aht gelditu

pellohuhezi 1456152165732 pello scrofa | 2008-04-15 21:47

Desjabetzeen akten altxatzea bertan behera utzi behar izan dute Eskoriatzan

 

Sustapen Ministerioko langileek gaur Gipuzkoako udalerrian egitekoak zituzten nahitaezko desjabetzeak eta lurrak okupatu aurretiko akten altxatzea geldiarazi dituzte Udaletxe aurrean bildutako lagunek.
 

Sustapen Ministerioak gaur Eskoriatzan egitekoak zituen nahitaezko desjabetzeak eta lurrak okupatu aurretiko akten altxatzea geldiarazi dituzte Udaletxe barruan eta atarian bildutako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako 150 bat lagunek.

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, 150 lagun elkartu dira gaur goizean gipuzkoar udalerriko Eskoriatzako Udaletxean Euskal Y-aren desjabetzeak arbuiatzeko egindako mobilizazioan, AHTren aurkako ekimenak jakitera eman duenez.

Geroago, Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak ertzainek lagunduta iritsi dira baina bildutako jendearen protesten eta oihuen aurrean akten altxamendua bertan behera uztea erabaki dute. Euskal Y-aren lanen aurkako 40 bat lagunek gaua igaro dute Eskoriatzako Udal aretoan lanak geldi ditzatela exigitzeko eta gaur goizean 100 pertsona baino gehiago Udaletxeko atarira bertaratu dira.

Gainera, atzo arratsaldean trenaren aurkako "informazioa banatzen eta pankartak jartzen ari ziren" bost lagun identifikatu eta falta delitu bat egotzi zien Ertzaintzak. Ondorioz, datorren astelehenean epaituak izango dira Bergaran, goizeko 10:15ean, jakinarazi dutenez.

AHT Gelditu! Elkarlanaren aburuz, "oso garrantzitsua" da gaur lortutakoa, "erakutsi baita posible dela herritarren mobilizazioaz eta desobedientzia zibilaz proiektu inposatzaileen aurrean planto egin eta hauek geldiaraztea."

Gaurko ekintzari jarraipena emateko AHT Gelditu! Elkarlanak mobilizazioak deituko ditu Aramaion (Araba) maiatzaren 6, 7, 8 eta 13an "Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak lurrak okupatzeko bertaratuko direla eta".

Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekimenak dioenez, "aipagarria da herri honek proiektu honekiko duen aurkako jarrera" eta AHTren inguruko inkesta egiteagatik bertako alkatea "auzitara" eraman duela "Espainiako Gobernu Ordezkari Paulino Luesmak".

Azkenik, gaur Eskoriatzan, arratsaldeko 7etan, herriko plazatik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.


Utzi iruzkina: