Puntu kardinalak

sisifo_lez 1456152701133 Sisifo lez | 2009-05-12 00:00

Latz sentitzen nituen ene eskuak

zureen aldean.

Zure besoetan nintzen babestu,

berotu.

Gogor estutu ninduzun zuk

eta ea hotz nintzen galdetu zenidala

oroitzen dut.

Nik baietz nioen,

ezetz ez esatearren

baietz buruaz.

Eta ene eskuetako izerdi hotzaz

jabetu ez zintezen

biak patriketan nituen gorde.

            Aitortuko dizut, bai,

            zure bularrean errefuxiatu eta

            taupada hotsak aditzea

            nuela gustuko.

            Oso.

            Eta oraindik ere,

            dudala.

           

 

Eguneko lehen eguzki printzek

zeharkatua zuten ortzi-muga.
Indartsu zetozen antza, harro.

Ura entzuten zen arroketan.

Txorien txilioak eta euli lapak.

Sinfoniaz bestaldeko

akordeetan urduritasunak ito

eta izpien akupuntura nozitzean

destila zitezen desiratu nuen.

Mila bider.

 

 

“Nau ala ez nau, maite alegia.”

Harkaitz Cano

 

 

Edo melodiazko ke bilakatuko nukeen artegatasun oro,

agian ene ezpainak konposatzera heldu ez ziren

notak entzun izanen zenituzkeelako,

menturaz pentagramotan desafinatu beharrik

ukanen ez zelako.

Beldurrak zuk konfiskatuko zenizkidan,

zure hatzez

eta berauen leuntasuna dastatuko nuen.

Isiltasuna.

Isiltasuna eta zu.

Zu.

Berba bordatuen beharrik ez zen,

soberako hitz jarioei desafio eginen genien.

Barrenak lohiz zipriztinduko,

arropak belarraren berdez tindatuko.

Txokolatezko muxuez oroitzen naiz

estreinako marrubi zaporekoez

eta…

            Sekula errana ez badizut ere

            laket zitzaidan  

            kafe espresso koloreko zure begiak

            eneetan iltzatuta sumatzean

            masailak gorri zeniezazkidan.

            Laket zitzaidan

            irri  batto txertatzea zure bisaian

            segidan “zaitut” esateko.      


Utzi iruzkina: