Zotina
Armada bentzutuetako hildakoak estaltzeko oihalak
ez dira nire malkoak menperatzeko lain.
Bihotzak zotina dit,
aulkian kulunkatzen zait
eten barik, ausartu ezinik:
orain orain orain... aldendu zaitez orain.
Baiezkoan nengoen,
baina ez dut zuek bezalakoa egiten nauen ezer.
Buruz ikasi nituen ikasgaiak
hitzez hitz errepikatzeko gai naiz,
ostera, ez ditut biren artean bereizten.
Tiroka erantzun diezue
laguntza eskaera guztiei eta, horrenbestez,
herrikideok auzokideok jendekideok,
entzuteko ahalegina zain duzuenok,
etsi dut eta banoa.
Ondoegi bizi gara iraultzaileak izateko.
Jantzi eta erantzi, arropak legez
etzaten gara aitzakietan zein aulkietan,
eskegitzen gara armairuetan edo etorkizunetan,
bat baino gehiago direnetz gure etorkizunak.
Eskubideak zergen ordaina direla
aldarrikatzen dugu bazkalorduetan,
suzko barrikadak bustitzen ditugu tabernetan.
Baiezkoan nengoen
baina ez dut zuek bezalakoa egiten nauen ezer,
etsi dut eta banoa,
ardura guztiak zuentzat.
Gotzon Barandiaran
Iruzkinak
Utzi iruzkina: