Trantsizio uneak
Bizitza zer den galdetzen didan zenbaitetan.
Aldean daraman txinatar letra tatuatuaren modukoa dela
erantzuten dut nik.
Bakea, Libertate edo Maitasuna zelakoan egin huen
baina bertan ez zuen deus ipintzen.
Bizitza hareazko gazteluak ditun,
uhinek behin eta berriz erautsiak.
Izar gorri bat da,
bizitza
Hilekodun tanpoi bat,
ale galdua, odoldua…
Eta poeta deitzen naun.
Poeta banintz ordea
Carverren idazmakinaren aurrean
kaleko presentzia anonimo oro erreparatzen
kontsumituko nituzkeen orenak.
Luckyak errez.
Sarrionandiaren marinelak ikusiko nituen
moilarantz arrapaladan, ekaitz blindatuen izu.
Zer demontre!
Bukowskiren larruan esnatu gura nukeen,
poeta banintz,
malenkoniak tinda beltzetan disolbatzeaz gain
whiskytan galtzeko.
Putetan trankil egin
eta amorantearen ezpainak dastatzerakoan
hireen zaporearekin amesteko.
Mario Benedettiren lirikaz
atzerrira ihes egin beharrean,
Kontinente Berria ere, berriren bat ere,
konkista nezake. Zergatik ez?
Poeta banintz…
Hondatu dira, ordea, ereduak
lizundu dira ametsak
geografiak nahastu
geometriak malgutu
teologiak moldatu
Metroko kristaletan beltzez tintatutako kronikak ditun egun
poesia.
Gaua artifiziozko esperantzaz adornatzen ditizten
“bi presunto terrorista tiroz hilik”
“demokratak Washingtonen” eta
“Liverpool vs Arsenal” titularrak.
Agortu ziren amodio hitz samurrak.
Mesanotxea okaka dinagu sexurik gabeko gutunez
eta itzaletan masturbatzeaz,
bakarrik
eta hala ere lotsaz gauden.
Portuko barran geratu dira
“I love you” esanahi gabeak.
Zure tatuajeko
Bakea, Libertate edo Maitasuna lez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: