AHT Gelditu Elkarlanari elkarrizketa Guaixen
Gaurko Guaixe aldizkariaren alea Sakanako AHT Gelditu Elkarlanako bi kideei elkarrizketa bat dakar. Elkarrizketa Arbizu eta Lixarrengoko galdeketeen harira dago egina, eta biharko Iruñeako manifestazioa ere aipatzen da (arratsaldeko 17:30-etan, Antoniutti Parkean). Hona hemen elkarrizketaren textu osoa:
Bertan dituzue Abiadura Handiko Trenari buruzko herri galdeketak.
Edurne: Bai, Lizarragabengoan igande honetan izanen da, maiatzaren 10ean, 10:00etatik 13:00etara.
Zoila:
Arbizun datorren astean eginen dugu, maiatzaren 17an, goizeko
9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, herriko eskolan. Euskal Herriko
leku ezberdinetatik begiraleak etorriko dira.
Azalduko duzue orain arteko prozesua?
E:
Hilabeteko lanaren emaitza da. Prozesua martxo aldera hasi zen.
Hasteko, sinadura bilketa bat egin zen herritarren babesa jasotzeko.
Ondoren, sinadura horiekin Arbizuko Udalera eta Lizarragabengoako
Kontzejura joan ginen prozesu hori babes zezaten. Bai udalak bai
kontzejuak konpromiso hori hartu zuten eta prentsaurrean eman zuten
haren berri.
Z: Azkenean prozesu luzea da hau, ez da herri
galdeketa bakarrik. Lehenengo pausua herritarrak proiektu horrekin
sentsibilizatzea izan da. Informazioa zabaltzeko zenbait jarduera
antolatu ditugu: hitzaldiak, kontzertuak, batzarrak, panelak, etab.
Galdeketa izanen da azken pausua.
Nolako erantzuna espero duzue?
E:
Lizarragabengoan jendea nahiko sentsibilizatuta ikusten dut. Herrian
gertu ikusten dugun gaia da. Egin diren batzarretara jende asko
hurbildu da eta espero dugu parte hartzea ere halakoa izatea. Oso
galdera zehatza agertuko da paperean: “AHT-ren alde zaude?”, “Bai” edo
“Ez”.
Z: Arbizun giroa berotzen ari da pixkanaka. Egia esan,
orain arte nahiko urrun ikusi dute egitasmoa, baina Nafarroako
Gobernuak Estatuko Gobernuarekin sinatuko duen hitzarmenaren ondorioz,
gero eta gertuago ikusten da. Espero dugu jendeak galdeketan parte
hartuko duela bere iritzia emateko.
Zein giro izanen duzue galdeketa egunean?
E:
Galdeketa festa giroan egin nahi dugu. Lizarragabengoan igandean,
eguerdi garaian, auzatea eta trikitixarekin berotuko dugu giroa.
Z:
Arbizun geratzen zaizkigun egunetan informazio kanpainarekin jarraituko
dugu. Arbizuko Udalak hitzaldi bat antolatu du proiektuaren aldeko eta
kontrako jendearekin, eztabaida giroa sortzeko. Jubilatuengana joanen
gara haiei ere AHT-ren proiektua azaltzeko; burrunbada ere egingo da.
Galdeketa egunari dagokionez, guk ere jai giroan eginen dugu. Galdeketa
egunaren bezperan herri afaria eginen da, eta egunean bertan,
zanpantzarra, jolasak, triki-poteoa eta bazkaria.
AHT Gelditu elkarlanak ezezko botoa eskatzen du. Zergatik?
Z:
Arrazoiak asko dira. Horien artean, lehenengoa ez dela herriaren
beharretatik atera den proiektua, baizik eta kanpotik inposatua.
Bigarrena; ez da tren sozial bat, tren elitista da, garestia, ez da
herritar guztien esku dagoen trena. Bestalde, ez ditu gaur egun dauden
trafiko arazoak konponduko. Naturan sortzen duen kaltea oso handia da,
kutsadura ere bai. Gizarte eredu kapitalista bati erantzuten dion
egitasmoa da, nolabait hiriak, metropoliak potentziatuko dituena eta ez
herriak. Arrazoiak asko dira…
AHT Gelditu Elkarlanaren ekimena izan da herri galdeketa. Zergatik?
E:
Proiektu honen atzean daudenak instituzioak diren heinean, haiek
bultzatu behar zuten informazioa eta eztabaida. Horrelakorik egin ez
dutenez, herri mugimenduak sortu behar izan ditu herriari hitza emateko
erremintak. Nahiko tristea da.
Zer etorriko da galdeketen ondoren?
Z:
Behin galdeketa egina dugunean, jakingo dugu herritarren iritzia zein
den. Lizarragabengoako Kontzejuak eta Arbizuko Udalak aintzat hartuko
dute herriak esandakoa.
Kontuan izan behar da Lixarrengo eta
Arbizu izanen direla AHT-ren inguruko galdeketa eginen duten Nafarroako
lehen herriak. Ekimena beste herri batzuendako eredu izatea espero
dugu, beste herri batzuetan ere galdeketak zabaltzea eta herriari hitza
emateko eskubidea zabaltzea. Ez da egun batetik bestera egiten den
gauza. Lan handia dauka atzetik, jende askoren inplikazioa behar da
eta, batez ere, jendearen sentsibilizazioa. Pixkanaka-pixkanaka jorratu
beharreko zerbait da.
Amaitzeko, beste mezurik zabaldu nahi?
E:
Herritarrak galdeketetan parte hartzera animatzen ditugu. Bestalde,
bihar, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan, manifestazio nazionala dago
Iruñean. Sakandar guztiei hara joateko deia egiten diegu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: