Martin Zelaia, Sustrai erakuntza fundazioko kidea Guaixen elkarrizketatua

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2011-06-03 12:35

Sustrai Erakuntza Fundazioa Abiadura Handiko Trenaren kontra eta lurra erasotzen duten beste hainbat makroproiekturen kontra maila juridikoan borrokatzeko sortu zen duela urtebete pasa. “Sustrai Erakuntza beste baliabide bat da makroproiektu hauei oztopoak jartzeko, denbora irabazteko eta plataformen artean elkarlanean aritzeko” dio Martin Zelaiak. Fundazioaren lanaz aritu zen altsasuarra BELEIXE irratian (FM 107.3). Irakurri elkarrizketa osoa Guaixe aldizkariaren web horrialdean.

Sustrai erakuntza fundazioa noiz sortu zen eta zergatik?
Lurraren zapalkuntzak asko arduratzen gaitu, eta nahi ditugu gauzak ikertu sustraira, sakonera joanda. Urte batzuk daramatzagu Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra lanean, eta hortik abiatu zen hau. Fundazioa, berez, iaz sortu genuen. Castejongo zentral termikoaren aurkako gaia daramaten abokatu batzuekin lan egiteko aukera sortu zen, eta erabaki genuen hori aprobetxatu behar genuela. Izan ere, arazo larri bat dugu AHT-rekin, gai hau ez baita juridikoki landu orain arte. Sustrai Erakuntza Fundazioa sortu genuen AHT-ren kontra maila juridikoan egiteko

Salaketa gehiago ere jarri dituzue.
Aurreikusten da uztailean Villafrancan eta Kadreitan AHT-ren lehendabiziko lanak hasiko direla, eta Auzitegi Nazionalera jo dugu lan horiek ilegalak direla salatzera. Duela 7 urte ingurumen-inpaktuaren inguruko deklarazio batzuk egin ziren eta 5 urtetan iraungitzen dira edo epea amaitzen zaie. Salaketarekin ea lanak hasi baino lehen gelditzea lortzen dugun. Eta halako gauza asko.


Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak Sakanarekin zerikusia du. Ondorioak ere latzak izango dira?
Aurrera doa bai. 2010eko urte bukaeran onartu zen plana, otsailean publikatu zen eta automatikoki guk ikusi genuen prozesua gaizki egin zutela eta edukian ere akats asko zeudela, batez ere Europako direktiba edo zuzentarauak ez zirela betetzen. Apirilaren hasieran Sakanako  Mankomunitatearekin batera errekurtso bat aurkeztu genuen, berriki onartu digutena. Orain hasiko da prozesua, eta ea plana gelditzeko gai ote garen.

Nola begiratzen diozue Sakanako etorkizunari?
Momentuz ematen du latza izango dela. AHT eta goi tentsioko lineak etortzen zaizkigu, akaso Portlanden erraustegi bat jarri dezakete… Dena den Cementosen badugu erraustegi bat, Portland oso kutsakorra izan daiteke. Altsasu eta Urdiain artean poligono industrial handi bat egin nahi dute… gure bailara osoa geratu daiteke urbanizatuta eta zementuzko plaka batekin. Auskalo!

Eta horren aurrean…
Guk bitartean lanean jarraituko dugu: laguntzen, animatzen… gogoratu Itoizekin mobilizazio handiena sortu zela tribunalak arrazoia eman zionean Itoizeko urtegiaren aurka zegoen jendeari. Sustrai Erakuntza beste baliabide bat da oztopoak jartzeko, denbora irabazteko eta elkarlanean jartzeko. www.sustraierakuntza.org edo www.fundacionsustrai.org, Fundazioari buruzko informazio guztia eta sare sozialetan sartzeko aukera.


Utzi iruzkina: