AHTren inguruko herri galdeketak egingo dira Arbizun eta Lizarragabengoan
Pasa den larunbatean, Sakanako AHT Gelditu Elkarlanak Arbizun eta Lizarragabengoan herri galdeketak egiteko bildu zituzten sinadurak plazaratu zituzten. Egun hortan Arbizuko Udalari eta Lizarragabengoako Kontzejuari herri galdeketak ahal bezainbeste laguntzeko eta sustatzeko eskaera egin zuten. Hemen uzten dizugu Gara egunkariak larunbateko prentsaurrekoari buruz atera zuen berria. Guaixe aldizkariak honi buruz ere berri polita atera du. Hemen agertzen den argazkia Guaixerena da ere!!.
Sakanako AHT Gelditu! Elkarlaneko berrogei bat kidek prentsaurrekoa
eskaini zuten Arbizun, bertan datorren maiatzaren 17an izango den
Abiadura Handiko Trenaren inguruko herri-galdeketa iragartzeko. Hil
horren 10ean Lizarragabengoan ere makroproiektuaren inguruko kontsulta
egingo zaie herritarrei. Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatu
den bezala, oraingoan Nafarroako bi herri horietako biztanleek izango
dute hitza eta boza.
AHT proiektuaren aurkako taldeak 316 herritarren sinadurak bildu dituzte, herriko erroldaren %40tik gora eta etxe gehienetan, %70. «Nahitaezkoa da herritarren iritzia entzutea eta errespetatzea. «Demokrazia herriaren boterea omen da. Bada, horixe besterik ez dugu eskatzen gure sinadurekin. Herritarrek iritzia emateko eskubidea izan dezatela eta horiek erabakitakoa errespeta dadila», aldarrikatu zuten Elkarlaneko bozeramaileek.
Bestalde, Arbizuko Udalari «bere eskuetan dagoen guztia» egin dezan eskatu zioten, «AHTren eraikuntzaren inguruko informazio ahalik eta zabalena emanez, gai honen inguruan eztabaida sustatuz eta herriak bere iritzia eman dezan bitartekoak jarriz».
Bozeramaileen hitzetan, herri-galdeketa honen azken helburua, «inposizioen gainetik» herritarren iritzia «entzunaraztea eta errespetatzea» lortzea da.
Zentzu horretan, bai Arbizuko bai Lizarragabengoako bizilagunei maiatzean izango diren herri-galdeketetan parte hartzeko gonbita egin zieten.
Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek bultzatzen duten makroproiektuak kalte ekologiko, sozial eta ekonomiko «larriak» ekarriko dituela ohartarazi zuten Sakanako AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaileek. «Amalurrari konponezinezko kaltea eragiteaz gain, AHTk ez lituzke gaur egungo trafiko eta garraio arazoak konponduko. Sakana bezalako eskualdeak, inkomunikaturik utzi nahi dituzte, lotura hirien artekoa bakarrik izanik eta hori gutxi balitz, haren eragin guztiak larrutik ordainarazi nahi dizkigute», salatu zuten.
Horrez gain, bozeramaileek gogorarazi zuten proiektuaren finantziazioari dagokionez, 5.000 euro inguru kostatuko litzaiokeela nafar bakoitzari; dirua «guztion poltsikotik zuzenean esku pribatuetara joango litzateke». Ildo horretatik, Nafarroako Gobernua «AHTren inguruko egiazko informazioa herritarrei ez iristeko eta eztabaida ezerezean gelditzeko egiten ari den ahalegina», salatu zuten.
Galdeketak presentatu zenean ere prentsaurreko bat egin zen. Hemen jarri genuen prentsaurreko honen textu guztia euskeraz (eta argazkia), eta hemen gaztelainazkoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: