Bertsolariaren jokoa eta jolasa - Joseba Zulaika

so 1467378181235 SO | 2020-08-31 16:33

Bertsolariaren jokoa eta jolasa - Joseba Zulaika

Bi helburu ditu lan honek: bata, bertsolaritzaren teorizaziorako ura bildu, kultura barneko beste ekintza-modeloen analogiak bertsogintzari ezarriaz; bestea berriz, bertsolari-txapelketen inguruan sortu den eztabaidan zenbait iritzi aurkeztu.Alde guztietatik txapelketaren aldeko bozak bakarrik entzuten direnez, lan honek txapelketaren kontrako posizioa arrazoitzen du. Ematen diren argumentuak ez dira, lehenik, sikologistak (bertsolariak pasa behar dituen «tratu txarrak» eta abar), ezta ere ez gara txapelketen inguruko kasuistikan sartzen. Bertsolaritza bera zer-nolako jarduna den aztertuz, txapelketa joko arrunt bat bihurtzea, epaimahai batek bertsoak juzgatuz eta mailakatuz bertsolarien artean norgehiagoketa bat finkatzeko, bertsogintzaren egiazko funtsaren ukazio bat dela arrazoitzen da. Bertsolari-txapelketak eratzen, epai-mahaietan parte hartzen, komunikabideetatik bertsolaritza zabaltzen, eta abar, diharduten guztiei errespeto handienarekin egina dago lan hau. Eurentzat gehienbat, eta bertsolari beraientzat, idazten dut nire kritika negatiboa, debate honetarako zenbait puntu argigarri izango direlakoaren ustetan, eta azken batetan bertsolaritza beraren defentsarako. Gertatu ohi da gai bati buruz gehien dakitenek, edo gai baten barruan gehien bizi direnek, beren pentsamoldeetan dagozkeen desbideraketez konturatzeko zailtasun handiagoa izatea, etorri-berri edo kanpotixeagotik begiratzen dion norbaitek baino. Txapelketa hauek bertsolaritzari zer suposatzen dioten inguruan ez dago pentsaera garbirik. Nire ustez, txapelketa hauen azpiko presuposamenduetan bertsogintza zer denari buruzko huts egite edo errore kontzeptualak aurkitzen dira, eta hauek argitzea da idazlan honen helburua.

Konpetizioaren funtzioa kulturaren baitan

Gizarte bakoitzaren baitan alderdi konpetitiboak, kooperaziozkoak eta indibidualistak azter daitezke. Forma hauen arteko harremanetan diferentzia nabariak ageri dira kultura batetik bestera. Kultur-aztertzaileek azpimarratzen duten puntu nagusi bat hau da: sistema kultural baten baitan alderdi desberdin eta elkarren aurkako hauek bata bestearekin harremanetan eta dependentzian aurkitzen direla. Kultura batek hobekiago funtzionatuko du zenbat eta egokiago integratuko dituen bere alderdi indibidualistak, konpetitiboak, kooperaziozkoak, eta abar. Euskal kulturaren kasuan estudio serio bat falta da bariable hauek nola elkar lotzen diren eta zein tendentziak nagusi diren ikusteko. Alde batetik, auzolanak eta holakoak sarritan aipatzen dira gure kooperaziozko forma tradizionalen aberastasuna azaltzeko. Bestetik, gure indibidualismo zuzentezinaz ere asko idatzi da. Arrasate bezalako kasu bat daukagu Euskal Herrian, kooperatibismo industrial mailan orain arte munduan eman den lorpen garaienik bezala kontsideratua dagoena. Bestalde baserri-kooperatibismoak ez du inolaz ere funtzionatu, nahiz eta auzolan eta antzeko tradizio kolektiboetatik baserria industria baino hurbilago egon. Maila desberdinetako kooperazio-formak dira hauek, eta gerta daiteke solidaritate mekaniko batean ohiturik dauden forma kulturalek beste eraketa organikoago batetan funtzionatzen ez asmatzea. Eta abar, eta abar. Indibiduo baten portaera bere sistema sozial eta ekonomikoaren baitan ulertzea derrigorrezko den bezala, era berean konpetizio eta kolaborazio-formak kultur-sistema orokorraren baitako funtzionamenduan ikusi behar dira.

https://www.armiarma.eus/baroja/baro02.htm