Nafarroako Gobernuak ez ditu epai judizialak betetzen, salatu du Sustraik

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2014-02-28 11:41

Gaur ikusten dugu berria Gara, Berria eta Diario de Noticias egunkarietan, baina informazio osoa Sustrai Erakuntzaren webgunean daukagu, bai erdaraz zein euskaraz. Sustrai Erakuntza fundazioak salatu duenez, «Nafarroako Gobernuak ez ditu epaiak betetzen». Ohartarazi du «eskandalu politikoa» dela Barcinaren exekutiboaren jokabidea, «eredurik onena eman beharko» lukeenak ez dituelako betetzen ez bere Administrazioaren legeak, ez epaiak.

Sustrai Erakuntza fundazioak Yolanda Barcinaren exekutiboaren jokabidea salatu du, «eredu» izan beharko lukeenak ez dituelako betetzen ez epaiak, ez legeak. Salaketaren adibide gisa, AHTren proiektuaren inguruan Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2013ko azaroan emandako epaia aipatu du fundazioak. Sustraik gogoratu zuenez, epaiak «Administrazioaren gelditasuna» nabarmentzeaz gain, Gobernuak legea urratzen zuela esan eta egitasmoaren Ingurumen eraginari buruz ukatutako informazioa emateko agindu zion Nafarroako exekutiboari hilabeteko epean. «Nafarroako Gobernuak ez du helegiterik aurkezten, ez informazioa ematen, ez barkamenik eskatzen, ez du bere gelditasuna justifikatzen eta ez da Sustrairekin harremanetan jartzen», azaldu dute.

Castejongo zentral termikoaren kasuan, diotenez, epai ugarik agindu du plan sektoriala eta Ingurumen Baimen Integrala bertan behera uzteko, baina epai eta legeak bete beharrean, Gobernua legeak moldatzen eta «errekurtsoak jartzen ibili da» enpresa pribatuen «mesederako». «Nafarroako Gobernuak ahal duen guztia egin du epai judizial bat ez betetzeko», salatu dute Sustrai Erakuntzako kideek.

«Egoera surrealista» da giza eskubideen eta ingurumenaren arloetan indarrean dagoen legedia betetzeko eskatzen duen fundazioaren iritziz. Diotenez, «jarrera lotsagarria» erakusten du Barcinaren Gobernuak «arrazoia ukatzen dion epai judiziala ez betetzea erabakitzen duenean» edota «boterearen eta indarraren atzean ezkutatzen» denean.


Utzi iruzkina: