AUTOFIKZIOA EUSKAL LITERATURAN

so 1467378181235 SO | 2020-11-02 10:30

https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/21205/GRAL_Azpeitia_Anta.pdf?sequence=1&isAllowed=y

Azken boladan, gero eta nabarmenagoa da autorearen presentzia obran eta, aldi berean, irakurlearen irudia ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, obraren barruan erreferentziazko elementua bihurtzen ari delarik.Literaturan errealitatea eta fikzioa ez doaz bakoitza bere aldetik, hau da, ezin ditugu era artifizialean bata bestearengandik banandu.

Autofikzioa bi esfera horiek elkartzeko saiakera bat dela esan genezake, edo bien arteko hutsunea betetzeko saiakera bat (Alberca, 2007:61. orr.). Autofikzioaren definizioak desadostasun ugari sortu ditu literatur kritikarien artean eta nik hona zenbait definizio besterik ez ditut ekarriko, nire lanaren luzerak sakonago aztertzeko betarik ematen ez baitit. Autofikzioa definitzerako garaian nolabaiteko anbiguotasuna sortzen da ezinbestean, izan ere, autofikzioak barnean hartzen dituen elementuak definitzea ez da baterelan makala. Definizio bat emateak literaturaren, fikziozko eta egiazkokontakizunen eta generoaren mugen inguruan hausnartzera garamatza. Hori da, hain zuzen, definizioa zehaztea zailtzen duena (Rickertsen, 2011). Hasiera batean, autobiografiarekin lotua izan zen baina zenbait kritikarik ez zuten modalitate narratibo horren anbiguotasun generikoa besterik gabe onartu nahi izan eta, 80ko hamarkadatik aurrera, eleberriarekin lotzen hasi ziren.

Vincent Colonnak, esaterako, proposatzen dituen lau autofikzio moten artean, “autofikzio fantastikoa” aurkitzen da. Bertan, autorea testuaren erdigunean ageri da, autobiografietan gertatu ohi den moduan, baina argi gelditzen da fikziozko pertsonaia dela, autorearen bizitza edo izaera errealarengandik urrun dagoela (Colonna, 2012: 85. orr.). Zentzu horretan, ni-a fikzionalizatzeko erabilitako tresna gisa ulertzen du, gertaeren egiazkotasunari apenas erreparatu gabe (Casas, 2014:8. orr.).

Bestalde, Ana Casasen iritziz (autofikzioaren alorrean aditua den hispaniar filologoa) autofikzioa autobiografiaren adierazpen postmodernoa da, sortu zenetik, autobiografiari hertsiki lotua egon dela argudiatuz (2014: 7-8. orr.).Casasek kontzeptua bera haren sorrerarekin hertsiki lotzen du. Haren ustetan, autofikzioak gradazio oso desberdinak onartzen ditu obren fikzio eta errealitatearen arteko proportzioari dagokionez eta autofikziozko obra guztiek honako ezaugarri hauek dituzte amankomunean: autorea pertsonaia gisa agertzen da eta fikziozko zein egiazko elementuak txertatzen dira obran, paratestuak egiazkotasun hori baieztatzen edo ezeztatzen duelarik (Casas, 2012: 9-11. orr.)1.

Badago, hala ere, autofikzioa autobiografia eta eleberriarenarteko uztartze gisa ulertzen duenik ere. Manuel Albercak autofikzioarentzat honako definizio hau proposatzen du: “fikzio gisa aurkezten den eleberri edo istorioa non narratzailearen eta pertsonaiarenizena autorearenarekin bat datozen” (2007:158. orr.). Albercaren arabera, autofikzio orok errespetatu beharreko bi printzipio daude: eleberri-ituna eta itun autobiografikoa. Bi itun horien arteko itun hibrido batek, itun anbiguogisa izendatzen duen itunak, bide ematen dio autofikzioari (Alberca, 2007). Aipaturiko itunen nondik norakoak aurrerago azalduko ditut, kontzeptuaren jatorria aztertzerakoan.Euskal literaturan adituak direnen artean, Jon Kortazar literatur kritikariak Albercaren definizioari helduta eman du bere iritzia. Hona hemen zer dioen:

Autofikzioa erabiliz moteldu egiten dira errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak, [...] ezinegona sortuz irakurlearen irudimenean. Narratzailea ez da soilik egilearen “ahotsa”, baizik eta haren irudiaren forma hartzen du, eta irakurleak ez du jakingo non amaitzen den bataren eta itzala eta bestearen izaera. Autofikzioan, egilea narratzaile gisa agertuz, bere “nitasuna” jartzen du agerian, baina antzeko nitasuna da, une berean, bera eta beste bat. Azken puntuan pertsonaren eta pertsonaiaren arteko desberdintasuna jarri du kolokan. Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak zalantzan ipini dira (Kortazar, 2011:84. orr.).

Zenbait euskal idazlek ere, eman dute beren definizioa, era dibulgatiboagoan izan bada ere. Iban Zalduak, esaterako, EITBko Sautrela literatur saioan autofikzioa “fikzio bat eraikitzea, gezur baten bitartez egia batera, txikia bada ere iristea” zela adierazi zuen

KONTZEPTUAREN JATORRIA

Autofikzioa autobiografiari hertsiki lotua izan da sortu zenetik. Philippe Lejeune frantsesak Le pacte autobiographique” izeneko artikulua 1973. urtean argitaratu zuen lehenengoz eta aurrerago, 1975ean argitaratutako Le pacte autobiographique liburuan gaia sakondu zuen (Alberca, 2007:66. orr.). Bertan egin zuen Lejeunek idazketa autobiografikoei buruzko lehen teorizazio garaikidea eta hortik abiatuta etorriko ziren gainontzeko teorizazio eta kontzeptu berriak, autofikzioari bide emango ziotenak. Autofikzio terminoa Serge Doubrovsky irakasle eta eleberrigile frantsesak sortu zuen 1977. urtean. Bazirudien terminoa sortu bezain pronto desagertuko zela, baina gurekin gelditu da eta haren erabilera zein garrantzia areagotuz joan dira, gaur egun interes handia sortzen duen gaia izateraino (Alberca, 2007:54. orr.). Doubrovskyk Fils eleberriaren kontrazalean erabili zuen lehenengo aldiz, eleberri hura hertsiki errealak diren gertaeren fikzioa” zela definitzeko. Hortaz, Doubrovskyk genero hibridobaten alde egin zuen, Philippe Lejeunek 1973ko artikulu famatuan esandakoari kontra eginez eta eleberri bateko heroiak autorearen izena eduki zezakeela erakutsiz (jarraian azalduko dut zein den artikulu horretan azaldu zuen teoria). Besteera batera esanda, fikziozko itun bat hitzartzea bateragarria zela autorearen, narratzailearen eta pertsonaiaren izena bat etortzearekin (Casas, 2014:8. orr.). Hortaz, autofikzioaren jatorria ezagutzeko, ezinbestekoa da, lehenbizi Lejeunek 1973an argitaratu zuen artikuluan azaldu zuena ezagutzea. Lejeuneren ustetan, “itun” bat hitzartzen da autorearen, testuaren eta irakurlearen artean. Itun mota desberdinak azaldu zituen eta horiek ezagutzea eta ulertzea ezinbestekoa da autofikzioa nondik datorren eta zertan datzan ulertzeko. Horretarako, hona hemen Lejeunek deskribatutakoitunak azaltzen dituen taula(1975: 28. orr.): ///

Testuak itun bidezko harreman bat ezartzen du autorearen eta irakurlearen artean, autoreak irakurlearekiko konpromiso bat hartzen duelarik. Konpromiso hori desberdina izango da ezartzen den itunaren arabera, itun horieleberri-ituna, itun autobiografikoa edo tarteko-ituna izan daitekeelarik, goiko taulan ikus daitekeen moduan.

Azter dezagun, lehenbizi, itun autobiografikoa.

Ituna autobiografikoa denean, autoreak bere buruari buruz egia esango duela zin egiten dio irakurleari. Hau da, egia kontatzeko konpromisoahartzen du .Beste era batera esanda, Lejeunen ikuspuntutik, autobiografia idaztea ez da norbaitek bere bizitzari buruzko egia kontatzea soilik, baizik eta norbait horrek egia esango duela zin egitea.Itun autobiografikoa bi printzipiotan oinarritzen da  : identitate printzipioan eta egiazkotasun printzipioan.

Identitate printzipioaren arabera,autoreak irakurleari erakutsi eta ziurtatu behar dio testu autobiografikoan zehar agertzen den nihori eta liburua sinatu duen autorea pertsona berbera direla eta, ondorioz, nihorrek dioen guztiaren erantzule dela.Hortaz, itun autobiografikoa ezartzeak autorea, narratzailea eta pertsonaia pertsona berbera direla dakar berarekin, hots,hirurek izen berezi berbera partekatzea. Ezaugarri onomastiko horioso garrantzitsua da autobiografiaren eta (fikziozko) eleberriaren arteko bereizketa egiterako garaian, izan ere, gure mundua etengabe aldatuz doa eta bertan ez dugu ia erreferentzia egonkor bakar bat ere topatzen. Testuinguru horretan, gure izen berezia da, hein handi batean, gure bizitzako erreferentzia finko eta iraunkor bakarra; fikzioa ez den hori, errealitaterik objektibo etaegiazkoena, halakorik existitzen badabehintzat. Bestetik, egiazkotasun printzipioa dugu. Printzipio horren arabera, irakurleak berak egiaztatu dezake testuak dioena ze puntutaraino den egia/erreala. Egia da autorea oker egon daitekeela, kontatzen ari den errealitate hori desitxuraturik egotea,baina ziurtasunez kontatu behar du, haren egia/errealitateabaita kontatzen duena.Azkenik, itun hori betetzen dela egiaztatzeko, paratestuak paper garrantzitsua jokatzen du, aurrerago azalduko dudan bezala3(Lejeune, 1975: 29-45. orr.).Eleberri-itunari dagokionez,Lejeunek itun autobiografikoarenkontrako gisa deskribatzen du. Askoz askatasun handiagoa ematen dio autoreari, nahi duena konta baitezake itun hori hitzartuz gero.Eleberri-ituna ezartzen bada, autoreak egia konta dezake ala ez, baina irakurleak fikzio gisa jasoko du eta ez dio testuaren egiazkotasunari erreparatuko.Eleberri bat irakurtzean irakurleak, oro har, testuarengan jartzen du arreta, kontatzen den historian, eta ez autorearengan,autobiografiekin gertatzen den moduan. Orokorrean, autorea urrundu egiten da narratzailearengandik etaaskotan ez dugu haren arrastorik sumatuko testuan.Egia da, hala ere, zenbait eleberritan zantzu autobiografikoak suma ditzakegula, baina autoreak eleberri gisa aurkeztu badu, irakurleak ez du eskumenik autobiografia gisa sailkatzeko (Lejeune, 1975: 29-45. orr.).

Heldu diezaiogun ostera autofikzio terminoaren sorrerari. Doubrobskyk Lejeunek hutsik utzitako lauki baten inguruan hausnartu zuen. Ba ote zegoen eleberri-ituna hitzartu eta fikziozko istorio horren protagonistatzat autorea bera zuen istoriorik idazterik? Lejeunek hutsik utzitako laukietako bat beteko zuen testurik idaztea posible zela erakutsi zuen eta autofikzio gisa izendatu zuen eta geroztik hamaika hausnarketa bideratu ditu. Horien artean, aipagarria da Manuel Albercak egindako ekarpena, azken batean, ekarpen landua izateaz gain, gure literatur sistemarengandik gertuen kokatzen den hispaniar literaturan aditua da eta, hortaz, euskal literaturako zenbait adituk, Jon Kortazarrek esaterako,haren teoriaren berri izan dutela dirudi. Albercarentzat autofikzio orok arestian aipatu ditugun eleberri-itunaren eta itun autobiografikoaren arteko itun hibrido bat hitzartzen du autorearen eta irakurlearen artean: batetik, eleberri-ituna hitzartzen du testua fikzio gisa aurkezten baitzaio irakurleari. Beste era batera esanda, autofikzioa ezin da autobiografia gisa aurkeztu egiantzekotasun printzipioa era kontzientean hausten baita. Baina, bestalde, autofikzioak badu itun autobiografikoari dagokion bigarren ezaugarri bat ere: autorearen izena/identitatea bat dator narratzaile eta pertsonaiarenarekin. Hortaz, bi itun horien tarteko itun batetik abiatuta sortzen da autofikzioa, Albercak itun anbiguogisa izendatzen duena.

AUTOFIKZIO MOTAK

Autofikziozko kontaketak ez dira autobiografiak, ez egunerokoak, ez memoriak, ez biografiak, ez irudimenetik eraikitako eleberri puruak, bere horretan. Baina, aldi berean, kontakizun mota horiek guztiak hartzen ditu bere baitan, izan ere, literatura idazteko modu horrek idazmolde guzti horiek onartzen ditu bere baitan (Kortazar, 2011: 87. orr.).Era berean, autofikzioa honelakoa izan daiteke: autobiografia dela dirudien eleberri bat edo eleberri gisa aurkeztu baina atzean autobiografia bat ezkutatua duen kontakizuna (Alberca, 2007: 129. orr.). Autofikzio mota desberdinei dagokienez, sailkapen ugari egin dira. Hala ere, nik hona Albercak proposatutako ekarriko dut Espainiako literatur kritikarien artean harrerarik onena izan duena baita, eta lehenago aipatu dudan moduan, gure literatur sistematik sistema horrekin baitu tratu edo kontaktu gehien. Albercak autofikzioa “ni-aren eleberrien” taldean sailkatzen du, eleberri autobiografiko eta fikziozko autobiografiekin batera. Autofikzioaren arloaren barruan, berriz, honako azpikategoriak sailkatzen ditu, testuaren fikzio edo errealitate mailaren arabera: autofikzio biografikoa, autobiofikzioa eta autofikzio fantastikoa. Autofikzio biografikoan, izaera autobiografikoa gailentzen zaio eleberri-izaerari. Kontrakoa egoera ematen denean, hau da, eleberri-izaera izaera autobiografikoari gailentzen zaionean, autofikzio fantastikoaz arituko ginateke. Colonnak(2012), esaterako, bertan sailkatzen ditu Danteren Jainkotiar Komedia eta Borgesen El Aleph. Azkenik, autobiofikzioa hibridazio maximoaren adierazlea da, errealitate eta fikzioaren arteko erabateko anbiguotasuna gailentzen baita bertan. Ez da batere argi gelditzen eleberri-izaera edo izaera autobiografikoa gailentzen zaion (Alberca, 2007).

EUSKAL LITERATURA GARAIKIDEA ETA AUTOFIKZIOAREN LEKUA

AUTOFIKZIOARENTZAT KLIMA APROPOSA

Gaur egungo literaturan, baita euskal literaturan ere, benetakotasunaren bila jotzeko joera dago; beste era batera esanda, testuak errealitatez bustiz egiaren gose den irakurlearengana heltzeko helburua agertzen dute euskal idazleek ere. Baina joera hori mugimendu orokorrago batetik dator, esaterako, telebistan azken urteotan reality show delakoen gorakadatik, jendea benetako istorioen bila baita bileta autofikzioa egoera horretaz baliatu da, izan ere, testuinguru hori ezin hobea da autofikzioa gure apaletara ekartzeko. Lehenago aipatu dugun moduan, eleberria da gaur egun gure sisteman gailentzen den generoa. XX. mendean jasan duen eraldaketa etengabearen ondorioz, bizitzaren ispilu gertatu ordez, irakurtzen ari den irakurlearen ispilu bihurtu da. Horregatik, sarritan idazleak erabiltzen dira istorioak gorpuzteko (Aldekoa, 2001: 34. orr.). Gaur egun, identitatea (norbanakoa zein kolektiboa) zalantzan jartzen den garaia izaki, indarra hartu dute oroimenaren bidez identitate hauskor eta zalantzakor hori finkatzeko saioek. Horrexegatik jo ohi dute idazleek gertaera historikoak zein politikoak erreferentziatzat hartzera (Gutierrez, 2001: 154. orr.). Honela, eleberri horietan pertsonaien oroimenek berebiziko garrantzia izan ohi dute, iragan baten eraikuntzaren bila, baita norberaren bila ere zenbait kasutan, aurrerago ikusiko dugun moduan. Harkaitz Cano idazleak bere partetik, nobela krisian dagoela azpimarratu du (Gutierrezen, 2001: 159. orr.), gero eta dietario, aforismo, eguneroko eta antzeko liburua gehiago argitaratzen direla kontuan harturik. Aldi berean, generoaren mestizajearen garaia dela dio eta horrek liburu bat sailkatzea gero eta zailagoa egiten duela.Honenbestez, Zalduaren hitzak ekarriz amaituko dut atal hau, ezin hobeki borobiltzen baitu azpimarratu nahi izan dudan ideia, hau da, autofikzioarentzako giro ezin aproposagoa dagoela egungo euskal literaturan:

Finean, honek guztiak ez du esan nahi generoaren arteko mugak lausotzen ari direla baizik, eta hori da gure garaiko literaturaren ezaugarri nagusietako bat, nagusia ez bada (Zaldua, 2002: 43. orr.).

LITERATUR SISTEMA TXIKIA IZATEAREN ALBO-KALTEAK

Egiaztatu ahal izan denez, oso iritzi kontrajarriak zabaldu dira autofikzioaren inguruan eta aurreko atalean ikusitako muturreko bi iritziak ekarri dira atal honetara,hau da, Uribe eta Zalduarenak, horiek euskal literatur sistemaren markotik aztertzeko. Bi iritzi horien atzean, literatura ikusteko bi molde desberdin daudela argi dago: Zalduarentzat obra batek estilo literario originala eta esanahi literarioa izatea ezinbesteko osagaiak dira, literaturaren molde tradizionalei helduz, horiexek sortzen benetako literatura eta ez egun zabaltzen ari den “selfie literatura” eskasa, blogeko manifestuan adierazi duenez (Zaldua, 2014). Uriberen ustetan, aldiz, gure literatura txikiak eboluzionatu egin behar du eta kanpotik datozen molde berriei eutsiz indarberritu, baita alderantziz ere, euskal literatura beste literaturentzat eredu izan daitekeela pentsatzen baitu (Kortazar, 2013: 12. orr.). Bi jarrera desberdin horien atzean, euskal literaturan betidanik existitu diren bi pentsamoldeen isla garbia ikus dezakegu: tradizioari eustearena eta ingurukoengandik ikasiz handitzearena. Ziurrenik munduko gainontzeko literatur sistemetan ere sortuko da halako eztabaidarik baina euskal literaturan, sistema txikia izaki, halako eztabaidak behin eta berriro errepikatzen dira historian zehar eta horren gai subjektiboa izanik, ez da sekula lortzen adostasun batera heltzea.Hortaz, aurreikus daiteke hemendik aurrera ere, eta tradizio/berrikuntza ikuspegitik begiratuta, autofikzioareren inguruko bi ikuspegi desberdin horien arteko talkak bere horretan jarraituko duela. Baina gure literatur sistemaren tamainak badu beste eraginik ere aztertzen ari garen idazmoldeari dagokionez. Aurretik azaldu den moduan, oso idazle gutxi ditugu gurean eta ezagunenak denontzat dira ezagunak. Aztertutako hiru obretatik Meaberena denez intimoena, horixe bera ekarriko da adibide gisa oraingoan.

Meabek nolabaiteko autoezagutza baterantz bideratzen du Kristalezko begi bat. Idazleak bere alderdirik pribatuena erakusten dio irakurleari, baina aldi berean publiko egiten du argitaratzen duen unetik. Hortaz, bere barrenak publikoki erakusteko nahi argi bat ikus daiteke, baina bestalde, ezin ahaztu Zalduak Berriako artikuluan esaten duena: nork bere buruaz hitz egitean irudi positibo eta interesgarria aurkezteko joera dugula (Zabala, 2015). Horrek erakusten du Meabek esker onez hartu duela autofikzioa, irakurlearekin itun anbiguoa hitzartuz, fikzioz mozorroturiko egiak kontatzeko baliagarri izan baitzaio. Beste era batera esanda, bere publikoa berez txikia dela jakinda (euskaraz irakurtzen duen kopuru murritza kontuan hartuta), badaki figura ezaguna dela eta, are gehiago, badaki bere ezagun askok irakurriko dutela bere lana. Hortaz, alde batetik bere konturik barnekoenak kontatzeko erabakia hartu du, erabaki arriskatua hartu ere, baina baita nolabaiteko segurtasun neurri bat ere hartu du itun anbiguoa hitzartzerakoan. Honekin ondorioztatu nahi da autofikzioaren funtzionamendua apur bat berezia dela euskal literaturan, nolabait esatearren, denok ezagutzen baitugu elkar. Hortaz, badago bizipen autobiografikoak lantzeko interes bat baina era berean, oraindik ere beldur handia dago publikoaren aurreiritziekiko eta egoera horren aurrean autofikzioa aukera ona da nork bere kontuakera babestuago batean kontatu ahal izateko.

ZALDUAren Idazten:

Lehen begiradan, azalari erreparatuta irudi iradokitzaile batekin egiten du topo irakurleak: idazle bat liburuaren beraren izenburua idazten. Gogoan izan idazleak idazteko prozesuaren inguruko ipuinak eta idazleek izaten dituzten kezken eta bizipenen ingurukoak kontatzen dizkigula bertan. Bide batez, autoerreferentzialtasuna ikus dezakegu bertan.Ondoren, liburua zabaltzean, hiru aipu daudela ikus daiteke. Hiru obrek dituzte, hain zuzen ere, hiru aipu, baina, zalantza barik, Zalduaren aipuak dira korapilatsuenak edo nahasgarrienak, autofikzioa egiteko modua ere halakoxea baitu. Aipuak nahasgarriak badira ere,eleberri-itunak itsututako irakurleak, autofikzioaren zantzurik atzeman ez baduere, horien atzean zerbait ezkutatzen dela igarriko luke. Autoreak helburu jostari batekin ekarri dituela argi dago, irakurle aktibo baino aktiboago bat nahi du, haren lana ulertzeko ahalegin berezia egin behar duena. Bestela ere, edonork irakur dezake ipuin sorta hori, baina idazlea egiten ari den jokoa ulertzenduenak besterik ez du behar bezala gozatukoipuin bildumaz. Hona hemen aipuetako bi (esanguratsuenak nire lanari dagokionez):

Ez nazazu ni bila liburu honetan. Blanchotek esan du idazlea “hiltzen” dela bere idazkera gauzatzen den neurrian. Espazio literarioan sartzen gara, eta dena zuria da, dena posible da.

Nik, nahiago baduzu, besteren autobiografiak idatzi ditut.

Antonio Tabucchi

Egiazki, inork ez luke idazle batekin endredatu behar, baldin eta ez badu haren liburuetako batean agertu nahi, egunen batean. Harreman hori zurgin batekin edo sarrailagile batekin izatea da egokiena, arazoak albo batera uztearren.

Richard Ford

Bide batez, komeni da azpimarratzea bi idazle horiek autobiografia eta autofikzioaren artekomugan kokatzen direla haien obretan. Eta testuartekotasun horren bitartez, autoreak hasieratik onartzen du autofikzioa idazteak arazo bat sortzen duela. Bestalde, testuari erreparatzerakoan, Zalduaren izena esplizituki agertzen dela antzeman daiteke. Ez da kasualitatea gainontzeko bi obretan ere autoreen izenak agertzea. Hiru idazleek, fikzioz mozorroturiko kontaketa autobiografikoa egiten dutenez, obra jakin baten idazketa prozesuaz mintzatzen dira, azken batean, hirurak baitira idazleak bizitza errealean. Hortaz, ez da kasualitatea eskuartean ditugun hiru obretan idazketa prozesu bat burutzeko pausuak kontatzea. Honelaxe egiten dio Zalduak erreferentzia bere buruari Idazten liburuan:

Nire azkeneko nobelan dago dena, eta gehiago, norbaitek interesa balu. Jakina, fikzionatzean ñabardura batzuk aldatu nizkion gertakariari, protagonisten izenetatik hasi, eta haien deskribapen fisikoarekin jarraituta. [...] Baina ezin izan nuen gertalekua aldatu (Zaldua, 2012: 118. orr.)

MEABEren Kristalezko:

Meabek elementu peritestualen bidez zuzenean ematen du fikzio eta errealitatearen arteko nahasketaren berri, hau da, esplizituki adierazten dio irakurlearizerekin topo egingo duen, Zalduak ez bezala, esaterako. Horren adibide da Kristalezkoren kontrazala:

Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera [...]. Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau [...]. Errealitatea eta fikzioa josiz eta uztartuz sortutako kontakizuna da [...).

Meabek ere, bestalde, hiru aipu gehitzen ditu obraren mamiari heldu aurretik. Hona hemen lan honentzat aipagarriena den aipua, beste behin ere genero autobiografikoa zein autofikzioa landu duen autore batena, hain zuzen:

Eta denok bagara fikzioaren sortzaileak? Eta denok asmatzen badugu etengabe gure bizitzaren historia? (...) Uste nuen gure bizitzaren historia geurea dela, nahi dugun moduan eraikitzeko, mundu errealak ezarritako mugen barruan, edo baita horien aurka joanda ere...J. M. Coetzee

Aipu horren bitartez idazleak fikzioaren eta errealitatearen arteko mugen inguruan hausnartzera bultzatzen du irakurlea, hark ere hausnarketa hori gauzatu baitu obra idazterakoan. Nolabait, berak egindakoa irakurleak berak egitea nahi du, ziurrenik, irakurriko duena hobeto uler dezan, idazlea bera eta sortu duen obra hobeto uler ditzan. Are gehiago, obran bertan, amaiera aldera, honako pasarte hau aurki daiteke, non idazleak haren helburuak ezin era argiagoan azaltzen dituen:

Pertsonaia ere bihurtu naiz orriotan, ezinbestean: ni neu izanik, ez naiz neu erabat. [...] Aitorpen biografiko egiazkoa bezain iruzurtia eraiki dut, hain da meharra gertatuaren eta asmatuaren arteko bana-lerroa: pintura bat, [...] errealitatearen kopia leiala izanik ere, ez da errealitatea bera. Kristalezko begia ere ez da kristalezkoa. [...] izan, berezitasun bat da, akats fisiko bat besterik ez, duena baino gora handiagoa esleitu diodana, interes literarioak eraginda. Ez gaitezen engaina. Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia? (Meabe, 2013: 183-184. orr.).

ONDORIOAK

Azterketa honen ostean, argi gelditzen da oraindik ere euskal literaturan oso gutxi aztertu den gaia dela autofikzioa. Zeresanik ez oso gutxi igaro direla gaiaren inguruko iritzia ematetik edota idazmoldea bera gauzatzetik autofikzioa maila teoriko batean aztertzera. Zentzu horretan, oso urrun gaude inguratzen gaituzten literatur sistemetan egin den lanketatik: bai hispaniar literaturakotik eta, zeresanik ez, frantses literaturan egin den ibilbide luzetik. Bibliografia bila literatura horietara jo behar izana oso esanguratsua da. Gogora ditzagun, hortaz, autofikzioak euskal literaturan bizi duen egoera baldintzatzen duten elementuak. Batetik, oraindik ez du nahikoa interes literariorik piztu, izan ere, literatur kritikan eleberriari ematen zaion pisuak eta argitaletxeen eleberriekiko interes komertzialak eragin zuzena du genero baten aldeko apustuan eta, momentu honetan, apustu hori ez da autofikzioaren aldekoa. Hala ere, aztertu ditugun hiru obretan egiaztatu ahal izan dugu gurean ere badugula autofikziozko obrarik. Hortaz, gure liburutegietako apaletan gero eta autofikziozko obra gehiago topatzen goazen heinean, iritsiko da momentua non euskal kritikari eta literatur ikertzaileek gai hau sakonago ikertzen hasiko diren. Oraingoz, dena den, ikusi dugu denetariko iritziak daudela eta asko kontrajarriak euren artean. Bestalde, gure literatur sistemaren tamainak eragin zuzena du autofikzioaren garapenean, izan ere, horrek beste zenbait kezka abstraktuago izatea dakar: esaterako, egun bizirik dirauen molde tradizionalagoen aldeko eta molde horiek berritzearen aldeko apustuen arteko talka, betierekoa izango den eztabaida dirudiena. Horrek, finean eskuartean dugun autofikzioaren inguruko oso iritzi desberdinak hedatzea dakar, baina ikusi ahal izan dugun moduan, autofikzioa sutsuki kritikatzen duenak ere (Zalduak, kasu) landu du idazmoldea. Azkenik, autofikzioaren irakurketari dagokionez, ezin dugu ahaztu literatur sistemaren tamainak idazlea irakurlearengana asko gerturatzen duela eta horrek irakurketa baldintzatzen duela, nolabait, idazlea ezagutzeak autofikzioaren xarma hori apur bat zapuzten duela, fikziozko elementuak zeintzuk diren detektatzea errazten duelako. Hala ere, ezin dugu ahantzi paratestuak jokatzen duen rola, izan ere, ezinbestekoa da horri jaramon egitean irakurketa autoreak proposatu bezala gauzatu eta autofikzioaz behar bezala gozatzeko. Amaitzeko, etorkizunari begira hausnartuz, aurre ikus daiteke gero eta izen handiagoa izango duela gure literaturan ere, inguruko literatur sistemetan gertatu den moduan. Egia da mesfidantza sortu izan duen genero batetik datorrela (genero autobiografikotik) eta fikzioa errealitatearekin nahasteak, neurria zehazki zein den zehaztu gabe, nahastu egiten duela irakurlea. Baina, izango da gaur egungo gizartearen interesak direla, azkenean autofikzioak arrakasta izatea lortzen duela, ikusi bestela Vila-Matasek hispaniar literaturan izan duen oihartzuna, esaterako. Ondorioz, esan genezake euskal literatura apurka hurbiltzen ari dela autofikzioaren arorantz, abiadura hori denen gustukoa ez bada ere. Baina, orain arte euskal literaturaren historian gertatu den moduan, apurka, baina beti goaz aurrera literaturako alor desberdinak geureganatzen.

BIBLIOGRAFIA

ALBERCA SERRANO, Manuel (2007): El pacto ambiguo: de la novela autobiográfica a la autoficción. Biblioteca Nueva: Madril.

ALDEKOA, I. (2001): “Euskal narratibaren azken norabide batzuk” in URIBE, K. (ed.) (2001): Azken aldiko euskal narratiba: sortzaileak eta irakurleak. Udako Euskal Unibertsitatea:Bilbo, 29-40. orr.

ARROYO, S. (2014): “El diálogo paratextual de la autoficción” in CASAS, Ana (ed.) (2014): El yo fabulado: nuevas aproximaciones críticas a la autoficción. Iberoamericana Vervuert: Madril,65-77. orr.

ASURMENDI, M. (2013-04-07): “Literatoaren biluzte emozionala” in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=5776>, [2015/05/31].

CASAS, Ana (2012): La autoficción: reflexiones teóricas. Arco/Libros: Madril.(ed.) (2014): El yo fabulado: nuevas aproximaciones críticas a la autoficción. Iberoamericana Vervuert: Madril.

COLONNA, V. (2012): “Cuatro propuestas y tres deserciones (tipologías de la autoficción)” in CASAS, Ana (2012): La autoficción: reflexiones teóricas. Arco/Libros: Madril.

ERRO, A. eta ZALDUA, I. (2009-01-30): “Obabakoak?in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=4464>, [2015/05/31].

GARRO, L. (2013-04-14): “Kristalezko begi bat” in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=5783>, [2015/05/31].

GENETTE, G. (1997): Paratexts: thresholds of interpretation. Cambridge University Press: Cambridge.

GOIA, G. (2013-05-18): “Maskarak” in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=5826>, [2015/05/31].

GUTIERREZ, I. (2001): “2000ko eleberrigintza” in URIBE, K. (2001) (ed.): Azken aldiko euskal narratiba: sortzaileak eta irakurleak. Udako Euskal Unibertsitatea: Bilbo, 143-168. orr.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal kontagintza gaur/La narrativa vasca hoy.Cuadernosde Mangana 27:Cuenca.(2007)(ed.): Egungo euskal eleberriaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea: Bilbo (2011): Bitartean New York: Kirmen Uriberen literaturgintza. Utriusque Vasconiae: Donostia.(2013): Contemporary Basque Literature: Kirmen Uribe’s Proposal. Iberoamericana-Vervuert:Madril.

LASAGABASTER, J. M. (1981): Euskal linguistika eta literatura: bide berriak. Deustuko Unibertsitatea: Bilbo.

LEJEUNE, P.(1975):Le pacte autobiographique.Seuil:Paris.

LERTXUNDI, A. (2013-05-16): “Erantzuna” in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=5824>, [2015/05/31].

MEABE, M. (2013): Kristalezko begi bat. Susa: Zarautz.

OLAZIREGI, M. J.(2002): Euskal eleberriaren historia.Labayru ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala:Bilbo.

ORMAETXEA, N. (ORIXE) (1954): “Euskerari nola eutsi”, Euzko Gogoa 5-8, 100-102. orr.

RETOLAZA, I. (2007): “Hamaika Muga, Hamaika Irakurbide” in KORTAZAR, J. (2007) (ed.): Egungo euskal eleberriaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea: Bilbo, 13-63. orr.

RICKERTSEN,, V. (2011): Autofiktion: Neue Verfahren literarischer Selbstdarstellung, <http://www.grin.com/de/e-book/196454/autofiktion-neue-verfahren-literarischer-selbstdarstellung>, [2016/05/31].

URIBE, K. (2009): Bilbao-New York-Bilbao. Elkar: Donostia.

ZABALA, J. L. (2015-01-11): ‘Ni’-a gero eta presenteago. Berria, <http://www.berria.eus/paperekoa/1952/032/001/2015-01-11/ni_a_gero_eta_presenteago.htm>, [2016/05/31].

ZALDUA, I.(2002): Obabatiko tranbia: Zenbait gogoeta azken aldiko euskal literaturaz (1989-2001). Alberdania:Irun.(2012): Idazten ari dela idazten duen idazlea edo literatura gaixotasun gisa. Elkar: Donostia.(2013-04-11): “Eragozpenak” in Kritiken hemeroteka, <http://kritikak.armiarma.eus/?p=5790>, [2015/05/31].(2014ko irailaren 11):

Autofikzioaren aurkako manifestua[blog sarrera], <https://ibanzaldua.wordpress.com/2014/09/11/autofikzioaren-aurkako-manifestua/>, [2016/05/31].