Lixarrengoko herritarrak AHT egitasmoaren kontra azaldu dira
AHT Gelditu! Elkarlanak
deituta atzokoan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako galdeketa
egin zen Lizarragabengoan. 32 lixarrengotarrek zuten iritzia emateko
aukera eta haietatik 31k baliatu zuten AHTri buruzko iritzia emateko.
Herri-galdeketan parte hartu zuten lixarrengotar guztiek AHT
egitasmoaren kontra azaldu ziren, elkarlanaren argudioekin bat eginez.
Kontzeju-etxeak
hartu zuen galdeketarako mahaia. Antolatzaileek jakinarazi digutenez,
galdeketa behar bezala egiten zela ziurtatu zuten Lakuntzako alkateorde
Oihane Uribe-etxeberria eta Lizarragabengoako Kontzejuko presidente
Koldo Flores.
Antolatzaileek festa ukitua eman nahi izan
zioten eta horregatik trikitilariak izan ziren, baita auzatea ere
bukaeran. Izan zen anekdotarik ere, adineko pertsona batzuk ezin izan
zuten kontzeju-etxera joan eta haiek hala eskatuta, 13:00etan,
hautestontzia etxera eraman zitzaien eta halaxe eman zuten euren
iritzia.
Lizarragabengoaren ondoren, heldu den igandean AHTri
buruzko herri galdeketa Arbizun eginen da. Arbizuarrei aldameneko
herrikoei egin zaien galdera bera erantzun beharko dute: AHT
egitasmoaren aldekoa zara? Bai edo ez aukerak markatu beharko dituzte
galdeketan parte hartzen dutenek.
Textu eta argazkia www.guaxie.net-tik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: