.

++++++++++++++++++++++

Atxagak literaturarekiko duen posizionamendua

Bestalde, berriz, gogora behar da lehen ale hark artikulu bat zekarrela « Poema liburu batetarako hitzaurregai bat », « taldeko apatridak » sinatua, betsela esanda, Atxagak berak izenpetua. Berriro adierazi zuen idazleak literatura engaiatuaren ideia sartrearra bazter uzten zuela, eta bergisan aldarrikatu zuen ez zuela nazionalismo kulturalarekin bat egingo, bortizki defendatzen zuelarik euskal literatura kausa sozio-politikoaren zerbitzuko tresna bezala baliatzetik aldendu beharra. Horren ordez, euskal literatura mundu zabaleko literaturarekin kontaktuan jartzea zuen helburu, inguru kreatibo berri batean txertatzea, guztia kutsatuko zuela zirudien halako « paranoia erreboluzionario » moduko bat sortzen zuten literaturaz ateko gatazka zalapartatsuen eraginetik libre.

Kontrakultura

Beste alde batetik, gogorarazi beharra dago, kontrakultura gerraondoko bizitza politikoan, bai USAn bai Europan, nagusi zen teknokraziaren aurkako mugimendua izan zela. Theodore Roszak entseiularia, The Making of a Counter Culture : Reflections on the Technocratic Society and Its Youthful Opposition (1968) idatzi zuena, izan zen kontrakulturaren bultzatzaile handienetakoa. Mugimenduak aski garapen intelektual handia iritsia zuen Herbert Marcuse moduko filosofoen partaidetzaz, eta, laster armamendu-lehia eta guda nuklearren problematika nahiz kontzientzia ekologikoaren lehen zantzuez ohartu ziren gizarte multzo zabalak, bereziki klase unibertsitarioen zati handi batek.