AHTren aurkako ibilaldi informatiboa: Sakanatik Goierrira Altzaniako mendizerran barna

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2008-03-01 13:07

Martxoaren 15ean, larunbatarekin, Sakana eta Goierriko AHT GELDITU! Elkarlana taldeek Altsasu eta Idiazabal herriak lotuko dituen mendi-martxa informatiboa antolatu dute "LURRAREN DEFENTSAN, AHTrik EZ!" lemapean. Hori dela eta, ibilaldi honetan parte hartzeko deialdia egin nahi dugu, Sakana eta Goierriko herri eta haran afektatuetan AHTren Nafarroako Korridoreak eta "euskal Y"arekin izango lukeen lotuneak eragingo lituzkeen ondorio larriak salatzeko, eta baita Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarrera zabaltzen jarraitzeko ere.

Ibilaldia goizeko 10etan abiatuko da Altsasuko udaletxetik, Altzaniako mendizerran barna 6 orduko martxari ekiteko. Bidean geldiune informatiboak burutuko ditugu Aitzkaia, Balankaleku, Atxurbi eta Urbaundi mendietan, hain zuzen ere AHTren korridore nafarraren eta "euskal Y"aren arteko lotunea Ezkio-Itsason egiteko azkenaldian gehien aipatzen dituzten alternatibak kalteturiko lurraldearen gainean ikusmira zabala eskaintzen baitute leku hauek.

Bestalde, herritarrei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzearren, goizeko 10etan kontzentrazioa egingo da Altsasuko Udaletxearen parean ibilaldiaren hasierarekin bat eginez, eta arratsaldeko 18:30ean ibilaldiaren amaiera-ekitaldi bat ospatuko dugu Idiazabalen, bertsolariak, musika eta afari-merienda lagun. Halaber, Gipuzkoatik ibilaldira joateko autobusa aterako da Beasaingo RENFE geltokitik goizeko 9'40an (autobusa hartzeko izena ematea komeni da 651653692 telefonoan); eta eguna amaitutakoan ere, Idiazabaldik autobusak antolatu ditugu arratsaldeko 20etan Beasainera eta 20'30ean Altsasura (izena eman 626240440 telefonoan).

AHTren Nafarroako Korridorearen eta "euskal Y"aren arteko lotuneari dagozkiola, gogor salatu nahi dugu, lehenik eta behin, boterean dagoen klase politiko guztiak bat egin duela, beste gai askotan etsaiak diren Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernutik hasita, AHTa inposatzeko eta makro-azpiegitura honen eraikuntzak dakarkien negozio itzela banatzeko. Horrexegatik, AHT beren bileretako gai nagusia da. Gainera, azpimarratu behar da AHTren gaineko finantziazio-akordioek ondorio politiko argiak dituztela, eta ildo horretan, deigarria izan da oso Nafarroako kasua, Estatuko Gobernuaren eta UPNren arteko aliantza itxi baitu AHTak, marko politikoaren aldaketarako aukera oro baztertuz.

Horretaz gain, argigarria baita erabat, trenbideetako zuzendari nagusi Luis de Santiago Perezek joan den azaroaren 14an Senatuan publiko egin zuen gogoeta ekarri nahi dugu honera: "Iruñea eta euskal Yaren arteko lotunea -bere hitzetan- oso konplexua da (...) Zona horretantxe ez ditugu oso aurrekari onak eta egoera horiek errepika daitezen kosta ahala kosta ekidin behar dugu".

Horiek horrela, arazoaren larritasunaz oharturik, AHT GELDITU! Elkarlanak gizarte mailan hainbeste eztabaida piztu duen proiektua inposatzeari uzteko eskatzen die gobernuei, alde batera utziz orain arte mantenduriko jarrera prepotentea. Izan ere, erakundeetatik nozitzen ari garen agintekeriaren adibide biribila eskaini baitu berriki Nafarroako Garraio kontseilari Laura Albak, AHTren inguruan eztabaida soziala irekitzeko beharrari uko egin eta auzi honen gainean ponentzia parlamentario bat sortzeko aukerari berari ere muzin eginez, gai honen inguruan "parte-hartze zabala" egon dela lotsagabeki esanaz.

Nolanahi ere, AHT GELDITU! Elkarlanak AHTak ingurumenean sekulako eragin kaltegarria izango lukeela eta "Alternatiba 1, 2 edo 3" moduko aukera mugatuen bidez ekologian txikitzailea, ekonomian xahutzailea eta arlo sozialean bidezkoa ez den proiektua inposatu nahi zaigula salatzen du.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 15ean Altzania mendizerran barna egingo dugun ibilaldian parte hartzeko deialdia egiten dugu, eragin ekologiko eta sozial itzela izango duen proiektu honekiko oposizioa adierazteko eta munstro desarrollista honen aurkako borrokan indarrak biltzeari begira Sakana eta Goierrin sortu diren AHTren aurkako herri mugimenduen artean harremanak estutzeko.

Azken urte honetan Sakanako herri askotan tokiko asanbleak sortu dira eta beren lanari esker, bertako herritarren eta erakundeen gehiengoak AHTren aurkako jarrera azaldu du. Era berean, Goierrin AHTren inposizioa gelditzeko eta Eusko Jaurlaritzak Ordizia-Itsasondo zatian adjudikatutako lanen hastapena atzera botatzeko ekimenak bidertu egin dira.

Beraz, zuen parte hartzea espero dugu eta deialdi hau zuen inguruan zabaltzera animatzen zaituztegu. Informazio gehiago nahi baduzue, harremanetan jar zaitezte:

AHT GELDITU! ELKARLANA:
- Sakana: 626240440 www.blogak.com/sakanakoahtrikez
- Goierri: 651653692 www.blogak.com/goierrikoahtez

Ibilaldiaren egitaraua:

- 10etan: Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioa.
- 10'30ean. Ibilaldiaren irteera.
- Ibilbidea: Aitzkaia - Balankaleku (Aretza) - Atxurbi - Arantzamendi - Urbaundi - Ojarbi (6 ordu oinez).
- 18'30ean. Kontzentrazioa eta amaiera-ekitaldia Idiazabalen. Bertsolariak, musika eta afari-merienda izango dira.

Autobusak:

Goizean: Gipuzkoatik Altsasura joan nahi duenarentzat autobusa abiatuko da goizeko 9'40an Beasaingo RENFE geltokian (autobusean izena emateko deitu 651653692 telefonora).

Arratsaldean: eguna amaitzerako, Idiazabaldik autobusa aterako da arratsaldeko 20etan Beasaina eta 20'30ean Altsasura (izena eman 626240440 telefonoan).


Utzi iruzkina: