TXOTXONGILO ARDIBELTZ

iker.zalduazabalua@gmail.com 1599223465265 Rekitistan | 2020-09-04 14:27

iker.zalduazabalua@gmail.com 1599223276277

Ia birusa etorri aurretik iragarri zuten, zomorro honek gauzak aldatu egingo ditu, irauli. Normalitate berria ere marketin produktu izar bilakatu da eta guztiok erosi eta barneratu dugu amua, erosketa ona egin duenaren aurpegia jarrita gainera.

Birusa hor dago, hori ukaezina da. Normalitate berriari ateak ireki dizkiogu parez pare, eta ari da sartzen pixkanaka.

            Sei hilabete joan dira, edo urte erdia nahiago bada, eta bai, gauzak aldatu dira, eta irauli zenbait kasutan. Baina, birusa izan al da aldaketa hori eragin duena? Ezezkoan nago. Gu izan gara aldatu garenak, guk egin ditugu aldaketak edo guk utzi dugu aldaketak egin zitzaten. Beldurra, izua, erabili dute arma gisa, eta segurtasunaren aitzakian, gu beldurrez janda utzita, sekulako neurriak ezarri/inposatu dizkigute. Ez naiz ariko horien egokitasunaz edo desegokitasunaz. Harri eta zur utzi nauena, ahoa bete hortz, gure irensteko ahalmena da. Gerra garaiko neurriak, kalera irtetea debekatzeraino; konfinamendu deitu zioten, eta multimedia osoa balkoiko txalo zaparradaz bete zen, ondo ari gara, irabaziko dugu eta halako leloekin, etxean sartuta heroi ikusi dugu gure burua, hori saldu ziguten eta guk erosi eta barneratu, erosketa ona egin duenaren aurpegia ipiniz gainera.

            Ondoren kalera irteten utzi ziguten, gogoraraziz bezala pribilegio bat dela. Eta gu kalera, oldeka, mendira, inoiz ez bezala, saldotan, orain arte mendia hor zegoela ez ote gara ohartu!

            Gero iritsi ziren faseak, eta ondokoari begiratzen genion, gu fase bat aurrerago geundelako harro, hurkoari trufa eginez, izorra hadi. Kilometroa ateratzen utzi ziguten, kilmetroa alajaina! hori lorpena! ondoren herri barruan mugagabe eta beranduago ondoko herrira ere, bejondeigula, makinas!

            Eta nik sokak ikusten nituen etengabe dantzan, txotxongilo bilakatuta geunden, gaude, eta dena aldatu da, dugu. Festarik ez, besarkadarik ez, maitasun keinuak bideokonferentziaz, ferekak txioka twitterren eta musuak emotikonotan. Amaitu dira kirol ekitaldi herrikoiak, amaitu dira kontzertu, antzerki, dantza eta abarrak. Musukoa ipinita goaz noranahi, segurtasunaren izenean, derrigorrezkoa izan arte, erosteke genuen arren. Baina, hori ere erosi dugu, ez musukoa, mezua baizik, edonork dio orain musukoa ipini egin behar dela guzion segurtasunagatik, bestela elkartasunik gabeko berekoia baitzara. Erosi dugu musukoa eta erosi mezua, eta erosketa ona egin duenaren aurpegiarekin goaz ito beharrean.

            Okerrena da txotxongiloren bat soka askatu nahian badabil, beste txotxongiloak datozkiola atzetik, arrastoan sartu nahirik bezala, dagoeneko ez da beharrezkoa sokak mugituko duen inor, txotxongiloak dagoeneko bizia hartu du, ez-nortasuna garatu du eta herriko zaindari bilakatu da, Che Guevara sentituz.

            Hauxe dugu normaltasun berria, otzantasuna ausardia bilakatu da, aldarrikatzailea kexati astun bilakatu zaigu eta txotxongiloaren sokak mugitzen dituztenak penaz bezala ikusten ditugu, gajoak, birus honekin galduta dabiltzala esanez marmarrean. Ikustekoak dira XXI. mendearen bigarren laurdeneko eskolak. Haurrak musukoekin, jolas egitea debekatuta, jolasa umezurtz utziz, haurrak haur izateari utziko baitiote, eta jolasa haurrik gabe geratzen denean umezurtz geratzen baita. Elkar besarkatzea galarazita, partekatzea izugarrikeria dela adieraziz, haurtxo direnez geroztik bakanduta, aparte, talde kidetasuna garatzeko indibidualtasuna praktikatuz. Ataria dagoeneko ez da jolas-eremu, segurtasun-barrutia baizik, askatasunari kontrolak gain hartu dio. Dagoeneko ez da beharrezkoa izango, hemen ezin da jolastu dioten kartelak jartzea, haur militartu gajoek barneratu dute eta. Eskola presentziakoaren alde egin dute, ez ote gara ohartzen bertatik bertarako birtualtasun batera eramango ditugula gure haurrak? iraganik ezagutu ez eta orainaldi hau etorkizun duten horiek. Baina gu memeloki baiezkoa eginez buruarekin, gora eta behera, Covidak ez dakit, baina Stockholm sindromeak jo gaitu.

            Eta zer egin? neronek behintzat, uko egingo diot, normaltasun berria esakuneari, inkoherentzia berezkoa izateaz gain (modernitate zaharra esatearen parekoa), okagarri iruditzen zaidalako normaltasun hau. Borroka norberarengan dagoela esan izan digute hainbatetan, eta inoiz baino gehiago hala dela iruditzen zait. Norberak ikusiko du zein normaltasun nahi duen, berria edo zaharra (honek ere garbiketa ederra beharko luke, noski).

            Orreaga txiki bat izan daiteke, galtzen ari den hori, kentzen ari zaizkigun hori, mantenaraztea. Eta kultura datorkit burura, besteak beste. Antolatzen diren, dituzten, dizkiguten antzerki, bertso-saio, kontzertu edo dantzaldietara joate hutsa, lorpen txiki bat dateke. Herioak jota dagoenari ur apur bat edanaraztea bezalakoa litzateke, normaltasun zaharra oraindik ez dago urrun, entzun egiten da oraindik, eta berreskura dezakegu, galtzen uzten ari garen moduan.

            Birusa etorri bada, etorri da, hor dago eta luze egongo da, baina gauzak are gehiago aldatu baino lehenago, izan gaitezen nor, jar dezagun balioan gure burua, ahaldundu dezagun gure izatea, eta izan gaitezen, noizean behin, ardi beltz, belztasunak askotan burua argitzen digu eta.


Utzi iruzkina: